189. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

57/2018 FORU AGINDUA, abuztuaren 27koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 2018ko Argazki Lehiaketaren oinarriak, haren sariak emateko modua eta 3.000 euroko gehieneko gastua (BEZa barne) onesten dituena.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean ezarritakoaren arabera, zeinak 3. atalean Gazteriaren arloko politikak lantzen baititu. Haren 27. artikuluak (“Gazteak eta kultura”) honako hau dio 1. apartatuan: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko ditu”.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuan xedatutakoak sendotu egiten du eskumen hori, bai eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beraren estatutuek ere (abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak), gazteriaren esparruari berariaz heltzeko. Zehatz-mehatz, 24. artikulua Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren eginkizunei buruzkoa da, eta d) apartatuan gazteen kultur sormena bultzatzen du.

Horrekin bat etorriz, abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak onetsitako NKGIren Estatutuek, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak dituen eginkizunei buruzko 24.d) artikuluan, honako hau diote hitzez hitz: “Gazteen kultur sormena eta artean duten parte-hartzea bultzatzea ekintza hauen bidez: diru-laguntzetarako deialdiak, lehiaketak egitea...”.

Honi indar handiagoa emateko, Nafarroako Gobernuaren 2017-2019rako Gazteriaren II. Planak aintzat hartzen du, halaber, gaZteen artearen eta sormenaren sustapena eta osasunaren eta bizi kalitatearen hobekuntza, aukerak eskainiz ohitura osasungarrien garapenerako Planaren 2-Lehentasunezko Ardatzean (norberaren Prozesua) biltzen eta bertako ekintzetan gauzatzen den bezala.

Inguruaren eta gizartean bizitzearen barnean dago kontziente izatea denon jarrerak eragina duela ingurunearen jasangarritasunean, eta gogoeta honetan sakontzeko, Gazteriako Zuzendariordetzak argazki lehiaketa baterako deialdia egiten du, aipatu txartelaren jabe direnentzako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Argazki Lehiaketaren deialdia eta hura arautzen duten oinarriak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean azaltzen dira. Halaber, agintzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta NKGIren web orrian argitaratzeko, baita Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren ohiko komunikabideetan ere.

2. Guztira 3.000 euroko gastua baimentzea, sariak osorik ordaindu eta emateko. Sari horiek “Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko A50003 A5220 4809 232102 partidaren kargura emanen dira.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 27an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ERANSKINA

Argazki lehiaketa

“Paisaiak eta natura; ekosistema agerraraztea”

Aisialdi osasungarria paisaia natural eta hiri paisaietan,
eta gazteak haren lekuko

LEHIAKETAREN OINARRIAK

Deialdiaren xedea

Jarduera hau Gazteriaren II. Planaren barrukoa da, eta helburu hau bete nahi du: gazteen sormena sustatzea eta bultzatzea.

Lehiaketa honen bidez aukera eman nahi zaie parte hartu nahi duten gazte guztiei argazkiaren teknika garatzeko; ez bakarrik barne-kanpoko errealitatea islatzen duen diziplina artistikoa den aldetik, baizik eta komunikatzeko eta sentiberatasuna suspertzeko tresna den aldetik ere, baita, azken batean, gizartea eraldatzeko gai den aldetik ere.

Argazkigintzaren/artearen berrikuntza ingurumenari, jasangarritasunari eta trantsizio energetikoari buruzko gaiekin lotuta.

Gure espazio naturalak ezagutzeak, bisitatzeak eta bertan ibiltzeak ingurumenarekin bat egiteko dauzkagun ohiturei buruzko gogoeta sorrarazten ahal dute.

Gaiak

Argazkien gai nagusia hau da: gure espazio naturalekin eta hiri paisaiekin ditugun loturak, nola gozatzen ditugun eta nola aritzen garen haietan. Eta “osasungarria” kontzeptua izango da proposamen guztien arteko hari loteslea.

1.–Lehiaketaren helburuak:

–Espazio naturalei buruz dugun ezagutzaz eta haietan daukagun dibertitzeko moduaz gogoeta egitea.

–Jardun osasungarriak sustatzea bertan.

–Beren irudien bidez, gazteen ahotsak entzutea, protagonismoa izan dezaten Gazteriaren gaineko politiken prestaketan.

–Nafarroako paisaiak eta inguru naturalak ikusaraztea.

2.–Hartzaileak.

Gazte Txartela indarrean duen 14 eta 30 urte bitarteko (bi adinak barne hartuta) edozein gaztek parte har dezake lehiaketa honetan.

3.–Dokumentazioa.

Obren ezaugarriak:

Hamar argazkitako sail bat aurkeztuko da. Denak izango dira beste edozein lehiaketatan saritu gabeak.

Informazio labur bat erantsiko da aurkezten den hamar argazkitako saila justifikatzeko (non egin den, zer ekosistema den, eta abar), erabili den teknikaren deskripzio bat eta egileak interesgarritzat jotzen dituen datuak.

Dokumentazioa:

JPEG formatuan aurkeztuko dira, eta gutxieneko bereizmena 6 MB pixelekoa izango da.

NANaren eta Gazte Txartelaren fotokopia.

4.–Aurkezteko epea eta tokia.

Mezu elektronikoa igorri beharko da juventud@navarra.es helbidera.

Mezuaren testuari bi fitxategi erantsiko zaizkio, bat JPEG formatuko irudiak dituena eta bestea inskrizpzio fitxarekin, behar bezala beteta, egilearen datuekin, eta NAN/AIZren eta Gazte Txartelaren fotokopia banarekin.

–Deialdiaren oinarriak eta inskripzio fitxa webgune honetan ikus daitezke: https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu/azala. Webgunea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarena da. Yanguas y Miranda kalea, 27, Iruña.

Lanak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izango da, oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta NKGIren web-orrian argitaratzen diren egunetik aurrera, eta azken eguneko 14:30ean amaituko da.

Aipatutako epe, modu eta toki horietatik kanpo aurkezten diren irudiak ez dira onartuko, ezta inskripzio fitxa osatu gabe dutenak ere.

5.–Aurkezten diren lanen balorazioa.

NKGIren batzorde bat bilduko da aurkeztutako lanak baloratzeko. Balorazio hori egiteko erabiliko dituzten irizpideak hauek izango dira:

–Lehiaketaren helburuak betetzen diren.

–Argazkigintzako teknika.

–Konposizioaren originaltasuna.

6.–Aurkeztu diren lanik hoberenentzako sariak.

Lehiaketara aurkeztu eta onartu diren egileen hamar argazkitako hiru sail aukeratuko dira. Epaimahaiak sariren bat eman gabe uzten ahal du, baldin eta aurkeztu diren lanen kalitatea edo gaia ez badator bat lehiaketa honen irizpideekin.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak erabakia emanen du aditzera bere webgunearen eta sare sozialen bidez. Horrekin batera, sariak emateko jendaurreko ekitaldia noiz eta non eginen den zehaztuko du.

Irabazten duten hiru argazki-sailetako bakoitzak 1.000 euroko saria irabaziko du, eta Printzearen Gotorlekua gazteen egoitzan erakutsiko dira, baita Nafarroako Gobernuaren beste gazte egoitza/aterpetxe batzuetan ere.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotuta egonen da %19an.

7.–Egile eskubideak.

Aurkezten duten irudi bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte argazkien egileek. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.

Hautatzen diren egileek baimena ematen diote NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzari, haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau hedatzeko balio duen edozein baliabidetan.

8.–Jabetza intelektuala.

Lehiaketa honetan parte hartzen dutenek jarraian aipatzen dena adierazten dute berariaz eta bere gain hartzen dituzte adierazpen hori faltsutzetik datozen ondorioak, NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzari baimena ematean hura kalterik gabe utzita.

1. Aurkezten diren argazki guztiak erabat jatorrizkoak direla, eta argazkiak ez duela jabetza intelektualaren kargarik eta parte-hartzailea bera dela haren egilea. Hau da, irudia ez dagoela lotuta inolako akordio, kontratu, lizentzia, karga edo zergarekin, eta ez dagoela inskribatuta eskubideen kudeaketa kolektiborako entitateetan (estatukoetan nahiz nazioartekoetan).

2. Parte-hartzailea ez bada argazkiaren egilea edo besteren lanak sartu baditu barnean, berariaz adieraziko du lortu dituela behar diren baimen guztiak eta kalterik gabe uzten duela NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetza.

3. Irudiak ez dituela urratzen hirugarrenen jabetza intelektualeko eta/edo industrialeko eskubideak, non eta ez dauden jabari publikoan, eta erantzukizunik gabe uzten duela NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetza, hirugarrenek erreklamazioa egiten badute eskubide horiek urratu direlako.

4. Lehiaketa honetan aurkezten den argazkiari dagokionez, inolako ordainik jaso gabe libreki ematen da baimena –esklusiboa eta bere baitan hirugarrenei osorik edo zatika lagatzeko gaitasuna dakarrena–, sinkronizatzeko, erreproduzitzeko eta jendaurrean jartzeko, edozein euskarritan edo online eta offline formatuan eraldatuta banatzeko, mundu guztirako eta egungo legediak baimentzen duen epe osorako.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak parte-hartzaileek bere obren gainean dituzten eskubide moralak errespetatuko ditu.

9.–Antolatzailearen erantzukizuna.

NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskubidea atxikitzen du lehiaketa hau sustatzeko ekintzak laburtu, luzatu, aldatu edo bertan behera uzteko, ohiz kanpoko inguruabarrek eragozten badute ekintza horiek egitea, ahal dela parte-hartzaileei inolako kalterik eragin gabe. Antolatzaileak eskubidea atxikitzen du lehiaketa honen oinarriak aldatu eta zuzentzeko edo deialdia sustatzen duten egintzak bukatzeko, inolako erantzukizunik izan gabe ezein parte-hartzaile eta/edo finalistarekiko, edo, dagokionean, gurasoekiko nahiz legezko tutoreekiko. Halaber, eskubidea atxikitzen du behar bezala justifikatutako arrazoiengatik promozioetatik edozein parte-hartzaile baztertzeko, baldin eta deialdiaren ibilbide normalizatua aldatzen badu edo iruzur egiten badu, eta beste parte-hartzaile batzuen pribatutasun edo duintasun eskubideak urratzen baditu.

10.–Irudiaren babesa.

Deialdi honetako parte-hartzaileek bere borondatez eta espresuki baimena ematen diote –Ohorea, intimitate pertsonala eta familiarra eta norberaren irudia izateko eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoak xedatzen duenaren ondorioetarako– NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzari, haien irudiak edo hitzak hartzeko edozein grabaketa- edo erreproduzio-gailu erabilita, publizitateko liburuxketan sartzearren. Gainera, horregatik ez da ordainik jasoko eta ez da izanen erabiltzeko epe mugaturik.

11.–Datu pertsonalen babesa.

Deialdi honetan parte hartzeko, datu pertsonalak –besteak beste, helbide elektronikoa– bidaltzeak esan nahi du parte-hartzaileak baimena ematen duela, NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak, berak edo datuen kudeaketa nahiz tramitazioa egiten duten beste entitate batzuen bidez, datuak era automatikoan erabil ditzan publizitaterako; gainera, Zuzendariordetzak datu horiek fitxategi automatizatuan sartu ahalko ditu, eta horren arduraduna izanen da, etorkizunean parte-hartzailearekin komunikatzeko, baimena ematen delarik bide hori erabil dadin NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzaren komunikazioak jasotzeko, erakunde horrek berezkoak dituen helburu, jarduera, produktu eta zerbitzuei dagokienez. Hori guztia honako arau hauei jarraikiz: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa; 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onesten duena; eta 34/2002 Legea, ekainaren 11koa, Informazioaren Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Zerbitzuei buruzkoa.

Parte-hartzaile interesdunek beren datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta, erabat edo hein batean, haien aurka jotzeko eskubideak erabil ditzakete, NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzara joanda (Yanguas y Miranda kalea, 27, Iruña). Prozedura honen oinarria da deialdian parte hartzen dutenek bere borondatez ematen duten baimena.

Sariak ematerakoan, ezinbestekoa bada, NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak datu pertsonalak jakinarazi ahalko dizkie hirugarrenei, beharrezkoa bada delako produktu edo zerbitzua kudeatzeko, emateko edo erabiltzeko, nahiz eta hirugarren horiek bizi diren herrialdeetako legediak ez bermatu Europar Batasunak bermatzen duen tankerako datu-babesa.

Iragarkiaren kodea: F1810651