179. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

Epea ireki da Nafarroako nekazaritzako elikagaien enpresek AEBko misio komertzialetan parte hartzeko laguntza eskatzeko, EGEF funtsekin finantzatuta.

AEBak merkatu estrategikoa dira Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen esportazioetarako. Negozioak egiteko erraztasun-adierazleetan liderra da. Gainera, oso zabala da, renta per capita eta lehiakortasun maila handiak dauzka. Horrez gain, Nafarroak nekazaritzako elikagaien eta edarien sektorean egiten dituen esportazioak nabarmen handiagotu dira: 2016an 14.085.280 euro jotzen zuten, eta 2017an, aldiz, 19.557.960 euro jo dute.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak (Nafarroako Ganbera) eta Nafarroako Gobernuak Nafarroako nekazaritzako elikagaien enpresentzako misio komertzial bat bultzatzen dute, AEBetan egitekoa.

Laguntzen deialdia ireki dela iragartzen da, Espainiako Ganberaren Nazioarteko Sustapen Planaren barruko misioan parte hartzeko, %50ean Europar Batasuneko Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantziatuta.

Lehenbizikoa.–Onuradunak.

Parte hartuko duten enpresak (ETEak, mikro-ETEak edo autonomoak) nekazaritzako elikagaien sektoreko balio-katekoak izango dira, eta Nafarroan edukiko dute ekoizpen-egoitza.

Deialdian parte hartzen duten enpresek iragarki honi erantsi zaion deialdiaren oinarrietan eskatutako baldintzak, www.camaranavarra.com webgunean argitaratuak, bete beharko dituzte.

Gehienez 14 enpresa onuradun egonen dira.

Nafarroako Merkataritza Ganberak eta Nafarroako Gobernuak beretzat gordetzen dute ekintza bertan behera uzteko eskubidea bost enpresak baino gutxiagok parte hartzen badute.

Bigarrena.–Xedea.

Deialdiaren xedea ETEen nazioartekotzea sustatzea eta lehiakortasuna hobetzea da, Nafarroako ekonomiaren esportatzeko joera eta oinarri esportatzailea hobetzeko, esportazioaren destinoko merkatuak dibertsifikatzeko eta haien lehiakortasuna areagotzeko asmoz.

Zehatz esateko, ekintza honen helburua da parte hartzen duten enpresei AEBko merkatuko balizko bezero eta inportatzaileen harremanetarako agenda pertsonalizatua prestatzen laguntzea. Ekintza azaroaren 24tik abenduaren 2ra burutuko da, joan-etorriko egunak kontuan hartuta. Misioko ekintza eta harremanak azaroaren 26tik 30era garatuko dira, New York eta Miami hirietan.

Hirugarrena.–Deialdia.

Deialdiaren testu osoa enpresen eskura dago Nafarroako Merkataritza Ganberaren egoitzan. Gainera, www.camaranavarra.com webgunearen bidez kontsultatu daiteke.

Laugarrena.–Zenbatekoa.

Nekazaritzako elikagaien enpresek, deialdi honen esparruan, Ameriketako Estatu Batuetara eginen duten misio komertzialerako gehieneko aurrekontua 54.871,26 eurokoa da 2018ko aldirako, “2014-2020 EGEF-Espainiako eskualde askotako PO” programa operatiboaren barnean.

Nafarroako Merkataritza Ganberak emandako zerbitzu osagarrietarako kalkulatzen diren baliabideak 4.703,20 eurokoak izanen dira, eta Europar Batasuneko Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) eta Nafarroako Gobernuak ordainduko dituzte.

Deialdi honen kargura, nekazaritzako elikagaien enpresentzako misio komertzialean parte hartzen duten enpresei eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoa 25.084,03 eurokoa da, eta diru-laguntza gisa emanen da.

Gastu hautagarriak bidaiei eta ostatuari zein lan agendari dagozkienak dira.

EGEFek finantzatutako laguntzaren zenbateko osoa aipatutako gastuen zenbateko hautagarriaren %50 da, eta enpresa onuradun bakoitzeko gehieneko diru-laguntza 1.690 eurokoa izanen da (750 euro bidaia eta ostaturako eta 940 euro gehiago lan agendarako).

Eskabide kopuruaren eta aurrekontu erabilgarriaren arabera, bigarren bidaia-poltsa finantzatzen ahalko da enpresa bakoitzeko.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2018ko urriaren 5ean bukatuko da. Parte hartzeko eskabide eredua www.camaranavarra.com webgunean eskuratzen ahalko da.

Seigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ekintzari lotutako gastuen eta ordainketen frogagiriak aurkeztea, www.camaranavarra.com webgunean agertzen diren oinarrietan erabilgarri dauden Nafarroako Merkataritza Ganberaren laguntzen deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera.

2. Ekintza gauzatzen denetik hilabeteko epean, deialdian parte hartzen duten enpresek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Gobernuaren laguntzen fitxan erabilgarri egonen den balorazio inkesta betetzeko (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7759/Participacion-en-la-mision-comercial-para-las-empresas-agroalimentarias-en-EEUU), eduki honekin:

–Garatutako jardueraren deskribapena, izandako elkarrizketak eta horietako gogobetetasun-maila zehaztuta.

–Topaketaren gaineko balorazioa eta lortu nahi diren helburuen betetze-maila.

–Etorkizuneko ekintzetarako hobekuntza proposamenak.

Iruñean, 2018ko irailaren 7an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F1811181