1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
453/2018 EBAZPENA, irailaren 4koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen 2018-2019 ikasturteko eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko jarraibideak onesten dituena.
Ikusirik Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela jarraibideak onets daitezen Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzen 2018-2019 ikasturteko eskola egutegia prestatzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen 2018-2019 ikasturteko eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko jarraibideak onestea. Eranskinean zehaztu dira.
2. Ebazpen hau eta haren eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari, Eskolatze Bulegoari, “Sakana LH” IBPri eta “Lumbier LH” IBPri, behar diren ondorioak izan ditzaten.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2018ko irailaren 4an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
ERANSKINA
Jarraibideak, 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskola egutegia
eta ordutegi orokorra prestatzeko
1.–Egutegia.
Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia klausula hauen araberakoa izanen da:
1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan 2018-2019 ikasturtea 2018ko irailaren 3an hasiko da, eta 2019ko ekainaren 28an bukatuko.
2. Ikastetxeek araubide bereziko kirol irakaskuntzetarako egutegi proposamen berariazko bat prestatu beharko dute 2018-2019 ikasturterako, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 181/2018 Ebazpenaren eranskinean ezarritako baldintzen araberakoa; izan ere, horren bidez jarraibideak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatearen hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko, betiere, honako salbuespen hauek kontuan hartuta:
a) Eskola-egunen kopuruari dagokionez, bermatu beharko da nahikoak direla Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko araubide bereziko kirol irakaskuntzetako kirol teknikarien titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuetan finkatzen diren eskola-ordu guztiak emateko.
b) Oro har, edukien multzoen sekuentziazioa hauxe izanen da: lehenbizi, multzo komunak eta osagarriak; bigarrenik, berariazko multzoak; eta hirugarrenik, prestakuntza praktikoari dagokion multzoa.
c) Ikastetxeak ahalmena du berariazko multzoa edo modulua multzo komunak eta osagarriak bukatu aurretik hasteko.
d) Kirol irakaskuntzetako zikloetan, prestakuntza praktikoaren multzoa hasiko da, oro har, multzo komunaren, berariazko multzoaren eta, halakorik bada, multzo osagarriaren moduluak gainditu ondoren. Ikastetxeak ahalmena du prestakuntza praktikoaren multzoa hasteko goian aipatutako moduluak gainditu aurretik.
2.–Ordutegi orokorra.
Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen 2018-2019 ikasturteko eskola egutegia Hezkuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 181/2018 Ebazpenaren eranskinean ezarritakoarekin bat etorriko da; izan ere, horren bidez jarraibideak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatearen hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko, betiere, honako salbuespen hauek kontuan hartuta:
a) Multzo komun eta osagarriak, oro har, goizeko eta/edo arratsaldeko eskolaldietan emanen dira, astelehenetik ostiralera. Eskola saioak 55 minutukoak izanen dira gutxienez.
b) Multzo berariazkoa, oro har, goizeko eta/edo arratsaldeko eskolaldietan eginen da, astelehenetik ostiralera; larunbatetan, igandeetan, jaiegunetan eta oporraldietan ere egiten ahalko da gainerako irakaskuntzetarako.
3.–Prestakuntza multzoen denbora-banaketa.
Mendi-kiroletako eta Eskaladako kirol irakaskuntzen zikloetako prestakuntza multzoak, oro har, honela banatuko dira denboran:
a) Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen maila:
–Multzo komuna, multzo osagarria eta berariazko multzoa: 2018ko abenduaren 4tik 2019ko martxoaren 29ra.
–Prestakuntza praktikoaren multzoa: lehen mailako gainerako multzoak gainditu ondoren.
b) Erdi-mailako Mendiko bigarren maila:
–Multzo komuna, multzo osagarria eta berariazko multzoa: 2018ko irailaren 18tik 2019ko martxoaren 22ra.
–Prestakuntza praktikoaren multzoa: bigarren mailako gainerako multzoak gainditu ondoren.
c) Eskaladako bigarren maila:
–Multzo komuna, multzo osagarria eta berariazko multzoa: 2018ko irailaren 18tik 2019ko martxoaren 15era.
–Prestakuntza praktikoaren multzoa: bigarren mailako gainerako multzoak gainditu ondoren.
d) Iraupen-eskiko lehen maila:
–Multzo komuna, multzo osagarria eta berariazko multzoa: 2018ko azaroaren 2tik 2019ko apirilaren 30era.
–Prestakuntza praktikoaren multzoa: lehen mailako gainerako multzoak gainditu ondoren.
Berarizko multzoei eta prestakuntza praktikoari dagozkien denbora-banaketak aldatzen ahal dira, “1. Egutegia” jarraibidearen c) eta d) atalek ezartzen dutenari jarraikiz, egoera klimatologikoaren arabera, mendi-kirol eta eskalada jarduerak egin beharreko tokiaren arabera eta kirol horiek dituzten beste ezaugarri berezien arabera.
4.–Salbuespenak.
Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark azter ditzan.
5.–Tramitazioa.
Tramitazioa Hezkuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 181/2018 Ebazpenaren eranskinaren laugarren jarraibidean ezarritako arauen arabera eginen da.
Iragarkiaren kodea: F1811497