19. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

AKORDIOA, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile lan-kontratudunei funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen eta lanaldi murrizketaren araubidea aplikatzeari buruzkoa.

2017ko otsailaren 6an, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen Hitzarmen Kolektiboaren Negoziazio Batzordeak bilkura egin zuen, eta bertan erabaki zen, une horretan aribidean zegoen negoziazio prozesua amaitu eta horri zegokion araudia onetsi ondoren, eremu horretako langileei hedatuko zitzaiela funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen eta lanaldi murrizketaren araubide berria, eta ondorioak sortuko zituela kasuko foru dekretuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz araudi horrek indarra hartzen zuenetik.

2017ko abuztuaren 31n, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, alde batetik, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aldatzen duen abuztuaren 23ko 71/2017 Foru Dekretua eta, beste aldetik, Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretua aldatzen duen abuztuaren 23ko 72/2017 Foru Dekretua. Biek xedatu zuten indarra hartuko zutela argitaratu eta biharamunean.

2017ko irailaren 22an, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunen enpresaz gaindiko Hitzarmen Kolektiboaren Negoziazio Batzordeak bilkura egin zuen, akordio hau gauzatuz 2017ko otsailaren 6ko bilkuran adostutakoa berreste aldera. Foroa osatzen duten erakunde sindikal gehienek aldeko jarrera agertu zuten.

Horrenbestez, akordio hau sinatu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunen enpresaz gaindiko Hitzarmen Kolektiboaren Negoziazio Batzordeak 2017ko irailaren 22an egindako bilkuran.

1. Aplikazio-eremua.

Akordio hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile lan-kontratudunei aplikatuko zaie.

2. Indarraldia.

Akordio hau bere aplikazio-eremuaren barneko langileei aplikatuko zaie 2017ko irailaren 1etik.

3. Xedea.

Akordio honen xedea da ezartzea, indarreko araudiari jarraituz Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioei dagokien opor, lizentzia eta baimenen eta lanaldi murrizketaren araubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile lan-kontratudunei ere aplikatuko zaiela.

4. Erregistroa eta gordailua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunen enpresaz gaindiko Hitzarmen Kolektiboaren Negoziazio Batzordeko Idazkaritzaren bidez Administrazioaren esku uzten da tramitatzeko eta kudeatzeko eskumena, akordio hau Enpleguko Ministerioaren mendeko lan hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroan erregistratu eta gordaila dezan.

Sinatu ondoren, akordio hau Hitzarmenen Erregistro Orokorrean (REGCON) gordailatu eta erregistratuko da, estatutuetatik kanpoko itun gisa, “Eraginkortasun mugatua duen akordioa/hitzarmena” ildotik (2. XG), Nafarroako Gobernuaren 2007ko urtarrilaren 15eko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunen enpresaz gaindiko Hitzarmen Kolektiboaren 31000132011988 erreferentziazko kodeari lotuta.

Akordio hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabaki da.

Iruñean, 2017ko irailaren 22an.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen izenean, M.ª José Beaumont Aristu.–ANPE, ELA, CCOO, LAB, SMN eta UGT sindikatuak.

Iragarkiaren kodea: F1800613