180. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

250E/2018 EBAZPENA, abuztuaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Atarrabiako depositu handia (Burlatako depositu zaharra) eraisteko eta behin-behineko sarbidea eta oinezkoen behin betiko bidea egiteko proiektuari. Atarrabiako udal-mugartean gauzatuko da proiektua, eta sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2018ko apirilaren 25ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Proiektuan proposatzen den jarduketa hau da: erabilerarik gabeko Burlatako deposituaren (Atarrabiako depositu handia) zati bat eraistea, eta hark betetzen duen espazioa begiratoki gisa berrerabiltzea Ezkabako Parkearen barnean, Atarrabiako lurretan. Horretarako, beharrezkoa da obrarako behin-behineko sarbide bat, 350en bat metro luzekoa, herri horretako Landazabalgo eremutik; sarbideak malda konstantea eta 5en bat metroko okupazioa izan behar du, eta egokia izan behar du obra honetan erabiliko diren hondeamakinentzat eta dumperrentzat. Hasiera batean, behin-behineko sarbidea egiteko zulatutako kutxa formako irekigunean, ofiten bidez zolatutako 1,5 metroko zabalerako oinezkoentzako bide bat egokitzea proposatu zen, aipatu den begiratoki berritik igaro eta Atarrabiatik GR 220rako sarbidea izan zedin; baina proiektua berrikusi ondoren, haren tramitaziorako 2018ko abuztuan entregatutako dokumentazioan, sustatzaileak behin-behineko sarbidea lanen ondoren lehengoratzea eta hegalaren hasierako profila guztiz berreskuratzea proposatzen du; gainera, sarbide horren okupazio zerrendan bertako belarki eta zuhaixka espezieak jartzea ere proposatzen du.

Begiratoki horretatik, hurbil dagoen depositura heltzen ahal izanen da. Bigarren depositu horrek ere ez du erabilerarik, eta Atarrabia hornitzen zuen urez; bestea baino txikiagoa da, egoera eta estetika hobeak ditu, eta bisitatzeko utziko da. Eraitsi beharreko deposituak oinplano errektangularra du, eta Ezkaba mendiko ekialdeko hegaleko goiko aldean erdi lurperatuta diseinatu zen.

Depositua ia guztiz eraitsiko da, salbu eta iparraldeko pareta, harkaitz naturala baitu euskarri; deposituko gainerako pareten 2,5en bat metroko perimetro-zokaloa ere ez da eraitsiko, begiratoki berriaren maila adierazten baitu. Deposituaren sabaia, alboko paretak eta bertan dauden elementuak eraistea eta kentzea aurreikusita dago. Lan horietarako, deposituaren hegoaldeko hegalaren zati bat okupatuko da; depositua eraikitzean ateratako lur soberakinen betegarriz osatuta dago eremu hori.

Begiratokia egiteko, deposituaren oinarriaren espazioa zokaloaren mailaraino beteko da. Horretarako, obratik sortutako hondakinen obrako tratamendua eta balorizazioa egin eta gero, berrerabili ahal direnak baliatuko dira; goiko partea, berriz, zelaitu eginen da, eta lur emankorra botako zaio, landareak berriz haz daitezen. Proiektuan, halaber, honako hau proposatzen da: baimendutako kudeatzaile batek kentzea proiektuaren xede den eraispenetik sortu eta berrerabili behar ez diren edo ezin diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakin guztiak.

Espedientean ageri da Atarrabiako Udalak 2018ko ekainaren 7an emandako aldeko txostena.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazi du behin-behineko sarbideak ukipenak eragiten dituela, ingurumen balioa duten eremuak okupatzeagatik (lorategi eremuak, abandonatutako soroetan hazten diren larreak, ingurumen balioa duten basoberritutako larre-sastraka eremuak, zuhaixka eta zuhaitz multzoak, etab.). Gainera, dirudienez, harkaitzezko hesiak, harrobiei zerbitzuak emateko eta beste mendi erabilera batzuetarako egindako antzinako bideen lurrak, eta terrazak dituzten lursailen hormatxoak oztopatzen ditu, besteak beste.

Obraren behin-behineko sarbideak nolabaiteko ikusizko eragina duten ezpondak sortzen ditu. Hala ere, azken proposamenean behin-behineko sarbidea guztiz lehengoratzea aurreikusten denez, jarduketaren aldeko txostena emanen da, eta zenbait diseinu, egikaritze eta jarraipen neurri ezarriko dira, ingurumenarekin bateragarria izan dadin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Atarrabiako depositu handia (Burlatako depositu zaharra) eraisteko eta behin-behineko sarbidea eta oinezkoen behin betiko bidea egiteko proiektuari. Atarrabiako udal-mugartean gauzatuko da proiektua, eta sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Obra hasi aurretik, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txosten bat eskuratu beharko da. Txosten hori proiektuaren beraren eta ager daitezkeen zenbait elementuren –aztarnategi eta aurkikuntza arkeologikoak nahiz balio kulturala, etnografikoa edo historikoa duten elementuak (harrobietako bideak, laboreak egiteko terrazen edo etxolen hormak, etab.)– babesaren bateragarritasunari buruzkoa izanen da, kontuan izanik elementu horiei Ezkabako Parkearen proiektuan ere balioa ematen zaiela.

–Lanak amaitzen direnean, obrarako behin-behineko sarbidea lehengoratu eginen da, hasierako topografia berreskuratu dezan: hasteko, sarbidearen kutxa formako irekigunea zulatzean hondeatutako lurrekin beteko da, eta gero, sarbideko lanak hasi aurreko belar-sastrakak garbitzean ateratako landare hondakinekin eta landare lurrarekin trinkotu eta estaliko da.

–Lur horietako belar-sastrakak garbitu aurretik, okupazio horren mugak hesolekin balizatuko dira, lanak egiten dituzten langileek erreferentziatzat har ditzaten. Horren ondoren, sarbidearen espazioan dauden zuhaitzak botatzeko beharrezkoak diren baso lanak eginen dira, beharrezkoak badira, eta entregatutako dokumentazioan aurreikusten diren aleak babestuko dira.

–Balizak jarri ondoren, sustatzaileak Iruñeko barrutiko Basozaintzari (ogfopamp7@navarra.es) abisatuko dio, bota beharreko ale horiek markatzeko, eta ibilbide aldaketa txikiren bat edota aurreikusitako ibilbidearen alboan dauden zuhaitzei edo zuhaixkei eragindako ukipenak minimizatzeko beste neurri batzuk baloratzeko.

–Gauzatu beharreko baso lanen ondoren eginen da behin-behineko sarbidearen kutxa formako irekiguneko eta deposituaren inguruko belar-sastraken garbiketa. Belar-sastraken garbiketak 0,3tik 0,5 metrora bitarteko sakontasuna izanen du, eta landare lurrak eta landare hondakinak okupazioaren ertzen gainaldean pilatuko dira. Era berean, beharrezkoa bada, deposituaren inguruan eraiste lanak egiteko lautzen den eremuko belar-sastrakak ere garbituko dira.

–Belar-sastrakak kendu ondoren, behin-behineko sarbidearen kutxa formako irekigunea hondeatzean ateratzen diren lurrak eta harriak aparte dagoen eremu batean pilatuko dira. Pilaketa hori nabarmen mugatutako eremu batean eginen da, hegaleko eremu aldapatsuenetatik eta landare estalki baliotsuena duten eremuetatik kanpo; sarbidearen hasieran egitea aholkatzen da, Landazabalgo industrialdearen ondoan, edo hiri lurzoruan. Hondeatutako lur eta harri horiek erabiliko dira sarbidearen lehengoratze topografikoan, kutxa formako irekigunean sartzeko eta betegarria trinkotzeko. Hegalean lur jausiak ez gertatzeko neurriak hartuko dira.

–Behin-behineko sarbideak aldi baterako izaera eta egikaritze epe laburra duenez, ez du arekarik behar izanen. Gainera, sarbidearen okupazioa eta haren lur erauzketen altuera murrizteko, sarbidearen sestra aldatuta egonen denez, lur erauzketako areka horien aldapak zabalak izatea ere ez da beharrezkoa izanen, eta horrek hondeaketa bolumena murriztuko du.

–Behin proposamenaren gutxieneko okupazioa (sarbidea eta deposituaren ingurua prestatzea) eta azken zonakatzea zehazten direnean, lurralde eta paisaia zerbitzu honi okupazio hura agertzen duen plantako plano bat entregatuko zaio ortoargazkian; bertan, gainera, makinen parkea, obra txabolak, eta lurrak eta belar-sastrakak behin-behinean pilatzeko eremuak ere agertuko dira.

–2018ko abuztuan entregatutako dokumentu osagarrietan sartzen diren landaredia lehengoratzeko neurriak beteko dira.

–Deposituaren beraren begiratokian euri uren drainatzeari konponbide egokia emanen zaio, putzuz bete ez dadin eta euri uren irteerak hegalean karkabak sor ez ditzan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Atarrabiako Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1810541