183. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

PUIU

Udal ordenantza, Etxeko animaliak oro har eta arriskutsuak izan daitezkeenak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Puiuko Udalak, 2018ko uztailaren 4an eginiko osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Etxeko animaliak oro har eta arriskutsuak izaten ahal direnak izatea arautzen duen udal ordenantza. Jendaurrean egon da 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, 2018ko uztailaren 26an, baita Puiuko Udalaren iragarki taulan ere.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzen da, eraginkortasun juridikoa izan dezan.

Puiun, 2018ko irailaren 10ean.–Alkatea, Nekane Salaberria Etxeberria.

ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK ORO HAR ETA ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEENAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Etxeko animalien inguruan ezarritako Nafarroako Foru Komunitateko araudiak (Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea) ezartzen du udalek arriskutsuak izan daitezkeen animalien inguruko zehapen espedienteak abiarazteko eta ebazteko eskumena dutela. Horrez gain, estatu mailan, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruzko Araubide Juridikoa ezartzen duen abenduaren 23ko 50/1999 Legeak eta hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuak udalak behartzen dituzte halako animalientzako lizentziak ematera eta erregistro bat sortzera.

Azaldutakoa ikusita, eta kontuan izanik etxeko animaliekin eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliekin bizitzeak, eta animaliok bide publikoa eta erabilera publikoko espazioak erabiltzeak nolabaiteko eragina izaten ahal duela herritarrengan, beharrezkotzat jo da halako animalien jabeen eta/edo halako animaliak dituzten pertsonen jokabideak eta erantzukizunak arautzea. Horretarako, dagokion ordenantza egin da.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek honako hau du helburu: etxeko animaliak oro har eta arriskutsuak izaten ahal diren animaliak izatea arautzea eta legeak ezarritakoa Puiuko udalerrian aplikatzea. Lege hauek dira aplikagarri kasu honetan: 7/1994 Foru Legea, maiatzaren 31koa, Animalien Babesari buruzkoa; 50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruzko Araubide Juridikoa ezartzen duena; eta 287/2002 Errege Dekretua, martxoaren 22koa, abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duena.

I. TITULUA

Etxeko animalientzat oro har ezarritako xedapen orokorrak

2. artikulua. Definizioa.

Gizakiak lagun egiteko dituen edo baliabideak lortzeko hazten dituen animaliak dira etxekoak.

3. artikulua. Denetariko etxeko animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak:

a) Administrazio publikoek ezartzen dituzten prebentziozko osasun neurriak eta gainerakoak aplikatu beharko dituzte.

b) Administrazio publikoak nahitaezko gisa ezartzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, udal agintaritzak hala eskatzen dienean.

c) Neurriak hartu beharko dituzte animaliak etxebizitzen edo lokalen kanpoaldera, bide publikora edo erabilera publikoko lekuetara libreki, inork eraman gabe, joan daitezela saihesteko.

d) Behar diren neurriak hartuko dituzte animaliek hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez trabarik ez egiteko.

e) Etxeko animaliak identifikatuta izan beharko dituzte, bereziki zakurrak, administrazio publikoak adierazten duen moduan.

f) Puiuko herrigunean, zakurrek arduradun batek lotuta ibili behar dute beti, gehienez ere 2 metroko hede sendo edo kate batekin.

Artzain zakurrek ez dute betebehar hori izango artzain lanetan ari direnean, baldin eta animalia ez bada arriskutsua izaten ahal, ordenantza honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoaren arabera.

g) Puiuko herrigunetik kanpo, zakurrak hede edo katerik gabe ibiltzen ahal dira, baldin eta beren arduradunarekin badaude. Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak gehienez 2 metroko hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurra lotzeko jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

h) Ezin dute onartu animaliek, bereziki zakurrek, beren gorozkiak espaloietan, galtzadetan, parterretan, berdeguneetan eta nagusiki jendea igarotzeko eta/edo jolasteko diren bide publikoko edo erabilera publikoko bide pribatuko elementuetan egitea, ezta herrigunearen inguruko bideetan ere.

i) Animaliek, bereziki zakurrek, aipatutako lekuetan utzitako gorozkiak bildu eta bota behar dituzte. Hain zuzen, bide publikoan dauden edukiontzietan botako dituzte, poltsa edo bilgarri baten barruan, eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratuko dira.

j) Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira aske ibili ahal izango, barruti horiek eremu publikotik bereizteko erabat itxita badaude, zakurrak hesitik kanpora jauzi egiterik izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela jakinaraztera beharturik dago, aise irakurtzen ahal diren plakak ikusgai jarriz zaintzapeko barrutiko sarrera guztietan.

k) Animaliak zaunkak eta iskanbilak sortu ohi badituzte maiz, jabeek berehala isilarazi behar dituzte, eta aurrerantzean auzokideei halako eragozpenik ez sortzeko neurriak hartu, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortzietara bitartean gertatzen bada.

4. artikulua. Etxeko animalia guztientzako debekuak:

Debeku da:

a) Administrazio publikoak nahitaezko gisa ezartzen dituen prebentziozko edo bestelako osasun baldintzak betetzen ez dituzten animaliak kalean ibiltzea.

b) Animaliak sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

c) Animaliak sartu eta egotea elikagaiak saltzeko edo kontsumitzeko establezimenduetan.

d) Animaliak sartzea establezimendu publikoetan edo erabilera publikoko establezimendu pribatuetan, hala nola igerilekuetan, mediku kontsultategietan, ikastetxeetan eta halakoetan.

e) Jendeari ostatu ematen dioten eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduetan, jabeen esku gelditzen da animaliak sartzea eta egotea debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina, kasu horretan, egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea jarri beharko dute.

f) Animaliak edukitzea beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez dituzten lekuetan.

g) Animaliek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

h) Animaliei elikagaiak ematea bide publikoetan, batez ere katuei, etxekoak izan edo ez.

b), c) eta d) letretan ezarritako debekuek ez diete eragingo behar bereziak dituzten pertsonen ohiko bizitzarako beharrezkoak diren lagun egiteko animaliei, hots, itsu zakurrei eta antzekoei.

5. artikulua. Etxeko animaliak abandonatzea.

Animalia bat abandonatua dagoela uste izango da inor gabe dabilenean bide edo jabari publiko batean edo erabilera publikoko bide edo jabari pribatu batean, bere jatorriaren edo jabearen identifikaziorik daraman kontuan hartu gabe.

Udal agintaritzak animalia bere gain hartu eta atxiki egingo du, harik eta dagokionak jaso, norbaiti utzi edo heriotza ematen zaion arte.

Puiuko Udalak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin, beste tokiko erakunde batzuekin, animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteekin edo horretan aritzen diren beste pertsona batzuekin adostu ahal izango du abandonatutzat jo diren animaliak bertan uztea edo zaintzea.

Identifikatuta badaude, jabeari abisu emango zaio animalia jaso dezan gehienez 10 eguneko epean. Identifikaziorik izan ezean, 8 eguneko epea izango dute animalia berreskuratzeko.

Jabeak ordainduko ditu animaliak sorrarazitako gastuak, berreskuratu aurretik.

6. artikulua. Etxeko animalien eraso eta gaixotasunen kasuan.

Animalia batek norbaiti hozka egiten badio, pertsona horrek gertatutakoa jakinaraziko die osasun zerbitzuei, eta medikuaren partea aurkeztuko dute.

Edozein herritarrek ikusten badu animalia batek pertsona bati edo beste animalia bati eraso egin diola, udal agintaritzari jakinarazi beharko dio.

Jendeari edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak ere, albaitariaren kontrolpean egongo dira hamalau egunean. Behaketan eman beharreko denbora hori Udalak edo dagokion osasun agintaritzak esaten duten zentroan egingo da.

Animalia erasotzailea zakur bat bada, haren jabeek eta/edo edukitzaileek inplikatutako animaliaren datuak eman beharko dizkiote erasoa jasan duen pertsonari edo haren legezko ordezkariei eta agintaritza eskudunei, hala eskatuz gero. Gainera, jabea beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, osasun zerbitzuek bildu arte, espresuki debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.

Jabeak eskatzen badu eta albaitari zerbitzuek adostasun txostena emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egiten ahal da, baldin eta animaliak agiri egokiak baditu eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badaude.

Jabeek ordainduko dituzte aipatutako animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastu guztiak.

7. artikulua. Lagun egiteko etxeko animaliak saltzen, zaintzen edo hazten dituzten establezimenduak.

Lagun egiteko etxeko animaliak saltzen, zaintzen edo hazten dituzten establezimenduek une bakoitzean indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak bete behar dituzte, animaliak higiene, osasun, elikadura eta albaitaritza baldintza onetan egon daitezen. Halaber, animalien kontrol egokia egin beharko dute, aipatutako baldintzak jasotzen dituen erregistro espezifiko baten bidez.

Puiuko Udalak, zuzenean edo Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, izango du establezimendu horiek zaintzeko eta ikuskatzeko eskumena.

II. TITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

8. artikulua. Definizioa.

Honako hauek dira arriskutsuak izan daitezkeen animaliak:

a) Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

b) Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako entrenatu edo hezi diren animaliak.

c) Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.

d) Arriskutsuak izaten ahal diren zakurtzat hartuko dira:

–Arraza hauetako zakurrak: pit bull terrier, staffodshire bull terrier, american staffodshire terrier, rottweiler, dogo argentinarra, fila brasildarra, tosa inu, akita inu eta horien arteko gurutzatze guztiak.

–Ezaugarri hauek guztiak edo gehienak dituzten zakurrak: muskulatura sendoa, itxura indartsua, gorpuzkera mardula, forma atletikoa, bizkortasuna, indarra eta erresistentzia, izaera nabarmena eta kemen handia, ile motza, 60 eta 80 zentimetro arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetro arteko soingurutzeko garaiera eta 20 kg-tik gorako pisua, eta bolumen handiko burua, kuboidea, sendoa, garezur zabal eta handikoa, eta masail gihartsu eta konkortuak dituena. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona; lepo zabala, gihartsua eta motza. Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra. Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu ez oso handia egiten dutenak.

–Ezaugarri horiek betetzen ez badituzte ere izaera erasokor argia duten animaliak edo pertsonei nahiz beste animalia batzuei eraso dietenak, baldin eta agintaritza eskudunak hauteman badu arriskutsuak izaten ahal direla, albaitari baten txostena ikusita eta irizpide objektiboak kontuan hartuta.

I. KAPITULUA

Aldez aurreko lizentzia

9. artikulua. Nahitaezkotasuna.

Puiuko udal-mugartean animalia arriskutsuak izateko, saltzeko edo hezteko, beharrezkoa izango da aldez aurretik udal lizentzia eskuratzea.

Lizentzia hori arriskutsua izaten ahal den animalia eskuratu baino lehen eskatu eta lortu beharko da.

10. artikulua. Lizentzia eskatu behar duten pertsonak.

Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izaten ahal diren animalien jabe eta/edo edukitzaileak, baldin eta Puiun bizi badira edo animaliak salerosi nahiz trebatzeko jarduera Puiun egiten bada.

Era berean, lizentzia hori eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe eta/edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez gutxienez Puiun egon behar badu.

11. artikulua. Lizentzia eskuratzeko baldintzak.

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, nahitaezkoa da arriskutsuak izaten ahal diren animaliak izateko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenarengatik; hori egiaztatzeko, eskumeneko agintaritzak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

c) Arau-hauste larri edo oso larriengatik abenduaren 23ko 50/1999 Legearen (Arriskutsuak izan daitezkeen animalien araubide juridikoari buruzkoa) 13. artikuluko 3. apartatuan ezarritako zehapen osagarririk jaso ez izana, bat etorriz abenduaren 23ko 50/1999 Legea (Arriskutsuak izan daitezkeen animalien araubide juridikoari buruzkoa) garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoarekin. Baldintza hori egiaztatzeko, agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

d) Ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko. Hori egiaztatzeko, agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

f) Ildo horretan, indarrean dagoen udal tasa ordaindu izana.

12. artikulua. Prozedura.

Aldez aurreko lizentzia eskatu beharko da udaletxeko erregistroko bulegoetan arriskutsua izan daitekeen animalia eskuratu aurretik, bat etorriz ordenantza honen eranskinetan jasotako eredu normalizatuarekin.

Hasiera batean arriskutsua ez den animalia batek erasoren bat egin badu eta, horregatik, eskuratu ostean arriskutsua izan daitekeen animalia gisa sailkatu bada, jabeak kapitulu honetan zehaztutako lizentzia eskatu beharko du 5 eguneko epean, bat etorriz aipatutako eredu normalizatuarekin.

Eredu normalizatu horiek herritarren eskura egongo dira Puiuko Udalaren webgunean eta udal bulegoetan.

Aipatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute jabeek, dagozkien ziurtagiri eta dokumentuen bidez.

Dokumentu guztiak aurkeztu ezean, errekerimendua egingo zaio 10 eguneko epean, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Dokumentazioa aurkeztu ezean, lizentzia ukatu egingo zaio.

Dokumentazioa aurkeztuz gero, dagokion lizentzia emango zaio.

13. artikulua. Ebazteko eskumena.

Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Puiuko Udaleko Alkatetzak izango du lizentzia emateko eskumena.

14. artikulua. Indarraldia.

Lizentziak bost urterako balioko du, eta berritzen ahalko da iraupen bereko beste aldi batzuetarako.

Lizentziak indarra galduko du titularrak ordenantza honen 11. artikuluan ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez duen unetik beretik.

15. artikulua. Aldaketak lizentziaren datuetan.

Titularrak lizentzian dauden datuetako edozeinen aldaketa jakinarazi beharko dio Puiuko Udalari, aldaketa hori gertatu eta hamabost eguneko epean egin ere.

Indarra duen administrazio lizentziaren inguruko esku-hartzea, etenaldia edo kautela-neurria, judizialki edo administratiboki erabakia, beste lizentzia bat ez emateko edo lizentzia ez berritzeko arrazoi izango da, neurri hori indarrik gabe uzten ez den bitartean.

II. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa

16. artikulua. Sorrera.

Puiuko Udalak arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistro bat sortuko du, animaliak espezieka sailkatuta. Erregistroan, gutxienez, datu hauek jasoko dira: jabeen eta/edo edukitzaileen datu pertsonalak, animalia identifikatzeko aukera ematen duten ezaugarriak eta ohiko helbidea (zehaztu beharko da gizakiekin bizi den edo beste helburu batzuetarako erabiltzen den, hala nola zaintza, babesa edo besteren bat).

Erregistro hori sortzeko orduan, datuak babesteko araudian ezarritakoari jarraituko zaio:

a) Ordenantza honek indarra hartzen duenean datu pertsonalen fitxategi bat izan beharko da, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak eta/edo edukitzaileak erregistratzeko.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek, animaliak erregistroan inskribatzeko, Puiuko Udalari jakinarazi beharko dizkiote ordenantza honetan adierazitako datuak.

c) Udalak ordenantza honetan adierazten diren betebeharrak betetzea izango da erregistroaren helburua, eta Puiuko Udalak baino ezin izango du erabili erregistro hori.

d) Erregistroa kudeatzeko lege-oinarria honako hau da: abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta bestelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

e) Interesdunen datu pertsonalak gordeko dira harik eta bete arte helburuak, zeinetarako eskuratuak izan ziren, Udalaren eskumen eta eginkizunak betez eta, nolanahi, horiek beteko dira legez ezarritako kontserbazio, iraungitze eta erantzukizunei erantzuteko epeen barnean.

f) Datuen hartzaileak. Erregistroan jasotzen diren datu pertsonalak ez zaizkie emango Udal honetakoak ez diren hirugarrenei, ez bada eskatutako zerbitzua emateko beharrezkoak direla, gaian eskumena duten administrazio publikoei emateko, beharrezkoa denean edo eskumendun agintari publikoek eskatzen dituztenean, une bakoitzean aplika daitezkeen legezko eta erregelamenduzko xedapenekin bat etorriz.

g) Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezkoa da.

h) Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

i) Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu egingo da lizentzia.

j) Fitxategian erregistraturik dauden pertsonek aukera izango dute sartu, zuzendu, deuseztatu, datuen tratamendua mugatu, kontra egin edo eramateko eskubideak erabiltzeko, Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean araututakoaren arabera.

k) Datuak deuseztatzeko edo ezabatzeko eskaera eginez gero, galdu egingo da arriskutsuak izan daitezkeen animalien lizentziari eusteko eskubidea.

17. artikulua. Erregistratzeko betebeharra.

II. tituluko I. kapituluan aipatzen den aldez aurreko lizentzia eskuratzen dutenek betebeharra izango dute arriskutsua izan daitekeen animalia oro erregistratzeko, eskuratu eta hurrengo 15 egun baliodunean. Epe hori zenbatuko da lizentzia jakinarazten zaien egunetik aurrera.

Animalia erregistratu ondoren, Udalak ziurtagiri bat egingo du, eta hor adieraziko da arriskutsua izan daitekeen animalia erregistroan inskribatu dela.

18. artikulua. Erregistroko datuak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek Puiuko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek, animaliak erregistroan inskribatzeko:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaiotze data.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatuko den beste xede baterako den.

g) Jabearen izen-abizenak eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bilakatzen duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

m) Erantzukizun zibileko aseguru bat egin izanaren frogagiria, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

Jabeak eta/edo edukitzaileak adierazitako datuetan izaten ahal den edozein aldaketaren berri eman beharko du, aldaketa gertatu eta hurrengo 15 egun balioduneko epean. Erasoren bat gertatzen bada, aldiz, horren berri eman beharko da erasoa gertatu den egunean bertan.

III. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak eta debekuak

19. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak.

Ordenantza honen I. tituluko I. kapituluan etxeko animaliak oro har izateko adierazitako betebeharrez gain, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatu bezala.

b) Ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatzen den lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea Udalari, gertatzen denetik 5 egun balioduneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost egun balioduneko epean, animalia identifikatzeko datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost egun balioduneko epean gehienez, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Edonola ere, erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere 15 egun balioduneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Puiura ekartzen bada, denbora mugarik gabe edo hiru hilabetetik gorako denbora baterako, jabea beharturik egongo da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beherakoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.

j) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat berarekin darabilen pertsonak berekin izan beharko du beti ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatutako lizentzia, baldin eta animaliarekin batera badago espazio publikoetan edo erabilera publikoko espazio pribatuetan. Kasu horietan, berekin izan beharko du, halaber, animalia arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria.

k) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek loturik egon beharko dute finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan daudenenean –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean daudenean izan ezik–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

l) Arriskutsuak izan daitezkeen animalia gisa sailkatutako zakur guztiek muturreko homologatua eta beren arrazarako egokia izan beharko dute espazio publikoan edo erabilera publikoko espazio pribatuan dabiltzanean.

m) Arriskutsuak izan daitezkeen zakur guztiek mikrotxip batekin identifikatuta egon beharko dute.

Betebehar horiek betetzeko epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, 15 egun baliodunekoa izango da.

20. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeen eta/edo edukitzaileen debekuak.

Etxeko animaliak oro har edukitzeko debekuez gain, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek debeku hauek izango dituzte:

a) Animaliak heztea borroka eta erasoetan oldarkorrago izan daitezen lortzeko xede hutsez.

b) Pertsona bat arriskutsua izan daitekeen zakur bat baino gehiagorekin ibiltzea.

c) Adingabe bat arriskutsua izan daitekeen zakur batekin ibiltzea.

III. TITULUA

Zehapenak

21. artikulua. Arau-hauste oso larriak

a) Edozein etxeko animalia abandonatzea, arriskutsua izan daitekeen edo ez kontuan izan gabe.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak lizentziarik gabe edukitzea.

c) Animaliak heztea oldarkorrago izateko xedez.

d) Arau-hauste larriak behin baino gehiagotan egitea.

22. artikulua. Arau-hauste larriak.

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak identifikatzeko araua ez betetzea.

c) Erregistroan ez inskribatzea.

d) Arriskutsua izan daitekeen zakur bat muturrekorik gabe eta/edo lotu gabe ibiltzea leku publikoetan edo erabilera publikoko leku pribatuetan, eta/edo adingabeko batekin ibiltzea.

e) Udal agintaritzak eskatzen dituen eta ordenantza honetan ezartzen diren nahitaezko datuak ez ematea, edo datu osatu gabeak edo dokumentazio faltsua ematea.

f) Arriskutsua izan daitekeen animaliari uztea pertsonei edo beste animalia batzuei eraso egiten, edota edozein ondasuni kalte egiten, edukitzailearen egitez zein ez-egitez, hala bide publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

g) Puiuko Udalak egindako eskakizun bat edo ordenantza honetan ezarritako betebehar bat horretarako zehaztutako epetik kanpo betetzea.

h) Arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

23. artikulua. Arau-hauste arinak.

a) Zakurrekin Puiuko herrigunean ibiltzean, zakurrei hede edo katerik ez jartzea, edo jarritako hedea 2 metro baino luzeagoa izatea.

b) Puiuko herrigunetik kanpo zakurrekin ibiltzean, haiek lotzeko 2 metroko hede edo katerik gainean ez izatea.

c) Espazio publikoak edo erabilera publikoko espazio pribatuak etxeko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

d) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

e) Ordenantza honetako beste edozein arau ez betetzea, arau-hauste larria edo oso larria ez bada.

24. artikulua. Delitua edo falta dakarten arau-hausteak.

Arau-hausteak delitu edo faltatzat hartzen ahal direnetan, Puiuko Udalak edo hark eskuordetzen duen erakundeak edo dagokionak erabakitzen ahal du animalia konfiskatzea, agintaritza judizialak adierazitakoari jarraikiz, eta berehala organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

25. artikulua. Arau-hausteen erantzulea.

Arau-haustearen erantzuletzat hartuko da animaliaren jabea eta/edo edukitzailea, eta egitez nahiz ez-egitez arau-haustean parte hartu duena.

Administrazio-erantzukizunak ez du deusetan ukatzen bide penalean edo zibilean ere eskatzen ahal dena.

26. artikulua. Zehapenak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliei dagozkien arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arau-hauste oso larriak, 2.400,01 eurotik 15.000,00 eurora bitarteko isunarekin.

b) Arau-hauste larriak, 300,01 eurotik 2.400,00 eurora bitarteko isunarekin.

c) Arau-hauste arinak, 150,00 eurotik 300,00 eurora bitarteko isunarekin.

Gainerako animaliei dagozkien arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arau-hauste oso larriak 600,01 eta 3.000,00 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.

b) Arau-hauste larriak, 150,01 eurotik 600,00 eurora bitarteko isunarekin.

c) Arau-hauste arinak, 60,00 eurotik 150,00 eurora bitarteko isunarekin.

27. artikulua. Zehapenak mailakatzeko irizpideak.

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan isunen zenbatekoa mailakatzeko eta zehapenak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Arau-hausteak errepikatu edo haietan berrerori ote den. Berrerori dela ulertuko da araudia hausteagatik gutxienez bi zehapen ezarri badira.

28. artikulua. Zehapen prozedura.

Puiuko Udalak izango du zehapenak ezartzeko ahalmena; zehazki, Puiuko Udaleko Alkatetzari dagokio zehapenak ezartzeko eskumena.

Zehapen espedientea abiarazi aurretik, Puiuko Udalak kortesiazko abisua emango du. Hor, ustezko arau-hausleari jakinaraziko dio Puiuko Udalak bere jokabidearen berri izan duela eta arau-hauste gisa sailkatuko dela. Jakinaraziko dio, halaber, zein den arau-haustearen maila eta zer nolako balizko zehapena ekartzen ahal duen berekin, jokabide arau hausle hori bazter dezan.

Puiuko Udalak egiaztatzen badu arau hausleak jokabide bera izaten jarraitzen duela, kasuan-kasuan dagokion zehapen espedientea abiaraziko du, aplikatzekoa den araudiari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Alkatetzak aldatzen ahal ditu ordenantza honen eranskinak, baldin eta aldaketak berekin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraitzen badio. Horrenbestez, alkatetzari ahalmena ematen zaio honetarako:

1. Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek berekin ekarriko ditu, besteak beste, eskaera eredu normalizatuak eta hor berariaz adierazitakoaren arabera aurkeztu beharreko dokumentazioa onestea eta aldatzea.

2. Behar diren xedapenak ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatu ahal izateko.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek 2 hilabeteko epea izango dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra.–Indarrik gabe utzi da Puiuko Udalaren Ordenantza, Zakurrak edukitzeari buruzkoa, 2014ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, ekainaren 30ean.

Bigarrena.–Ordenantza honetan ezarri gabeko alderdi guztietarako, honako hauetan zehaztutakoa aplikatuko da: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 4/2005 Foru Legea, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa, eta hori garatzeko erregelamendua (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua); 7/1994 Foru Legea, maiatzaren 31koa, Animalien babesari buruzkoa; 50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsuak izan daitezkeen animalien Araubide Juridikoari buruzkoa, eta hori garatzeko erregelamendua (martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua); eta ordenantza honen goragoko xedapen guztiak, baldin eta ordenantza honen helburuari eragiten ahal badiote.

Hirugarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izango harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

I. ERANSKINA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak izateko aldez aurreko lizentziaren eskaera (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1811253