2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUNBERRI
Udal ordenantza, Autokarabanak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Irunberriko Udalak, 2018ko ekainaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Irunberrin autokarabanak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duen udal ordenantza.
2018ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 3an, argitaratu zen eta jendaurrean egon zen legez ezarritako epean, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da eta haren testu osoa argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa betez.
Irunberrin, 2018ko irailaren 12an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.
UDAL ORDENANTZA, IRUNBERRIN AUTOKARABANAK APARKATZEA ETA GAUA PASATZEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen aparkatzea arautzea kanpaldi finkoetarako edo ibiltarietarako, Irunberriko udal-mugartean, bertako natura baliabide eta espazioak zaindu eta pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzeko asmoz eremu publikoen erabiltzaile guztien artean.
2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.
Autokarabanak aparkatzeko eremu erreserbatuan kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzeak zehapena ekarriko du. Hurrengo artikuluetan zehaztuko da zein den kanpaldi librearen eta autokarabanak aparkatzearen arteko aldea.
3. artikulua. Kanpaldi librea.
Kanpaldi libretzat hartuko da:
a) Aisiarako edozein tresna jartzea autokarabanaren espaziotik kanpo.
b) Ordenantza honetan ezartzen dena baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.
c) Irunberriko Udalaren ustez beste udal ordenantza batzuekin kontraesanean sartzen diren jarduerak.
4. artikulua. Zilegi da autokarabanak eta gisako ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea hiri eremuetan; gelditzea edo aparkatzea arriskutsua ez bada, legeari jarraikiz egiten bada, zirkulaziorako oztopoa edo arriskua ez bada eta ibilgailua behar den moduan eta horretarako baimendu den lekuan jartzen bada.
Aditzera emate aldera eta adierazgarri gisa, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:
1.–Gurpilekin baizik ez badu zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu ere).
2.–Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez bada, hau da, ez dago leiho irekirik (leiho irekiak edo proiektagarriak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal dutenak), aulkirik, mahairik, oihal irekirik eta abarrik.
3.–Inolako isurtzerik gertatzen ez denean, kutsagarria izan ala ez, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez direnean, hala nola urak eremu publikoan hustea. Zarata gogaikarriak ateratzen ez direnean, hala nola argindar sorgailu bat piztea atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.
5. artikulua.
Ibilgailu horiek 48 ordu egoten ahalko dira aparkatuta gehienez ere.
Epe horretan ez dago denbora-mugarik.
6. artikulua. Autokarabanak aparkatzeko guneak.
Autokarabanak aparkatzeko gunearen erabilera arau hauen mende egongo da:
1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab.
2.–Aparkatutako ibilgailuek beti errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak, kanpoaldera mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, olanak edo beste edozein tresna atera gabe.
3.–Gehienez ere 48 orduz egoten ahalko dira, gelditzen direnetik plaza husten duten arte. Ezinbestean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta soilik aldez aurretik Alkatetzak baimenduta.
4.–Debeku da autokarabanetan sortutako ur gris eta beltzak botatzea, bai eta eremu horretan edozein ibilgailu garbitzea ere.
5.–Autokarabanak aparkatzeko guneen erabiltzaileek men egingo diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Era berean, Udalak noiznahi xeda dezake autokarabanak aparkatzeko guneek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.
7. artikulua. Ikuskapena.
Arau-haustea izango da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; izan ere, udalbatzaren lana da egin beharreko ikuskaritza eta zehapen bidezkoa egitea.
Udaleko langileak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.
8. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.
1.–Irunberriko Udaleko alkate udalburua edo hark eskuordetutako pertsona izango da zehapen prozedura hasi eta ebazteko organo eskuduna.
2.–Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarria.
3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.
Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.
9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1.–Arau-hauste arina izango da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 90 euroko isuna izango da, arau-hausteak ekartzen ez badu eremu publikoan traba egitea.
2.–Arau-hauste larria izango da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 300 euroko isuna izango da, arau-hausteak ekartzen badu eremu publikoan traba egitea.
3.–Arau-hauste larria izango da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 5. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 300 euroko isuna izango da.
4.–Arau-hauste larriak izango dira ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako debekuak egitea, eta haien zehapena 300 euroko isuna izango da.
5.–Arau-hauste larria izango da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta haren zehapena 300 euroko isuna izango da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da jarduketa horrekin kalte egiten badiete hiri altzariei eta kanpaldiko tokia nabarmenki zikintzen badute, egindako kalteak konpontzeko dagoen betebeharraz aparte. Handitze hori aplikatuko da jartzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egin edo arriskua ekartzen dutenak.
10. artikulua. Kautelazko neurriak.
Ordenantza arauemaile honetan jasotzen diren kasuetan bidezkoa izango da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua eremu publikoan ibilgetzea edo hortik kentzea.
Arau-hauste baten ondorioz arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizitokia espainiar lurraldean, salaketa egin duen agenteak isunaren zenbatekoa behin-behinekoz finkatuko du eta haren zenbatekoa ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetuko du.
11. artikulua. Erantzukizuna.
Irunberrin autokarabanak aparkatzeko gunea ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Irunberriko Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko aparkatuta dauden autokarabanetan gerta daitezkeen gorabehera, lapurreta edo gisakoen gainean.
Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, haren egilea izango da lege honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.
Dagokionean, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izango da, arau-hauste larriaren egilea izateagatik.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1811322