2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LEZAUN
Euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Lezaungo Udalak, 2018ko maiatzaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituen ordenantza.
Erabakia jendaurrean egon zen iragarkia 2018ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, uztailaren 10ean. Jendaurreko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi da.
Lezaunen, 2018ko irailaren 13an.–Alkatea, Goreti Ochandorena Núñez.
ORDENANTZA, EUSKARA IKASTAROAK EGITEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA
Xedea
Euskara ikasteko laguntzak ematea da deialdiaren helburua; hartara, Lezaungo Udalak hein batean bere gain hartzen du euskalduntze prozesuan duen erantzukizuna.
Onuradunak
Laguntza hauen onuradun izanen dira eskaera egiten duten egunean Lezaungo udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoak, baldin eta laguntzak eskatzen diren urteko urtarrilaren 1a baino lehenagoko hiru urteetan bertan erroldatuta egon badira etenik gabe. Ikastaro estentsiboak, trinkoak eta barnetegietako ikastaro trinkoak egiteko emanen dira laguntzak. Ikastaroek 10 eguneko iraupena izan beharko dute gutxienez ere.
Baldintzak
Dagokion ekitaldirako Udaleko aurrekontuetan onesten den zenbatekoa emanen da. Zenbateko hori izanen da diru-laguntzetarako gehieneko muga.
Klase ordu guztietatik gutxienez ere %75era joan izana frogatzeko eskatuko da.
Diru-laguntzaren portzentajeak
Gehieneko portzentajea ikastaroaren edo ikastaroen kostuaren %40 izanen da, eta gehienez ere 350 euro eskatzaile bakoitzeko. Kostu horretan ez dira beste kontzeptuak sartzen, hala nola ostatua, bidaiak eta abar.
Dokumentazioa
a) Eskabidea, Lezaungo Udalari zuzendua.
b) Lezaungo erroldatze-ziurtagiria.
c) Ikastaroa egin izanaren ziurtagiria (egunak, eskola-orduak, maila eta eskatzailearen errendimendua), eta matrikula ordaintzeko banku-transferentziarena.
d) Bankuaren egiaztagiria, eskatzailearen kontu korrontearen zenbakiarena.
Aurkezteko epea
Eskabideak aurkezteko epea izanen da urte bakoitzeko urriaren 31 arte, data hori baino lehen matrikulatutako ikastaroetarako. Epe hori luzaezina izanen da. Eskaerak Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko dira edo, bestela, 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren bideetako bat erabiliz.
Laguntzen zenbatekoak aurrekontuan esleiturik dagoen kreditua izanen du muga. Eskatutako diru-laguntzen zenbatekoa deialdian gehienez ere ezarritako kopurua baino handiago bada, onuradunei ordaindu beharreko diru-laguntza proportzionalki gutxituko da, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa agortu arte.
Azken xedapena.
Bakarra.–Ordenantza hau indarrean sartuko da haren testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
Iragarkiaren kodea: L1811455