2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GARINOAIN
Ordenantza fiskala, betearazteko aginduen, betearazte subsidiarioen eta aurri-egoeraren espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Garinoaingo Udalak, 2018ko uztailaren 2an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea betearazteko aginduen, betearazte subsidiarioen eta aurri-egoeraren espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Jendaurrean egon da, iragarkia 2018ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 25ean, eta Garinoaingo Udalaren iragarki-taulan paratua.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.
Garinoainen, 2018ko irailaren 7an.–Alkate udalburua, Iñigo Arregui Odériz.
ERANSKINA
ORDENANTZA FISKALA, BETEARAZTEKO AGINDUEN, BETEARAZTE SUBSIDIARIOEN ETA AURRI-EGOERAREN ESPEDIENTEAK TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.
Zerga-egitatea
2. artikulua. 1. Honako jarduera hauek egin eta honako zerbitzu hauek ematea da zerga-egitatea:
a) Betearazteko aginduen espedienteak tramitatzea eta/edo ebaztea, obrak beharrezkoak direnean erabileraren, kontserbazioaren eta birgaitzearen betekizunak konplitzeko, baita ingurumenera egokitzekoa ere, betekizun horiek guztiak indarrean dagoen hirigintza-legerian ezarriak.
b) Betearazte subsidiarioen espedienteak tramitatzea eta/edo ebaztea, aurreko apartatuko kasuetan betearazteko agindu bat bete ez izanak eraginda, edo, baita ere, ordenantzek zein Udalaren erabakiek ezarritako betebeharrak bete ez izanaren ondorio direnean, baldin eta, aurrez, xede horretarako agindu edo ohartarazpen bati muzin egin bazaio.
c) Ofizioz zein edozein interesdunek abiarazitako aurri-egoeraren espedienteak tramitatzea eta/edo ebaztea.
2. Interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek, edo bereziki haien mesederako diren horiek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik edo ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio eman beharrekoak direnek ere, ordainarazpena sortzea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzua ez izan interesdunek eskatua.
3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak egiteko. Presako kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari fakultatiboen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak. Gero horren berri eman beharko diote Alkatetzari edo, hala badagokio, Udalbatzari.
Subjektu pasiboa
4. artikulua. Modu solidarioan ordaintzera behartuta daude legez erantzule diren pertsona natural nahiz juridikoak; hurrengook, alegia:
a) Ondasunen jabeak edo zerbitzua eragin duten egintzen erantzuleak, baita zerbitzua ematearekin onura partikularrak jasotzen dituzten horiek ere.
b) Halakorik bada, errentariak edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.
c) Espresuki egindako betearazteko erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule direnak.
Zerga-oinarria
5. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarriak:
a) Betearazteko agindua: egiteko den obrari egin behar zaion baloraziotik helduko dena.
b) Betearazte subsidiarioa eta partikularrentzako sorospenak: betearazpenaren edo emandako zerbitzuaren kostu osoa izanen da.
c) Beste kasuetan: zenbateko finko bat izanen da.
Tasa eta kuota
6. artikulua. Karga-tasa ordenantza honen eranskinean agertzen da.
Kuota izanen da ordenantza honen eranskinean agertzen den karga-tasa zerga-oinarriari aplikatzearen ondoriozkoa edo, bestela, horretarako ezartzen den zenbateko finkoa.
Hori guztia, deusetan ukatu gabe EIOZren likidazioak, eta obrak egiteagatik eta zerbitzuengatik egon litezkeen gainerako ordainarazpenak.
Tasaren sortzapena
7. artikulua. Tasa kasuaren arabera sorraraziko da: betearazteko aginduaren, betearazte subsidiarioaren edo aurri-egoeraren espedientea abiatzen denean; edo, aurretiazko ebazpenik ez badago, betearazpenaren zerbitzua edo laguntza ematen denean.
Arau-hauste eta zehapenak
8. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gora-behera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aurrean, dagokion hirigintza-araudian ezarritakoa betetzeko.
TARIFEN ERANSKINA
1. epigrafea.–Betearazteko aginduak.
Espedientea tramitatzeko egiten diren txostenen kostua.
2. epigrafea.–Betearazte subsidiarioak.
Kuota ezartzeko, %140 aplikatuko da zerga-oinarriaren zenbatekoaren gainean.
3. epigrafea.–Aurri-egoeraren espedienteak.
Aurri-egoeraren espediente bakoitza tramitatzeagatik eta/edo ebazteagatik: 300,00 euro.
4. epigrafea–Beste kontsiderazio batzuk.
Teknikari espezializatuei txosten teknikoak eskatzea beharrezkoa denean, zergapekoak aipatu txostenen kostua ordaindu beharko du.
Iragarkiaren kodea: L1811212