Iragarkia
189. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
56E/2018 FORU AGINDUA, abuztuaren 30ekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat diru-laguntzak emateko toki entitateei, toki ekintzako taldeei, garapenerako laguntzako GKEei, herritarren elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei, 2019an Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta sustatzeko proiektuak gara ditzaten.
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren eskumenen artean daude Nafarroako Gobernuaren herritarren partaidetzarako politikak, eta horien aplikazioa kanalizatzen da Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, haren eskumenen artean baitaude, besteak beste, herritarren informazioa, arreta eta partaidetza. Bestalde, Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuaren bidez gauzatzen dira eskumen horiek, abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuan jasotakoari jarraikiz.
Nafarroako Gobernuak Nafarroan Herritarren Parte-hartzea Sustatzeko Plana (2017-2019) onetsi zuen 2017ko ekainaren 21ean egindako bilkuran. Horren helburuen artean (3.2 eta 4.1) daude, besteak beste, beste entitate publiko eta pribatu batzuei eta gobernuz kanpoko erakundeei laguntza ematea herritarren partaidetzarako esperientziak eta ekimenak garatzeko.
Nafarroako Gobernuak, aipatu Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuaren bidez, herritarren partaidetzari begira egokitzat jo du babesa eta baliabide ekonomikoak ematea Nafarroako toki entitateei, toki ekintzako taldeei, bai eta garapenerako laguntzako GKEei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei ere, proiektuak gara ditzaten aipatu helburua erdietsi aldera Nafarroako Foru Komunitatean 2019. urtean.
Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuari lotuta, emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Diru-laguntzen deialdi bat onestea toki entitateei, toki ekintzako taldeei, garapenerako laguntzako GKEei, herritarren elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei diru-laguntzak emateko, 2019an Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak gara ditzaten.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen 1. eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B10007-B1320-4609-924900: toki entitateentzako diru-laguntza, herritarren partaidetza sustatzeko proiektuetarako, betiere kreditu egokia eta nahikoa izanez gero | 2019 | 50.000,00 |
B10007-B1320-4819-924900: elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuentzako diru-laguntza, herritarren partaidetza sustatzeko proiektuetarako, betiere kreditu egokia eta nahikoa izanez gero | 2019 | 30.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2018ko abuztuaren 30ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
1. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuak diru-laguntzak emateko aldez aurretik, Nafarroako toki entitateei, toki ekintzako taldeei, garapenerako laguntzako GKEei, herritarren elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei, legez eratutakoei, herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzera zuzendutako proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean 2019. urtean. Hori guztia, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta kasuan kasuko aurrekontuko kredituak zehaztutako mugen barnean.
2. oinarria. Onuradunak.
Deialdi honetara aurkezten ahalko dira Nafarroako toki entitateak, toki ekintzako taldeak, garapenerako laguntzako GKEak, herritarren elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuk, Nafarroako Foru Komunitatean legez eratuak badaude, Nafarroako Foru Komunitatean herritarren partaidetzarako proiektuak sustatzen badituzte, eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
3. oinarria. Betebeharrak.
Diru-laguntzen onuradun izateko, bigarren oinarrian aipatutako entitateek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:
3.1. Indarra duen legeriarekin bat eratuak egotea, nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuak egotea, inskripzio hori bakarrik publizitate ondorioetarako eskatuta ere.
3.2. Nafarroako Foru Komunitatean bakarrik aritzea, salbu garapenerako laguntzako GKEak.
3.3. Aurreikusia izatea 2018. urtean, beren eraginpeko eremuan, herritarren partaidetzarako interes publikoko eta/edo kolektiboko proiekturen bat sustatzea eta garatzea bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo politikoaren edozein esparrutan.
3.4. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.
4 oinarria. Gauzatzeko epea eta proiektu eta ekintza diruz lagungarriak.
4.1. Diru-laguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitartekoa izanen da, eta horrek ez du galaraziko 4.5.1 oinarrian xedatutakoa deialdi honen aurreko laguntza teknikoko gastu eta jarduerei buruz.
4.2. Honako helburu hauekin bat datozen partaidetza proiektuak lagunduko dira diruz:
4.2.1. Nafarroako toki entitateek sustatutako proiektuak.
Helburu hauek betetzeko jarduera bat edo batzuk izanen dituzte proiektu horiek:
–Tokiko gobernantza eta kalitate demokratikoa hobetzea, parte-hartzea laguntzen duten ekintzak bultzatuta erabaki hauek hartzerakoan: planak, programak, ordenantzak, zerbitzu publikoen aurrekontuak eta kudeaketa, eta politika publikoen ebaluazioa ere bai.
–Herritarrak inplikatzea eta partaidetza sendotzea proiektua sustatzen du(t)en entitate(ar)entzat interesekoak diren toki eta/edo eskualde mailako auzien diagnostikoa egiteko eta horiei eman beharreko erantzuna sortzeko.
–Berdintasun eta inklusio maila handiagoak garatzea, barnean sartuta inplikatutako eragile nagusiak eta tokian tokiko bizitzan parte hartzeko daukaten gaitasuna areagotuz
–Belaunaldiarteko elkarlana sustatzea.
–Parte-hartzerako, herritarrak prestatzea, sentsibilizatzea, prestatzea, gaitzea eta komunikazioa bultzatzea.
Proiektuak banaka nahiz taldeka aurkezten ahalko dira.
Proiektu mankomunatuak aurkezten badira, toki entitateek proiektuan ordezkatuko dituen toki entitatea izendatuko dute, eta ordezkapen hori ondorio guztietarako izanen da, barnean dela laguntza ekonomikoa jasotzea. Proiektua ordezkatuko duen toki entitatea izendatzeko, nahikoa izanen da proiektua sustatzen duten toki entitateen alkatetzen ardura duten pertsonek sinatutako adierazpena aurkeztea.
Toki entitateek ezin izanen dute proiektu bat baino gehiago aurkeztu, ez banaka ez taldeka.
4.2.2. Toki ekintzako taldeek, garapenerako laguntzarako GKEek, herritarren elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek sustatutako proiektuak.
Helburu hauek betetzeko jarduera bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:
–Entitatearentzat estrategikoa den proiektua garatzea pertsona eta/edo entitate elkartuen partaidetzarekin.
–Herritarrak inplikatzea eta partaidetza sendotzea proiektua sustatzen du(t)en entitate(ar)entzat interesekoak diren toki eta/edo eskualde mailako auzien diagnostikoa egiteko eta horiei eman beharreko erantzuna sortzeko.
–Gizarteratzeko arazoak dauzkaten pertsonen eta/edo bazterketa soziala jasaten dutenen kolektiboen parte-hartze soziala, beren gaitasunak sustatzeko eta haien bizi-baldintzak hobetzeko.
–Berrikuntza soziala sustatzea.
–Belaunaldiarteko elkarlana sustatzea.
–Parte-hartzerako, herritarrak prestatzea, sentsibilizatzea, prestatzea, gaitzea eta komunikazioa bultzatzea.
Proiektuak banaka nahiz taldeka aurkezten ahalko dira.
Proiektu mankomunatuak aurkezten badira, entitateek proiektuan ordezkatuko dituen entitatea izendatuko dute, eta ordezkapen hori ondorio guztietarako izanen da, barnean dela laguntza ekonomikoa jasotzea. Proiektua ordezkatuko duen entitatea izendatzeko, nahikoa izanen da proiektua sustatzen duten entitateen legezko ordezkariek sinatutako adierazpena aurkeztea.
Toki ekintzako taldeek aurkeztutako proiektuak ezin izanen dira bakarrik beren eraginpeko toki entitateentzat izan.
Entitateek ezin izanen dute proiektu bat baino gehiago aurkeztu, ez banaka ez taldeka.
4.3 Aurkezten diren partaidetza proiektuek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Zuzenean entitateak sustatu behar du, eta Nafarroako Foru Komunitatean egin.
b) Zerbitzu edo politika publiko baten garapenarekin loturik egotea, toki entitateen kasuan; edo interes kolektiboko helburu edo proiektu batekin loturik egotea, toki ekintzako taldeen, garapenerako laguntzako GKEen, herritarren elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuen kasuan.
c) Informazioa emateko, kontsultarako, aztertzeko eta/edo elkarrekin erabakitzeko ekintzak aurreikustea.
d) Parte-hartzaileek aukera izan behar dute eragina izateko problema kolektiboa ebazten, edo partaidetza prozesuarekin lotutako gaian, eta, beraz, baita emaitzetan ere, dela diagnostikorako elementuak aurkeztuz, dela proposamenak planteatuz, dela erabakiak hartuz, dela konponbideak inplementatuz.
e) Entitateak herritarren proposamenak aztertu beharko ditu, eta horiei buruzko erabakien berri eman arrazoiak emanda.
f) Parte-hartzaileek ebaluatua izan.
g) Genero ikuspegia aurreikusi.
Prestakuntza proiektuen kasuan, ez dira kontuan hartuko aurreko c), d) eta e) atalak.
4.4. Gastu diruz lagungarriak.
Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek jaso dezakete diru-laguntza, betiere oinarri hauetan ezarritako epean gauzatzen badira. Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute diru-laguntza, merkatu balioa gainditu gabe.
4.4.1. Zuzeneko gastuak:
a) Entitateko langileria gastuak. Toki ekintzako taldeen, Garapenerako Laguntzako GKEen, herritarren elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuen kasuan, gehienez ere bi pertsona egotziko zaizkio proiektuari, eta horietako bakoitzaren guztirako soldataren %20 izanen da gastu justifikagarria.
b) Laguntza teknikoa (entitate(eta)tik kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzea). Bakarrik lagunduko da pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioa, baldin eta frogatzen badute deialdi hau egin baino hiru urte lehenago garatu diren parte-hartze publiko eta/edo pribatuen 3 prozesutan gutxienez jardun dutela prestakuntzan eta/edo kudeaketa- eta dinamizazio-lanetan. Pertsona juridikoen kasuan, frogatuko da proiektuaren talde arduradunak aipatu esperientzia baduela, eta pertsona horiek proiektua gauzatzeko ardura zuzena dutela.
Entitateak emandako ziurtagiriaren bidez edo pertsona kontratatuen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da esperientzia.
Diruz lagundutako jardueraren %100 arte azpikontrata daiteke.
Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada (BEZa barne), frogatu beharko da hornitzailea kontratazio publikorako baldintzak betez hautatu dela, toki entitateen kasuan, eta gainerako entitateei dagokienez, eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Entitate onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira kontu horiek.
b) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.
c) Materialak argitaratzeko gastuak. Soilik programaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du diru-laguntza, betiere Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuak baimendu ondoren.
d) Jarduera garatzeko beharrezkoa den ekipamenduaren gastuak edo material suntsikorrarenak.
e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, etab.).
f) Taldearen joan-etorrien gastuak proiektu mankomunatuetarako.
g) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:
Emandako diru-laguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %10 erabiltzen ahalko da objektiboki, gehienez ere, zeharkako gastu hauetarako: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa; betiere, behar bezala justifikatuta egon beharko dute eta jarduera gauzatzen den epean egindakoak izan.
4.5. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektu, jarduera eta gastuak:
4.5.1. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira deialdiaren oinarrien araberakoak ez diren proiektuak eta/edo aisialdiko jarduerak eta/edo ludikoak, baita boluntariotzako jarduerak ere.
4.5.2. Gastu hauek ezin dira lagundu deialdian:
a) Banku-kontuetako interes zordunak.
b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.
c) Prozedura judizialen gastuak.
d) Aperitiboen, oturuntzen eta antzekoen gastuak.
e) Entitatearen beraren publizitate edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.
f) Material inbentariagarrien eta inbertsioen gastuak.
g) Jardueran parte hartu dutenentzako edonolako sari edo opariak.
5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
5.1. Onartutako diru-laguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:
–Nafarroako toki entitateek aurkeztutako proiektuen kasuan, 10.000 euro gehienez proiektuko, proiektuaren kostua handiagoa bada ere.
–Toki ekintzako taldeek, GKEek, elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateek aurkeztutako proiektuen kasuan, 6.000 euroko diru-laguntza gehienez proiektuko, proiektuaren kostua handiagoa bada ere.
5.2. Balorazio teknikoan gutxienez 70 puntu lortu dituzten proiektuei bakarrik emanen zaie diru-laguntza.
5.3. Diru-laguntzaren zenbatekoa:
–85 puntutik 100 puntura bitarte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %75 gehienez.
–70 puntutik 84 puntura bitarte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %60 gehienez.
Tarte bakoitzeko portzentaje-mugaren barnean lortutako puntuen araberakoa izanen da azkeneko kantitatea.
5.4. Honela banatuko da aurrekontuko diru-izendapena:
- 50.000 euro, toki entitateek aurkeztutako proiektuetarako
- 30.000 euro, toki ekintzako taldeek, garapenerako laguntzako GKEek, herritarren elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek aurkeztutako proiektuetarako.
Onuradun mota bakoitzarentzat gordetako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari ematen ahal zaio, eskumena duen organoaren arrazoibidezko erabakiaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.
6. oinarria. Dokumentazioa.
6.1. Diru-laguntza eskatzen duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Eskabidea eta eranskinak, behar bezala beteak, eskatutako zenbatekoa eta proiektuaren zenbatekoa adierazita eta jardueren aurrekontua xehatuta. Diru-laguntzen eskaerak ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) izapideen katalogoko laguntzen fitxan eskuratzen ahal da eskabide eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa.
b) Entitate eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak (toki entitateen kasuan izan ezik).
c) Baimena, Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuak egiazta dezan entitateak (toki entitateen kasuan izan ezik) tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala. Baimen hori eman ezean, ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko dute, deialdia argitaratu ondotik egindakoa, non jasoko baita elkarteak edo entitateak eguneratuak dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
d) Entitatearen legezko ordezkaritza daukan pertsonak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen dituena:
–Ez duela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.
–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo diru-laguntzak jaso eta/edo eskatu dituela xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon, edo ez duela halakorik jaso eta/edo eskatu.
–Entitateak zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera ez duela galdu, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.
–Proiektuari egotzitako pertsonen soldataren guztizko zenbatekoa, toki ekintzako taldeen, garapenerako laguntzako GKEen, herritarren elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuen kasuan.
e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.
6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiria Administrazioaren eskuetan badago, honako hauekin bat: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikulua. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta hala egin dadila eskatzen ahalko da. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.
7.1. Eskaerak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.
Diru-laguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (DEH) bitartez eginen dira. Helbide horrek Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.
7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa eskaeran adierazitako helbide elektronikoaren bidez eskatuko da akatsak zuzentzeko.
Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu.
8. oinarria. Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.
8.1. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuari dagokio.
Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
8.2. Eskaerak 1.1 eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz ebaluatuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izaten ahal du, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
8.3. Gutxienez ere 70 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.
Proiektuak diruz lagundu ezin diren ekintzak baditu, soilik diruz lagungarriak direnak hartuko dira kontuan.
8.4. Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuak Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiari igorriko dio bere ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.
9. oinarria. Ebazpena.
9.1. Diru-laguntzei buruzko ebazpena Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, diru-laguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.
9.2. Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak eta proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz (arrazoia zehaztuta).
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuak, jakinarazi ondoko hilabetean, jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren atarian eta web-orrian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
9.3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
10. oinarria. Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.
10.1. Proiektuak deialdian ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egiten ahalko dira:
a) Proiektua bitartean egin beharreko jardueren aldaketak.
b) Proiektuan egin beharreko ekintzen arteko berrantolaketa ekonomikoa.
10.2. Aurreko kasuetan, proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimenik eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Entitate interesdunak proiektuan ez dagoen/dauden beste jarduera bat/batzuk, diru-laguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen dena/direnak, egitea proposatzen ahalko dio Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuari.
Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago.
Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintza beretan justifikatu beharko dira.
Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Ordezten duen jardueraren maila tekniko eta/edo konplexutasun berbera izatea.
b) Oinarrietan ezarritako baldintza eta forma berak betez aurkeztea.
Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta horietarako ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.
Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa berariaz baimendu edo ukatuko du Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.
10.3. Proiektuan onartutako jardueretako bat egin gabe utzi behar denean, ez da aldaketarako aldez aurreko baimena eskatu beharko. Hala ere, jarduera horretarako aurreikusitako zenbatekoa ezin zaio gainerako jardueren aurrekontuari erantsi. Aurrekoa gorabehera, justifikazio agiriak aurkezten direnean, onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek.
11. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.
11.1. Diru-laguntza ordainduko da behin diru-laguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.
Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.
11.2. Behin diru-laguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dute diruz lagundutako proiekturako jaso dituzten funtsak osorik aplikatu dituztela. Horregatik, beranduenez 2019ko azaroaren 15ean, proiektua egin izanaren justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko dute, 6. ereduko inprimakiaren araberakoa.
Memoriarekin batera, egindako jardueren frogagiriak eta haien ondoriozko produktuak edo hedapen eta publizitate materialak aurkeztuko dira.
–Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, horren adierazpena, frogatzeko partaidetzaren arloan esperientzia duten pertsonak badituela eta horiexek direla proiektua gauzatzeko zuzeneko arduradunak.
–Fakturen eta egindako ordainketen frogagirien zerrenda.
Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa justifikazio-kontu gisa aurkeztuko dira. Kasu guztietan diruz lagundutako jarduketen aitorpena eta haien kostua agertuko dira, egindako gastu bakoitza zehaztuta. Horretarako, jatorrizko fakturak eta ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Froga gisa antzeko balioa duten agiriak eta faktura elektronikoak onartuko dira, betiere tributu arloan onartuak izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa barne), entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela legezkotasun irizpideei jarraikiz (toki entitateen kasuan) eta efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz gainerako entitateen kasuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuan daukan parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoekin bat.
–Egindako jarduerak frogatzeko agiriak.
–Proiektuak bestelako laguntzarik edo diru-laguntzarik jaso ote duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, jasotako zenbatekoak eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da.
–Proiektua egin bitartean hari egotzitako pertsonen soldata gordinaren aitorpena.
11.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun naturaleko epean. Eskabidean adierazten den posta elektronikoaren helbidera eginen da errekerimendu hori.
11.4. Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2018ko azaroaren 15a baino lehen. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko aipatu data baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuen benetako ordainketa, likidatzeko borondatezko aldia irekita ez egoteagatik. Edozein kasutan, mota horretako gastuen frogagiriak 2019ko abenduaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dira.
12. oinarria. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan araututako diru-laguntzen onuradunak diren entitateek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako diru-laguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.
13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.
b) Diru-laguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.
c) Justifikatzea betekizunak eta baldintzak bete direla, eta diruz lagundutako proiektua gauzatu eta diru-laguntzaren xedea bete dela.
d) Emandako diru-laguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.
e) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.
f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak egoki erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.
g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
h) Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen berri ematea.
i) Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, gardentasun aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak). Betebehar hori betetzen ez bada, aipatu foru dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako ondorioak etorriko dira.
j) Baldin entitate onuradunak erabakitzen badu onartu zaion diru-laguntzari uko egitea, onartu izanaren jakinarazpenetik hiru hilabeteko epean komunikatu beharko dio Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuari, helbide elektroniko honen bidez: participacionciudadana@navarra.es. Uko egindako zenbatekoa beste proiektu batzuei esleitzen ahalko zaie, baldin 5.2 oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu badute eta laguntzarik gabe gelditu badira aurrekontuan nahikoa kreditu ez izateagatik, edo, halako proiekturik ez badago, beste proiektu onuradunen artean hainbanatuko da.
14. oinarria. Inbertitu gabeko gerakinak.
14.1. Diru-laguntza eman zeneko helburuak bete ondoren eta baliabideak efizientziaz erabiltzearen poderioz gerakin inbertitugaberik baldin badago, horren barne direla diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak, onuradunek Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari eskatzen ahalko diote haiek erabiltzea izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz lagungarriak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.
14.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.
14.3. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak, Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuak proposamena egin ondotik, ebazpena emanen du, gerakina aplikatu behar zaion diru-laguntza emateari buruzko ebazpena aldatuz, edo deskribatutako gerakinak itzul daitezen erabakiz.
15. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.
Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoek) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea ekarriko dute, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, diru-laguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.
16. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
17. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratzen denetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
18. oinarria. Arau osagarriak.
Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.
1.1. ERANSKINA Proiektuak baloratzeko irizpideak |
BALORAZIO IRIZPIDEAK | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | PUNTU BERARIAZKOAK | PUNTU OROKORRAK |
KALITATEA | Proiektuaren helburu orokorren deskripzioa | 3 | 45 |
Jardueren helburu berariazkoen deskripzioa | 5 | ||
Jardueren deskripzioa | 17 | ||
Proiektuen plangintza eta egutegia | 3 | ||
Ebaluatzeko adierazleen deskripzioa eta koherentzia | 7 | ||
Proiektuaren koherentzia orokorra | 10 | ||
BERRIKUNTZA | Parte hartzeko aurreikusitako metodologiak | 10 | 30 |
Proiektuaren helburu diren pertsonen interesa erakartzeko ahalmena | 5 | ||
Beste entitate batzuetara transferitzeko eta errepikatzeko aukerak | 5 | ||
Sormena eta originaltasuna | 5 | ||
Proiektuaren jasangarritasuna | 5 | ||
SAREKO LANA | Beste toki entitate batzuk proiektuan inplikatzea | 5 | 10 |
Udalez gaindiko beste entitate batzuk proiektuan inplikatzea | 5 | ||
GENERO IKUSPEGIA | Proiektua hizkera inklusiboz idaztea | 1 | 5 |
Proiektuan genero irizpidea sartzeko aurreikusi diren neurriak | 3 | ||
Ebaluazioan generoaren arabera bereizitako adierazleak | 1 | ||
KOLEKTIBOEN INKLUSIOA | Integratzeko problemak dituzten kolektiboak sartzea proiektuan | 2 | 5 |
Proiektuan aurreikusitako neurriak | 3 | ||
PROIEKTUAREN KOMUNIKAZIOA | Proiektuaren komunikazioa segurtatzeko proposatutako neurriak | 5 | 5 |
100 | |||
1.2. ERANSKINA
Eskabide-ereduak
1. eredua: Proiektuaren aurkezpena.
2. eredua: Zuzendaritza Batzordearen osaera (inprimaki hau ez da erabiliko toki entitateen kasuan).
3. eredua: Erantzukizunpeko adierazpena.
4. eredua: Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.
6 eredua: Memoria eta gastuen justifikazioa.
Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1811091
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
