180. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Tafallako Gizarte-etxeko jubiloteka zerbitzuaren prezio publikoak arautzen dituen arau fiskala. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2018ko ekainaren 26an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zituen 12. arau fiskala eta haren eranskina.

Haren hasierako onespena 2018ko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 11n, eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko 30 egun balioduneko epea iraganik, inork ez duenez halakorik aurkeztu, behin betiko onetsirik gelditu dira.

Ondotik, arau fiskal horren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea bete beharrez.

Tafallan, 2018ko abuztuaren 29an.–Jarduneko alkatea, Juan Andrés Ramírez Erro.

12. ARAU FISKALA, JUBILOTEKA ZERBITZUAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza honetako prezio publikoa.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Jubiloteka zerbitzua erabiltzea da zerga-egitatea.

Subjektu pasiboa

3. artikulua.

3.1.–Jubiloteka zerbitzua erabiltzen duten pertsonak izango dira prezio publiko hauen subjektu pasiboak.

3.2.–Zerbitzu honen onuradunak izan ahalko dira Tafallan edo Orbaibarko udalerrietan erroldaturikoak, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

–65 urtetik gorakoak edo urte horretan adin hori beteko dutenak.

–Edo adin hori baino gazteagoak izan arren, eritasun neurodegeneratibo bat dutenak (iktus, parkinson, dementzia, etab.).

–Edo, salbuespen gisa, eta irizpide teknikoen mende, beren autonomian dituzten mugengatik bestelako baliabide soziokulturaletara iristen ez diren pertsonak, beren garapen pertsonal eta familiarrerako zerbitzu hau onuragarritzat jotzen bada.

Kudeatzeko arauak

4. artikulua. Zerbitzua eskatzeko prozedura:

Jubilotekan parte hartzeko interesa dutenek Tafallako Udalean eskatu beharko dute, Bulego Bakarrean, Gizarte Zerbitzuan eta Udalaren web-orrian eskuragarri egongo den eskabide eredu bat betez.

Gizarte Zerbitzuak egiaztatuko du baldintzak betetzen ote diren, haren egokitasuna baloratuko du eta horretarako informazio osagarria eskatu ahalko du (medikuaren txostena, desgaitasunaren ziurtagia eta balorazio horretarako beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri). Ondoren, kontuan hartuz dauden lekuen eskuragarritasuna, txosten bat eta Alkatetzaren ebazpen proposamen bat egingo ditu, eskaera onartzen edo baztertzen dela adierazten duena.

Ematen den ebazpena interesdunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten.

5. artikulua. Ordaintzeko betebeharra sortzen da Alkatetzaren erabakiaren arabera ebazpen baten bidez eskaera onartzen den unean.

6. artikulua. Hamabost eguneko probaldi bat ezarriko da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak baloratu dezan haren egokitasuna, jubilotekako monitoreak emandako informazioan oinarrituz.

7. artikulua. Eskabidean emandako kontu zenbakian kargua helbideratuz ordainduko da prezio publikoa.

Prezio publikoaren ordainketa aldez aurretik ordainduko da, hilabete osoka, ez bada hamabost eguneko probaldia iragan eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak baloratzen duela baliabide hori ez dela egokia pertsona horrentzat. Kasu horretan hamabostaldi hori bakarrik kobratuko zaio.

Prezio publikoaren kargua hilabete bakoitzaren lehen bost egunetan egingo da, ez bada zerbitzua hilabetearen bata igaro ondoren hasten dela ematen. Kasu horretan, hurrengo hilabetearen lehen bost egunetan egingo da, dagokion hilabeteko aurreratuarekin batera.

8. artikulua. Iraungipena eta etena:

Zerbitzuaren iraungipena egingo da honako kasu hauetan:

1. Interesdunaren borondatez.

2. Probaldia ez bada gainditzen.

3. Erabiltzailearen mendekotasun mailak ezinezko egiten badu erantzun ahal izatea haren beharrei eta taldeak dituenei, taldearen jardueren garapena eragozten duten portaerak dituelako edo taldean egokitzen ez delako.

4. Hilabete baino denbora gehiagotan zerbitzua etenda edukitzen bada.

Zerbitzuan baja emateko, zerbitzu horretako gizarte-langile edo animatzaile soziokultural arduradunak agiri bat sinatu beharko du; agiri horretan, erabiltzaileari dagozkion datuak eta baja emateko arrazoiak azalduko dira, baita zerbitzua emateari utziko dion eguna ere.

Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emango du, eta hartan arrazoia eta ondorioetarako data agertuko dira.

Bajaren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emango zaio interesdunari.

Etena: zerbitzua aldi baterako etengo da, gehienez ere hilabete baterako. Denbora horretan lekua gordeko da eta dagokion tarifa kobratuko da.

Etena bukatzen denean ez badago itxaron zerrendarik, luzatu ahalko da lekua gordetzeko epea, eta dagokion tarifa kobratuko da gehienez ere bi hilabetez.

Zerbitzua interesdunak eskaturik abiaraziko da berriz.

Tasaren kudeaketa baja gertatzen denean:

Iraungitzearen kasuan, ordainketa honela egingo da:

–Hilabete osoa kobratuko da baja gertatzen den hilabetean.

–Probaldian, iraungitzea gertatzen bada teknikari arduradunek, zerbitzuaren egokitasuna baloratu ondoren, proposaturik egiten dela, hamabostaldi hori bakarrik kobratuko da.

Tarifa

9. artikulua. Jubiloteka zerbitzua erabiltzeko tarifak eranskinean agertzen dira.

ERANSKINA, JUBILOTEKA ZERBITZUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN 12. ARAU FISKALAREN PREZIO PUBLIKOEN GAINEKOA

2018ko tarifak

Tarifa erabiltzaile eta hileko: 40 euro.

Iragarkiaren kodea: L1810902