Iragarkia
188. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko uztailaren 25ean hartua, Doneztebetik Irurtzunera doan bizikleta bidea Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak sustatua, onesten duena.
I.–Proposamenaren aurrekariak, xedea eta azalpena
Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako erabakiaren bidez, Doneztebe-Irurtzun bizikleta bidearen Proiektua, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako (2018/02/22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, UPS honen xedea da Doneztebe eta Irurtzun arteko bizikleta bidea egokitzea, Plazaolako eta Bidasoko bide berdeak lotzeko eta Eurovelo sarearen tarte bat osatzeko Nafarroan (Eurovelo-1), Endarlatsatik Iruñeraino.
Asmoa da tarte hau Ziklisten Europako Federazioak zuzentzen duen Eurovelo proiektuko EV-1 Ibilbidekoa izan dadin. Proiektu horren helburua da ziklistentzako ibilbideen sare bat eratzea, Europako kontinentea osorik lotzeko, bai turistek distantzia luzeak egiteko, baita bertako herritarrek beren eguneroko bideak egiteko ere. Zehatz esateko, EV-1 Ibilbidea Norvegiako fiordoetatik dator, eta Portugalgo Algarveraino iristen da, Irlandako kostatik, Nantesetik eta Iruñetik pasatuz. Denera 9.100 km inguru ditu. Ibilbide honetakoa izateko trazadurak diseinu-irizpide batzuk bete behar ditu.
Beste alde batetik, UPS hau Nafarroako Foru Komunitateaz gaindiko proiektu batean txertatzen da. Ederbidea du izena proiektu horrek. Mugaz gaindiko proiektua da; proiektu hori Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programako proiektuen 1. deialdian programatu zen. Haren helburua da Iruñea, Donostia eta Baiona lotzea, bizikletetarako 240 kilometroko trazadura baten bidez, eta bizikletaren erabilera bultzatzea, bai turismorako eta aisialdirako baita eguneroko joan-etorrietarako ere. Nafarroan egin beharreko jarduketak hauek dira: Bidasoko eta Plazaolako bide berdeak elkartzea, UPS honen xedea baita, eta Plazaolako trenbide zaharraren eta Iruñearen arteko lotura egitea.
Bidasoko eta Plazaolako bide berdeak elkartzeko, aztertu diren aukeren artean, ibilgailu motordunen trafiko gutxien daukana hautatu da, aldi berean Eurovelo sareak eskatzen dituen malden baldintzak betetzen dituena, UPSak duen dokumentazioaren arabera. Aipatzen da, halaber, hautatutako pasabidea biderik laburrena dela, trafikorik gutxien duena eta ingurumen-eragin txikiena duena. Gainera, zeharkatzen dituen eta jendez husten ari diren herrien balioa nabarmentzen du.
UPSean zehaztutako trazadurak 52 kilometro linealeko luzera du guztira. Ibilbidean, honako udal-mugarte hauek gurutzatzen dira: Doneztebe (han bat eginen du Bidasoko bide berdearekin), Donamaria, Oitz, Urrotz, Beintza-Labaien, Saldias, Basaburua, Imotz (han bat egiten du Plazaolako bide berdearekin, Latasan), Arakil eta Irurtzun.
Batez beste eguneko 1.000 ibilgailu motordun baino gutxiagoko trafikoa duten errepideetan barna doa bidearen zati handi batean, trazaduraren luzeraren %77an, eta gainerako zatian tokiko pistetan edo bideetan barna –hormigoizko edo zabor-legarrezko pistak dira–. Trazadurak %6ko malda longitudinalak ditu ibilbidearen %12an baino gehiagoan, eta tarte batzuetan %22koa izaten da.
Aldi berean, trazadura dagoeneko badauden Bidasoko eta Plazaolako bide berdeekin lotzen da, Donezteben eta Latasan. Ederbidea UPSak proposatzen du “Plazaola trenbide zaharraren trazadura (Irurtzun-Leitza tartea) berreskuratzea” UPSa ordezkatzea Latasatik Irurtzunera.
II.–Alegazioak
Espedientea jendaurrean egon den bitartean ez du inork UPSaren aurkako alegazio idazkirik aurkeztu.
III.–Kontuan hartu beharrekoak
Nafarroako Gobernuaren 2018ko urtarrilaren 24ko Erabakian, Ederbidea UPSaren tramitazioari hasiera eman zionean, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari eskatzen zitzaion espedientea osatzeko bertan ezartzen zenari jarraikiz, baita espedientea tramitatu bitartean egin ziren txostenetan ezartzen zenari jarraikiz ere.
2018ko maiatzaren 14an, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen, zeinean txosten bat biltzen baitzen, erabakian aipatzen ziren auziei eta Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiak aipatzen zituen beste gorabehera batzuei erantzuna emateko. Maiatzaren 28an dokumentazioa bidali zen zuzendaritza nagusi honetara, txostena egiteko. Gainera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak posta elektronikoaren bidez eskatu zion Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari espedientea osatzeko erabakia kontuan hartuz, eta testu bategin bat aurkezteko, tramitaziorako.
2018Ko ekainaren 29an sustatzaileak testu bategina aurkeztu zuen, dokumentazio honekin:
–Justifikazio memoria.
–Araudia.
–Ordenantzak.
–Ingurumen ondorioen azterketa (2017ko ekainean) eta adenda (2017ko urrian).
–Parte-hartzerako plana.
–Eurovelo-Ederbidea seinaletarako eskuliburua.
–Ziurtagiriak: European Cyclists Federation.
–Planoak.
Ondoren ikusiko dugu aurkeztu den dokumentazioak nola heltzen dien Gobernuaren 2018ko urtarrilaren 24ko erabakiak ezartzen zituen auziei:
A.–Hautatu den aukera justifikatzea.
Gobernuaren erabakiak ezartzen du bizikleta bidea, batez ere turismorako eta jostetarako izanen dela; baina, nolanahi ere, dituen ezaugarriak direla eta, ziklista kirolariek edo ziklista eskarmentudunek ere erabil dezaketela. Horregatik, erabakiak ezartzen zuen justifikatu behar dela zergatik aukeratu den errepidean barna doan trazadura bat, kontuan hartu gabe beste aukera bat, hots, lotzen diren bide berdeen antza handiagoa duen beste bat, erraztasunak emanen lituzkeena tokiko herritarrek eguneroko joan-etorrietan erabiltzeko (Eurovelo helburua), eta erabiltzaile gehiagorentzako sarea izanen litzatekeena; horrek ekarriko bailuke turismorako, jostetarako eta mugikortasunerako erabilera handitzea, eta bideko herriei balioa ematea.
Aurkezten den dokumentazioan erabiltzen den argudioa da Ederbidea UPSaren helburua dela Eurovelo sareko zati izango den bizikleta bide bat egokitzea, eta horretarako hobetsi dela dagoeneko baden errepide batetik, batez ere, doan trazadura bat, tarte batzuetan malda handiak dituena, baina Eurovelo sareak ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen dituena. Horrela justifikatzen da txostenean hautatutako trazadura, IMD txikiena, ingurumen eragin txikiena eta kostu txikiena dituen bidetik baitoa.
Horri dagokionez, bidezkoa da aipatzea baden errepide bat proposatzen denez, trazadurak ingurumen eragin txikiagoa eta eragin ekonomiko txikiagoa edukiko dituela trazadura berri batek baino, edo errepidea zabaltzeak edo beste irtenbide seguruagoek eta malda txikiagokoek edukiko luketena baino, baina aldi berean esan behar dugu eskualdeen arteko konektibitatea txikiagoa izango dela.
Lurralde Antolamenduko Planek Eurovelo sarea “eskualdez gaindiko ibilbidea” dela jotzen dute dagoeneko, eta ezartzen dute lurralde eta hiri planeamenduak ibilbide hori aintzat hartu behar duela bere determinazioen artean. Beraz, eta UPS honen helburu bakarra denez Eurovelo sareko zati izango den bizikleta bide bat egokitzea, aski litzateke errepidean seinaleak ezartzea eta obra proiektuak tramitatzea, eta, hala badagokio, behar diren desjabetzeak egitea.
B.–Eremua.
Erreferentziazko erabakiak esaten du UPSaren eremua ez dela osorik grafikoki zehazten; aitzitik, trazadura lerro batekin eta atsedenguneak egon litezkeen eremu gutxi gorabeherako batekin adierazten dira.
Aurkeztutako dokumentazioan eremua ez da grafikoki irudikatzen. Dokumentazio idatzian biltzen da trazadura dagoeneko baden errepidetik edo pistatik doanean, harekin bat egiten duela, eta trazadura berria denean edo zidor baten egokitzapena denean, 3 m hartuko dituela, alde haren alde bietan 3 m-ko beste zortasun-eremu bat edukiko duela.
Aurrekoa ukatu gabe, aipatzen ari garen lurralde-tresnaren determinazioen afekzio zehatza jakiteko, eta horiek interpretatu, aplikatu eta zabaltzeko, oinarrizkotzat jotzen da determinazio idatziak ordenamendu-planoetara pasatzea edo islatzea, hau posible denean behintzat. Horregatik UPSaren eremua islatu eta zedarritu behar da dokumentazio grafikoan.
Beste alde batetik, atsedenguneei (bat Jauntsaratsen proposatzen da) eta bazterlekuei dagokienez, UPSak proposatzen du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 44.4 artikuluak ezartzen duenarekin bat, lurraldearen antolamendua eskumena duen departamentuak baimendu ahal izatea, UPSa betetzeak eskatzen dituen egokitzapen gisa. Bere eremua ez denez zedarritzen edo definitzen, berori zehaztea ezin daiteke har egokitzapen bat bezala, eta beraz UPSak bere eremuaren mugen zedarritze grafikoa eduki behar du, zehatz definituz trazadura, atsedenguneak eta bazterlekuak.
Latasatik Irurtzunerako trazadurari dagokionez, aurkeztu den dokumentazioan esaten da Ederbidea UPSak “Plazaola trenbide zaharraren trazadura (Irurtzun-Leitza tartea) berreskuratzeko proiektua” UPSaren eremua aldatzen duela, Latasatik Irurtzunera doan tartea ezik.
Alabaina, tarte honi dagokionez, bi UPSak aztertu eta gero, hau ikusten da:
–Latasaren eta Ederbidea UPSeko +49.800 kilometro puntuaren artean, bi UPSen trazadura berbera da, eta gainera eginda dago.
–Ondoren, bi UPSetan proposatzen da toki berean zaldain bat egitea Larraun ibaiaren gainean, eta trazadurak segitzen du egokitu nahi den zidorretik.
–Bi UPSetan trazadurak puntu berean uzten du aipatutako zidorra, eta NA-1300 errepide beretik segitzen du, Bi Aizpen tunela pasatzen duen arte.
–Gaur egun lurrarekin bat eginda dagoen tunel baten kasuan, Ederbidea UPSak proposatzen du trazadura tuneletik kanpo eramatea, zidor berri baten bidez.
–Bi UPSetan, Bi Aizpetik aurrera, trazadura Irurtzuneraino iristen den pista batetik doa.
Bere aldetik, Plazaola UPSak, Latasatik Irurtzuneraino tarte honetan, proposatzen du Irurtzunen harrera-gune bat jartzea, edo informazio-gune bat geraleku zahar batean, babes bat trazadurako 25 metrotan, ikusizkoak babesteko arau berariazkoak eta inguruan erabilera-baldintza batzuk ezartzea. Determinazio hauek guztiak bateragarriak dira orain ekarri den proiektuarekin, aski dira Eurovelo sarekoa izango den bizikleta bide bat egokitzeko tarte honetan, Plazaola UPSaren beste helburu batzuei erantzuteaz gainera. Ez dago justifikatuta determinazio horietako bakar bat ere kentzea.
Horregatik, ez da bidezkoa “Plazaola trenbide zaharraren trazadura (Irurtzun-Leitza tartea) berreskuratzeko proiektua” UPStik kanpo uztea; egin behar den bakarra da trazadura aldatzea aipatu dugun tunelean. Hori guztia edozein delarik lanak egiten dituena.
C.–Lurraldearen antolamendurako tresnetara egokitzea.
Espedientearen tramitazioari hasiera eman zion Gobernuaren Erabakian ezartzen zen Lurralde Antolamenduko Planek (LAP 2 eta) mugikortasun jasangarria sustatzeko irizpideak eta neurriak ezartzen zituztela, besteak beste hiriarteko oinezko eta ziklistentzako bideak, lurraldeko irisgarritasuna ahalbidetuko dutenak. LAPek ezartzen dute babestekoak direla bide historikoak, bide berdeak eta beste ibilbide batzuk, lurraldea egituratzeko, loturak egiteko eta mugikortasun jasangarriagoa lortzeko. Alde horretatik, erabakiak ezarri zuen segurtasuna eta barne-mugikortasuna hobetzen dituzten neurriak zehaztu behar zirela.
Aurkeztu den UPSaren dokumentazioan proposatzen den trazaduraren helburua da Eurovelo sarekoa izango den bizikleta bide bat egokitzea, eta gehienbat errepidetik joango dela zehazten da, tarte batzuetan malda longitudinal gogorrekin; bi atsedengune edukiko ditu 50 kilometro baino gehiagoko ibilbidean, 2 bider 5 metroko bazterlekuak, ziklistak gera daitezen trafikoa oztopatu gabe. Bazterlekuen arteko distantzia 500 metrokoa izango da.
Aurkeztu den dokumentazioan adierazten da proposatu den egokitzapenak hirien arteko mugikortasuna errazten duela ibilbidea ibilgailu motordunekin erabiltzen ez den tarteetan, esaterako Jauntsarasko bainu-eremuan; eta gainerako tarteetan, ibilgailuak eta ziklistak elkarrekin ibiltzeko planteatu diren segurtasun neurriengatik. Bizikleta elektrikoaren erabilera gero eta handiagoa izateak ere laguntzen du, batez ere maldarik handieneko tarteetan.
Hala ere, esan behar da eskualdeko mugikortasuna puntualki hobetuko dela zidorrak eta bidexkak egokitzen direnean, baina trazaduraren ezaugarriek, oro har, ez dutela tokian tokiko oinezkoen eta ziklisten mugikortasuna hobetzen, eta ibilbideak, bizikletan egiteko eskualdez gaindiko ibilbidea izateko baldintzak betetzen baditu ere, LAPek aitortzen duten bezala, ez diela erantzuten LAPek horiek berek eskualdez azpiko mugikortasunerako ezartzen dituzten irizpideei.
Beste alde batetik, trazadurak LAPek definitzen dituzten Babes bereziko eremu batzuetan eragina du, eta hori ingurumen ebaluazioaren tramitean aztertu da.
D.–Hirigintzako udal planeamenduari buruzko aipamenak.
UPSaren dokumentazioa osatu da Gobernuaren erabakian ezartzen denari jarraikiz, aztertuz trazadura bateragarria ote zen udal bakoitzean indarrean den udal planeamenduak ezartzen duen lurzoru urbanizaezinaren araubidearekin, eta baieztatuz kasu guztietan erabilera hori bide berriak irekitzearekin bateragarria dela, eta beraz jarduera baimendua edo baimengarria.
Gainera baieztatu da, nahiz eta aurkeztutako dokumentazioan ez bildu, trazadurak ez duela lurzoru urbanizagarririk ukitzen, eta hiri-lurzoruak ukitzen dituenean dauden bideetatik doala. Halaber, ikusi da trazadurak Donezteben bide-erreserba bat zeharkatzen duela. Hau garatzen denean, bizkleta bidearen trazadura segurtasunez integratu beharko du.
E.–Proposatutako arauketa.
Erabakian ezartzen zen moduan, UPS hau onetsi eta gero, lurzoru urbanizaezinaren barruko trazadura babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategoria izatera pasatuko zen, eta ez gorde beharreko lurzoru urbanizaezinarena, dokumentuak ezartzen duen bezala. Udal planeamenduak bakarrik ezartzen ahal du gorde beharreko lurzoruaren kategoria LAHBFLTBaren 92. artikuluari jarraiki.
Azpikategoriari dagokionez, erabakiak ezartzen du babesteko arrazoiari erantzun behar diola. Alde horretatik, aipatu behar da babesteko arrazoia ez datorrela bat LAPetako “Bide historikoak” Babes Bereziko Eremuarekin, dokumentuaren txostenean esaten den bezala; izan ere, LAHBFLTBaren 92. artikuluak ezartzen dituen azpikategorietatik hobekien erantzuten diena babesteko arrazoiei “azpiegiturena” da, dokumentuaren araudian ezartzen den bezala. Beraz,”azpiegiturak” azpikategoria ezarri behar da txostenean, araudian egon den bezala.
Aurkeztu den araudiaren 1. artikuluak ezartzen duenez, UPSaren araudiaren helburua da zehaztea Eurovelo bizikleta bidearen tarte hau nondik joango den eta nola ezarriko den. Horretarako, proposatzen diren arau-determinazioak hauek dira:
–Trazadura osoa, Gazteluren eta Donamariaren artean, eta Oitzen, aukera bat baino gehiago proposatuz.
–Trazadura “aldez aurretik zeuden bide eta zidorretatik edo berriak diren bide eta zidorretatik” pasatzen denean, lurzorua kategorizatzen da, eta 3 m-ko zerbitzu-eremu bat ezartzen da, ertz bakoitzetik neurtuta, bide berrietan edo dauden bideen hobekuntzaren ondorio direnetan.
–Jabetza publikoa ez denean, kudeatzeko ezarriko den sistema desjabetzea izango da.
Hiri lurzorutik (bide publikoetatik) eta errepideetatik doan trazadurarako, UPSak ez du inolako determinaziorik ezartzen, trazaduraz aparte. Tarte horietan bizikleta eta ibilgailu motordunak batera ibiliko dira.
Aipatu beharrekoa da, LAHBFLTBaren 111.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat, bide publiko guztiek badutela 3 m-ko zortasun-eremu bat, UPS honek ezartzen duena bezalakoa.
Beste alde batetik, nahasmenduak saihesteko, eta jarduketa-programa eta proposatzen diren epeak orientagarriak direnez, ez da bidezkoa beroriek araudian sartzea.
Azkenik, UPSak ibilbide honen trazadura zehazten du, eta bideetatik doazen tarteetan ibilgailu motordunak ibiltzea mugatzen du, bestelako determinaziorik ezarri gabe, bide eta errepideetan aplikatzekoak diren legeetan ezartzen direnez landa.
Araudiaz gain, UPSak ordenantza batzuk dauzka, diseinu, neurri eta eraikuntza-xehetasunei buruzko baldintzak ezartzen dituztenak, baita urbanizazio edo lan proiektuak orientatuko dituzten seinaleak ere, dokumentuan ezartzen denari jarraikiz. Testuinguru honetan, sekzioa diseinuaren mailako kontu orientagarria bada, irizpideei jarraikiz egokitzen ahal dena, ez litzateke agertu behar araudian, ordenantzetan baizik.
UPSaren kudeaketari dagokionez, dokumentuak ez du esaten nori dagokion bizikleta bide bat egitea eta mantentze-lanak egitea.
IV.–Txosten sektorialak
–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, UPSaren sustatzailea baita, 2017ko urriaren 19ko txostenaren bidez adierazi zuen proiektua interesgarria zela turismoaren aldetik eremu hori garatzeko, eta osoki egokitzen dela Turismorako Plan Estrategikoaren zirriborroarekin (aurreikusten da aurten onetsiko dela).
–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak, 2017ko irailaren 19ko txostenean, adierazi zuen ez duela agiriari buruzko oharrik, bere atalari dagokionez.
Babes Zibilerako Zerbitzuak, 2017ko abuztuaren 23ko txostenean, adierazi zuen ez zuela eragozpenik agiria hasiera batean onesteko; nolanahi ere, iruzkin hauek egin zituen: “Ederbidearen helburuetako bat segurtasuna izanik, babes zibilaren ikuspuntutik harrigarria da planteatutako bukaerako aukera errepideetan barna joatea zatiaren %80an, nahiz eta horiek batez beste egunean 1.000 ibilgailu baino gutxiagoko trafikoa izan. Adierazten du ez dela planteatu segurtasuna hobetzeko esku-hartzerik, ezta bizikletek eta ibilgailu motordunek erabilera partekatua eta bateragarria izateko esku-hartzerik ere, kontuan izanik kilometro asko direla errepidean barrena: errepide-tarte horien %12an baino gehiagoan luzetarako aldapa %6tik gorakoa da, eta ikusgarritasun gutxiko gune asko daude. Eremu horietan zabaltzeko aukerak edo bestelako hobekuntza batzuk egiteko aukeren azterketa falta sumatzen da. Ordenantzen artikulu batzuk proposamen edo azalpen gisa daude idatzirik, ez arau gisa. Horregatik, ez da argi gelditzen nahitaezkoak diren, esaterako 8. artikuluan edo 6. artikuluan. Adierazten du beharbada akats grafiko txiki bat egonen dela “Atsedenguneak” izeneko memoriako 7.4.10 puntuan, eta zuzentzea komeniko litzatekeela, aldaketa hau eginez: “26+000 kilometro puntua (mendateko goiko aldea, Malerrekaren eta Ultzamaren artean)” jarri ordez jar dadila “26+000 kilometro puntua (Gorostietako mendateko goiko aldea, Basaburuan barnako bidean).”
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak aldeko txostena egin zuen 2018ko ekainaren 14an, hau esanez:
–Ibilguen polizia eremuan proposatzen diren jarduketek ez dakarte dagoen erliebearen aldaketa esanguratsua, eta nolakoak diren kontuan hartuta, uste izatekoa da ez dutela aldatuko edo oztopatuko aipatu ìbilguen zortasun-eremua. Hala ere, ondoren etor litezkeen urbanizazio edo lanen proiektuek arroko erakundearen oniritzia eduki beharko dute.
–Zaldainak definitzen dituzten proiektuek behar diren azterketa hidrologikoak eduki beharko dituzte.
–Hainbat irizpide ezartzen ditu ubideko egituren diseinurako eta zeharkako drainatze lanetarako, baita obrak egitean zaindu beharreko hainbat kontu ere.
–Latasa eta Irurtzun herrien artean arrisku-azterketa bat egitea gomendatzen du, eta behar diren neurriak hartzea, babes zibileko legeriak ezartzen duenaren arabera.
–Ur jabari publikoan eta ibilguen polizia eremuan egiten diren jarduketa guztiek arroko erakundearen baimena eduki beharko dutela gogorarazi du.
Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak aldeko txostena egin zuen 2018ko martxoaren 7an, hau esanez:
–Lehentasunezko jarioaren eremuan, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eremu horretan baimentzen ahalko ditu bakarrik uholdeek kaltetzen ahal ez dituzten erabilerak eta jarduketak, eta aipatu eremuaren husteko gaitasuna era nabarmenean murriztuko ez dutenak. Beraz, oro har, eremu honetan ezin izango dira baimendu:
a) Iragazkorrak ez diren itxiturak eta hesiak, esaterako fabrika-hormazko edozein motatako itxitura.
b) Lurraren egungo sestra aldatzen duten eta husteko gaitasuna era nabarmenean murrizten duten betetzeak.
c) Edozein motatako materialen edo hondakinen metatzeak.
–Urak har ditzakeen polizia eremuetan, lehentasunezko jarioaren eremutik kanpo, honako hauek ezin izango dira baimendu:
a) Lurraren egungo sestra aldatzen duten eta husteko gaitasuna era nabarmenean murrizten duten betetzeak.
b) Edozein motatako materialen edo hondakinen metatzeak.
–Ur-ibilguen polizia eremuan edozein obra edo lan egiteko administrazio baimena beharko da, arroko erakundeak aldez aurretik emana.
Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak 2018ko maiatzaren 10eko txostenean esaten du kartografia erabilgarriaren arabera, aztertzen ari garen eremuan lursailaren koten eta zortasun aeronautikoen arteko gutxieneko tartea 250 metrokoa dela kontuan hartuta, uste duela aski kota badagoela, hasiera batean, UPSaren bidez baimentzen ahalko liratekeen instalazioek edo eraikinek ez ditzaten gainditu zortasun aeronautikoak.
Ezartzen du, halaber, hirigintza planeamenduak sartu beharko dituela, bere araudi-planoen artean, Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoen planoa, berariaz jasoz eremua Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoen barruan dagoela, eta horrek mugak jartzen dituela eraikinek eduki dezaketen altuerari dagokionez.
Adierazten du halaber, edozein eraikuntza edo egitura (zutabeak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne– jartzeko eta haiek eraikitzeko beharrezko baliabideak– eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne–) instalatzeko, baldin lurretik gora 100 metro baino gehiago altxatzen bada, Aire Segurtasunerako Estatuko Agentziak (AESA) aldez aurretik hartu beharko du erabakia aireko eragiketetako segurtasunean duten eraginari buruz.
Herri-lurren Atalak, 2018ko martxoaren 5ean, txostena eman du, esanez, aplikatzekoa den legeriaren arabera, herri-lurrak nola ukitzen dituen proiektuak.
Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalak (Ingurune Naturalaren Zerbitzua), 2018ko otsailaren 1ean, proiektua garatzean aintzat hartu beharreko alderdien berri eman zuen.
Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalak, 2018ko otsailaren 7an, txostena eman du, UPSaren proposamenak aztertuz, eta ondorio hauetara iristen da:
–Dagoen informazioa kontuan hartuz, aurkeztu den dokumentuaren aldeko txostena egin da, baldintza honekin: eraikuntza proiektuen tramitazio aldian kontuan hartzea egiten diren eskaera zehatzak, ubideetan egin nahi diren azpiegiturei dagokienez, baita, urak bideak hartzea litekeena bada, horrekin lotutako neurriak ere.
–Aurreko guztiak ez du baztertzen behar diren lizentziak edo baimenak eskuratu beharra, administrazio publikoetako beste organo batzuek eman behar dituztenak, edo Arroko Erakundeak txostenean dioena, ur jabari publikoaren defentsari eta korronteen erregimenaren zaintzari buruz dituen eskumenak betetzeko.
Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2018ko ekainaren 27an txostena egin zuen. Bertan adierazten zuen proiektua onesten ahal dela emandako txostenaren 5.2 puntuan aipatzen den araudiaren menpekoa dela aitortzen bada, gero, garatuko duen eraikuntza-proiektuan sartuko delarik, aztertu, onetsi eta, bidezkoa bada, baimena emateko, aipatu araudia bete dela egiaztatzen duen dokumentazio teknikoa, zeinak definituko eta baloratuko baitu erabat eta xehetasun osoz proiektatu diren jarduketek, berak egiteak eta gero mantenurako behar diren lanak egiteak zer-nolako eragina duten Nafarroako errepide sarean.
V.–Ingurumen ebaluazio estrategikoa
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 6ko 371E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen-deklarazio estrategikoa egin zen, Eurovelo bizikleta bidearen UPSari buruz, Doneztebetik Irurtzunera doan zatian. Sustatzailea Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia da.
Plana garatu beharko da ingurumen azterlan estrategikoan ingurumena babesteko dauden irizpideei jarraituta eta bertan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuta, bai eta beste hauek ere:
Eraikuntza proiektuek Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrain Hazkuntzaren Kudeaketako Atalak 2018ko otsailaren 7an ibilguen gaineko azpiegiturei buruz egindako txostenean jasotako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalak (Natur Ingurunearen Zerbitzua) 2018ko otsailaren 1ean egindako txostenean jasotakoak ere, Natura 2000 sarean egin beharreko lurren mugimenduei eta, oro har, zuhaitzak mozteari lotutakoak. Eraikuntza proiektuan jarraian aipatzen diren mozketak zenbatu beharko dira, bereziki.
–Bizikleta bideak Natura 2000 sarea zeharkatzen duen zatietan egin beharreko bide berrietan: Jauntsaratsen ondoko hariztian (36+799 kp-tik 37+200 kp-ra), ez da zuhaitzik eta zuhaixka garairik moztuko, horrek bidearen zabalera 2 metrora murriztea ekartzen badu ere, makina txikiak baliatzerik badago. Era berean, ez dira aldatuko ingurunean putzuak eratzeko baldintzak. Zati horretan, bide zorua iragazkorra izanen da, lurrez edo ofitaz egina, edo kareharrizko legar zuria ez den beste material batez.
–Berezko landarediaren gaineko eraginak orekatzea edo murriztea:
Eraikuntza proiektuak ibaiertzeko landareak jartzeko diseinua egin beharko du Basaburua ibaiaren ertzean, Jauntsarasko bainu eremuaren ondoan (38+500 kp-a), une honetan zuhaitzen lerro bakar bat baitago (eta pasabidea eraikitzean ukipenak izanen dira).
Ahalik eta zuhaitz gutxien (pinuak eta haritzak) kenduko dira, bidearen zabalera 2 metrora murriztu behar bada ere, Irurtzungo zatiaren mendebaldeko magalean, 51+800 kp-tik 52+200 kp-ra.
–Gomendatzen da UPSak begiratoki edo atsedengune bat jartzea Bi Aizpetik igarotzean, hori baita ibilbideko paisaia eremu garrantzitsuena (tunelaren iparraldeko irteeran bi aukera daude, bide zaharraren aldeetan bana).
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2018ko uztailaren 19ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen testu bateginari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. “Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak sustatzen duen Doneztebe-Irurtzun bizikleta bidearen Proiektuaren espedientea onestea, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial izendatuz, honako determinazio hauekin, egin beharko direnak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen:
–Ederbidea UPStik kanpo uztea “Plazaola trenbide zaharraren trazadura (Irurtzun-Leitza tartea) berreskuratzea” UPSak ordenatzen dituen lurzoruak, Latasatik Irurtzunerakoak. “Plazaola trenbide zaharraren trazadura (Irurtzun-Leitza tartea) berreskuratzea” UPSaren trazaduraren aldaketa ezartzea, Irurtzundik hurbilen dagoen tunelaren tartean, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu duen dokumentazioarekin bat eginez.
–UPSak ukitzen dituen lurzoruen berri zehatza ematen duen zedarritze grafikoa sartzea.
–Doneztebeko hirigintzako udal planeamenduan aurreikusten den bide-erreserba garatzen denean, horrek bizikleta bidearen igarotzea era seguruan txertatuko duela ezartzea.
–Dokumentu osoan babesaren kategoria eta azpiegituren azpikategoria ezartzea, bizkleta bidea urbanizaezintzat sailkatu den lurzorutik doanerako.
–Arauditik kentzea orientagarriak baizik ez diren kontuak, esaterako: jarduketa programa eta epeak, eta sekzioaren diseinurako irizpideak.
–Araudian sartu ezen, beste trazadura baterako aukerak dauden tokian, bat gauzatzen denean besteak UPSak ukituta egoteari utziko diola.
–Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak 2018ko maiatzaren 10eko txostenean aipatzen dituen gorabeherak eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2018ko ekainaren 27ko txostenean aipatzen dituen gorabeherak sartzea, aplikagarriak diren terminoetan.
2. Proiektua honako hauetan xedatutakoa betez garatu eta gauzatuko da: erabaki hau bera, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 6ko 371E/2018 Ebazpena eta espedientearekin loturik egindako txosten sektorialak. Aipatutako ebazpenaren bidez, aldatutako trazaduraren aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena eman zen.
3. Obrek beste azpiegitura eta elementu batzuetan (errepideak, ureztaketa, ibilgu publikoak edo beste batzuk) sortzen dituzten edo sor ditzaketen ukipenei dagokienez, sustatzaileari oroitarazten zaio kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko dituela.
4. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak sustatzen duen “Doneztebe-Irurtzun Ibilbide Ziklistaren Proiektua” Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onura publikokoa deklaratzea desjabetzearen ondorioetarako.
5. Erabaki hau igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Babes Zibilerako Zerbitzura, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ingurune Naturalaren Zerbitzura eta Herri-lurren Atalera, eta jakinaraztea Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Doneztebeko, Donamariako, Oizko, Urrozko, Beintza-Labaiengo, Saldiasko, Basaburuko, Imozko, Arakilgo, Irurtzungo, Itzako, Berriozarko, Berriobeitiko eta Iruñeko udalei, baita sustatzaileari ere, eta adieraztea, halaber, erabaki honek bide administratiboa amaitzen duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2018ko uztailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1811268
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
