186. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

Nafarroako Parlamentuko datu-babeserako ordezkariaren figura sortzea.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2018ko irailaren 3an egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste.

2018ko maiatzaren 25ean indarra hartu du Datu Pertsonalen Babeserako 2016/679 Europar Erregelamenduak (DPBEE). Beste zenbait berrikuntzaren artean, DPBEEko 37. artikuluak xedatzen du ezen tratamendu-arduradunak behartuta daudela datu-babeserako ordezkari (DBO) bat hautatzera, tratamendua egiten duena agintaritza edo erakunde publiko bat denean.

Ordezkariaren posizioa eta eginkizunak DPBEEan bertan arautzen dira, xedatuz ordezkaria izanen dela zeregin gisa duena entitate arduradunari jakinaraztea zein diren datu-babesaren arloan dituen legezko betebeharrak, bai eta horri buruzko araudia betetzen dela zaindu edo gainbegiratzea, kontrol-agintaritzarekin lankidetzan aritzea eta agintaritza horren eta entitate arduradunaren arteko kontakturako gune gisa jardutea ere.

Ordezkariaren profilaz denaz bezainbatean, Erregelamenduak zehazten du hura hautatuko dela dituen nolakotasun profesionalak aintzat harturik; bereziki, dituen zuzenbide-ezagutza espezializatuak eta datu-babesaren alorrean duen eskarmentua. Hori horrela, Legebiltzarreko Mahaiak Zerbitzu Juridikoei esleitu die eginkizun hori betetzea, Legebiltzarreko legelari bat izendatuz datu pertsonalen babeserako ordezkari.

Horrenbestez, figura berri bat da, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak DPBEEan ezarritako ildotik arautu beharrekoa, eta kontuan harturik administrazio parlamentarioak autonomia daukala eta figura horren jarduna Legebiltzarrak berak dituen langileen eskuetan ipini dela.

Azaldutakoagatik, eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 37.1.1. artikuluak emandako ahalmena baliatuz, Legebiltzarreko Mahaiak hauxe

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Parlamentuko datu-babeserako ordezkariaren figura sortzea.

“NAFARROAKO PARLAMENTUKO DATU-BABESERAKO ORDEZKARIAREN FIGURA SORTZEA

1. artikulua. Xedea.

1. Erabaki honen xedea da administrazio parlamentarioko datu-babeserako ordezkariaren figura (DBO) arautzea.

2. Bere jardunean, datu-babeserako ordezkariak independentzia organikoa eta funtzionala izanen du.

3. Antolaketa- eta aurrekontu-ondorioetarako, datu-babeserako ordezkaria Idazkaritza Nagusi-Legelari Nagusiari atxikita egonen da. atxikitze horrek ez du ezertan galaraziko haren autonomia eta independentzia.

2. artikulua. Izendapena eta kargu-uztea.

1. Administrazio parlamentarioko datu-babeserako ordezkariaren zeregina Nafarroako Parlamentuko legelariek beteko dute.

2. Ordezkaria Nafarroako Parlamentuko Mahaiak izendatuko du, legelari nagusiak proposaturik, urtebeterako.

3. Ordezkari-zeregina bateragarria izanen da Nafarroako Parlamentuko legelarien berezko eginkizunetan jardutearekin.

4. Ordezkariak honako arrazoiengatik bakarrik utziko du kargua:

a) Izendapenaren indarraldia bukatzeagatik.

b) Berak hala eskatu izateagatik.

c) Bateraezintasun-arrazoiren bat aplikagarri zaiolako.

d) Bere eginkizunetan aritzeko gaitasunik eza suertatzen bazaio.

e) Funtzionario-izaerako langile gisa zerbitzutik aldendua izatea dakarren arrazoiren bat aplikagarri gertatzen bazaio.

f) Bere betebeharren ez-betetze astunagatik.

5. Datu-babeserako ordezkariaren izendapena eta kargu-uztea Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari jakinaraziko zaizkio.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. Honakoak dira datu-babeserako ordezkariaren eginkizun nagusiak:

a) Nafarroako Parlamentuko Mahaiari eta tratamenduaz arduratzen den Legebiltzarreko langileriari informazioa eta aholkuak ematea datu-babesaren alorrean aplikatzekoa den araudiaren ondorioz dauzkaten betebeharrei buruz.

b) Gainbegiratzea administrazio parlamentarioan bete egiten dela, datu pertsonalen babesaren arloan tratamenduaz arduratzen direnen aldetik, datu-babesari buruzko araudiak xedaturikoa, barne harturik erantzukizun-esleipena, tratamendu-zereginetan parte hartzen duten langileen kontzientziazio eta prestakuntza eta kasuko auditoriak.

c) Datu-babesaren alorreko inpaktu-ebaluazioari buruz eskatzen zaion aholkularitza eskaintzea eta haren aplikazioa kasuko araudiari jarraituz egiten dela gainbegiratzea.

d) Lankidetzan aritzea Datuak Babesteko Espainiako Bulegoarekin, kontrol-agintaritza gisa dituen eginkizunetan.

e) Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren kontaktu-gune gisa jardutea tratamenduarekin zerikusia duten gaietarako, araudiak aurreikusitako aurretiazko kontsulta barne, eta, kasua bada, beste edozein gairi buruzko kontsultak egitea.

f) Datu-babesaren alorrean ordenamendu juridikoak ordezkariarentzat aurreikusten dituen gainerako eginkizun guztiak betetzea.

2. Datu-babeserako ordezkariak zuzenean helaraziko dizkio bere txostenak eta gomendioak Nafarroako Parlamentuko Mahaiari.

4. artikulua. Bitarteko materialak eta jendearekiko harremana.

1. Datu-babeserako ordezkariaren eginkizunak ez du horretan jarduteari loturiko inolako ordainsari oinarrizko edo osagarririk berarekin ekarriko.

2. Bere eginkizuna betetzeko, ordezkariak Nafarroako Parlamentuko langile teknikari informatikoen sorospena eta laguntza teknikoa izanen ditu.

3. Nafarroako Parlamentuaren webguneak toki ikusgai batean paratuko ditu datu-babeserako ordezkariarekin harremanetan jartzeko datuak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Erabaki honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.”

2. Agintzea erabaki hau Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Iruñean, 2018ko irailaren 3an.–Lehendakaria, Ainhoa Aznárez Igarza.

Iragarkiaren kodea: F1811580