180. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

628E/2018 EBAZPENA, irailaren 6koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Urederra ibaian karramarro aloktonoak kontrolatzeko eremua sortzen duena.

Karramarro seinaleduna (Pacifastacus leniusculus) eta karramarro gorria (Procambarus clarkii) espezie exotiko inbaditzaileen zerrendan daude, 630/2013 Errege Dekretuari jarraikiz. Horregatik, espezie horiek kudeatzeko neurriek haiek ez zabaltzea eta, ahal bada, desagerraraztea izan behar dute helburu. Gaur egun neurri eraginkorrak behar dira helburu horietako baten bat lortzeko.

Urederra ibaiaren beheko tartean karramarro seinaleduna hedatu da azken urteetan. Tarte hori ibai-karramarro autoktonoa errekuperatzeko planaren jarduketa eremuan dago. Horregatik, 2014tik, ekainaren 24ko 628/2014 Ebazpenaren bidez, tarte hartan karramarro aloktonoak kontrolatzeko eremu bat sortzea proposatu zen. Haren helburua zen ebaluatzea arrantzaleek karramarro aloktonoak ateratzeak nola eragiten zien ibai tarte hartan zeuden populazioei.

Eremu horri esker egiaztatu nahi zen benetan zer-nolako eragina eduki dezakeen aisialdiko arrantzak karramarroak harrapatzea debekatuta egon den eremu batean eta, modu horretan, baloratzen ahalko da horren eragina kudeaketa-tresna gisa espezie hori ez hedatzeko, populazioaren tamaina murrizteko edo, beste neurri batzuekin batera, espeziea desagerrarazteko eta karramarro autoktonoak eremua birkolonizatzeko.

Bi denboraldi ez dira aski baloratzeko populazio bateko karramarroak harrapatzeak zer-nolako eragina duen populazio horrengan. Beraz, aurten ere karramarroak era kontrolatuan eta arautuan harrapatzeko eremuarekin segitzea proposatzen da, aurreko urteetan proposatu diren ezaugarri berdinekin.

Ibai-karramarroen arrantza Nafarroan honako dekretu hauetan arautzen da:

–Nafarroako Gobernuaren martxoaren 11ko 142/1996 Foru Dekretua, ibai-karramarro autoktonoa Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzea erabakitzen duena, “galzorian” dauden espezieen kategoriarekin.

–Nafarroako Gobernuaren martxoaren 11ko 143/1996 Foru Dekretua, ibai-karramarro autoktonoa ugaltzeko plana onesten duena.

–Nafarroako Gobernuaren martxoaren 11ko 144/1996 Foru Dekretua, Nafarroan karramarro aloktonoak antolatzeko plana onesten duena.

–630/2013 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen duena.

Urederra ibaia ibai-karramarro autoktonoa ugaltzeko eremuan dago (hura ugaltzeko planak ezartzen duen eremuan, alegia). Plan horren arabera, karramarro aloktonoak planaz kanpoko eremuetan harrapatzen ahal dira. Hala ere, karramarro autoktonoak dituzten eremuetan hango populazio aloktonoen aprobetxamendu antolatua ezartzen ahal da, betiere karramarro aloktonoak karramarro autoktonoa duten eremuetara hedatzea ekiditen bada.

Halaber, planaren helburu baten arabera, karramarro aloktonoek ibai-karramarro autoktonoen eremuak inbaditzea ekiditeko, hainbat neurri hartuko dira, hala nola karramarro autoktonoak antzeman diren eremuetan kanpoko espezieak kontrolatzeko jarduketa-programak ezartzea. Programan populazio aloktonoen aprobetxamendu antolatua ezartzen ahal da, betiere karramarro aloktonoak karramarro autoktonoa duten eremuetara hedatzea saihesteko asmoz egiten bada.

Abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuak espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen du. Karramarro seinaleduna (Pacifastacus leniusculus) eta karramarro gorria (Procambarus clarkii) sartuta daude katalogoan. Aipatu errege dekretuaren arabera, abenduaren 13ko 42/2007 Legeak indarra hartu aurretik natur ingurunean sartu ziren arrantza edo ehiza aprobetxamenduko espezie katalogatuak egun hori baino lehen zeuden eremuetatik kanpora hedatzea ekiditeko, ehiza eta arrantza erabiltzen ahalko dira espezie horiek kudeatu, kontrolatu eta desagerrarazteko.

Adierazitakoarekin bat, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Urederra ibaian karramarro aloktonoak kontrolatzeko eremu bat sortzea, ondoren ezartzen diren ezaugarriekin:

1. Jarduketa eremua: karramarroak harrapatzeko eremua Urederra ibaian dago, Artabiako errepideko zubiaren eta Ega ibaiarekiko elkargunearen artean. Guztira, ibaiaren 8,5 kilometro dira, gutxi gorabehera.

Eremu honen barruan bi azpi-eremu bereiziko dira. Bi azpi-eremu horiek honela zedarrituko dira:

a) Goiko tartea, Artabiako errepideko zubitik, presako oinarritik hasita, Larriongo zubiraino. Guztira, ibaiaren 4,1 kilometro dira, gutxi gorabehera.

b) Beheko tartea, Larriongo zubitik Egarekin bat egiten duen arte. Ibaiaren 4,4 kilometro dira, gutxi gorabehera.

2. Karramarroak harrapatzeko baldintzak:

–Harrapatu nahi diren espezieak: karramarro seinaleduna eta paduretako karramarroa.

–Arteak: arrantzale bakoitzak zortzi salabardo erabil ditzake gehienez ere. Salabardo bakoitzean txartela jarriko da eta bertan arrantzalearen izena, bi deitura eta nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen zenbakia.

–Kupoa: ez dago gehieneko kopururik eguneko eta arrantzaleko.

–Neurriak: ez da finkatu harrapatutakoaren gutxieneko neurririk.

–Epea: ebazpen hau argitaratzen den hurrengo egunetik urriaren 15era arte (biak barne), asteko egun guztietan, jai ez diren astearteetan izan ezik.

–Ordutegia: 15:00etatik 21:00ak arte.

Aleak ezin dira uretara itzuli, eta karramarroak harrapatzeko eremutik joan baino lehen hil beharko dira.

3. Baimenak, lehentasunez, goiko tarterako emango dira. Barrutiaren administrazioaren esleipena duen arrantza-elkarteak egingo dituen baimenetan guztiz argi geratuko dira zein diren tartearen mugak. Karramarro exotikoak modu kontrolatuan harrapatzeko barrutietan aplikatzen diren tasak aplikatuko dira hemen ere.

4. Hala ere, elkarteak beheko tarterako baimenak ematen ahalko dizkie eskatzen duten arrantzaleei, irizpide hauek betetzen badituzte:

a) Egiaztatu ahal izatea goiko tarterako bi baimen, gutxienez, aktiboki baliatu dituztela.

b) Beren parteak behar bezala beteta aurkez ditzaten, aipatu goiko tarteko arrantza-unea zein zen eta harrapaketen berri emanez.

c) Sekula ezin izango zaio eman arrantzale bati, beheko tartean arrantza egiteko, goiko tartean baliatu dituen baimen-kopuru berdina edo handiagoa.

Edonola ere, beheko tarterako baimena izateak ez du kentzen dagokion partea behar bezala aurkezteko betebeharra.

5. Arrantzaleak karramarro aloktonoa kontrolatzeko eremuan sartzea: gaur egun karramarroen Nafarroako barruti bat kudeatzen duten arrantzaleen elkarteek hamar egun naturaleko epea dute, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, idatziz adierazteko interesa duten ala ez Ingurumen eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean aritzeko Urederra ibaian karramarroak harrapatzeko eremuaren kudeaketan.

Elkarteen interesaren berri izan ondoren, Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalak koordinatuko du egunak elkarteen artean banatzeko modua, arrantzaleen kopurua eta ibai tarte hori zaintzeko era. Interesa duten elkarteen artean banatuko dira egunak, eta elkarte bakoitzeko zaindari batek agertu beharko du ibaian elkarteari esleitutako egunetan.

Karramarroak harrapatzeko tartea behar bezala zaintzen dela bermatzeko, gehienez ere 30 baimen emanen dira eguneko. Elkarteek zein zainketa-lanetarako hartzen duten konpromisoa, horren arabera banatuko zaizkie baimenak. Karramarroak harrapatzeko tartea erabiltzeko, beharrezkoa izanen da Nafarroako karramarro seinaledunen barruti baterako baimena eta ibai tarte horretarako berariazko baimena izatea.

Dagokion elkarteak bermatuko du Urederrako Kontrol Eremuan baimena duten arrantzaleek bete dutela, kasu guztietan, aurreko urteko informazioa emateko betebeharra, aipatu elkarteak zaintzen dituen tarte guztietan.

6. Betebeharrak: Urederra ibaian karramarroak harrapatzeko eremuan sartu ondoren, nahitaez inkesta bete beharko da honako hauek adierazteko: harrapaketen kopurua, guztira; harrapaketetan emandako denbora; sare-saskien kopurua; eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein datu. Modu horretan, eremuan harrapatzen diren karramarroak zorrozki kontrolatzen ahal dira, esfortzu-unitateko harrapaketen eraginkortasuna ebaluatzeko, eta eremuan guztira harrapatutako karramarroen kopuruaren berri izan daiteke. Esleitutako baimena erabiltzen ez bada ere, inkesta itzuli beharko da egoera jakinarazteko.

Pertsona batek inkesta itzultzen ez badu, ezin izanen du berriro eskuratu karramarroak harrapatzeko eremurako baimenik.

7. Zaintza basozaintzak eta arrantzaleen elkarteen zaindariek egiaztatuko dute karramarroak harrapatzeko eremuak behar bezala funtzionatzen duela, eta kontrol teknikoa Ehiza eta Arrantza Atalak eginen du.

8. Karramarroen ugaritasuna kontrolatzea: karramarroen dentsitateei buruzko datuak eskuratzeko, laginketak eginen dira karramarroen populazioen bilakaera ikusteko, harrapatzen ahal diren aldiaren aurretik, bitartean eta ondoren. Horretarako, hiru laginketa-gune ezarriko dira, bi karramarroak harrapatzeko eremuan eta beste bat eremu horretatik kanpo.

2.–Ebazpen hau igortzea Ehiza eta Arrantza Atalera, Habitaten Atalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera, Foruzaingoko Ingurumena Babesteko Dibisiora eta Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

3.–Ebazpen hau Iruñeko Kirol Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteari, Lizarrako Kirol Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteari eta Arga Ibaia Arrantzaleen Elkarteari jakinaraztea, ohartaraziz ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko uztailaren 3an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1811197