2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GARINOAIN
Ordenantza fiskala, Udalaren altzariak eta tresnak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Garinoaingo Udalak, 2018ko uztailaren 2an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Udalaren altzariak eta tresnak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala. Jendaurrean egon zen, iragarkia 2018ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 25ekoan, eta Garinoaingo Udalaren iragarki-taulan eman baitzen argitara.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzen da, eraginkortasun juridikoa izan dezan.
Garinoainen, 2018ko irailaren 7an.–Alkate udalburua, Iñigo Arregui Odériz.
ERANSKINA
ARAUA, UDALAREN ALTZARIAK ETA TRESNAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuari jarraikiz, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.
Zerga-egitatea
2. artikulua. Udalaren altzariak eta tresnak erabiltzeko eskubidea dakarren udal baimenagatik prezio publikoak galdatuko dira.
Halako ekintza batzuetan Udala laguntzaile denean eta antolatzaileei elementu horiek lagatzen dizkienean, ez da prezio publiko hori ordaindu beharko.
Orobat, ez da prezio publiko hori ordaindu beharko Udalarenak ez diren elementuak garraiatzen direnean, jarduera sozialekin, ongintzakoekin, kulturalekin edo interes publikokoekin loturik, baldin lankidetza hitzarmen bat sinatu bada ongintza, gizarte edo kultura arloko entitate batekin; eta, era berean, ez da prezio publiko hori ordaindu beharko baldin erantzuna eman behar bazaie banakako egoera bat-bateko eta salbuespenezkoei, gabezia ekonomiko larriak dituzten pertsona edo familien kasuan, zailtasun handiak badituzte presaz eta berehalakoan betetzeko oinarrizko beharrak, hala nola ostatu-hartzea, osasungarritasuna, etab. Betiere, kasu horietan gizarte-zerbitzuen txostena beharko da.
Halaber, ez da prezio publikorik sorraraziko aulkiak, mahaiak edo bestelako elementuak uzteagatik, irabazi asmorik gabeko erakundeek antolatzen dituzten ekitaldietan erabiltzen badira eta/edo horiek antolatzeko Udalaren babes berariazko eta publikoa badago.
Horrez gain, ez da prezio publikorik sorraraziko aulkiak eta mahaiak partikularrei uzteagatik, besta esparruan erabiltzeko, herriko bestak ospatzeko egunetan.
Udalak oro har lagunduko du, kultura, aisia, tokiko merkataritza eta antzekoak sustatzeko dituen ahalmenen barnean, baldin partikularrek eginen duten jarduera Garinoaingo udal-mugartean gauzatzen bada pertsona guzti-guztientzat eta doan.
Subjektu pasiboa
3. artikulua. Ordaindu beharreko zerbitzu edo jardueren onura jasotzen duten pertsona natural edo juridikoek izanen dute horiek pagatzeko betebeharra.
Tarifak
4. artikulua. Altzariak eta tresnak erabiltzeko tarifak eranskinean agertzen dira.
Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak
5. artikulua. Baimena ematean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra, eta altzariak eskuratu baino bi egun lehenago ordaindu beharko da, beranduenez.
6. artikulua. Garinoaingo udalerrian eginen diren jardueretarako soilik utziko dira Udalaren altzariak edo tresnak.
7. artikulua. Aipatutako altzariak eta tresnak erabiltzeko baimena Udalak nori ematen dion, haiexek daude beharturik prezio publikoa ordaintzera.
8. artikulua. Alkatetzaren ebazpen bidez emanen da baimena, interesdunak aurretik eskaera eginda, eta Udalaren langileek egiaztatu ondoren eskatutako elementuak eskuragarri daudela.
9. artikulua. Altzariak eta tresnak bildu eta entregatuko dira Udalak haiek gordetzen dituen tokian bertan.
10. artikulua. Kalterik egiten bada, eskatzaileak bere gain hartu beharko du, Udaleko teknikariek balorazioa egin ondotik.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean tasa eta prezioen alorrean xedatutakoa aplikatuko da.
Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera onetsi ondotik, indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara eman eta biharamunean.
TARIFEN ERANSKINA
–Aulki bakoitza, egun bakoitzeko. | 0,45 |
–Mahai bakoitza, egun bakoitzeko. | 1,30 |
Entregatu eta biltzeko prezioa: |
–0 eta 20 aulki artean eta/edo 0 eta 2 mahai artean. | 8,80 |
–21 eta 50 aulki artean eta/edo 3 eta 5 mahai artean. | 11,75 |
–51 eta 100 aulki artean eta/edo 5 eta 10 mahai artean. | 15,75 |
Iragarkiaren kodea: L1811214