Iragarkia
183. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
57E/2018 EBAZPENA, irailaren 3koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzako prestakuntza beka baten deialdirako oinarriak, 2018. urterako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan aritzeko.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, berdintasunaren arloko erakunde autonomo eskuduna baita eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari atxikia baitago, uste du interesgarria dela unibertsitateko titulua duten pertsonen prestakuntza sustatzea, Zuzenbideko lizentzia edo gradua dutenena, zuzenago ezagut ditzaten erakunde horretan gauzatzen diren berdintasunerako politikak. Laguntza-eginkizunak izanen dituzte, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko administrazio espedienteak kudeatzearekin, berdintasunerako politiken analisi juridikoarekin eta generoaren perspektibatik araudia aplikatzearekin loturik, baita agintzen zaizkien beste batzuk ere, arlo horrekin loturik.
Beka ematerakoan, deialdiko oinarri arautzaileetan aurreikusten ez den orotan, ondokoetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, eta, modu osagarrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
Espedienteko txostenak ikusirik eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituen irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Onestea Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzako prestakuntza beka baten deialdia, 2018. urterako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan aritzeko. Oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean agertzen dira.
Bekaldia 2018ko urriaren 15ean hasiko da eta 2018ko abenduaren 31n amaituko. Luzatzen ahalko da, gehienez ere 24 hilabete egin arte.
2. Prestakuntza bekaren esleipenaren kostuari aurre egiteko, 2.800 euroko gastua baimentzea, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Beketarako eta ikerketa proiektuetarako transferentziak” izeneko B40001 B4100 4809 232200 aurrekontuko partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta igortzea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2018ko irailaren 3an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Mertxe Leránoz Goñi.
ERANSKINA
Oinarriak, Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzako prestakuntza beka baten deialdirako, 2018. urterako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan aritzeko
1. oinarria–Xedea.
Deialdiaren xedea da Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzako prestakuntza beka bat ematea, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan (NABI) aritzeko.
Deialdiaren xedea da unibertsitateko lizentziadun edo gradudunen prestakuntza bultzatzea, NABIn berdintasunaren arloan gauzatzen diren jarduerak zuzenean ezagut ditzaten.
2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.
2.800 euro izanen dira bekarako, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Beketarako eta ikerketa proiektuetarako transferentziak” izeneko B40001 B4100 4809 232200 aurrekontuko partidaren kargura. Gorde beharreko gehieneko zenbatekoaren barnean Gizarte Segurantzaren enpresa kuota ordaintzeko zenbatekoa dago.
3. oinarria.–Iraupena.
Esleitzeko ebazpenean adierazitako egunean hasiko da beka; aurreikusten da 2018ko urriaren 15ean hasiko dela, eta 2018ko abenduaren 31n bukatuko.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez beka luzatzen ahalko da. Horretarako, aldez aurretik eskaera egin beharko du bekaren tutoreak, eta konforme egon beharko du bekadunak. Luzapen hori emanen da soilik baldin aurrekontuetan horretarako behar adina kreditu badago.
Bekak hogeita lau hilabete iraunen du gehienez, izan daitezkeen luzapenak barne.
4. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Bekak 1.040 euroko zenbateko gordina izanen du hilean, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.
Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala. Dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean prestakuntza programetan parte hartzen dutenak, eta, hala, garatzen du Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa.
Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da onuraduna noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduko modu epe eta ondorioekin. Errege dekretu horren bidez onetsi zen enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorra.
Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, baizik diru-laguntza publikotzat.
5. oinarria–Bateraezintasunak.
Prestakuntza beka bateraezina izanen da Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.
6. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.
6.1. Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin bat.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) Lehenbiziko oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortu izana.
f) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea egunean dituela zerga betebehar guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Horrekin batera, aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.
g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
6.2. Baldintza horiek guztiak bekaldi osoa bitartean bete beharko dira.
7. oinarria.–Balorazio baremoa.
Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, beka emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz.
Prozedura honi jarraituz baloratuko dira eskabideak:
a) Ikasketa-espedientea. Gehienez ere 5 puntu.
Espedientearen batezbesteko nota baloratuko da. Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituak, haien kalifikazioa zehazten ez denean, “nahikoa” gisa baloratuko dira.
Era berean, ikasketa planen arabera bakarrik “gai” kalifikazioa izan dezaketen kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.
Ez dira baloratuko 6,5 puntutik beherako batez bestekoa duten espedienteak (10 puntuko eskalan).
Ondoko puntuazio hauek emanen dira:
–Nahiko: 1 puntu.
–Oso ongi: 3 puntu.
–Bikain: 4 puntu.
–Ohorezko matrikula: 5 puntu.
Espedienteen zenbakizko kalifikazioek puntuazio hau izanen dute: 5,0tik 6,9ra: nahikoa (N); 7,0tik 8,9ra: oso ongi (OO); eta 9,0tik 10era: bikain (B).
b) Ekonomia eta zergari buruzko prestakuntza (finantza eta zerga zuzenbidearen eta aurrekontuari eta kontabilitateari buruzko kudeaketaren gaineko prestakuntza). Gehienez ere 2 puntu.
Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak, ezta beka honetarako eskatzen den titulua lortzeko egindako ikastaroak ere. Prestakuntzan egindako 20 orduko 0,10 puntu emanen dira.
Soilik baloratuko da eskaera aurkezten den egunean bukaturik dagoen prestakuntza. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek (publikoek nahiz pribatuek) antolatutakoa edo emandakoa izan beharko da prestakuntza. Zentro prestatzaileak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da prestakuntza, eta bertan ikastorduen kopurua adierazi beharko da. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0 puntuko balorazioa emanen zaie.
c) Zuzenbide administratiboaren gaineko berariazko prestakuntza (administrazio-prozedura, diru-laguntzak eta kontratuak). Gehienez ere 2 puntu.
Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak, ezta beka honetarako eskatzen den titulua lortzeko egindako ikastaroak ere. Prestakuntzan egindako 20 orduko 0,10 puntu emanen dira.
Soilik baloratuko da eskaera aurkezten den egunean bukaturik dagoen prestakuntza. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek (publikoek nahiz pribatuek) antolatutakoa edo emandakoa izan beharko da prestakuntza. Zentro prestatzaileak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da prestakuntza, eta bertan ikastorduen kopurua adierazi beharko da. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0 puntuko balorazioa emanen zaie.
d) Hizkuntzak jakitea: ingelesa eta euskara. Gehienez ere 4 puntu.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 2 puntu gehienez hizkuntza bakoitzarengatik, baremo honen arabera:
HEOko MAILA | ZIURTAGIRIA | PUNTUAK |
1.a | A1 | 0,40 |
2.a | A2 | 0,80 |
3.a | B1 | 1,20 |
4.a | B2 | 1,60 |
5.a | C1 | 2,00 |
Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeetan egindako ikasketen kasuan, berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zein ziurtagiriren baliokideak diren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz.
e) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta generoaren arloko prestakuntza: 4 puntu gehienez. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.
–600 ordutik gorako prestakuntza: 4 puntu.
–400 ordutik 600 ordura bitarteko prestakuntza: 3 puntu.
–200 ordutik 400 ordura bitarteko prestakuntza: 2 puntu.
–20 ordutik 200 ordura bitarteko prestakuntza: 1 puntu.
Soilik baloratuko da eskaera aurkezten den egunean bukaturik dagoen prestakuntza. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek (publikoek nahiz pribatuek) antolatutakoa edo emandakoa izan beharko da prestakuntza. Zentro prestatzaileak emandako ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da prestakuntza, eta bertan ikastorduen kopurua adierazi beharko da. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0 puntuko balorazioa emanen zaie.
f) Buruz buruko elkarrizketa. Gehienez ere 3 puntu.
Puntu gehien lortu dituzten hiru pertsonei dei eginen zaie, Ebaluazio Batzordearen aurrean buruz buruko elkarrizketa egin dezaten.
Baloraziorako honako hauek hartuko dira kontuan: motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, talde-lanerako gaitasuna eta beste gaitasun sozial batzuk.
Aipatu a) letratik e) letrara bitarteko balorazioetan puntuaziorik handiena lortzen duten hiru eskatzaileei dei eginen zaie telefonoz eta posta elektronikoz, gutxienez ere 72 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da, eta hautapen prozesutik baztertu eginen da agertzen ez dena; halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.
8.–Eskaerak.
8.1. Interesdunek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Erregistroan (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (erregistro horien zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.
Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
8.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa. Eredua Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan jaso daiteke (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, 31002 Iruña), edo http://www.navarra.es web orrian.
b) Eskatzailearen curriculum vitaea, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, lortutako merezimendu guztiak.
c) Zuzenbideko lizentziaren edo graduaren tituluaren fotokopia.
d) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.
e) Alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak. Hizkuntzetan, zehaztuko da ea ziurtagiria tarteko mailakoa edo maila aurreratukoa den. Web honetan ezartzen dira baliokidetza taulak: http://www.inapidiomas.net/eu/hizkuntzen-egiaztapena.
f) Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.
g) Nafarroako erroldatze ziurtagiri eguneratua, antzinatasuna zehazten duena.
h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.
8.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako dokumentuak ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera hori jakinaraziko zaiola.
Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren jakinarazpenak jasotzeko.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
8.4. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
9. oinarria.–Ebaluazio Batzordearen osaera eta beka emateko prozedura.
9.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz eta bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz. Ebaluazio Batzordeak ebazpen proposamena prestatuko du, non izangai onartuei guztira emandako puntuak adieraziko baitira.
Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:
–Sustapenaren eta Kudeaketaren zuzendariordea.
–Informazioaren, Sentsibilizazioaren eta Partaidetza Sozialaren Ataleko burua.
–Kudeaketaren eta Baliabideen Ataleko burua.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuko langileek laguntza emanen diote Ebaluazio Batzordeari.
9.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaerak jasotakoan.
9.3. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
Beka eman aurretik, txosten bat prestatuko du, non adieraziko baita eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
9.4. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazio handiena lortu duen izangaiari beka emateko proposamena eginen du, eta izangaien zerrenda bat eginen du, lortutako puntuazioaren araberakoa.
9.5. Beka Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da, Ebaluazio Batzordeak proposamena egin ondotik. Ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko iragarki-taulan jarriko da (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, 31002 Iruña), baita http://www.navarra.es web orrian ere, eta, horrekin batera, eskatzaileen zerrenda, instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera ordenaturik.
Ebazpenean, gutxienez, beka eskuratzen duen pertsonaren izena eta eskatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, jaso beharko dira, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.
Puntuaziorik handiena lortzeagatik beka jasotzen duen pertsonari jakinaraziko zaio ebazpena, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko da.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
10. oinarria.–Tutoretza.
10.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Zuzendaritzak aukeratuko du nork eginen dituen bekaren onuradunaren jardueren tutoretza, zuzendaritza eta gainbegiratze lanak.
10.2. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko, eta bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.
11. oinarria.–Justifikatzeko epea eta modua.
Onuradunak urteko txostena aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruz eta deialdian ezarritako helburuen betetzeari buruz. Txosten hori tutoreak baloratuko du. Txostena urte bakoitzeko urtarrilean aurkeztuko da.
12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Organo eskudunari komunikatzea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
f) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan Nafarroako Berdintasunerako Institutuan bekadun aritu dela adieraztea.
g) Bekaldiak irauten duen bitartean eta ondoren ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.
h) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.
i) Bekaren garapenari buruzko txostenak aurkeztea, 11. oinarrian azaldu den moduan.
13. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.
Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Adierazitako egunean onuraduna ez bada jardunean hasten, Institutuari horren berri eman gabe, eta baldin eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez baditu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da.
Bekari uko eginez gero, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari horren berri eman beharko zaio. Beka erabiltzen hasi ondoren, bekari uko eginez gero, berariazko ukoaren berri eman beharko da, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.
14. oinarria.–Prestakuntza jarduera egitea.
Bekaduna Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren egoitzan arituko da, astean gehienez ere 30 orduz. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.
15. oinarria.–Jabetza intelektuala.
Bekadunek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, bekaldian Nafarroako Berdintasunerako Institutuan egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan daitezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
16. oinarria.–Lan edo administrazio harremanik eza.
16.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
16.2. Prestakuntza bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
17. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko administrazio publikoarekin duen harreman juridikoa deusetan galarazi gabe, eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
18. oinarria.–Ez-betetzeak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea. Zehazki, dirua itzultzeko arrazoi hauek daude:
a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.
b) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntza bat.
c) Azken hilekoa itzuli beharko da amaierako memoria ez aurkezteagatik.
19. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, honako hauekin bat: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112 artikulua eta hurrengoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 115.2. artikulua eta hurrengoak.
20. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Ager daitezkeen gorabehera guztiak honako hauetan ezarritakoarekin bat ebatziko dira: deialdi honen oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, eta, osagarri, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
21. oinarria.–Emandako bekaren publizitatea.
Laguntza hau Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren web orrian argitaratuko da. Zein deialdiri, programari eta aurrekontuko kredituri egotzita ematen den adieraziko da, baita onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea ere.
I. ERANSKINA
Eskaera eta erantzukizunpeko adierazpena egiteko inprimakia (PDF).
Iragarkiaren kodea: F1811013
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
