1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
267/2018 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, “Doneztebe-Irurtzun bizikleta bidearen Proiektua” Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatzen duena.
Nafarroako Gobernuak 2018ko uztailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, Doneztebetik Irurtzunera doan bizikleta bidearen proiektua, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren (UPrS) espedientea onetsi zen.
Erabaki horrek, bere azalpen zatian, honako hau ezartzen du: “Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak sustatzen duen Doneztebe-Irurtzun bizikleta bidearen Proiektuaren espedientea onestea, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial izendatuz, honako determinazio hauekin:
2018ko abuztuaren 28an, sustatzaileak Proiektu Sektorialaren testu bategina aurkeztu du, zeinaren edukiak aipatu Erabakian ezartzen diren auziei erantzun baitie.
Aurrekoari jarraikiz, bidezkoa da aipatu Erabakia argitaratzea, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen testu bateginaren 29.2 artikuluak ezartzen dituen ondoriotarako, proposatzen da Proiektu Sektorialaren araudia argitara dadin.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2018ko irailaren 7ko txostena ikusirik, adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak sustatzen duen Doneztebe-Irurtzun bizikleta bidearen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Araudi horren testua ebazpen honen eranskinean ageri da oso-osorik.
2. Ebazpen hau igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Babes Zibilerako Zerbitzura, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ingurune Naturalaren Zerbitzura eta Herri-lurren Atalera, eta jakinaraztea Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Doneztebeko, Donamariako, Oizko, Urrozko, Beintza-Labaiengo, Saldiasko, Basaburuko, Imozko, Arakilgo, Irurtzungo, Itzako, Berriozarko, Berriobeitiko eta Iruñeko udalei, baita sustatzaileari ere, behar diren ondorioetarako.
3. Aditzera ematea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren eta bere araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.
Iruñean, 2018ko irailaren 10ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
ERANSKINA
1. artikulua. Xedea eta eremua.
Udalez gaindiko Proiektu Sektorial (hemendik aurrera UPrS) honen helburua da Donezteberen eta Latasaren arteko bizikleta bidea bat prestatzeko behar diren baldintzak definitzea eta ezartzea, dagoeneko badauden Plazaolako eta Bidasoko bide berdeekin konektatu eta Eurovelo sarearen tarte bat osatzeko Nafarroan, Endarlatsatik Iruñera. UPrSak zehazten du ibilbidea eta EV-1 azpiegitura ziklista nola ezarriko den lurraldean, Donezteberen eta Latasaren artean. Ibilbidea Doneztebeko udal-mugartean hasten da (Doneztebeko herri-gunetik abiatuz, non lotzen baita Bidasoko Bide Berdearekin), eta herri hauek zeharkatzen ditu: Donamaria, Oitz, Urrotz, Beintza-Labaien, Saldias, Basaburua, Imotz eta Latasa.
0 kilometro puntuak ezartzen du dokumentazio grafikoan trazaduraren hasiera, zeinaren UTM koordenatuak hauek baitira: X=608.506; Y=4.776.653, Latasako 47.800 kilometro punturaino, planoaren arabera, UTM koordenatu hauekin: X = 595.971; Y = 4.756.390.
Halaber, beste helburu bat da “Plazaola trenbide zaharraren trazadura (Irurtzun-Leitza tartea) berreskuratzeko proiektua” UPSaren trazadura aldatzea, Irurtzundik hurbilen dagoen tuneleko tartean, tuneletik pasatzea eskatuko ez duen trazadura aukerakoa ezarriz. Tarte honetako gainerako determinazioak indarreko UPSak trazaduraren gainerako zatiarentzat ezartzen dituenak izango dira.
Aldaketa 51.700 kilometro puntuaren eta 52.300 kilometro puntuaren artean dago. Puntu horien UTM koordenatuak hauek dira: X=595.688 Y=4.756.390 eta X=595.688 Y=4.753.173, hurrenez hurren.
Bizikleta bidea eta ukitzen duen eremua UPrSaren dokumentazio grafikoan eta idatzian daude grafikoki ikusgai, baita bere ezaugarriak, luzera, zeharkako sekzioa, irizpide tekniko orokorrak, seinaleak, eta abar ere.
Trazadura osorako ibilbide nagusi edo ofizial bat ezartzen da, bi tarte txikitarako izan ezik. Horietan bigarren aukera bat ezartzen da, zeinaren ibilbidea “1. Tartea.–Doneztebe-Urrotz. Behin betiko trazaduraren alternatibak” 01.4 Planoan ezartzen baita. Bi tarte horiek hauek dira: Doneztebetik Donamariarakoa, eta Oitzetik Urrotzerako tartearen hasiera (01.4. planoa. “1. Tartea.–Doneztebe-Urrotz. Behin betiko trazaduraren alternatibak”). Alternatibetako bat gauzatzen denean, gauzatu ez dena ez da gehiago UPrSak ukitua izango.
2. artikulua. Bete beharrekotasuna eta indarraldia.
UPrS hau bete beharrekoa izango da behin betiko onetsi eta gero, araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Indarra edukiko du erabat betetzen den arte.
3. artikulua. Nahitaezkotasuna.
Agiri honetako determinazioak nahitaez aplikatuko dira hura indarrean dagoen artean, eta ukitutako hirigintzako planeamendua lotetsiko dute.
4. artikulua. Aldaketa eta berrikuspena.
Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla medio UPrS honek ezartzen dituen determinazioak era nabarmenean aldatu beharko balira, esaterako trazadura edo konponbide teknikoak, edo bizikletetarako ibilbidea, beharrezkoa izango da UPrSa aldatzea, horretarako zioak emanez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak ezartzen duen prozedurari jarraikiz.
5. artikulua. Trazaduraren diseinurako eta exekuziorako baldintzak.
Bizikleta bidearen trazadura UPrS honen dokumentazio grafikoan biltzen da. Diseinu zehatza ondoren ezartzen diren irizpideen arabera definituko da:
• Bizikleta bidea dagoeneko badauden bide edo pistetatik doanean, edo bide eta pista berrietatik, edo lehen zeuden eta zabaltzen diren bide edo pistetatik, beharrezkoa izango da lurzorua okupatzea.
• Bidegorria berria bada, edo urbanizagarria ez den lurzoruko bideak edo zidorrak prestatuz egin bada, zabalera 3 metrokoa izango da. Zabalera hau honela neurtuko da: bidegorri moduan prestatu den lurraren kanpoko bazterretik beste aldeko kanpoko bazterrera.
• Bizikleta bidea errepidearen ondoan bidegorri berri bat eginez sortzen bada, otsailaren 19ko FOM/273/2016 Aginduaren 8.15 apartatua bete beharko du, Errepideei buruzko Jarraibideetako 3.1-IC araua (Trazadura) onesten duena.
• Bizikleta bidea herrietako errepideetatik edo herri guneetako zehar-bideetatik edo kaleetatik doan tarteetan, trazadura bidearena izango da, eta bizikletek eta ibilgailu motordunek partekatuko dute, horretarako ezartzen diren seinaleek eta abiadura kontrolak ezartzen duten moduan. Babes edo drainatze-instalazioak hobetu beharko balira, beharrezkoa izango da lurzorua okupatzea.
Eraikuntza-proiektua errepideen arloan indarrean dagoen araudiaren menpe egongo da, eta araudi hori betetzen duela justifikatu behar du, bereziki arau hauek: Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen 1/2017 Foru Dekretua, departamentu hori dela eskuduna Foru Komunitateko errepideen arloan, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena, eta otsailaren 19ko FOM/273/2016 Agindua, Errepideei buruzko Jarraibideetako 3.1-IC araua (Trazadura) onesten duena.
UPrSa geroago garatzeko idazten diren exekuzio eta lanen proiektuak txosten sektorialek, IEAak, eta onetsi deneko erabakian beharrezkotzat jo den beste edozein irizpidek ezartzen dutenaren menpe egongo dira, eta gaian eskumena duten organoek txostena eman beharko dute.
Edonola delarik ere, ibilbidean zehar egiten den edozein azpiegiturak, instalaziok edo eraikinek beharrezkoa edukiko dute aldez aurretik Aire Segurtasunerako Estatuko Agentziaren (AESA) aldeko txostena eta baimena, airezko operazioen segurtasunean duen eraginari dagokionez.
6. artikulua. Lurzoruaren sailkapena. Lurzoru urbanizaezina eta hiri lurzorua.
Bizikleta bidearen trazadura lurzoru urbanizaezinetik (LU) pasatzen denean, aldez aurretik zeuden bide eta zidorretatik edo berriak diren bide eta zidorretatik, UPrSean babes lurzoruaren kategorian sartuko da, azpiegituretarako lurzoruaren azpikategorian.
Bizikleta bidea herrietako errepideetatik, edo herri guneetako zehar-bideetatik edo kaleetatik doan tarteetan, haiekin partekatuko ditu sailkapena eta erabilera.
7. artikulua. Kudeaketa.
Bizikleta bidea egiteko behar diren eta publikoak ez diren lurzoruak desjabetzearen bidez lortuko dira. Nafarroako Gobernua arduratuko da desjabetze-espedienteak sustatzeaz. Halaber, herri-lurren kasuan, dagokien toki entitateekin hitzarmenak izenpetuko dira, obrak burutzeko eta ondoren euren mantentze-lanak egiteko.
8. artikulua. Zortasun eremuaren eta bizikleta bidearen babes araubidea.
Araubide hau Donezteberen eta Latasaren arteko tartean aplikatuko da. “Plazaola trenbide zaharraren trazadura (Irurtzun-Leitza tartea) berreskuratzeko proiektua” UPSean trazadura aldatu den tartean, aplikatuko diren determinazioak trazadura osoan indarrean dauden UPrSkoak izango dira.
1.–Bizikletarako bidea bidegorria denean, orduan oinezkoek eta ziklistek erabiltzen ahalko dute. Debekatutako dago ibilgailu motordunik ibiltzea, honelako kasuetan izan ezik:
1.1. Trazadura UPrS hau indarrean sartu baino lehenago ondoko borda eta finketan sartzeko erabiltzen zen tarteetan, han ibilgailu motordunen eta bizikleten trafikoa batera gertatuko baita.
1.2. Beste bide-azpiegiturekin batera erabiltzen den tarteetan, han ibilgailu motordunen eta bizikleten trafikoa batera gertatuko baita.
1.3. Bizikleta bidearen mantentze-lanetarako sartu behar denean.
1.4. Larrialdietan sartzea.
2.–Lurzoru urbanizaezinean hiru metro zabal izanen den zortasun eremu bat ezartzen da bizikleta bidearen alde banatan, bidearen kanpoko ertzetik neurtuta.
Lurzoru urbanizaezinaren erabilera-araubidea:
–Ezarri den zortasun eremuan, bizikleta bidearen osagarriak diren instalazioak eta azpiegiturak baimenduko dira bakarrik, eta gainerako eraikuntza-jarduerak debekatuko dira.
–Eraikuntza-jarduerak ez direnei dagokienez, hauek debekatuko dira: zabortegiak, hondakindegiak, legarra ateratzeak eta meategiak. Gainerako jarduerak baimentzen ahalko dira.
–Bizikleta bidea okupatuko duten lurpeko azpiegiturak egin behar badira, aipatu azpiegituraren proiektuak ezarriko du beharrezkoa dela bizikleta bidea okupazioa baino lehenago zegoen bezala utzi behar dela.
–Debekatzen dira, orobat, azpiegituraren helburuekin (kirolerako eta aisialdirako eremua) bateraezinak diren erabilera eta jarduera guztiak, deusetan galarazi gabe, erabilerari dagokionez, bestelako oinarrizko zerbitzu edo azpiegiturekin eduki beharreko bateragarritasuna.
3.–Hori guztia lurzoru urbanizaezinaren kategoriei eta azpikategoriei aplikatzen ahal zaien araudia eta maila handiagoko beste lege batzuetan ezarrita dagoena aplikatzea deusetan galarazi gabe.
9. artikulua. Planeamendua egokitzeko irizpideak.
1.–Indarreko planeamenduaren figurak berrikusi edo aldatuz gero, UPrS honen eta, kasua bada, hura garatzeko figuren idatzizko determinazioak eta determinazio grafikoak jaso beharko dira. Lurzoru urbanizaezinean, bizikleta ibilbidea pistetatik eta bideetatik doan tarteetan, trazaduraren eta bere inguruaren landa-giroa bermatuko da.
2.–Bizikleta ibilbidearen trazadurak Plazaolako eta Bidasoko bide berdeekin bat egiten duen tokietan, jatorriz trenbidea zenetan, udal planeamenduak arauak ematen ahalko ditu zaharberritzeko eta erabilgarri jartzeko, bereziki jabegoa publikoa den eremuetan.
3.–Donezteben, Eurovelo trazadurak udal planeamenduan aurreikusita dagoen bide-erreserba bat zeharkatzen du. Bide-erreserba hori garatzen denean, bizikleta bidea integratu beharko du segurtasuna gordez.
10. artikulua. Dauden eraikuntza eta jarduerak.
1.–Araudi honen 8. artikuluan mugatutako zortasun eremuan legez dauden eraikin eta jarduerak bere horretan uzten ahal dira, udal planeamenduko determinazioak deusetan galarazi gabe.
2.–Eraikin horietan egiten diren esku-hartze guztiak eraikuntza eraberritu eta/edo zaharberritzeko izanen dira. Ezin izango da eraikitako bolumena handiagotu. Jarduera hauek trazaduraren landa-giroa errespetatuko dute, inguruaren ingurumen-balioak zainduz.
11. artikulua. Ingurumen arloko prebentzio, konpentsazio eta zuzenketa neurriak.
Dagozkien obra-proiektuak idazten direlarik, orduantxe ezarriko dira naurri hauek. Alabaina, gomendio orokor batzuk ezarriko dira, bideak egokitzeko lanak egiten direnean eta erabiltzeko aldian kontuan hartu beharrekoak.
Neurri hauen barruan, prebentzio neurri batzuk sartu dira, azpiegitura zer fasetan dagoen, eta horren arabera,
A.–Azpiegitura gauzatzen denerako prebentzio neurriak:
1.–Azantza: obra garaiko hotsa eta ardaila zaindu beharko da, eta kontuz ibiliko da behar baino zalaparta gehiago ez ateratzeko, obrak ingurune naturaletan egiten direnez gero.
2.–Ubideak eta erreka bazterrak: kontuz ibiliko da kutsadura sor dezakeen isurketarik ez egiteko. Zaldainak egiteko hondeatze eta zimendatze lanak kontu handiz egingo dira, higadura galaraziz eta beharrezkoa dena baino landare estalki gehiago ez dela kenduko zainduz. Ubideetatik gertu egiten diren lanak salmonidoen erruteari traba ez egiteko garaian egingo dira.
3.–Landaretza autoktonoa: bideak zabaltzean edo bide berriak egitean ahalik eta kontu handiena edukiko da landaretza autoktonoa ez kaltetzeko. Lanak esku-baliabideekin egingo dira, landaretza ez kaltetzeko.
4.–Fauna: eite handiko zuhaitzak bota baino lehen ongi begiratuko dira, habiarik ote dagoen ikusteko. Obrak gauzatzeko jarduera-eremu bat finkatuko da, eta galaraziko da obrekin zerikusia daukaten ibilgailuekin ibiltzea jarduteko ezartzen diren ibilbideetatik kanpo.
B.–Azpiegitura erabiltzen denerako prebentzio neurriak:
1.–Ingurumenaren gaineko jardunbide egokiak aintzat hartuko dira, eta bizikletarako ibilbide bat ezarriko da jende guztiarentzat, ibilgailu motordunak erabili behar ez izateko.
2.–Tokiko landaretzaren eta faunaren errespetua sustatuko da.
3.–UPrSa garatzeak bidea emango du aurreikusitako jarduerak lurraldearen ingurumen eta paisaia ezaugarriekin bat egiteko.
C.–Neurri zuzentzaileak:
1.–Ubideak eta erreka bazterrak: zaldain berrien estriboak eta zapatak hondeatzearen eta zimendatzearen ondorioz hondatuta geratzen diren espazioak landare autoktonoekin lehengoratu beharko dira.
2.–Ubideak eta erreka bazterrak: zenbat zuhaitz bota den, beste hainbeste landatu beharko da, eta espezie berekoak. Alabaina, ahalik eta zuhaitz gutxien botako da, ukipena ahalik eta txikiena izan dadin. Bideak zabaldu edo egiteko zenbat zuhaitz botatzen den, beste hainbeste jarriko dira.
3.–Botatzen diren zuhaitzetan habiak egiteko balio izan duen edo balio dezakeen hutsunerik badago, habia-kutxak jarriko dira.
Iragarkiaren kodea: F1811245