188. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JURRAMENDIKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa Ur Zerbitzuaren Erregelamenduaren testu bateginean. Behin betiko onespena

Jurramendiko Mankomunitateak, 2018ko ekainaren 29an egin batzar orokor arruntean, besteak beste, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Jurramendiko Mankomunitateko Ur Zerbitzuaren Erregelamenduaren testu bateginean.

Erabaki hori 2018ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 19an. Jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean entitatearen Idazkaritzan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoaren arabera, aldaketa hori behin betiko onetsirik gelditu da eta bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lizarran, 2018ko irailaren 13an.–Mankomunitateko burua, M.ª Victoria Sevilla Marzo.

UR ZERBITZUAREN ERREGELAMENDUAREN TESTU BATEGINA

Testu berri hau dute hurrengo artikuluek:

43. bis artikulua erantsi da. Tratamendu fitosanitariorako substantzien hornidura:

1. Produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak edo bestelako ontziak urez “betetzeko gunetzat” hartzen da nekazaritzako tratamenduetarako biltontziak edo zisternak betetzeko soilik eta ez beste ezertarako erabiltzen den instalazioa.

2. Betetze hori soilik egin ahalko da dagokion kontratuan ezarritako betetzeko gunean. Espresuki debekatua dago helburu horretarako ura hartzea edo kargatzea saneamendu sareko ur-hartuneetatik eta hidranteetatik. Era berean, debekatua dago substantzia fitosanitarioak izan ditzakeen ura saneamenduko sare publikora isurtzea.

3. Betetzeko sistema beti egongo da bete beharreko zisterna baino altuera handiagoan. Interesdunak bermatu beharko du betetzeko guneak badituela beharrezko neurri guztiak edateko uraren errefluxuagatiko kutsadura saihesteko, presioa haustea ahalbidetzen duen sistema baten bidez. Sistemak ur-biltontzi independentea edukiko du, hornidura sare publikoarekin lotura hidraulikorik ez duena, eta bete beharreko ontzian ura sartzeko zuloaren aurretik aire ganbera bat duena.

87. artikulua. Erabilera motak.

1. Ur hornidurak emango dira bakar-bakarrik helburu hauetarako:

a) Etxeko erabilera.

b) Industriarako eta merkataritzarako erabilerak.

c) Udal eta kontzejuen erabilerak.

d) Obrak egitea.

e) Suteen aurka aritzea.

f) Interes orokorreko kirol instalazioak.

g) Militarren egoitzak.

h) Ongintza eta irakaskuntzako zentroak.

i) Gisa honetako finka partikularretako ureztatze, apainketa eta aisia.

j) Zerbitzu berezietarako kontsumoak.

k) Familia-baratze edo berotegien ureztaketa.

l) Substantzia fitosanitarioen tratamendua.

2. Hala ere, salbuespen gisa, behin-behineko baimena ematen ahalko da aurreko atalean ezarri ez bezalako erabileretarako hornidurak egiteko, zehazki nekazaritza edo abeltzaintzarakoak, interes orokor edo soziala duten arrazoiak badaude, eta Mankomunitateak eskura duen emariak aldi bakoitzean horretarako aukera ematen badu. Baimen horiek ezeztatzeak ez dio inola ere emango interesdunari kalte-ordainerako eskubiderik.

88. artikulua. Definizioak.

1. Etxeko erabilerarako kontsumoaren barrenean sartzen dira edaria, garbiketa, higienea eta gainerako behar arruntak, behar den bizigarritasun zedula edo antzeko agiria eduki behar duten etxebizitza edo toki itxietan, horien bidez enpresak bere iritziz egiaztatu ahal izan dezan bizigarritasuna.

2. Industria eta merkataritzako erabileretarako kontsumoaren barrenean sartzen dira lantegiak, dendak, ostalaritzako establezimenduak eta, oro har, jarduera lizentzia behar duten guztiak, bai eta erabilera pribatuko lokalak, biltegiak, garajeak eta erabili gabeko etxabeak ere.

3. Udal eta kontzejuen erabilerak dira Mankomunitateko kideak diren toki entitateen eta horien mendeko erakundeen eraikinetarako eta instalazioetarako direnak.

4. Obrak egiteko hornidurak dira mota guztietako obren eraikuntza edo eraberritze beharrak asetzeko xedea dutenak.

5. Suteen aurka aritzeko hornidurak ematen dira eraikin, lokal edo toki jakin bateko suteak itzaltzeko egokituriko edozein instalazio espresuki hornitzeko. Horrelakoak abonatuak erabiltzen ahalko ditu libreki, bakarrik sute edo ezbehar kasuan beharrezkoa bada. Mota horretako hornidurak egiten badira noizbehinka instalazioa probatzeko, enpresaren baimena beharko da, eta hark finkatzen dituen orduan eta baldintzetan egin beharko dira.

6. Erabilera berezietarako hornidurak dira edozein motatako premiak asetzeko xedea izanik, noizbehinkakoak eta iragankorrak direnak.

7. 15. artikuluan eta 87.aren k) apartatuan ezarritako ondorioetarako, “familia baratzea” da hiri aldean eta inguruetan kokaturiko lurzatia, 1.000 m² baino gutxiagoko azalera duena eta aipatu erabilerarako dena.

8. Tratamendu fitosanitariorako substantzien hornidurak dira bakar bakarrik produktu horiekin nekazaritzako tratamenduak egiteko xedez zisternak edo bestelako ontziak betetzera bideratuak daudenak.

Iragarkiaren kodea: L1811409