2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GARINOAIN
Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Garinoaingo Udalak, 2018ko uztailaren 2an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea herriko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Jendaurrean egon zen, 2018ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 25ean, eta Garinoaingo Udalaren iragarki-taulan eman baitzen argitara.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzeko agintzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.
Garinoainen, 2018ko irailaren 7an.–Alkate udalburua, Iñigo Arregui Odériz.
ERANSKINA
ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORU, LURGAIN ETA LURPEAREN ERABILERA PRIBATIBOA EDO APROBETXAMENDU BEREZIA EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren babesean.
Zerga-egitatea
2. artikulua. Zerga-egitateak dira herriko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak, hala nola honako hauek:
a) Lurrak okupatzea salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi, eskora, euskarri, aldamio edo gisako instalazioen bidez.
b) Pisuetako burdin sareak, lukanak, arnasbideak, ateak, karga-ahoak edo gisako elementuak instalatzea, lurzorua edo lurpea okupatzen dutenak, soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo ibilgailuen sarrera eman ahal izateko; halaber, argi-sare publikotik egindako hargunea.
c) Lurgaina okupatzea markesina, eguzki-oihal edo gisako instalazioen bidez, hegal eginez bide publikoaren gainean edo fatxadaren lerrotik ateratzen direnak, eraikinaren berezko egituraren elementuak ez direnean.
d) Bide publikoan edo herriko jabari publikoko bestelako lurretan edo haien lurgainean kokatuta dauden honako hauek: argindarra, ura, gasa edo beste edozein fluido garraiatzeko hariteria, hodiak eta galeriak; lineetarako zutoiak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, aldamioak eta gisakoak; eta salmenta automatikorako makinak eta gisakoak.
e) Irabazi-asmoz mahaiak, aulkiak, tribunak, oholtzak edo haien gisako bestelako elementuak jarriz lurrak okupatzea. Ez da irabazi-asmotzat hartuko, lurzorua okupatzen bada karpak, jaimak edo antzekoekin, edo lur eremu bat mugatzen bada kontzertuak, emanaldi artistikoak edo antzekoak egiteko, herriko jaiak edo antzeko ekitaldiak direla-eta, baldin eta ikusleak horietara doan badoaz.
f) Kioskoak paratzea.
g) Postu, barraka, saltoki, ikuskizun, atrakzio eta jolaskizunak jartzea, bai eta kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa ere.
h) Portada, erakusleiho eta beira-arasak.
i) Erregaiaren biltontziak eta hornigailuak eta, oro har, edozein artikulu edo salgairenak.
j) Iragarkiak jartzea herriko jabari publikoko lurrak okupatuz, bertan afixak, errotuluak, oihalak, begi-iruzurrak eta publizitateko edo informaziozko beste zenbait elementu paratuta, kale-argietan, aldamioetan, fatxadetan edo euskarri bertikaletan, baldin eta, azken kasu horretan, publizitatea ez bada emakida baten xede. Ez da tasarik ordaindu beharko Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean ezarritako norabide seinaleak paratzeagatik edo bestelakoak adierazteko plakak jartzeagatik, aurrekoen diseinu eta ezaugarri antzekoak dituztenak, udalaren baimenarekin paratuak badira.
k) Lur, eraikin edo hesiei eusteko hormak, behin betikoak zein behin-behinekoak.
l) Azienda igarotzea bide publikoen edo herriko jabari publikoko lurretan barna.
m) Beste hainbat aprobetxamendu, baldin eta horietan inguruabar berezi batzuk badira, hala nola, arriskugarritasuna, erabilera-maiztasuna, errentagarritasun berezia edo horien antzeko beste zenbait, eta, bereziki, bide publikora ematen duten fatxadetan kutxazain automatikoak eta hainbat produktu saltzeko makinak paratzeak dakarten aprobetxamendua, telefonia-antenak instalatzeak dakartena, edo bestelako aprobetxamendu ekonomikoak.
Subjektu pasiboa
3. artikulua. Subjektu pasiboak dira eta tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen duten entitateak, baldin eta, herriko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.
4. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, lurgainean eta lurpean egindako erabileraren edo aprobetxamenduaren tasak dagokien ordenantza fiskalaren edo aplikagarri diren udal erabakien menpe egonen dira.
Zerga-oinarria
5. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da erabileraren edo aprobetxamenduaren iraupenaren eta herriko jabari publikoan okupatutako azaleraren arabera.
Tasa
6. artikulua. Karga-tasa ordenantza honen eranskinean jasotzen da.
Kuota
7. artikulua. Kuota izanen da zerga-oinarriari ordenantza honen eranskinean jasotzen den karga-tasa aplikatzearen ondoriozkoa edo, bestela, horretarako adierazten den zenbateko finkoa.
Ordaindu beharra
8. artikulua. Ordaindu beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.
Udalaren nahitaezko lizentzia izan gabe hasten bada erabilera edo aprobetxamendua, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez du izandako erabilera edo aprobetxamendua legeztatuko, eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.
Ordenantza honen xedeko erabilerak edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sortzapena agintzen duenean, hura urtarrilaren 1ean sortuko da, urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta, berdin, kuota hainbanatuko.
Kudeaketa arauak
9. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakarrenean herriko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, beharturik dago berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, edo, kasua bada, ezin hobeki lehengoratzera jabari publikoan ukituriko elementu guztiak: bideak, espaloiak, zintarriak, zuhaixka eta zuhaitz landaketak, sareak, kale-argiak, kutxetak eta abar, horiek obren ondorioz hondaturik gelditzen badira, gisa hartara beterik aplikagarri zaizkion ordenantza eta/edo araudietan ezarritakoa, eta eraikuntzako jardunbide egokiak.
Udal teknikariek eginen dute gastu horien balorazioa, haien kostu zenbatetsian oinarrituta.
10. artikulua. Erabilera dela-eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak suntsitutako ondasunek gaur egun zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio-galera norainokoa den, halako bi emanen dio ordainetan Udalari, Udaleko teknikariek egindako zenbatespenarekin bat. Bereziki konponezintzat hartuko dira kalteak interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan egin badira edo 20 urte baino gehiagoko zuhaitzak hondatzen badira.
11. artikulua. Udalak fidantza jartzea eskatzen ahalko du aurreko artikuluetan adierazten diren kalteei erantzuteko, udal teknikarien zenbatespenarekin bat.
Gordailua, lehenik, kalteen ordainari lotetsiko zaio; ondoren, indarra duen araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenei lotzen ahal zaio, edo bestela, tasaren beraren ordainketari.
Fidantza itzultzeko beharrezkoa izanen da aurretiko aldeko txostena, adierazten duena indarreko araudia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete direla eta kalteak behar bezala konpondu direla.
12. artikulua. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako erabilerek edo aprobetxamenduek, ohikoak eta etengabeak badira, behar den errolda edo zentsua izanen dute. Kobratzeko ondorioetarako, zor horiek jakinarazi gabekoen artean sailkatuko dira, eta urtero likidatzen ahalko dira, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera.
2. Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badu, dagokion kuota aurretik ordaindu beharko da. Horrela izanez gero, agiria jaso beharko da, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileen eskutik.
3. Gainerako kasuetan, likidazioa dagokion administrazio zerbitzuan eginen da. Tasa lizentzia edo baimena eman dela jakinarazi baino lehenago ordainduko da, erabilera edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenean. Hala ez bada, ordainketa eginen da erabilera edo aprobetxamendua amaitutakoan, hau da, partikularrak Udalari bukatu dela jakinarazten dionean. Partikularrak betetzen ez badu jakinarazteko duen betebeharra, ulertuko da erabilera edo aprobetxamendua egiten jarraitu duela udal zerbitzuek baimendutako okupazioa amaitu dela egiaztatu arte.
Arau-hauste eta zehapenak
13. artikulua. 1. Arau-haustea da behar den lizentziarik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.
2. Bestelako arau-hausteei dagokienez eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, Ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Udalak, betearazpen bidez, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak bide publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta instalazio hori desmuntatu, garraiatu, biltegiratu eta egin behar den beste edozergatik sortutako tasak eta gastuak jabearen kargu geldituko dira.
14. artikulua. Aprobetxamendu hauetaz baliatzeko, Udalbatzak emakida egiteko onesten dituen baldintza-agirian xedatutakoa bete beharko da.
TARIFEN ERANSKINA
1. epigrafea.–Lurzoruaren aprobetxamendu bereziak.
1.1. Jardueretarako aprobetxamenduak, hala nola, etxolak, barrakak, saltokiak, ikuskizun edo jolaserako edozein motatako postuak, metro karratu edo zatiki bakoitzeko:
–5 m²-ra (barne) arteko okupazioak, herriko zaindariaren festen egun guztietarako: 25 euro.
–5 m²-tik gorako okupazioak, herriko zaindariaren festen egun guztietarako: 70 euro.
1.2. Jarduera ez ekonomikoetarako bestelako erabilera edo aprobetxamendua, hala nola edukiontziak, hesiak eta jarduera ekonomikorik ez duten beste okupazio batzuk, metro karratu edo zatiki bakoitzeko edota bere planta-proiekzioaren arabera:
–Egunean, lehen 30 egunean, 0,15 euro; eta ondokoetan, 0,04 euro.
Herriko jabari publikoaren aprobetxamendua, azaleko behin betiko akaberarik gabe (zoladura, ereitea eta abar):
–Egunean, lehen 30 egunean, 0,05 euro; eta ondokoetan, 0,01 euro.
1.3. Beste jarduera ekonomiko batzuetarako bestelako erabilera edo aprobetxamendua, aurreko apartatuetan jaso ez direnak: 2,00 euro m²/hilabetea.
1.4. Bide publikora jotzen duten fatxadetan egindako instalazioak, unitate bakoitzeko urtean:
–Banku entitateen kutxazainak: 547,50 euro.
–Saltzeko makinak, eta beste: 45,90 euro.
1.5. Jabari publikoan kartelak eta publizitateko panelak jartzeko lizentzia bakoitzaren tramitazioa eta/edo ebazpena: 120,00 euro.
Bide publikoan sarbideak eta pertsonen trafikoa arautzeko Udalak ematen dituen jarraibideak aintzat hartuko dira lurzorua okupatzerakoan.
2. epigrafea.–Lurgainaren aprobetxamendu bereziak.
–Lurgainean egiten diren aprobetxamenduetan aplikatu beharreko tarifak “Jarduera ez ekonomikoetarako bestelako erabilera edo aprobetxamendua” izeneko 1.2. epigrafean ezarritakoen %50 izanen dira.
3. epigrafea.–Lurpearen aprobetxamendu bereziak.
–Jarritako biltontzi bakoitzeko, urtean: 1.500,00 euro.
–Lurpean egiten diren bestelako aprobetxamenduetan aplikatu beharreko tarifak “Jarduera ez ekonomikoetarako bestelako erabilera edo aprobetxamendua” izeneko 1.2. epigrafean ezarritakoen %25 izanen dira.
4. epigrafea.–Gutxieneko eskubideak.
25,00 euro ordainduko da, aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko zenbatekoak ez badira zenbateko horretara iristen.
Iragarkiaren kodea: L1811213