180. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2297/2018 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko diru-laguntzak ematea arautzen duena.

Garapen jasangarrirako 2030 Agenda 2015eko irailaren 25ean onartu zen, eta esaten du partaide diren herrialde guztiek ekonomia dinamikoak, jasangarriak, berritzaileak eta pertsonengan zentratuak eraiki beharko dituztela. Kooperatibek hazkunde ekonomiko jasangarrian eta enplegu egonkorrean nahiz kalitatekoan laguntzen dute. G20ko herrialdeen barruan, enplegu kooperatiboak biztanle landun guztien %12 biltzen du. Ekonomia sozialaren eginkizuna estatu araudian aitortuta dago, estatu politiketan jasotzen da, eta autonomia komunitateen enplegu politika aktiboen parte bat da. Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak ekonomia sozialaren interes orokorra aitortzen du, eta susta eta zabal dezatela eskatzen die botere publikoei.

Ekonomia sozialak garrantzi handiagoa du autonomia komunitate batzuetan bestetzuetan baino, eta Nafarroa aurrenekoen artean dago, enplegu jasangarria eta kalitatekoa sortzen eta mantentzen laguntzen baitu, batez ere krisi ekonomikoetan. Enpresa horiek lurraldearekin duten loturaren ondorioz, bai eta enplegu solidario eta inklusiboaren alde egitearen ondorioz ere, bereziki garrantzitsua da enpresok garatzen laguntzea.

Deialdi honen xedea da ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak diruz laguntzea. Ekintza horiek, zehazki, honako hauek lortzeko izanen dira:

–Ekintzaileen artean, preskriptoreen artean eta enpresa sarean ekonomia sozialaren eginkizuna zabaltzea, haren aitormena sustatzea eta dauzkan printzipioak eta funtzionamendua transmititzea ekonomia sozialaren balioen arabera.

–Ekonomia sozialeko enpresen funtzionamenduan eta estrategian ekonomia sozialaren printzipioen garapena eta ezarpena sustatzea, printzipio horien araberako tresnak eta metodologia erabiliz, printzipiook kudeaketa aurreratuaren ereduan txerta baitaitezke.

–Herritarrak eredu ekonomiko berriaz informatzea eta sentsibilizatzea.

2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legeak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatutako gastu partida bat jasotzen du Ekonomia Sozialaren Plan Integralari dagozkion neurriak errazago betetzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen baita. Foru lege horrek xedatzen du norgehiagoka izanen dela diru-laguntzak emateko prozedura arrunta.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko diru-laguntzen deialdia onestea, bai eta ebazpen honen eranskinean deialdirako jasotako oinarri arautzaileak ere.

2. Baimena ematea 180.000 euroko gastua egiteko aurrekontu partida honetan zordunduta: 950001 96100 4709 241203, Ekonomia Sozialeko Plana garatzeko Laguntzak, 2018. urterako Gastu Aurrekontua; xedea da eranskineko oinarrietan ekonomia sozialari buruz araututa dauden sentsibilizazio eta promozio ekintzak diruz laguntzea.

3. Ebazpen hau Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura eta kontu-hartzailetza delegatura igortzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 20an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da ekonomia sozialarekin zerikusia duten irabazi asmorik gabeko enpresa eta entitateentzako diru-laguntzak emateko baldintzak eta betekizunak arautzea, ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko.

2.–Diruz lagundu beharreko jarduerak.

Honako hauek lortzeko egiten diren ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak izanen dira diruz lagungarriak:

a) Ekintzaileen artean, preskriptoreen artean eta enpresa sarean ekonomia sozialaren eginkizuna zabaltzea, haren aitormena sustatzea, eta dauzkan printzipioak eta funtzionamendua transmititzea ekonomia sozialaren balioen arabera.

Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek dira preskriptore: finantza erakundeak, enpresen aholkulariak, garapen agentziak, toki erakundeak, ekintzailetzari laguntzeko erakundeak, ikastetxeak, ekonomia sozialeko enpresak, laneratzeko jarduerak egiten dituzten erakundeak, eta ekintzaile izan litezkeen pertsonekin harremana izan dezaketen eta ekonomia sozialeko enpresa ekintzailetza eredu moduan gomendatzeko eta azaltzeko gaitasuna duten beste guztiak.

b) Ekonomia sozialeko enpresen funtzionamenduan eta estrategian ekonomia sozialaren printzipioen garapena eta ezarpena sustatzea, printzipio horien araberako tresnak eta metodologia erabiliz, printzipiook kudeaketa aurreratuaren ereduan txerta baitaitezke.

c) Herritarrak eredu ekonomiko berriaz informatzea eta sentsibilizatzea.

3.–Entitate onuradunak eta betebeharrak.

1. Nafarroako ekonomia sozialeko enpresa mota guztiak ordezkatzen dituzten erakundeek eskuratzen ahalko dituzte oinarri hauek araututako diru-laguntzak, eta, horretarako, legez eratuta egon beharko dute, eta helbide fiskala eta lantokia Nafarroan izan.

2. Era berean, aurreko puntuan aipatutako erakundeen elkarteek ere jasotzen ahalko dituzte diru-laguntza horiek, are nortasun juridikorik izan gabe ere. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, bai eta haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da eta aski ahalmen eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan.

3. Beste enpresa batzuk.

4.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa proiektuaren kostuaren %100 izanen da, eta 30.000 eurokoa, gehienez, proiektuko.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Diru-laguntza horrekin entitateak egindako gastuak ordainduko dira, zehazki:

a) Langileak:

Proiektuaren koordinazioa, langile teknikoak eta administrazio laguntza ematekoak.

Hiru kasu horietan, dedikazioa lanaldi osokoa ez bada, dagokion zati proportzionala lagunduko da diruz.

b) Ekintzak egiteari lotutako gastu zuzenak; horien artean, azpikontratazioak diruz lagungarriak izan daitezke.

c) Zeharkako gastu orokorrak. Gastuak onartuak izateko, zein irizpideri egozten zaizkion aipatu beharko da eskaera aurkezteko unean, eta, betiere, jarduera benetan egiten den epearen barruan eginak izan beharko dira. Onartuko den gehieneko zenbatekoa ez da izanen proiektuari egotzitako langileen gastuen %10 baino handiagoa.

Gastu guztiek urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era artekoak izan beharko dute.

6.–Azpikontratazioak.

Erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueraren %80ra arte azpikontrata dezakete hirugarrenekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatuaren arabera.

7.–Eskaeren aurkezpena eta epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, kasuan kasuko gastu baimena argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

3. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, entitateetako batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu eskatuko zaio baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz hori zuzentzeko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

8.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa, zeina Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgunei ofizialean (www.navarra.es) eskura baitaiteke. Diruz lagundu beharreko jarduera bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da.

b) Justifikazioko memoria eta jarduera diruz lagungarria egiteko aurreikusitako lan plana, iraupena, metodologia eta aurrekontua (kalkulatuta eta zehaztuta) barne.

c) Entitatea eratzeko eskritura edo akta, eta estatutuak.

d) Entitate eskatzailearen legezko ordezkariak identifikatzen dituen agiriaren kopia eta, hala behar denean, horiek ahalordetzeko agiriarena, bai eta helbidea eta posta elektronikoa ere.

Ez da beharrezkoa izanen c) eta d) letretan aipatutako dokumentazioa aurkeztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak badu. Halakoetan, entitate eskatzaileak identifikatu beharko du zer espedientetan dagoen dokumentazio hori.

e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

f) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntza batzuk lortu ez direla edo beste administrazio publiko batzuei eskatu ez zaizkiela dioen adierazpena; era berean, helburu bererako diru-laguntzen edo laguntzen eskaera berriak nahiz lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa ere.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetako debekurik urratzen ez duela dioen erantzukizunpeko adierazpena, artikulu horretako 7. apartatuan xedatutakoaren arabera egina.

h) Gardentasunari buruzko betebeharrak:

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

–Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

–Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa denean.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzagatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

9.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan jasotako diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera. Prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren araberakoa izanen da.

10.–Prozeduraren instrukzioa eta balorazio batzordea.

1. Prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, espedienteak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izango da. Kide hauek izango ditu:

–Batzordeburua: Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Ataleko burua.

–Idazkaria: Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Ataleko teknikari bat.

11.–Balorazio irizpideak.

1. Proiektuak baloratzeko irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Beste entitate onuradun batekin edo batzuekin batera egiten bada, 5 puntu.

b) Proiektuaren barruan proiektua kontrolatu eta ebaluatzeko sistemak badaude (emaitzak eta helburuen betetze maila), 5 puntu.

c) Proiektuak barruan hartzen badu edozein hedabideren bidez kanpainak egitea, 5 puntu.

d) Proiektuak azokak antolatzea edo haietan esku hartzea jasotzen badu, 6 puntu.

e) Kongresuak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak eta antzekoak egiteagatik, 10 puntura arte:

–Gutxienez kreditatutako 10 pertsona bertaratzea aurreikusiz gero, 5 puntu. Jarduera Iruñetik eta Iruñerritik kanpo egiten bada, 10 puntu.

Diru-laguntza lortu ahal izateko, gutxienez 10 puntu lortu beharko dira.

2. Diru-laguntzak emateko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Berdinketa izanez gero, kreditu baliagarria eskatutako zenbatekoen arabera hainbanatzearen ondoriozkoa izanen da eman beharreko diru-laguntza.

12.–Deialdia ebaztea.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena, arrazoituta, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere bi hileko epean eman eta jakinaraziko da. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

2. Eskaeren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

13.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera justifikatuta gauzatuko da diru-laguntzaren ordainketa. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du urte bakoitzeko abenduaren 5a baino lehen:

a) Egindako proiektuaren memoria teknikoa, honako hauek barne hartuta; proiektua kontrolatzeko eta ebaluatzeko metodoa eta, hala egokituz gero, egindako zabalkunde kanpainei buruzko guztia.

b) Fakturak eta ordaindu direlako banku egiaztagiriak.

c) Langile gastuen justifikazioari dagokionez, diruz lagundutako jarduerari lotutako langileen zerrenda izenduna, identifikazio datuak, lanaldia eta egozpen ehunekoa zehaztuta. Orobat, nominak, Gizarte Segurantzako kotizazio buletinak eta PFEZaren atxikipenei buruz Ogasunean egindako aitorpenak aurkeztuko dira.

d) Kongresuak, jardunaldiak mintegiak, hitzaldiak eta antzekoak eginez gero, bertaratze egiaztagiriak, bertaratuek betetako sinadura orrien bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eskura daitekeen eredu ofizialaren arabera.

Bidezko egiaztapena egin ondoren, ordaintzeko, hala egokituz gero, eta espedientea ixteko ebazpen egokia emanen da.

2. Aurreko puntuan ezarritako epean justifikaziorik izan ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

14.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira helburu bererako ematen ahal diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin.

15.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea. Horregatik, laguntza emateko ebazpenean kontuan harturiko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, haien berri eman beharko dute.

b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu duen. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

c) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketan egunean dagoela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko edo ordaintzeko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituela egiaztatzeko.

d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren gainean eskatzen dion informazio guztia ematea.

e) Onuradunek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako finantzaketaren publikotasunari dagokionez, entitate onuradunak dokumentuetan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean beti adierazi beharko ditu programaren izena eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala.

16.–Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen dela ziurtatzeko, bai eta ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere.

17.–Datuen babesa.

Deialdi hau dela-eta egiten den datu pertsonalen tratamenduan, datuen babes arloan indarrean dagoen araudiak xedatua bete beharko da, eta, zehazki, honako hauetan adierazitakoa: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa, hartan xedatuaren aurkakoa ez den orotan.

18.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Eskaera entitate elkartze batek aurkeztu badu eta, azkenean, proiektua banan-banan gauzatzen bada, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu eginen da.

Proiektuaren barruan kongresuak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak eta antzekoak egitea badago, eta ez bada betetzen bertaratuko zirenei buruz egindako aurreikuspena, ordaindu beharreko diru-laguntza ez-betetzearen ehunekoan gutxituko da.

3. Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimendu ez badu, zerbitzu horrek ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze interesak barne.

4. Emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da, halaber, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.

5. Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako programa egiteko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Proiektuan proposatu eta balorazioan aintzat hartutako zerbait betetzen ez bada, balorazioan egokitutako puntu bakoitzeko emandako diru-laguntza osorik edo partez itzuli beharko da.

19.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

20.–Publikotasuna.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman diren diru-laguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat, eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean.

21.–“De minimis” araubidea.

Deialdi honetan bildutako diru-laguntzak, zuzeneko edo zeharkako onuradunak enpresak badira, “de minimis” araubideari lotuta daude, Batzordeak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari dagokionez, 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 EB Erregelamenduan xedatutako moduan.

22.–Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

Era berean, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea eta hura garatzen duen araudia ere aplikatuko dira, bai eta 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa ere.

Iragarkiaren kodea: F1810504