183. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DEIKAZTELU

Foruen plazako zirkulazioa arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Foruen plazako zirkulazioa arautzen duen ordenantzaren hasierako onespenaren kontra aurkeztutako erreklamazio guztiak ezetsi direnez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi da 2018ko irailaren 6an egin osoko bilkuran hartu erabakiaren bitartez.

Bere testua osorik argitaratzen da orok jakin dezan, eta indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Deikaztelun, 2018ko irailaren 10ean.–Alkatea, Mikel Azcona Molinero.

FORUEN PLAZAKO ZIRKULAZIOA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Foruen plaza herritarren aisiarako eremua denez, modu berezian arautu behar da bertako trafikoa, berariazko erregulazioa eskatzen baitu jarritako helburua betetzeko: herritarrentzako kalitatezko aisiarako eta bizitzarako gunea izan dadin.

Ordenantza hau testuinguru horretan ematen da. Helburu hau baino ez du: ibilgailuen trafikoa Foruen plazatik erabat kentzea ekaineko, uztaileko, abuztuko eta iraileko asteburu eta jaiegunetan.

1. artikulua. Eskumena.

Kontuan harturik Deikazteluko Udalaren eskumenekoak direla trafikoa antolatzea eta kontrolatzea udal-mugarteko hiri barruko bideetan, bertan egindako arau-hausteak salatzea eta horiek zehatzea, beste administrazio bati espresuki utzitako eskudantzia ez denean; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 g) artikuluan xedatuarekin bat (Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emandako idazketa), eta trafikoari buruzko araudian ezarritakoarekin ere bat, erabaki da Foruen plazako eremuan ibilgailuen trafikoa arautzeko dokumentu hau onestea.

2. artikulua. Helburua.

Ordenantza honek helburua du ibilgailuen trafikoa murriztea Foruen plazako eremuan, baita zamalanekoak sartzeko eta aparkatzeko baldintzak arautzea ere, ekaineko, uztaileko, abuztuko eta iraileko asteburu eta jaiegunetan. Ordutegia: ostiraleko 15:00etatik asteleheneko 08:00etara.

Debeku da ibilgailuak aparkatzea ordenantzaren aplikazio eremu osoan.

Ibilgailuak bertan egon daitezke zamalanetan daudenean, betiere baimendutako esparruetan egiten baldin badituzte eta ordenantza honetan ezarritako salbuespenetan baldin badaude.

Ziklomotorrek eta motozikletek gainerako ibilgailu motordunek dituzten sartzeko murriztapenak izanen dituzte.

3. artikulua. Ukitutako eremua.

Aplikazio eremua Foruen plaza da, bi esparrutan banatua:

–Piboteekin mugatutako esparrua, oinezkoentzako soilik dena, trafikoarentzako guztiz itxia.

–Bestea, zamalanetarako baino ez.

4. artikulua. Gelditzea eta baimendutako aparkatzea.

Orokorrean, debeku da Foruen plazako eremu osoan aparkatzea, honako salbuespen hauekin:

–Dendariek eta dendetako salgaien hornitzaileek baimena izanen dute zamalanak egiteko horretarako mugatzen den eremuan, gehienez ere 30 minutuz.

–Ibilgailuak gelditzen ahal izanen dira, gehienez ere 15 minutuz eta horretarako mugatzen den eremuan, bidaiariak utzi edo hartzeko edo salgaien zamalanak egiteko.

5. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honetan ezarriak ez du honako zerbitzu hauetako ibilgailuen zirkulazioa ukituko, ezta horiek beharrezko dituzten aparkatzeak ere:

a) Suhiltzaileen zerbitzukoak, poliziakoak, anbulantziak eta, orokorrean, zerbitzu publikoak emateko behar direnak.

b) Gaixoak edo mugikortasun urriko pertsonak eramaten dituztenak, eremuko zein kanpoko etxe batera eraman ere.

c) Garajeko plazen jabeen edo errentarien ibilgailuak, ez bada horietara Foruen plazatik ez den beste ailegatzerik. Ibilgailu horiek ez dute sartzeko denbora-murriztapenik izanen, baina ezin izanen dute ordenantza honen aplikazio eremuan aparkatu.

d) Kasu berezietakoak (etxe-aldaketak, presako obrak, ezbeharrak konpontzekoak eta antzekoak), egiteko beste modurik ez bada edo posible ez denean.

e) Bizikletak.

6. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Trafikoaren antolamenduko arauen haustetzat hartuko da ordenantza honen edozein artikulu urratu edo ez betetzea. Arau-hauste horiek tramitatzeko, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeari, hura garatzeko erregelamenduari eta horiekin bat heldu diren gainerako lege xedapenei jarraituko zaie.

Arau-hausteek zehapenak ekarriko dituzte berekin, aipatu araudian ezarritako legezko prozeduraren bidez jartzekoak.

Langile eta agintari eskudunek emanen dituzte ordenantza honen arau-hausteen ondoriozko salaketak.

Hiru motatako arau-hausteak daude. Hauek dira, dagozkien zehapenekin:

1. Arau-hauste arina, 50 euroko isuna:

–Baimendutako gelditze denbora 15 minutu baino gutxiagoan gainditzea.

2. Arau-hauste larria, 100 eurorainoko isuna:

–Baimendutako gelditze denbora 15 minutuan edo gehiagoan gainditzea.

3. Arau-hauste oso larria, 150 eurorainoko isuna:

–Oinezkoentzako eremuan sartzea baimena ez duen ibilgailu batekin.

–Oinezkoentzako eremuan aparkatzea.

7. artikulua. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Ordenantza honetan aurreikusten ez denerako, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeari eta hura garatzen duen araudiari jarraituko zaie.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Alkatetzak eten dezake ordenantza honen aplikazioa, aplikazio eremu osoan edo horren zati batean, presa, larrialdi edo interes publikoko arrazoiak direla eta, hori egitea bidezko jotzen diren egun edo epeetarako.

AZKEN XEDAPENA.

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L1811221