188. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

PUIU

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Puiuko Udalak, 2018ko uztailaren 4an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Puiuko Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Jendaurrean egon zen, iragarkia 2018ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 26koan, eta Puiuko Udalaren iragarki-taulan eman baitzen argitara.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzen da, eraginkortasun juridikoa izan dezan.

Puiun, 2018ko irailaren 10ean.–Alkatea, Nekane Salaberria Etxeberria.

ORDENANTZA, PUIUKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

HITZAURREA

Nafarroako toki administrazioaren eskumena da bere helburuak lortzeko behar dituen baliabideak eskuratzea eta ondasunak arautzea. Baliabide horien artean eta, zehazki, tributuz besteko baliabideen artean daude udalerrien herri-ondasunen aprobetxamenduak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 5.1.a).2 artikulua).

Baliabide horiek kudeatzeko beharrezkoa da haiek arautzen dituen ordenantza bat onestea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.2 artikulua), eta hori dela eta, beharrezkotzat jo da Puiuko Udalak ordenantza hau onestea. Orain arte, alor horretan, Udalaren araudian soilik herri-larreak aipatzen ziren. Hala ere, Udalak baditu laborantzako herri-lurrak eta beste motatako aprobetxamenduak ere. Hortaz, uste du horiek arautzea interes publikokoa eta komenigarria dela.

Ezarri nahi den erregulazioa bat dator gai horri buruz indarrean dagoen legeriarekin, eta haren aurretik herritarren parte-hartzerako prozesu bat eginen da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aprobetxamendu horietarako prozedura proportziozkoak ezartzen dira, araudiarekin bat datozenak, onuradun izan daitezkeen herritarrei ezinbesteko segurtasun juridikoa ematen zaiela bermatzeko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Puiuko Udaleko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Definizioa.

Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Ezaugarriak.

Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Puiuko herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Udalari dagozkio, arau hauetan azaltzen den eran: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Ondasunen erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Udalaren ahalmenak herri-ondasunei dagokienez.

Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Puiuko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunei buruz Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Desafektazioa, saltzeko edo trukatzeko.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Puiuko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiek lehentasunezko aukerak baitira.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Udalaren ondarera itzuliko dira herri-lurretako ondasun gisa.

6/1990 Foru Legean eta haren erregelamenduzko xedapenetan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren II. tituluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Udalaren betebeharrak herri-ondasunei dagokienez.

Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Jabetza berreskuratzea.

Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta udal idazkariak edo legelariak txostena idatzita, non agertuko baitira usurpatu den ondasuna egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia Toki Administrazioari buruzko foru legerian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Era berean, Udalak egintza zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean, herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Defentsa eta kontserbazioa.

Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Herri-ondarea berreskuratzea.

Puiuko Udalak, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero, Nafarroako Gobernuaren aurretiazko baimen berariazkoa beharko du, aplikatu beharreko araudiak hori ezartzen duenean.

11. artikulua. Eskubideen iraungipena.

Udalak, baimen, emakida edo beste titulu baten kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, administrazio bidea erabiliko du beti eta ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Kontratuen interpretazioa.

Puiuko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratuak interpretatuko ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Herritarren ekimena.

Puiuko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Aprobetxamenduen helburua.

Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

Herri-lurren aprobetxamendua egiterakoan, kontuan hartuko da baliabide natural berriztagarriak direla, eta bateragarri eginen dira haien erabilera arrazoizkoa eta zaintza egokia.

15. artikulua. Aprobetxamendu motak.

Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

d) Bestelako herri-aprobetxamendu batzuk.

16. artikulua. Onuradunak.

1.–Oro har, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen eta legez eraturiko izatezko bikoteen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen udal-erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez 2 urte lehenagotik.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Puiuko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beheitikoak baldin badira.

3.–Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

17. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamendu motak.

Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoa edo Udalak zuzenean ustiatzea.

Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

18. artikulua. Onuradunak.

1.–Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko lansariaren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek guztira lansari horren eta erdiaren azpitik egon.

2.–Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3.–Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Honako hauek hartuko dira kontuan: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

19. artikulua. Lote motak.

1.–Laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako lehorreko lurren azalera 143 hektareakoa da, gutxi gorabehera. Aprobetxamendua adjudikatzen den unean definituko dira ereduko loteak.

2.–18. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduko loteari:

a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea.

d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea.

3.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Udalak ordenantza honen 18. eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Epea.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da.

Urte anitzeko laboreen kasuan, Udalak horretarako baimena eman ondoren, 15 urte bitarte luzatzen ahalko dira, edo laborearen bizitza baliagarriaren arabera, eta hura iraganik, hondar-balioa Udalaren jabetzakoa bilakatuko da, inolako kalte-ordainik gabe. Kasu horretan, luzapena baimentzeko unean egiaztatuko da lurzati horien onuradunek emakidarako baldintzak betetzen dituzten ala ez. Baldintzak bete ezean, Udalak beste onuradun bati adjudikatuko dizkio.

Dena dela, ohiz kanpoko inguruabarrek, hala nola lurzatiak biltzeak edo ezinbesteko beste edozein kasuk, horrela eskatzen badute, aprobetxamendua bertan behera uzten ahalko da.

21. artikulua. Kanona.

Herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona adjudikazio prozedura abiarazteko unean ezarriko da. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dauden prezioen %50 baino gehiago.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera. Indize hori negatiboa baldin bada, kanona ez da aldatuko.

Nolanahi ere, kanonak Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

22. artikulua. Laboratzeko modua.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonalaren deskribapena.

Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen.

Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonalaren izaera ez da galduko, udal honen iritzian, laborantza pertsonalki egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Puiuko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 25. artikuluan xedatua aplikatuko da.

24. artikulua. Zuzenean eta pertsonalki lantzearen egiaztapenak.

Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makineria edukita, adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honen 22. eta 23. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu, eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikaturiko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarra eta bazka: moztu gabe saltzen ahalko da, baina ereitea eta gainerako lanak adjudikaziodunaren esku geldituko dira.

b) Zerealak: onartuko da kontratatzea herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

25. artikulua. Zuzenean eta pertsonalki lantzearen salbuespenak.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez.

Puiuko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Ezintasun fisikoa edo materiala dela eta, adjudikaziodunak ezin badira herri-lurretako lurzatiez zuzenean arduratu, baliabiderik ez izateagatik, Udalak adjudikatuko ditu horiek, kapitulu honen hirugarren atalean ezarri den moduan, egoera hori egiaztatzen badute eta haien banakako diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %60 baino gutxiagokoak badira edo familia-unitatearen diru-sarrerak guztira aipatu soldata gehi erdiaren azpitik badaude.

Kasu horietan, Udalak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, dagokion kanona kendu ondotik.

26. artikulua. Apartzeria.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Onuradunei herri-lurrak kentzen bazaizkie, apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

Lurra kentzeko, aurretik Udalak espedientea irekiko du eta interesdunari entzutea emanen zaio.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

27. artikulua. Deskribapena.

Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean.

28. artikulua. Lote motak.

Udalak erabakiko du zein den herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, lehentasuna dutenendako adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.

29. artikulua. Epea.

Adjudikazioaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

30. artikulua. Kanona.

Herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona adjudikazio prozedura abiarazteko unean ezarriko da. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dauden prezioen %90 baino gutxiago.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere KPIaren arabera. Indize hori negatiboa baldin bada, kanona ez da aldatuko.

Nolanahi ere, kanonak Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

31. artikulua. Laboratzeko modua.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22., 23., 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

32. artikulua. Erreserba.

Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5, gehienez ere, onuradun berriei adjudikatzeko.

Udalak erreserba hori behin-behinean adjudikatu ahalko du, eta adjudikazio horiek bertan behera geldituko dira lehentasunezko eskubidea duen onuradun berri batek aprobetxamenduaren emakida lortzen badu. Ondorio horietarako, adjudikazioaren baldintza-agirian adieraziko da inguruabar hori.

33. artikulua. Eskaera gehiago laborantza lurrak baino.

Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren, diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

3. ATALA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko prozedura

1. AZPIATALA

Herritarren arteko aprobetxamenduak adjudikatzeko prozedura

34. artikulua. Hasiera.

Puiuko Udalaren Osoko Bilkurak erabakia hartu eta ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, aprobetxamendurako eskubidea dutela uste duten guztiek herri-lurren adjudikazioa eska dezaten.

35. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo beharrezkoak diren ziurtagiriak, honako baldintza hauek frogatzen dituztenak:

a) Herriko bizilagun izatea ordenantza honetako 16. artikuluan eskatzen den antzinatasunarekin, gutxienez.

b) Ohiko bizilekua Puiun izatea, benetan eta etenik gabe, urtean 9 hilabetez, gutxienez.

c) Udalarekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

d) Familia-unitatea osatzen duten kideak zein diren egiaztatzen duen agiria. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

e) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena, aitortutako azken urteari dagokiona.

f) Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena.

g) Eskabidean adieraztea zein lurzatiren adjudikazioa lehenesten den.

h) Jabetzan dituzten laborantzako lurren azalerari eta laborantza motei buruzko katastroko ziurtagiria.

i) Errentan edo jabetza ez den beste titulu batean lantzen dituzten lurrei eta laborantza motei buruzko zinpeko aitorpena.

Puiuko Udalak beretzat gordetzen du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, errenta mailak, agiri eta datu objektiboetan oinarrituak, egiaztatzearren; era berean, eskatzaileen edo adjudikaziodunen lan egoera –jardunean edo erretiratuta– erakusten duen dokumentazio guztia ere eska dezake.

36. artikulua. Onartuen zerrendak.

Proposamenak ikusita, Puiuko Udalak adjudikazio modu bakoitzean, lehentasuna duten herritarren artekoan nahiz zuzenekoan, onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Aurkezten diren eskabideak adjudikatu beharreko lurrak baino gehiago badira, zerrenda bat osatuko da, eta diru-sarrera zenbatetsien edo ordenantza honetan ezartzen diren bestelako irizpideen arabera puntuaziorik handiena izandako eskaerak baztertuko dira.

Aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan jarriko da hamar egun naturaleko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.

Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak horien gaineko ebazpena emanen du, eta mota bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrendak ikusita, Puiuko Udalak loteak adjudikatuko ditu.

37. artikulua. Adjudikazioa.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, ebatzi eta akatsak zuzenduta, Udalak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

Behin betiko adjudikazioa Udalaren iragarki-taulan argitaratzeaz gain, onuradunetako bakoitzari pertsonalki jakinarazi beharko zaio, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko araudian ezarritakoarekin bat.

2. AZPIATALA

Enkante publikoa edo Udalak zuzenean ustiatzea

38. artikulua. Prozedura.

Puiuko Udalak, herritarren arteko herri-lurren aprobetxamenduak adjudikatu ondoren, laborantzako lur sobera baldin badago, enkante publikoan eginen du adjudikazioa, hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko eperako, ordenantza honetako IV. tituluko V. kapituluan, enkanteen prozedurari buruzkoan, eta Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Udalak finkatuko du erregu-lur bakoitzeko hasierako prezioa; eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira.

Enkantea egin ondoan laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

3. AZPIATALA

Uko egitea, galtzea, etetea, luzatzea eta adjudikatu gabeko lurzatiak esleitzea

39. artikulua. Aprobetxamenduari uko egitea, etetea eta galtzea.

Egokitu zaion herri-lurretako lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da. Halaber, Udalari kalte-ordaina ordaindu beharko zaio sortu zaizkion kalteengatik, baita uko egin den urteko kanona ere.

Hala ere, Udalaren organo eskudunaren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak agiri honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio baterako aukera izanen du.

Aprobetxamendua eteteko adjudikazioaren epea iragan baino lehen, adjudikaziodunak, beranduenez, hori baino 2 hilabete lehenago eman beharko du abisua.

Herri-lurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, nolanahi ere, hurrengo arrazoi hauengatik galduko da: herriko biztanlea izateari uzteagatik, herrian urtean 9 hilabetetan benetan bizi ez izateagatik, Udalarekin zerga arloko betebeharrak egunean ez izateagatik eta lurzatiak zuzenean eta pertsonalki ez lantzeagatik, edo Udalak zehazten dituen beste baldintza batzuk ez betetzeagatik.

40. artikulua. Adjudikatu gabeko lurzatiak esleitzeko prozedura.

Inguruabarren bat dela medio (apartzeriak, ukoak, erretiroa, lurzatia ez adjudikatzea...), laborantzako lurrak adjudikatzeko epean lurzatiren bat esleitu gabe gelditzen bada, horien adjudikazio berriak eginen dira urtero.

Adjudikatzeko prozedurak aurreko artikuluetan xedatuari jarraituko dio, ordena honi jarraikiz eta ordenantza honetan ezarritakoarekin bat: herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendua, herritarren arteko zuzeneko aprobetxamendua, enkante bidezkoa edo zuzenean ustiatzea.

Herritarren arteko aprobetxamenduen kasuan, dauden lurzatiak ez badira aski egindako eskaera guztiei erantzuteko, lehenik adjudikatuko zaie onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei; gainerakoentzat, behar den zozketa baztergarria eginen da eta baztertuek lehentasunezko txanda bat izanen dute hurrengoan eginen den urteko emakidara arte.

Aurreko artikuluan aipatzen diren emakidak direla-eta herri-lurretako lurzatiak adjudikatzeko zozketa urtero eginen da, Udalak finkatuko duen egunean, eskaerak onartu ondoren, eta Udalaren iragarki-taulan ikusgai jarriko den ediktuaren edukiarekin bat.

41. artikulua. Aprobetxamenduaren adjudikazioa luzatzea.

Laborantzako herri-lurzatien adjudikazio prozedura hastea eragozten duten ohiz kanpoko inguruabarrak badaude, behar bezala justifikatuta, ordura arte horien adjudikaziodun izan direnen alde luzatu ahalko da aprobetxamendua, gehienez ere urtebeterako edo hura berriz adjudikatzea posible izan arte.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

42. artikulua. Bazkalekuaren deskribapena.

Puiuko Udalaren herri-larreek ustiapen unitatea osatzen dute beste finka partikularrekin batera, antzinako ohitura, lege nahiz hitzarmenei jarraikiz; bazkaleku bakar batek hartzen du Puiuko udal-mugarte osoa, eta alderdi hauek osatzen dute: Aranbero, Makotxa, Monte Sierra, Ariamain eta Valdelobos.

23.150 erregu-lur dira guztira, hots, 2.078,86 hektarea.

43. artikulua. Aprobetxamendu modua.

Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasun ordena honetan:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.

44. artikulua. Onuradunak.

Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

45. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzeko modua.

Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

Aurreko paragrafoan xedatu denari dagokionez, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunak legez eratutako talde edo elkarteetan biltzen direnean egiten dena ere; betiere, kideek ordenantza honetako 16. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Halaber, aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela iritziko da, Udal honen ustean laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoiren batengatik, soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Puiuko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonala egiterik ez bada, Udalak aprobetxamenduaren adjudikazioa eginen du, 43. artikuluan ezarritako prozedurei jarraikiz.

46. artikulua. Zuzeneko aprobetxamenduaren deskribapena.

Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten ari dela ziurtatzeko.

Kasu hauetan iritziko da abeltzainek egiten duten herri-larreen aprobetxamendua ez dela zuzenekoa eta pertsonala:

a) Udalaren zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenean.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez dituztenean, horretara behartuta egonik.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda edo lagata dituztenean.

d) Zuzeneko aprobetxamendua frogatzen duten agiriak, artzainen Gizarte Segurantzako frogagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak aurkezteko eskatu arren, ezarritako epean aurkezten ez direnean.

47. artikulua. Epea.

Adjudikazioa 8 urterako izanen da.

48. artikulua. Kanona.

Kontuan harturik jasan daitekeen abelburu kopurua eta larreen kalitatea. Kontuan izanik, orobat, aziendak larratzean egiten duen lana landarediko eremuak kontrolatuz, eremu horiek abandonatuta utziz gero suteetarako arriskutsuak bilakatzen baitira. Horiek horrela, Udalak kanona ezarriko du, artegiak edo eskortak, laborantzako herri-lurrek, horietatik banandutako lurzati txikiek eta larre naturalek, zuhaixka larreek eta zuhaitz eremuek osatzen duten multzo osoagatik. Kanon hori larreen benetako balioaren %80 eta %90 artekoa izanen da, eta adjudikazio prozedura hasteko unean finkatuko da.

Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da KPIaren igoerari egokitzearren, betiere erakunde ofizial eskudunak urtero Nafarroan onesten dituen indizeen arabera, herri-larre horiek aprobetxatzen dituzten azienda motendako.

49. artikulua. Kanona ordaintzeko modua.

Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da:

Lehenbiziko epea: urteko zenbatekoaren %50 ordainduko da, hamabost eguneko epearen barnean, adjudikazioaren egunetik hiru hilabete iraganik.

Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50a ordainduko da, hamabost eguneko epearen barnean, hamabi hilabete iraganik.

Ordaintzen ez bada, premiamendu bidez ordainaraziko da, aplikatzekoa den araudi fiskalari jarraikiz.

50. artikulua. Fidantza.

Onuradunak, adjudikazioaren egunetik 10 eguneko epean, adjudikazioaren zortzi urteei dagokien diru kopuru osoaren %5 utzi beharko du fidantza gisa, Udalak kontrakoa adierazi ezean.

51. artikulua. Erreserba.

Puiuko Udalak larre guztien bostena gorde ahal izanen du urtero adjudikatu ahal izateko, onuradun berririk balitz.

1. ATALA

Aprobetxamenduak herritarren artean zuzenean ajudikatzeko prozedura

52. artikulua. Hasiera.

Puiuko Udalak aitzinetik erabakia hartuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazio zuzena eska dezaten, aurretik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.

53. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

Eskaeran, Udalak ezartzen dituen baldintzez gain, honako hauek agertu beharko dira:

a) Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroko frogagiria, erroldaturik dituen abelburu kopurua zehazten duena.

b) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan afiliaturik dagoela eta ordainketak egunean dituela frogatzen duen agiria.

c) Errolda-ziurtagiria.

d) Puiuko Udalarekiko zerga betebeharrak ordainduta izatearen gaineko ziurtagiria, eta berankor gisa agertzen ez dela frogatzen duena.

e) Ziurtagiria, herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendari buruzko osasun araudian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duena.

54. artikulua. Behin-behineko adjudikaziorako baldintzak.

Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira bazkalekuak, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopuru osoa bazkalekuak hartzen ahal abere-zama baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudikatzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

55. artikulua. Behin betiko onespena.

Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

Erreklamazioak aurkezten badira, Udalak osoko bilkuran ebatziko ditu, gehienez ere 10 eguneko epean, eta behin betiko onespenaren inguruko erabakia hartuko du.

Behin betiko onespena Udalaren iragarki-taulan argitaratzeaz gain, onuradunetako bakoitzari pertsonalki jakinarazi beharko zaio, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko araudian ezarritakoarekin bat.

2. ATALA

Enkante publikoa

56. artikulua. Prozedura.

Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa egin arteko eperako, indarrean dagoen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena beteta.

Puiuko Udalak kalkulatu eta finkatu beharko du epe hori, enkantea eta horren ondoko adjudikazioa arautuko duten baldintzekin batera.

Hasierako prezioa larreen egiazko edo merkatuko prezioaren araberakoa izanen da.

Ordenantza honetako IV. tituluko V. kapituluan ezarritako adjudikazio prozedura erabiliko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, Ondasunen gaineko Erregelamenduan eta aplikatzekoa den araudian xedatuari jarraikiz.

3. ATALA

Uko egitea, galtzea, etetea, luzatzea eta adjudikatu gabeko lurzatiak esleitzea

57. artikulua. Prozedura.

Aprobetxamendu mota honi aplikatzekoa zaion horretan, IV. tituluko II. kapituluko 3. ataleko 3. azpiatalean ezarritakoari lotuko zaio.

IV. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamendua

58. artikulua. Xedapen orokorrak.

Herri-basoetako aprobetxamenduak beti egin beharko dira Nafarroako Foru Komunitatean basoen arloan eskumena duen departamentuak aurretik baimena emanda eta hark ezartzen dituen agindu tekniko eta fakultatiboen arabera.

1. ATALA

Etxerako egur loteak

59. artikulua. Onuradunak.

Puiuko Udalak epaitzak esleitu ahalko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

60. artikulua. Ereduko loteak eta koefizienteak.

Ereduko lotearen bolumena bost metro kubikokoa izanen da etxe bakoitzeko.

Onuradunei eman beharreko loteak ereduko loteari ondorengo koefiziente hauek aplikatuz lortuko dira:

–3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

–4tik 6 kide bitarteko familia-unitateak, 1,5 koefizientea.

–7tik 9 kide bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

–9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 2,5 koefizientea. Lote guztiek ez dute inolaz ere gaindituko mendiaren urteko errentaren edo ahalmenaren %25.

Oihaneko produktuen lote horiek ezin izanen dituzte onuradunek bakarka ustiatu, entitateak batera ustiatu beharko baititu. Enkante publikoan salduko ditu eta onuradunei salmentaren zenbatekoa emanen die, markatzearen gastuak kendu ondoan.

Puiuko Udalak, kontuan harturik herri-lurren ezaugarriak eta herritarren egoera soziala, apaltzen ahalko ditu, baina ez, ordea, handitu, aipatu koefizienteak, era proportzional eta justifikatuan.

61. artikulua. Aprobetxamendua egiteko modua.

Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

62. artikulua. Egurra banatzeko irizpideak.

Egurra banatzerakoan Udala irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei lehentasuna emanen die.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Udala irizpide objektibotan oinarrituko da, ordenantza honen 18.3 artikuluan azaltzen den bezala.

63. artikulua. Basogintzan eskudun den agintaritzaren baimena eskatzea.

Puiuko Udalak, etxerako egurra eskatzen duten familia-unitateetako bakoitzaren berariazko eta justifikatutako eskaerak ikusirik, egur kopuru zehatz bat mozteko baimena eskatuko dio basogintza arloko administrazioari, herritarrek etxerako egurra lortzeko egin dituzten eskaerei erantzun ahal izateko.

Basogintza arloko administrazioak zehaztuko du ea kopuru hori oihanetik modu jasangarrian ateratzerik baden. Hala ez bada, horren berri emanen zaio toki entitateari, eta aprobetxamendu hori eten ere egiten ahalko da denbora baterako.

64. artikulua. Prozedura.

Adjudikazio prozedurari dagokionez, ordenantza honetako 36. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituko zaio.

65. artikulua. Epaitzak ateratzea.

Basogintza arloan eskumenak dituen departamentuaren zerbitzua arduratuko da zuhaitzen markaketa, entrega eta ikuskapen lanez.

Onuradunek izanen dute aurretik markatutako epaitzak ateratzeko erantzukizuna.

Lanetan istripuei aurrea hartzeari dagokionez, komenigarria litzateke azpimarratzea halako lanak adjudikaziodunetako bakoitzaren erantzukizunpean egiten direla, eta hark bere gain hartu behar dituela istripuei aurrea hartzeko beharrezkoak diren neurriak, besteak beste, egitekoa den lanetan norbera babesteko ekipamendua erabiltzeko betebeharra.

Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

Udalak eta/edo onuradunek egurra mozteko lanak eta/edo egurra menditik ateratzekoak kontratatzen badituzte, horretarako mugatutako eremuan soilik eginen dira, basogintza arloko administrazioak baimendutako egur kopuruarekin bat.

Udalak, etxerako egurra moztu eta ateratzeko lanak baliatuz, baso-masak eremu handiago batean hobetzeko lan osagarriak egin nahi baditu, basogintza arloko administrazioak baimendu beharko ditu lan horiek, etxerako egurrari eta besterenduei buruz Toki Administrazioak urtero egiten duen espedienteaz aparte, indarra duen legediarekin bat.

2. ATALA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak besterentzea

66. artikulua. Hasiera.

Ordenantza honen 60. artikuluan eta aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat, basogintza arloan eskumena duen departamentuaren baimena beharko da basoetako herri-aprobetxamenduak besterentzeko, Puiuko Udalak eskaera egin ondotik, horri buruz aplikatzekoa den araudiari jarraikiz.

67. artikulua. Besterentzeko prozedura.

Baso aprobetxamenduak, oro har, enkante publiko bidez besterenduko dira, ordenantza honetako IV. tituluko V. kapituluan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan eta aplikatzekoa den gainontzeko araudian ezarritakoarekin bat.

Salbuespenez, zuzenean besterendu ahalko dira zuraren eta egurraren aprobetxamenduak, kasu hauetan:

a) Aprobetxamendua lote bakarrak osatzen duenean eta haren kubikazioa ondoko hauek baino baxuagoa denean: 50 metro kubiko haritz; 100 metro kubiko egur edo 400 metro kubiko adaska edo pago egur; 100 metro kubiko egur, gainontzeko zuhaitz hostozabaletakoa; 200 metro kubiko zur, zerrategirako edo habeetarako; eta 400 metro kubiko zur industrial, erretxinadunetakoa.

b) Presakotzat jotzen diren herri-lanak edo lan pribatuak direla-eta egiten badira eta interes publikoari eragiten badiote. Besterendu aurretik, basogintza arloko administrazioaren aginduzko txosten loteslea eskatu beharko da.

c) Oihaneko suteak, izurriteak eta gaixotasunak edo zuhaiztiaren egonkortasunerako arriskuak direla-eta mendiko produktuak premiaz erauzi behar badira. Besterendu aurretik, basogintza arloko administrazioaren aginduzko txosten loteslea eskatu beharko da.

d) Enkantea eman gabe gelditu ondoren, entitateak eskaintza berria jasotzen badu. Besterendu aurretik, balio ekonomikoari buruzko txosten berria eskatu beharko zaio basogintza arloko administrazioari.

68. artikulua. Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak besterentzeko erraztasunak.

Udalak eskatuta, aprobetxamenduak hainbat lotetan zatitu ahalko dira, ondoren errazago saldu ahal izateko.

Halaber, hainbat entitate lokalek lote bakarrean multzokatu ahalko dituzte beren zur eta egur aprobetxamenduak, horiek besterentzeko. Horretarako, salmentarako zentralak ezarri ahalko dira, kontratu publikoei buruzko foru araudian eta aplikatzekoa den gainontzeko araudian ezarritakoarekin bat.

69. artikulua. Esparru-akordioak.

Puiuko Udalak esparru-akordioak egin ahal izanen ditu enpresa batekin edo gehiagorekin zur eta egurretarako produktuen aprobetxamenduei dagokienez.

Esparru-akordioetan gutxienez honako hauek zehaztu beharko dira: indarraldia, baldintza tekniko eta administratiboak, ezaugarri bolumetrikoak eta aprobetxamenduen produktu-motak eta prezioak.

Esparru-akordioak onesteko prozedura kontratu publikoei buruzko foru araudiari eta arlo horretan aplikatzekoa den araudiari jarraikiz ezarriko da.

V. KAPITULUA

Enkanteak

70. artikulua. Prozedura hastea eta baldintza-agiria.

Prozedura hasiko da Puiuko Udalak, osoko bilkuran, enkantearen baldintza-agiria onetsita.

71. artikulua. Argitaratzea.

Enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Kontratazioaren Atarian, enkantearen eguna baino 15 egun natural lehenago, beranduenez.

72. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eta eskaintza hobetzea.

Baldintza-agirian ezarritakoari jarraikiz enkantea egin ondoren, aprobetxamendua behin-behinean adjudikatuko da. Behin-behineko adjudikazioaren proposamenean agertzen den eskaintza, gutxienez zenbateko osoaren seitik bat gehituz hobetzen ahalko da.

Eskaintza hobetzeko, arau hauei jarraituko zaie:

a) Enkanterako iragarritako ordutik hasi eta ondoko sei egunetan egin beharko da, eta seigarren eguneko ordu berean amaituko da, jaiegunak ere barne direla.

b) Lehiatzaile izan ez bada ere, legezko ahalmena duen edonork egiten ahalko du; betiere, aurrez behin-behineko bermea jarri badu.

c) Idatziz nahiz idazkaritzaren aurrean hitzez egiten ahalko da. Nolanahi ere, idazkariak eginbide bat idatziko du, eguna eta ordua adieraziko duena, eta interesdunak sinatuko du.

d) Eskaintza hobetu ondoren, beste enkante bat eginen da horretarako jarritako epea bukatu eta ondoko lau egun baliodunean. Toki entitateak adjudikazioaren proposamenaren hartzaileari jakinarazi beharko dio bere postura seiren batean hobetua izan dela, eta behin betiko enkantea noiz eginen den adieraziko dio.

e) Behin betiko enkantea egiteko tasazio preziotzat hartuko da egindako hobekuntzatik ateratzen dena, eta, horretarako, dagokion iragarkia jarriko da iragarki-taulan, hurrengo enkantea zein egun eta ordutan izanen den zehaztuta, bi egun natural lehenago, beranduenez. Enkante hori hasierakoaren modu berean eginen da. Lehiatzailerik ez badago, hobekuntza eman duenaren alde proposatuko da adjudikazioa.

f) Enkante berriari buruzko akta idatziko da eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 229. artikuluko 4. apartatuko azken paragrafoan aurreikusi bezalaxe iragarriko da emaitza.

g) Adjudikazioaren proposamenaren ondorengo hiru egun baliodunetan edonork erreklamazioa egin ahalko du idatziz, lizitatzaile izan gabe ere, lizitazioaren tramitazio akatsen eta, bereziki, lizitatzaileen gaitasun juridikoaren kontra, eta bere iritziz adjudikazioa egiteko bidezko den ebazpena eman dadila eskatu ahalko du.

73. artikulua. Enkantea eman gabe gelditzea.

Hasierako enkantea eman gabe gelditzen bada, bigarren eta hirugarren aldiz egin ahalko dira, tasazioaren hasierako prezioa %10 eta %20 merkatuta, hurrenez hurren, laborantzako herri-lurren eta herri-larreen kasuan.

Zur eta egurretarako aprobetxamenduen kasuan, hirugarren enkantean, tasazioaren hasierako prezioa %30 ere merkatu ahalko da.

Laborantzako herri-lurrak eta herri-larreak adjudikatzeko aipatu enkanteak egin ondoren, oraindik ere eman gabe gelditzen badira, aprobetxamendua zuzenean adjudikatu ahalko da, azken enkantearen hasierako prezioaren truke, gutxienez.

Zur eta egurretarako aprobetxamenduen kasuan, aipatu enkanteak egin ondoren eman gabe gelditzen badira, baina Udalak eskaintza berria jasotzen badu, Udalak aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko du, basogintza arloko administrazioari balio ekonomikoari buruzko txostena eskatu ondoren.

Hala ere, edozein aprobetxamendu motaren bigarren eta hirugarren enkanteetarako aski izanen da Udalaren iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun baliodun lehenago, beranduenez.

V. KAPITULUA

Adjudikaziodunen eskubide eta betebeharrak

74. artikulua. Laborantzako herri-lurretako aprobetxamenduen adjudikaziodunen betebeharrak eta eskubideak.

a) Instalazioetan elementuak falta izateagatik edo plastikoak zein bestelako hondakinak ez kentzeagatik, lurzatiak ereiteko moduan utzi ez dituzten adjudikaziodunak zerrendetan sartuko dira hasieran, baina horietatik behin betiko baztertuko dira, antzeman diren arazoak konpontzen ez badituzte horretarako adierazitako epean.

b) Debeku da Puiuko udal-mugartean produktu transgenikoak landatzea, Udalak, 2018ko maiatzaren 11n egin osoko bilkura arruntean, erabaki baitzuen udalerria transgenikorik gabeko eremu gisa deklaratzea.

c) Debeku da bideetan, landu gabeko lurretan, abelbideetan eta abarretan herbizidak erabiltzea, eta orobat, laborantzako herri-lurretako eta ondareko alorretako uztondoetan, luberritzearen ordez. Zuzeneko ereintza izanen da salbuespena; kasu horretan, erein baino hamar egun lehenago, gehienez ere, botako dira produktuak. Nekazariak horren berri emanen dio abeltzainari, herbizida bota baino bost egun lehenago.

d) Belar txar asko dagoenean (uda hezeetan, kasurako), aipatutako herbizidak erabiltzeko baimena ematen ahalko du Udalak, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, lurra landu daitekeen datetatik aurrera.

e) Ezin izanen dira erre udal bazkalekuetan sartuta dauden finketako eta herri-lurretako uztondoak, mugak, lur landugabeak, erretenak eta abar, behar handiko kasuetan izan ezik, behar hori frogatu eta eskumeneko agintaritzak baimena eman ondoren.

f) Nahitaez bete beharko da oihaneko suteak prebenitzeko sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duen Foru Aginduan xedatutakoa, eta unean-unean horri dagokionez indarrean den araudian ezarritakoa. Besteak beste, honako hau ezartzen da:

“Ezin izanen da lasto metarik jarri arboladietatik 200 metrora edo hurbilago. Lasto metak zein udaletan dauden, meten jabeak udal horietan identifikatuko dira, ondoko hauek adieraziz: jabearen izena, harremanetarako telefonoa eta lasto meta bakoitzaren kokalekua”.

“Landutako lurzatietan dauden lasto meten kasuan, zerrenda bat goldatuko da haien inguruan, lasto metaren altuera halako bi zabal, gutxienez, lurzatiko uzta bildu eta hamar eguneko epean. Lasto metak uzta bildu ondoren egiten badira, inguruko zerrenda hori fardoak pilatzen hasi eta 10 eguneko epean goldatuko da”.

75. artikulua. Herri-larretako aprobetxamenduen adjudikaziodunen betebeharrak eta eskubideak.

a) Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, herri-lurretako larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan galdatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta horri dagokion foru legeko nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

b) Udalaren jabetzako eskorta bat erabiltzen duten abeltzainek, edo halakoak eraikitzen dituztenek, eskortaren inguruko isurbide edo erretenak garbitu beharko dituzte. Hala egin ezean, Udalak edo behar den ureztatzaile-elkarteak ezarritako arauak bete beharko dituzte.

c) Abeltzainek mantendu eta konpondu beharko dituzte eskortak eta bertako instalazioak, erabilera okerrak eragindako narriadurak daudenean. Hori hala ote den erabakitzeko, arloan eskumena duen teknikariak txostena idatziko du. Zabarkeria, ezaxolakeria edo narriadura erreparatuz gero, hainbesteraino, eraikinen erabilera normala galarazten baita, eskorta Udalaren jabetzara itzuli ahalko da, adjudikaziodunak inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izan gabe, eta hura abian jartzeko obren kostua adjudikaziodunari egotzi ahalko zaio.

d) Aprobetxamendua bukatzean, edo titularrak jarduera utziz gero, Udalak izendaturiko teknikariek eskorta eta instalazioak aztertuko dituzte. Erabilera okerrak eragindako kalteak edo anomaliak ikusten badira, Udalak konponketaren kostua eskatzen ahalko dio adjudikaziodunari.

e) Adjudikaziodunak ezin izanen du inola ere eskorta itzuli adjudikazioa hartu zuenean baino egoera kaskarragoan. Eskorta hasieratik egoera kaskarrean badago, adjudikaziodunak horren berri eman beharko dio Udalari, idatziz eta 10 eguneko epean, Udalak tokia aztertu eta balizko konponketak egiteko.

f) Beste edozein unetan eta adjudikaziodunarekin ikustekorik ez duten arrazoi egiaztagarriak direla eta, halako gertakariren batek eskortan narriadurak eragiten baditu, betiere ohiko kontserbazioarekin loturarik ez duen arrazoiren batengatik, adjudikaziodunak Udalari jakinarazi beharko dio, idatziz eta hamar eguneko epean, Udalak tokia aztertu eta balizko konponketak egiteko. Epe horretan egiten ez badu, ulertuko da lehengoratzeko erantzukizuna Udalarena izan beharrean adjudikaziodunarena dela.

g) Abeltzainak bere kabuz erabakiko balu azienda gordetzeko estalpeak eta abar eraikitzea, Udalari instalatzeko baimena eskatu ahalko dio eta adjudikazio aldia bukatutakoan instalazio horretan erabilitako materialak eramateko eskubidea izanen du. Ordenantza honetan jaso gabeko salbuespenezko kasuetan, nekazariaren eta abeltzainaren arteko komunikazioa idatziz bideratzen ahalko da Udaletik.

h) Adjudikaziodunak ezin izanen du sartu bere azienda ereinda dagoen edo mahastiak, olibondoak, zuhaitzak, etab. landatuak dituen inongo sailetan, finkaren jabearen berariazko baimena izan gabe, eta aziendak, sartuz gero, halako finketan sortzen dituen kalteen erantzulea izanen da eta kalte horiek aipatu finketako jabeari ordainduko dizkio.

i) Adjudikaziodunek ez dute izanen eskubiderik larreen edo uraren erreklamazio osoa edo partziala egiteko, idorteagatik edo naturako beste fenomeno batzuengatik, epizootiengatik, azienda hil zaielako edo aprobetxamendua eskasten duen beste edozein ustekabe txar gertatu zaielako. Udala ez da, ezta ere, haien mendeko langileen lan istripuek eragindako erantzukizunen erantzule izanen.

Udalak, dena den, konpromisoa hartzen du administrazio kontratatzailea den aldetik, bere eskumenekoa den laguntza egokia emateko adjudikaziodunari.

j) Herri-larreen aprobetxamenduaren adjudikazioduna da bertan bazkatzen den aziendak sorturiko simaurraren jabe bakarra.

76. artikulua. Laborantzako herri-lurren eta herri-larreen aprobetxamenduen adjudikaziodunen betebeharrak eta eskubideak.

a) Aziendak edateko putzu eta/edo iturriak oker erabiltzen dituztenek, azienda pozoitzeagatik edo bestelako kalteengatik legokiekeen erantzukizun zibilaz gainera, zehapena jasoko dute.

b) Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera hesitu.

c) Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesdun nahiz ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Udalaren baimena izan ezean.

d) Onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza motarako, Puiuko Udalak espresuki emandako baimena ez badute; hori guztia, ordenantza honetan ezarritakoa deusetan ukatu gabe.

e) Herri-lurretako adjudikaziodunek eta, halaber, abeltzainek nahiz lurren jabeek, laboreei dagokienez, larre aprobetxamenduaren erabilera eta ohiturak errespetatu beharko dituzte. Bestela, egintza behar bezala ikertuko da, eta burutzak dagokion isuna ezarriko du.

f) Artoari edo baratzeko laborantzari, gariari edo garagarrari dagokienez, zurtoinak edo lastoa jabea ez den beste batek aprobetxatu ahal izateko, jabeak emandako baimen idatzia beharko du, eta baimen hori aldean izan beharko du fardoak egitean. Zurtoinak edo lastoa hamar eguneko epean izanen dituzte nekazariek eskura, uztak bildu eta biharamunetik aurrera. Hamar egun horiek iragandakoan, lastoak edo zurtoinek fardotan bildurik segitzen badute lursailean, abeltzainak ez du oztoporik izanen aziendak sartzeko.

Olo, gari edo garagarrari dagokionez, uzta bildu eta hamar/hamabost egunetan, nekazariek ezin izanen dute uzta biltzeko makina erabili ondoren gelditzen den lastoa fardotan bildu.

g) Adjudikazioaren arriskua eta mentura adjudikaziodunen gain egonen dira erabat, eta ez da murrizketarik izanen adjudikatzen zaien kopuruan.

h) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 134.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Puiuko Udalak herri-ondasunen adjudikaziodunei erasan diezaieke lurraren kontribuzioaren gaineko zerga, haien erabilera kontraprestazioaren bidez egiten bada.

77. artikulua. Zur eta egur aprobetxamenduen adjudikaziodunen betebeharrak eta eskubideak.

a) Aprobetxamenduaren errematatzaileak, hura ustiatu aurretik zeuden egoera berean utzi beharko ditu baso-produktuak atera eta garraiatzeko erabili dituen bideak. Horiek suntsituz gero, bere kontura izanen da behar diren birmoldatzeak egitea.

b) Horretarako, behin aprobetxamenduaren ustiaketa bukatuta eta, betiere, haren azken azterketaren aurretik, errematatzaileak Puiuko Udalari jakinarazi beharko dio ustiatzeko lanak bukatu dituela, hark ikuska dezan zein egoeratan gelditu diren bideak, baso-produktuak atera eta garraiatu ondoan. Errematatzaileak bide horiek birmoldatu beharko ditu berehala, adjudikatu zaion aprobetxamenduaren baso-ustiapena hasi aurretik zeuden egoera berean uzten dituen arte.

c) Halaber, pistak eta bideak baldintza egokietan jaso direla ulertuko da, Puiuko Udalari kontrakoa adierazten ez bazaio, idatzizko erreklamazioa aurkeztuta, ustiaketa hasi aurretik. Udalak behar diren neurriak hartuko ditu aurkeztutako erreklamazioari buruz, Natura Zaintzeko Zerbitzuak txostena egin ondoan.

VII. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

1. ATALA

Herri-lurren okupazioa erlezaintza-ustiategietarako

78. artikulua. Erlezaintza-ustiategiak.

Erlauntzak herri-lurretan jartzeko baimena eman ahalko zaie autokontsumorako diren erlategiak ustiatu nahi dituztenei.

79. artikulua. Betebeharrak.

1. Erlategiak arautzen dituen 209/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoa betez, eta irizpide orokor gisa, hona hemen zein diren zaindu beharreko tarteak, ondorengo elementu hauei dagokienez:

a) Establezimendu kolektibo publikoak, eta hirigune eta biztanleguneak: 400 metro.

b) Bizilekuak diren landa eremuko etxebizitzak eta abeltzaintzako instalazioak: 100 metro.

c) Errepide nazionalak: 200 metro.

d) Eskualdeko errepideak: 50 metro.

e) Auzobideak: 25 metro.

f) Mendiko pistak: erlauntzak alboetan jarriko dira, pasabidea oztopatu gabe eta 5 metrora.

d) eta e) apartatuetan ezarritako tartea %50 murriztu ahalko da, erlauntza malda batean eta haien horizontaletik 2 metroko garaieran edo desnibelean badago.

Erlauntzek baldin badute gutxienez bi metro garai den hesia, eta erleek haren gainetik atera behar badute aipatu errepide, bide edo establezimenduaren aldera jotzen duen aurrealdean, ezarritako tarteak %75 murriztu ahalko dira kasu guztietan.

2. Erlauntz multzoa dagoela azaltzen duen seinalea jarri behar da, ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko moduan; han azalduko da zer ustiategitakoa den, eta erleak dabiltzala ohartaraziko da, kasu guztietan.

3. Erlategiek ezinbestean bete beharko dute indarreko legeria, eta, zehazki, Erlategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan edo haren ordez edo haren osagarri etortzen diren xedapenetan ezarritakoa.

4. Ordenantza honetan edo aplikatzekoa den legerian jasotako arauak betetzen ez dituenak, erlauntzak berehala kendu beharko ditu, eta/edo zigorra jasoko du.

80. artikulua. Prozedura.

1. Interesdunak herri-lurra okupatzeko eskabidea aurkeztu behar du. Harekin batera aurkeztu behar ditu krokis bat, ustiategiaren kokapen zehatza eta okupatuko diren metroak azaltzen dituena, ustiategiaren erregistroaren ziurtagiria, bai eta dagokion osasun dokumentazioa ere. Ustiategia abian ez badago, lursailaren lagapenari lotuta dagoela dioen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, eta adierazitako dokumentazioa 3 hilabeteko epean entregatuko duela, Udalak adostutako okupazioari Nafarroako Gobernuak baimena ematen dionetik hasita.

Hala ere, Udalak xedatuko du kokapena eta okupazioak hartuko dituen metro kopurua, kontuan hartuta aurretik adjudikatu dituen aprobetxamenduak, inor kaltetu gabe edo inorekin gatazkarik sortu gabe.

2. Dokumentazio hori aurkeztu ondoren, Udalaren osoko bilkurak erabaki ahalko du okupazioa arautzen duen agiria hasiera batean onestea, eta espedientea jendaurrean jarriko da 15 egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ondoren.

3. Jendaurrean egoteko aldia iraganik, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, baimena eman dezan.

81. artikulua. Udalak urtero finkatuko du aprobetxamendu horrengatik ordaindu beharreko kanona.

2. ATALA

Bestelako okupazioak

82. artikulua. Ehiza-barrutia.

Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietan, dagokion araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da ehizaren aprobetxamendua.

83. artikulua. Herri-lurren okupazioa.

Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. TITULUA

Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan

84. artikulua. Hobetzeko arrazoiak.

Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

85. artikulua. Hobekuntzaren sustatzailea.

Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

86. artikulua. Prozedura.

Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, zeinak proiektua onetsiko baitu, eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

87. artikulua. Hobekuntza onestearen ondorioak.

Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

88. artikulua. Aprobetxamenduaren adjudikaziodunak eginiko hobekuntzak.

Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

VI. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

89. artikulua. Xedapen orokorra.

Ordenantza honetan ezarritako baldintzak ez betetzeak berarekin ekarriko du zehapenak aplikatzea, alde batera utzi gabe kalte-galerak ordaindu beharra, Udalak peritazioa egin ondoren, gehi horrek sortzen dituen gastuak.

Nafarroako Gobernuak zehatuko ditu herri-lurrei eragiten dieten eta indarra duen baso legeria urratzen duten arau-hausteak.

90. artikulua. Arau-hausteak.

1.–Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Herri-lurra zertarako adjudikatzen den, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herri-larreetan Bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

2.–Egintza gertatzen denetik 2 hilabeteren buruan preskribituko dute arau-hausteek.

91. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f) eta h) apartatuetako arau-hausteengatik emakida kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunak edo eskumena duten bestelako erakundeek zehapena ezartzea.

–g) apartatuko arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

–Arau-hausteetan berreroriz gero, halako bi izanen da zehapenaren zenbatekoa.

–Hori guztia, ondasun publikoetan edo hirugarrenen ondasunetan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.

92. artikulua. Erantzuleak.

Aprobetxamenduaren titularrak izanen dira arau-hausteen erantzuleak, egitez edo ez-egitez, edo, kasua denean, egintzetan parte hartu duten pertsonak.

93. artikulua. Zehatzeko organo eskuduna.

Puiuko Udaleko Alkatetza izanen da zehatzeko organo eskuduna.

94. artikulua. Zehapen-prozedura.

Zehapen-prozedura Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Alkatetzak aldatzen ahal ditu ordenantza honen eranskinak, baldin eta aldaketak berekin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraitzen badio. Horrenbestez, alkatetzari ahalmena ematen zaio honetarako:

1. Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek barne har dezake, besteak beste, eskaera eredu normalizatuak onestea eta aldatzea, bai eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zein den ere, berariaz adierazita haren edukia zein izanen den.

2. Behar diren xedapenak ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatu ahal izateko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza, 2005eko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, martxoaren 23an.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza honetan ezarri gabeko alderdi guztietarako, honako hauetan zehaztutakoa aplikatuko da: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; Ondasunen gaineko Erregelamendua, eta ordenantza honen goragoko xedapen guztiak, ordenantza honen helburuari eragiten badiote.

Bigarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

I. ERANSKINA

Laborantzako-herri lurren aprobetxamendua egiteko eskabidea.

II. ERANSKINA

Herri-larreen aprobetxamendua egiteko eskabidea.

III. ERANSKINA

Egur lotearen eskabidea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L1811254