183. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

179E/2018 EBAZPENA, abuztuaren 23koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira honako deialdi honen oinarri arautzaileak: “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan. Manunet 2017”.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 117E/2017 Ebazpenaren bidez, honako deialdi hau eta oinarri arautzaileak onetsi ziren: “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan. Manunet 2017” (2017ko 170. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 4koa).

Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, aipatutako laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, uste du aldaketak egin behar direla oinarri arautzaile horietan, zehazki 12.2 a) oinarrian. Oinarri horretan ezartzen da 2018ko abenduaren 31n bukatuko dela epea honako hauek aurkezteko: proiektuaren helburu teknikoen betetze-mailari buruzko tarteko lehen txostena eta proiektuaren lehen urtekokoan egindako gastuari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Baina Nafarroako Aurrekontu Orokorrak ixteko eta likidatzeko egungo arauek ezartzen dute nahitaezkoa dela ekitaldia bukatu aurretik aitortzea ordainketa betebeharrak. Horregatik, onuradunek aipatutako dokumentazioa aurkezteko duten epea aurreratu egin behar da, 2018ko azaroaren 30era, betebehar hori betetzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaile bat aldatzea deialdi honetan: “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan. Manunet 2017” (laguntza horiek onetsi ziren Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 17ko 117E/2017 Ebazpenaren bidez).

Deialdi horretako 12.2 a) oinarri arautzailean, hemendik aurrera, 2018ko azaroaren 30a izanen da tarteko lehen txostena aurkezteko epea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 23an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1810994