189. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko abuztuaren 22an hartua, Caparroson bioerregaiak ekoizteko instalazio bat paratzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Energía Hidroeléctrica de Navarra SA enpresak sustatua, aldatzeko espedientea onetsi eta plan sektoriala iraungitzen duena.

I.–Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuaren 2002ko abenduaren 4ko Erabakiaren bidez onetsi zen Caparroson bioerregaiak ekoizteko instalazio bat paratzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Energía Hidroeléctrica de Navarra SAk sustatua (2003ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 3koa).

UPSaren xedea da Caparrosoko udal-mugartean bioerregaiak ekoizteko bi instalazio ezartzea, batean bioetanola ekoizteko eta bertzean biodiesela. Planak bi instalazioak ezartzeko eremu bat zehazten du lurzoru urbanizaezinean, baita etorkizunean egin litezkeen zabalkuntzetarako ere, errektangeluar itxura samarrekoa eta 425.025 metro karratuko azalera duena. Eremu horretan Iruña-Zaragoza N-121 errepidearekiko lotura ere sartzen da, baita ura, gasa eta argindarra eta telefonoa hartzeko harguneen eta euri urak eta ur beltzak kanporatzeko hodien trazadurak ere.

2003an, bioerregaiak ekoizteko instalazioa eraiki zen lurzatiaren iparraldean, baita N-121etiko sarbidea ere, iparraldetik. Geroztik ez da onetsitako eremuan azalera gehiagorik okupatu.

Geroago, UPSaren esparruko lurzati batzuk lurzati berrantolamenduan sartu ziren (2010eko azaroaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) Nafarroako Ubidearen UPSko eremu ureztagarrien eraldaketaren ondorioz (1991ko uztailaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Hona zer ekarri duen horrek: lurzati batzuk maila berdintsuko bi tresnak ukitzen dituzte, baina horien araubideak bateraezinak dira elkarrekin; hortaz, egoera hori erregularizatu beharra dago.

Caparrosoko Udal Plan Orokorrak (2011ko 70. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 11koa) industriarako hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatu zuen UPSan jadanik gauzatuta zegoen zatia, eta esparruaren gainerakoa, berriz, natura aldetik ustiatzeko balioa duen babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa (“Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriak”).

Industriarako hiri-lurzoru finkatuak UC-7 unitatea osatzen du Planaren arauetan, EHNren UPSaren arauen babespean jarrita, baina ez dator bat UPSan onetsitako eremuarekin.

Udalak Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuarekin (OT12-2015-000058 (2015/09/08) eta OT12-2016-000032 (2016/04/12)) eta Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoarekin (2016/02/08) kontsultak egin ondoan, 2017ko abuztuaren 17an aurkeztu zuen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan Caparrosoko Udal Planean egiturazko aldaketa bat egiteko proposamena. Haren xedea da, batetik, UPSaren esparrua Udal Planean ezarritako UC-7aren mugapenera egokitzea, eta bestetik, UC-7tik kanpora gelditzen diren gainerako lurrentzat lurzoru urbanizaezinaren sailkapena ezartzea, dagozkion kategoriarekin eta azpikategoriarekin.

Hala ere, nahiz eta UPSaren determinazioak hirigintzako udal planeamenduari nagusitu, gauzatutako eremura mugatzeko UPSaren esparruan egin beharreko aldaketa ez da posible hirigintzako udal planeamenduan aldaketa eginez; aitzitik, lehenik UPSan egin beharko da aldaketa, eta hala badagokio, hura iraungi, udal planeamenduan sartu ahal izateko. Horregatik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46. artikuluan xedatutakoa betez, Udalez gaindiko Plan Sektoriala ofizioz aldatzeko eta iraungitzeko espedientearen tramitazioari hasiera eman zitzaion, Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 16an hartutako Erabakiaren bitartez (2018ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 1ekoa).

II.–Proposamenaren xedea eta azalpena.

Espedienteak bi xede ditu:

–Bioerregaiak ekoizteko Caparrosoko instalazioaren UPSa aldatzea (2003ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 3koa), UPSaren hirigintzako determinazioak gauzatutako errealitatera egokituz.

–UPSa iraungitzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.2.c) artikuluaren ildotik, haren gauzapena bukatu baita eta xedea bete. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46. artikuluarekin bat etorriz, iraungipena eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da hango determinazioak udal planeamenduan sartzea, eta horretarako aldatu edo berrikusi beharko da planeamendua. Determinazio horiek sartzeak, ordea, ez du ekarri behar Plan Sektorialaren funtsezko aldaketarik.

Aldaketaren funtsa da UPSaren esparrua egokitzea bertan garatu den esparrura, hau da, 3. poligonoko 495. lurzatiaren puska batera, sarbideetara eta hornidura sareetara.

Esparrua egokituta, egiaztatzen da ez dagoela hirigintzako bertze determinaziorik aldatu beharrik UPSa gauzatutakora egokitzeko.

Biodiesel instalazioa burututa eta 2003az geroztik jarduketa gehiagorik egin ez denez, UPSaren betearazpena bukatutzat jotzen da, eta betetzat haren xedea; beraz, haren iraungipena proposatzen da.

III.–Txostenak.

2018ko otsailaren 8an txostena eskatu zitzaion Udalari, Mairagako Mankomunitateari eta Telekomunikazioetako Sare eta Operadoreen Zuzendariordetza Orokorrari.

Hona jaso diren txostenen edukiaren laburpena:

Mairagako Mankomunitateak 2018ko apirilaren 16ko txostenean adierazi zuen bioerregaia ekoizteko instalazioko hornidura eta saneamendu azpiegiturek 3. poligonoko 524. eta 428. lurzatiak eta 5. poligonoko 622., 835. eta 836. lurzatiak ukitzen dituztela.

Caparrosoko Udalaren 2018ko martxoaren 26ko txostenak dioenez, komeni da 3. poligonoko 524. lurzatia ere eremuan sartzea, ekoizpen instalazioaren titular bera duelako eta jarduera horretarako erabiltzen delako.

Telekomunikazioetako Sare eta Operadoreen Zuzendariordetza Orokorrak proposamenaren aldeko txostena eman zuen 2018ko apirilaren 11n.

IV.–Alegazioak.

Espedientea jendaurrean izan da hilabetez, Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 16an hartutako Erabakiaren bidez (2018ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 1ekoa). Epe horretan ez da alegaziorik jaso.

V.–Kontuan hartu beharrekoak.

Esparrua aldaturik, egiturazko aldaketa dugu esku artean, eta horrenbestez, haren tramitazioa lotu beharko zaio Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 45. artikuluan adierazten den prozedurari.

Espedientea abiarazteko erabakian adierazi zen moduan, UPSaren esparruaren barrenean, instalazioak hornidura eta saneamendu sareekin eta errepideekin lotzeko behar diren lurrak ere sartzen dira, instalazioek eta instalazioak handitzeko erabil daitezkeen lurrek okupatu beharreko eremuaz gain. Azpiegitura horiek lurpekoak izanik eta argibiderik ez dagoenez non barna egin diren jakiteko, lurzati horiek UPSaren ukipen eremuan sartzeko edo ez sartzeko erabakia hartzeke geratu zen, Udalari, sustatzaileari eta Mairagako Mankomunitateari eskatu zaizkion txostenak aztertu arte. Txosten horiek ikusita, eremua egokitu zen. Egiaztatu zen lurzati eta jabe ukitu guztiak agertzen zirela jendaurrean jarritako agirietan.

UPStik kanpo geratu diren lurzoruek indarrean den Plan Orokorreko zehaztapenak bete beharko dituzte (2011ko 70. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 11koa). Gainera, araudi sektorialen ondorioz eta lurraldearen eta hirigintzaren antolamendurako tresnen ondorioz aplikatzekoak diren determinazio guztiak gainjarriko dira, bereziki Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien UPSarenak.

Gaur egun, UPSak berak arloaren gainean araututakora darama Udal Plan Orokorrak. Hortaz, UPSa iraungi ahal izanen da baldin eta dagokion araudia aipatu planean ezartzen bada.

VI.–Ingurumenaren arloko izapidea.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 23ko 577E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumenaren arloko txosten estrategikoa egin zen, eta hartan honako hau ebatzi zen:

1. Bioerregaiak ekoizteko instalazioa paratzeko UPSaren aldaketa eta iraungipena ohiko ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren menpe ez jartzea, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea UPSaren aldatzeari eta iraungitzeari buruz.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2018ko uztailaren 19ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Onestea Caparroson bioerregaiak ekoizteko instalazio bat paratzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ofizioz sustaturik, esparrua proiektuaren lanek ukitutako lurzatietara egokitzeari dagokionez.

2. Iraungitzea Caparroson bioerregaiak ekoizteko instalazio bat paratzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, eta, horrenbestez, indarrik gabe gelditzen dira han jasotako determinazioak.

Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46. artikuluarekin, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren iraungipena eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da hango determinazioak udal planeamenduan sartzea; horren ondorioz ez da, hala ere, funtsezko aldaketarik eginen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren edukian. Determinazio horiek udal planeamenduan sartzeko, aldaketa bat egin daiteke hirigintzako udal planeamenduan, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, edo, bestela, hirigintzako udal planeamenduaren berrikuspen bat balia daiteke.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Erabaki hau jakinaraztea Acciona Energíari, Caparrosoko Udalari eta Mairagako Mankomunitateari, igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, eta adieraztea erabakiak bide administratiboa amaitzen duela eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1810585