11. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LERIN

Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, administrari laguntzaile lanpostua aldi baterako kontratu bidez betetze aldera

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da oposizio-lehiaketa bidez Leringo Udalaren zerbitzuko administrari laguntzaile lanpostuak aldi baterako kontratu bidez betetzeko izangaien zerrenda bat eratzea, entitate horretan sortzen diren beharrei erantzutearren.

1.2. Administrari laguntzailearen lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarri bezala.

1.3. Bere mailako eta kategoriako eginkizun orokorrak beteko ditu, besteak beste, jendea hartzea, ordenagailuak erabiltzea, testu-tratamenduak, udal kudeaketa-programak eta, oro har, berezkoa duen kategoriaren barrenean agintzen zaizkion lan guztiak.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute. Halaber, lanaldiaren urteko lanordu kopurua Udaleko funtzionarioentzat ezarritakoa izanen da.

2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

Hautapen prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.–Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa. Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatutako nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

2.–Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

3.–Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiriaren bitartez frogatu beharko dira.

4.–Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

5.–Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautaketa-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak Leringo Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu behar dira (Udaletxe plaza,1) jendea hartzeko orduetan, 09:00etatik 14:00etara, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, I. eranskinean jasotzen den eskabidearen ereduari jarraituz.

3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) 2.3 oinarrian eskatzen den titulazioaren kopia konpultsatua edo eskaerak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela adierazten duen agiri baliokidearena.

c) Lehiaketaldian baliarazi nahi dituen merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak. Modu horretan frogatu ezin diren alderdiak badira, tituluen kopia kautotua edo fotokopia (konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera ekarriko dena) aurkeztuko dira, baita ikastaroetan parte hartu izanaren ziurtagiriak eta baliarazi nahi dituen gainerakoak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Baldin agiriak aurkezten badira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak baimendutako beste bide baten bidez, izangaiak posta elektronikoz jakinarazi beharko dio Udalari, eskabideak aurkezteko epean (ayuntamiento@lerin.es).

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Leringo Udaleko Alkatetzak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Leringo Udaleko iragarki oholean eta Udalaren web-orrian argitara dadila.

4.2. Argitaratu eta 3 eguneko epean, baztertutako izangaiak erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte edo egindako akatsak zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzitakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jarriko da Udalaren iragarki-taulan bai eta Leringo udalaren web-orrian ere.

Izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski interesdunek deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: M.ª Consuelo Ochoa Resano, Leringo Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: José Justo López, Leringo Udaleko zinegotzia.

Lehen mahaikidea: Raquel Martínez Solano, Leringo Udaleko ofiziala.

–Ordezkoa: Esther Martínez Peláez, Leringo Udaleko kultur eta kirol koordinatzailea.

Bigarren mahaikidea: Virginia Rodríguez González, Leringo Udaleko administrari laguntzailea.

–Ordezkoa: Paloma Muruzábal Velasco, Larragako Udaleko administrari-ofiziala.

Hirugarren mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko teknikari bat.

–Ordezkoa: eskuordetzen duen Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko teknikaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Cristina Munárriz Colomo, Leringo Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Andosillako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Leringo Udalari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emanen da.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Bertan diren kideen gehiengoaz hartuko dira erabakiak.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

6.1. Onartutakoen zerrendarekin batera epaimahaiak zehazten duen egunean hasiko da hautapen prozesua. Deialdi bakarra eginen da. Izangaiak NANa edo epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat gainean dutela agertuko dira, eta oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo era horretan nor diren frogatzen ez dutenak.

6.2. Hautapen prozesuan proba teoriko bat eta praktiko bat egin beharko dira, administrari laguntzaileak betetzen dituen eginkizun eta zereginei buruzkoak.

a) Lehenengo ariketa: proba teorikoa, idatziz erantzun beharreko test moduko 30 galderako ariketa, deialdi honen II. eranskinean agertzen den programako gaiei buruzkoa. Gehienez ere 30 puntu emanen dira.

Okerreko erantzunek ez dute punturik kenduko.

b) Bigarren ariketa: proba praktikoa, agiri administratibo hauen artetik bi prestatu beharko dira: ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, bandoa. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu lor daitezke.

Epaimahaiak finkatuko du proben gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Epaimahaiak erabakiko du lehenbiziko eta bigarren ariketa egun berean eginen diren.

Proba teoriko eta praktikoaren guztizko puntuazioaren %50 gutxienez lortu duen izangaiak gainditu duela ulertuko da.

7. oinarria–Lehiaketaldiko balorazioa.

Deialdi honetako izangai guztiek, merezimenduak dituztela uste badute, oinarri hauetako zehaztapenei jarraikiz, agiri bidez frogatu behar dituzte, hautapen prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezteko epean barnean. Epe horretatik kanpo ezin izanen dira aurkeztu.

Epaimahaiak, 8. oinarrian ezarritako probak egin ondotik, proba teoriko eta praktikoaren guztizko puntuazioaren %50 gutxienez lortu duten izangaiek frogaturiko merezimenduak baloratuko ditu, honako baremo honi jarraituz:

a) Administrari laguntzaile lanpostuan (D maila) administrazio publikoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 3 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu.

b) Prestakuntza ikastaroak: bere eginkizunen arloko gaien gaineko prestakuntza ikastaroa egin izana frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bakoitzeko, gehienez ere 15 puntu.

–20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

–20 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 1 puntu.

Lehiaketaldiko puntuazioa, guztira, 30 puntu izanen da gehienez.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

8.1. Ariketen kalifikazioa amaiturik eta horiek gainditu dituzten izangaien merezimenduak baloratu ondotik, epaimahaiak lortu duten puntuazioa argitara emanen du, Leringo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta erreklamazioetarako epea ezarriko du.

8.2. Ariketen balorazioa bukaturik eta, erreklamaziorik bada, haiek ebatzi ondoren, epaimahaiak Leringo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendaren proposamena, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, eta hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera Alkatetzari igorriko dizkio, onesteko.

8.3. Izangaien artean berdinketarik suertatzen bada azken puntuazio osoan, proba praktikoan puntu gehien lortu duenaren alde eginen da.

8.4. Alkatetzak onetsi ondoren, izangaien zerrenda Leringo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.

8.5. Zerrenda hau eratzean, aurretik izan litezkeen beste guztiak bertan behera geldituko dira.

9. oinarria.–Kudeaketa arauak eta lanean hasteko deia.

9.1. Epaimahaiak proposatutako zerrendan agertzen diren izangaiei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie.

9.2. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du.

9.3. Telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean eginen dira.

Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

9.4. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari edo hurrengoei deituko zaie, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

9.5. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, egun bateko epean erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta zerrendatik kanpo utziko da, salbu eta frogatzen badu:

–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

–Aldi baterako ezintasun egoeran badago edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia badu.

–Zaindu behar badu 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa zein adoptatua.

–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena.

–Ezkondu bada edo bikote egonkorra eratu badu, baldin eta kontratazioaren hasiera eguna, hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.

–Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Kasu guztietan, azkenekoan izan ezik, izangaiek aditzera eman beharko dute eskuragarri ote dauden zerbitzuak emateko.

9.6. Eskaintzari uko egiten dioten izangaiak zerrendatik kanpo utziko dira, salbu eta 11.4 oinarriko kasuetako batean daudela frogatzen badute.

9.7. Ondoko kasuotan izangaiak zerrendatik baztertuta geldituko dira:

–Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

–Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.

–Probaldia ez gainditzea.

–Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta funtzionario edo lan-kontratudun gisa Leringo Udalaren zerbitzura lanean hasteagatik izan bada.

–Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

–Leringo Udalaren zerbitzura funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa sartzea, lanpostu berean edo goragoko maila duen batean.

–Lanpostua bertan behera uztea.

–Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Lerinen, 2018ko azaroaren 9an.–Alkate udalburua, M.ª Consuelo Ochoa Resano.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

2. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: III. titulua, 2. atala, Udalen funtzionamendua; IV. titulua, 2. kapitulua, Herri-ondasunak; IX. titulua, 1. kapitulua, Prozedura eta araubide juridikoa.

2. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. titulua. Prozeduretako interesdunak. II. titulua. Administrazio publikoen jarduera. III. titulua. Egintza administratiboak. IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak.

3. gaia.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea. I. titulua, IV. kapitulua, Tributuak.

4. gaia.–Biztanleen udal errolda: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 15., 16. eta 17. artikuluak.

5. gaia.–Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea. Atariko tituluaren 3. kapitulua: Katastroak.

6. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena: II. titulua, II. kapitulua, Hirigintzako udal planeamendua. V. titulua, I. kapitulua, 1. atala, Hirigintzako lizentziak.

7. gaia.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoa: III. titulua, Jarduera sailkaturako udal lizentzia eta irekitzeko udal lizentzia.

8. gaia.–Sistema eragilea: funtsezko kontzeptuak. Windows 10. Mahaigaina eta bere elementuak; atazen administratzailea; Windows arakatzailea; kontrol-panela; gailuak eta inprimagailuak; hasierako menua; tresna-barra; laguntza eta euskarri teknikoa; sarean lan egitea; erabiltzaile kontuak.

9. gaia.–Testu-tratamenduko programak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word 2010: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; lan ingurunea pertsonalizatzea; inprimatzea.

10. gaia.–Kalkulu orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel 2010: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelaxkak; gelaxkak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; taula dinamikoak; inprimatzea.

Oharra: onespenaren egunean indarrean den legediaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1814279