180. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2296/2018 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, ekonomia sozialeko enpresak sortu eta sustatzeko diru-laguntzen deialdia arautzen duena.

Garapen jasangarrirako 2030 Agenda 2015eko irailaren 25ean onartu zen, eta esaten du partaide diren herrialde guztiek ekonomia dinamikoak, jasangarriak, berritzaileak eta pertsonengan zentratuak eraiki beharko dituztela. Kooperatibek hazkunde ekonomiko jasangarrian eta enplegu egonkorrean nahiz kalitatekoan laguntzen dute. G20ko herrialdeen barruan, enplegu kooperatiboak biztanle landun guztien %12 biltzen du. Ekonomia sozialaren eginkizuna estatu araudian aitortuta dago, estatu politiketan jasotzen da, eta autonomia komunitateen enplegu politika aktiboen parte bat da. Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak ekonomia sozialaren interes orokorra aitortzen du, eta susta eta zabal dezatela eskatzen die botere publikoei.

Ekonomia sozialak garrantzi handiagoa du autonomia erkidego batzuetan bestetzuetan baino, eta Nafarroa aurrenekoen artean dago, enplegu jasangarria eta kalitatekoa sortzen eta mantentzen laguntzen baitu, batez ere krisialdi ekonomikoetan. Enpresa horiek lurraldearekin duten loturaren ondorioz, bai eta enplegu solidario eta inklusiboaren alde egitearen ondorioz ere, bereziki garrantzitsua da enpresok garatzen laguntzea.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ekonomia Sozialaren Plan Integrala, 2017-2020 onartu zuen 2017ko maiatzaren 22an egindako bilkuran. Planak bost ildo estrategiko ditu: enplegu jasangarria eta kalitatekoa; berrikuntza soziala; enpresa garapena; gobernantza parte-hartzailea; eta garapen sektoriala. Bost ildo horiek, nagusiki, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gidatzen dituzte, baina beste departamentu batzuek ere parte hartzen dute.

Ekonomia sozialeko enpresa eta erakundeetan, Ekonomia Sozialaren Plan Integralak kudeaketa eredu aurreratu bat ezartzea proposatzen du, bai eta, haien funtzionamenduari eta estrategiari dagokienez, ekonomia sozialaren printzipioak garatu eta ezartzeko jarduketak izatea ere. Ekonomia sozialeko enpresetan lidergo parte-hartzailea sustatu eta garatzeko ekintzak jasotzen ditu, honako hauek guztiak kontuan hartuta: ekonomia sozialeko enpresetan gobernu organoetako kide diren bazkideak; bazkide langileak; bazkide ez diren langileak, sozietate ondorengotza sustatzeko; emakumeek eta gazteek parte hartzea ekonomia sozialeko enpresetako gobernu organoetan. Ereduaren aipatu ezarpena gauzatzeko, honako hauek egin behar dira: sentsibilizazio ekintzak; prestakuntza ekintzak; diagnostikoak enpresetan eta banan-banako laguntza ekintzak kasuan kasuko kudeaketa sistemetan eta kudeaketa planetan txertatzeko; eta ebaluatzea planak ezarri ondoren.

Planean sartutako neurrietako batzuei erantzuna ematen zaie Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatutako deialdien bidez, baina orain egokitu egin behar dira, sortzeko eta sustatzeko deialdi bakar bat osatu behar da, orain mantendu nahi den estrategiaren ildokoa izan dadin.

Abenduaren 29ko 4617/2017 Ebazpenaren bidez, ondoriorik gabe uzten da otsailaren 19ko 416/2014 Ebazpenak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearena bera, araututako diru-laguntzen deialdia. Oraingo deiarekin, haren zati bat eguneratuta jaso nahi da deialdi honetan, eta osatu Nafarroako Ekonomia Sozialaren Plan Integrala, 2017-2020 delakoaren interesetara egokituta.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen baita.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2018ko martxoaren 14an egindako bilkuran, ekonomia sozialeko enpresak sortu eta sustatzeko diru-laguntzen banan-banako ebaluazio araubidea baimentzea erabaki zuen.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ekonomia sozialeko enpresak sortu eta sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea, bai eta ebazpen honen eranskinean deialdirako jasotako oinarri arautzaileak ere.

2. Baimena ematea 120.000 euroko gastua egiteko aurrekontu partida honetan zordunduta: 950001 96100 4709 241203, Ekonomia Sozialeko Plana garatzeko Laguntzak, 2018. urterako Gastu Aurrekontua; xedea da diruz laguntzea eranskinean jasotako oinarrietan araututako ekonomia sozialeko enpresa berrien sorrera.

3. Baimena ematea 190.000 euroko gastua egiteko aurrekontu partida honetan zordunduta: 950001 96100 4709 241203, Ekonomia Sozialeko Plana garatzeko Laguntzak, 2018. urterako Gastu Aurrekontua; xedea da diruz laguntzea eranskinean jasotako oinarrietan araututako laguntza teknikoko ekintzak.

4. Ebazpen hau Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura eta kontu-hartzailetza delegatura igortzea.

5. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 20an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da ekonomia sozialeko enpresen sorrera eta iraupena sustatzea, enpresa berriak sortzeko laguntza emanez, eta enpresa jarduera duten erakundeak ekonomia sozialeko enpresa bihurtuz, bai eta laguntza teknikoa emanez ere ekonomia sozialeko enpresei.

2.–Jarduera diruz lagungarriak.

1. Ekonomia sozialeko enpresa berriak eta lanpostu berriak sortzera eta/edo ekonomia sozialeko enpresa bihurtzera zuzenean bideratutako laguntza ekintzak. Hona hemen jarduketa horiek:

a) Proiektuaren balorazioa eta arreta.

b) Ekonomia sozialeko enpresa ereduari buruzko informazioa eta aholkularitza, enpresaren sorrerari, enpresa eredua ekintzaileei egokitzeari eta barne funtzionamenduaren eredua zehazteari zuzenki lotuta.

c) Negozio eredua zehaztea: talde ekintzailearen eta negozio ideiaren, enpresa planaren edo bideragarritasun azterketen arteko egokitzapena.

d) Aholkularitza langileei, kapitaleko sozietateak edo bestelako erakundeak lan elkartuko kooperatiba, mikrokooperatiba edo lan-sozietate bihurtzeko eta/edo eraldatzeko prozesuetan.

e) Ekintzaile bakoitzaren egoeraren azterketa: lan egoera, kontratuak, kapitalizazioa eta abar.

f) Enpresa berriaren eraketa izapidetzea: aholkularitza eta jarraipena sortzeko prozesuan, izen soziala, notariotza, erregistroa eta abar.

g) Finantzaketa lortzen laguntzea: informazioa eta aholkularitza laguntzei eta banku finantzaketari buruz.

Oinarri horien ondorioetarako, ekonomia sozialeko enpresa baten sorrera diruz lagungarritzat jotzeko, langabezian eta, Gizarte Segurantzan alta ematen den egunean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren agentzietako batean izena emanda dagoen pertsona batek gutxienez eratu behar du enpresa.

Oinarri horien ondorioetarako, enpresa bat ekonomia sozialeko enpresa bihurtzea diruz lagungarritzat jotzeko, langileek lanean diharduten enpresak forma juridikoa aldatzean bihurtu beharko dute ekonomia sozialeko enpresako bazkide langile. Salbuetsita geratuko dira enpresa eraldatu aurretik enpresako bazkide ziren pertsonak.

Sorrerak edo eraldaketak helbide fiskala eta lantokia Nafarroan dituzten lan elkartuko kooperatibetan, mikrokooperatibetan edo lan-sozietateetan gertatu beharko du.

Sortutako enpresa berriko bazkide langileen Gizarte Segurantzako alta emateak eta eraldatutako enpresako langileek Gizarte Segurantzan dituzten afiliazio datuen aldaketak ekonomia sozialeko enpresa kalifikazioa lortu eta hiru hileko epean gertatu beharko dute.

Ez dira diruz lagungarriak izanen bazkide langileen zabalkuntzak.

Ekonomia sozialeko enpresa sortu edo bihurtzeko, aurreko urteko irailaren 1etik uneko urteko abuztuaren 31 arte emandako kalifikazioak hartuko dira. 2018. urterako, aldia 2017ko azaroaren 1etik 2018ko abuztuaren 31 artekoa izanen da. Fakturek eta banku ordainagiriek ekonomia sozialeko enpresa kalifikazioaren eta eskaeraren egunaren artean egon beharko dute.

2. Laguntza teknikoak honako hauek egiteko:

a) Aholkularitza lan elkartuko kooperatibentzat, mikrokooperatibentzat eta lan-sozietateentzat, haien enpresa kudeaketa hobetzeko, lehiakortasuna handitzeko eta enplegua sustatzeko: bideragarritasun azterketak, antolaketa, merkaturatzea, plan estrategikoak, kudeaketa sistemak; aholkularitza enpresa kudeaketaren arloetan, enpresaren jardunean arruntak eta jarraituak direnak salbuetsita; aholkularitza enpresa lankidetzarako.

b) Diagnostikoak egitea, ekonomia sozialeko enpresen funtzionamenduan eta estrategian ekonomia sozialaren eredua garatzea eta ezartzea bultzatzen duten ekintza planak ezartzea edo ebaluatzea: enpleguaren kalitate arloko ekintza planak; bazkide langileak sartzea; gazteak laneratzea; pertsonak laneratzea; prestakuntza ekonomia sozialean; lidergo parte-hartzailearen sustapena; gizartearekiko konpromiso balioena; nazioartekotzea bultzatzea; eta hazkunde eraginkorra eta jasangarria.

Laguntza teknikoak egiteko eta justifikatzeko, gauzatutako laguntza teknikoari dagokion memoria aurkeztu beharko da, bai eta kasuan kasuko fakturak eta banku ordainagiriak ere, eta hori gehienez ere urtebeteko epean egin beharko da (aurreko urteko arazoaren 1a eta uneko urteko urriaren 31 artean), laguntza teknikoa hasten den egunetik azken ordainketa egiten den egunera arte. 2018. urterako, aldia 2018ko urtarrilaren 1etik urriaren 31 artekoa izanen da.

3.–Entitate onuradunak eta bete behar dituzten baldintzak.

1. Honako hauek jaso ditzakete oinarriok araututako diru-laguntzak:

a) 2.1 oinarrian deskribatuta dauden eta ekonomia sozialeko enpresak sortzen edo eraldatzen laguntzeko ekintzetarako diren diru-laguntzak:

Lan elkartuko kooperatibek, mikrokooperatibek eta lan-sozietateek, beren jarduera diruz lagungarrien egileak hauek badira:

1.–Irabazi asmorik gabeko elkartze erakundeak, xede sozialean ekonomia soziala sustatzea jasotzen badute: kooperatiben eta lan-sozietateen elkartze erakundeak, laneratzeko enpresen edo enplegu zentro berezien elkarteak eta fundazioen elkarteak.

2.–Irabazi asmorik gabeko ekonomia sozialeko enpresak, xede sozialean ekonomia soziala sustatzea jasotzen badute: lan elkartuko kooperatibak edo mikrokooperatibak, lan-sozietateak eta fundazioak.

3.–Irabazi asmorik gabeko enplegu zentro bereziak edo laneratzeko enpresak.

4.–Unibertsitateak.

5.–Beste enpresa batzuk.

b) 2.2 oinarrian deskribatutako laguntza teknikoetarako diru-laguntzak:

–Ekonomia sozialeko enpresak, halakotzat jotzen badira kasuan kasuko erregistroetan eta honako kategoria hauetako batean badaude:

–Lan elkartuko kooperatibak eta mikrokooperatibak.

–Lan-sozietateak.

–Laneratzeko enpresak.

–Fundazioak.

–Enplegu zentro bereziak.

2. Oro har, entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratuta egotea.

b) Ekonomia sozialeko enpresa mota bakoitzerako arau bidez xedatu gutxienekoa izan beharko du Gizarte Segurantzan alta egoeran dauden bazkide langileen kopuruak.

c) Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatuak izatea.

d) Diru-laguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmo baten bidez zehatuak ez izatea.

e) Helbide fiskala eta laneko tokia Nafarroan izatea.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

3. Deialdi hau ez zaie aplikatuko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa) ezarritakoaren arabera, eta daukaten jarduera dela kausa, laguntza hauetatik baztertuta dauden enpresen eskaerei, ez eta enplegu programen aplikazioaren ondoriozko onuretatik baztertu diren enpresen eskaerei ere, baztertzeko arrazoia arau-hauste oso larriak egitea izan baldin bada, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) aurreikusitakoari jarraituz.

Kanpo gelditzen dira, orobat, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean ageri diren produktuen produkzioarekin, lehen eraldaketarekin eta/edo handizkako merkaturatzearekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten enpresak (Tratatuaren 38. artikulua).

4.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Ekonomia sozialeko enpresak sortzen eta eraldatzen laguntzeko ekintzetarako, diru-laguntzaren zenbatekoa jarduera diruz lagungarriaren kostuaren %85 izanen da, BEZa kenduta, eta gehienez ere 4.000 eurokoa sortu edo eraldatutako enpresa bakoitzeko, baldin eta ekintza horien egileak 3.1 oinarriko 1, 2, 3 eta 4 zenbakietan aipatutako entitateak badira.

Beste enpresa batzuek egindako ekintzetarako, diru-laguntzaren zenbatekoa jarduera diruz lagungarriaren kostuaren %60 izanen da.

Sorrera edo eraldaketa ez da diruz lagunduko kasuan kasuko arauek eskatutako gutxieneko bazkide lankideen alta eman edo afiliazio-datuak aldatu gabe Gizarte Segurantzan, eta, gutxienez, bazkide langile batek 2.1 oinarrian jasotako baldintzak bete beharko ditu, diru-laguntzarako eskubidea izateko.

2. Laguntza teknikoetarako diru-laguntzetan, diru-laguntzaren zenbatekoa proiektuaren kostuaren %75 izanen da, BEZa kenduta, eta gehienez 6.000 eurokoa izanen da eskaerako diru-laguntza.

5.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako finkatzen den aurrekontuko kontu-sailaren kargura finantzatuko dira, baldin eta halako kontu-sailik badago eta bertan kreditua badago.

Aurrekontuan krediturik ez izatea diru-laguntza ukatzeko arrazoia izanen da.

6.–Eskaeren aurkezpena eta epea.

1. Sortzeko edo eraldatzeko diru-laguntzetarako, eskaerak aurkezteko epea ekonomia sozialeko enpresa kalifikazioa lortu eta hiru hilekoa izanen da, kasuan kasuko gastu baimena argitaratu bada Bestela, epea hiru hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita. Epea urte bakoitzeko abuztuaren 31n amaituko da beti.

Ekonomia sozialeko enpresa kalifikazioa 2017ko azaroaren 1etik lortu duten enpresek diru-laguntza bat jasotzeko eskaera aurkez dezakete kasuan kasuko sorrera eta/edo eraldaketagatik, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hileko epearen barruan, otsailaren 19ko 416/2014 Ebazpenaren bidez diruz lagunduak izan ez badira.

Laguntza teknikoagatik ematen diren diru-laguntzetarako, aurkeztutako faktura hargarrien azken banku ordainketa egin eta hilabetekoa izanen da eskaerak aurkezteko epea, kasuan kasuko gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita. Epea urte bakoitzeko urriaren 31n amaituko da beti.

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako laguntza teknikoengatik diru-laguntza jasotzeko eskabideak aurkez daitezke, bai eta egun horretatik aurrera hasi eta deialdi honen argitalpen ofiziala egin baino lehen amaitu direnengatik ere. Azken kasu horretan, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean aurkez daitezke eskaerak.

2. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez baino ez dira aurkeztuko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, entitateetako batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu eskatuko zaio baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz hori zuzentzeko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

7.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio komun hau aurkeztu beharko dute diru-laguntza guztietarako:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa, zeina Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eskura baitaiteke.

b) Egindako ekintzen memoria teknikoa, zeinak, gutxienez, honako hauek jaso beharko baititu: proiektuan esku hartu duten enpresen izena, IFZ eta helbide soziala; proiektuaren izena; enpresak zer sektoretakoak diren; jarduera planaren eremu geografikoa; proiektuak berekin prestakuntza ekintzak badakartza, prestakuntza plana, eta proiektuarekin duen elkarrekikotasuna; eta proiektuaren hasierako eta amaierako data.

c) Enpresa onuraduna eratzeko eskrituraren edo aktaren kopia, enpresaren estatutuekin batera. Dokumentu horiek eskaeraren datara eguneratuta aurkeztu beharko dira. Era berean, enpresa ekonomia sozialeko enpresa delako kalifikazioaren kopia ere aurkeztu beharko da.

d) Entitate eskatzailearen legezko ordezkariak identifikatzen dituen agiriaren kopia eta, hala behar denean, horiek ahalordetzeko agiriarena, bai eta jakinarazpenak igortzeko helbidea ere.

e) Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartela.

f) Kasuan kasuko jarduera ekonomikoen gaineko zergan kidetua dagoela frogatzen duen agiria.

g) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

h) Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko laguntzak edo diru-laguntzak azalduko dituen adierazpena, edo horrelakorik eskatu ez duela dioen adierazpen espresa, hala bada; orobat, helburu bererako diru-laguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa ere.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

j) Enpresaren jardueren adierazpena.

k) Gardentasun betebeharren adierazpena:

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

–Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

–Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa denean.

Horretarako, bi inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzagatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean agertzen bada.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen duen beste edozein agiri.

1.2. Gainera, ekonomia sozialeko enpresetan enpresa jarduera duten entitateak eraldatzeko eta enpresa berriak sortzeko programetarako:

a) Bazkide langile bakoitza Gizarte Segurantzan izena emanda dagoelako agiriaren kopia, edo dauzkan datuen aldaketa agiriaren kopia, lan kontratuak, fakturak eta dagozkien banku ordainagiriak.

b) Jarduera diruz lagungarria egiten duen enpresak 3.1 artikulua bete duelako egiaztagirien kopia (eskriturak, estatutuak, JEZ, identifikazio fiskaleko txartela).

1.3. Era berean, laguntza teknikoen programetarako:

a) Emandako laguntza teknikoaren ondoriozko gastuei dagokienez, fakturen kopia dagozkien banku ordainagiriekin.

2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

8.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

9.–Prozeduraren instrukzioa.

Prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

10.–Ebazpena eta diru-laguntza ordaintzea.

1. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak honako hauek egiaztatuko ditu: diru-laguntza eskatzeko oinarria den jarduera egiten dela; deialdian adierazitako baldintzak betetzen direla; eta entitate eskatzaileak deialdi honen 12. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen dituela.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den, eta, ematea erabakitzen badu, horixe ordainduko du.

Ebazpena gehienez ere bost hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

3. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

11.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira helburu bererako ematen ahal diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin. Edozein kasutan, haien zenbatekoak ez du garatu beharreko jardueraren kostua gaindituko, ez eta “de minimis” laguntzetarako erregelamenduak ezarritako gehieneko muga ere.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea. Horregatik, laguntza emateko ebazpenean kontuan harturiko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, horren berri eman beharko dute.

b) Sorrera edo eraldaketa prozesuen ondorioz sortutako enpresek beren forma juridikoari eutsi beharko diote, eta Gizarte Segurantzan izena emanda izan beharko dituzte diruz lagundutako bazkide langileak, etenik gabe, kalifikazioa lortu denetik diruz lagundutako azken bazkide langilearen alta gertatu eta hiru hilabete igaro arte. Epe hori igaro baino lehen bajaren bat gertatzen bada, beste pertsona batzuek ordeztu beharko dituzte baldintza beretan, gehienez ere baja gertatu eta 15 egun naturaleko epean. Bajaren eta ordezkapenaren arteko egunak kontuan hartuko dira, enpresan etenik gabe gutxienez eman beharreko hiru hilak zenbatzeko.

c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza edo diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu duen. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, betiere, gertatu eta gehienez ere 15 eguneko epean.

d) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak egunean izatea, bai eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak ere. Betebehar hori egunean duela frogatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituela egiaztatzeko. Eskatzailea berariaz agertzen bada kontsulta hori ofizioz egitearen aurka, adierazitako guztien egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren gainean eskatzen dion informazio guztia ematea.

f) Onuradunek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

g) Nafarroako Gobernuak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako finantzaketaren publikotasunari dagokionez, entitate onuradunak dokumentuetan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean beti adierazi beharko ditu programaren izena, jarduera edo/eta funtzionamendua eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, “Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafarroako Gobernuak finantzatutako programa/jarduera/funtzionamendua” testuarekin batera.

13.–Datuen babesa.

Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

14.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak eta 35. artikuluan jasotako kausak gertatzeak berekin ekar dezakete emandako diru-laguntzak osorik edo partzialki itzultzea, eta, hala egokituz gero, kasuan kasuko berandutze interesa eskatzea diru-laguntza ordaintzen den unetik itzulketaren bidezkotasuna erabakitzen den egunera arte.

15.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

16.–Publikotasuna.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman diren diru-laguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat, eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean.

17.–“De minimis” araubidea.

Deialdi honetan bildutako diru-laguntzak, zuzeneko edo zeharkako onuradunak enpresak badira, “de minimis” araubideari lotuta daude, Batzordeak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari dagokionez, 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 EB Erregelamenduan xedatutako moduan.

18.–Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea eta hura garatzen duen araudia ere aplikagarriak dira.

Iragarkiaren kodea: F1810503