2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BASABURUA
Ordenantza, Kirol jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Basaburuko Udalak, 2018ko abuztuaren 30ean egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Kirol jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza, eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, osorik ematen da argitara.
Basaburuan, 2018ko irailaren 3an.–Alkatea, Esther Lakasta Perez Ilzarbe.
ORDENANTZA, KIROL JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea, Basaburuko udalerrian kirol jarduerak egiteko, Basaburua-Imotz Kirol Batzordearekin koordinatuta.
II. KAPITULUA
Onuradunak
2. artikulua. Hona hemen nor diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituztenak:
Udal esparruan egiten diren kirol jardueren erabiltzaileak.
3. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak:
Diru-laguntzen onuradunek Basaburuko udalerrian erroldaturik egon beharko dute, eta Basaburuko Udalarekiko zerga eta tasen ordainketa eguneratua izan.
4. artikulua. Jarduera horiek ematen dituzten monitoreek behar den titulazioa eduki beharko dute, eta Jarduera Ekonomikoen Zergaren Erregistroan kideturik egon.
III. KAPITULUA
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak
5. artikulua. Diruz laguntzen ahal dira eskaera egiten den urtean udalerriaren barrenean egiten diren kirol arloko jarduera programatuak.
Jarduera horiek Basaburua-Imotz Kirol Batzordearekin koordinaturik egonen dira, eta euskaraz emanen dira, besterik behar bezala justifikatu ezean.
IV. KAPITULUA
Eskaera egiteko prozedura
6. artikulua. Osoko Bilkurak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza jaso dezaketen jardueretarako.
7. artikulua. Eskaerak ikasturtea hasi baino hilabete lehenago aurkeztu beharko dira, eta agiri hauek entregatu beharko dira:
–Jardueraren memoria xehatua eta parte-hartzaileen zerrenda.
–Diru-laguntza jasotzeko eskabidea, entitateko buruari zuzendua, hartan adierazita zein kontu korronte zenbakira egin behar den laguntza emateko transferentzia.
V. KAPITULUA
Diru-laguntza
8. artikulua. Entitate honek ematen dituen diru-laguntzak taula honetan ezarritakoari lotuko zaizkio:
PARTE-HARTZAILE KOPURUA | 60 ORDU BAINO GEHIAGO | 50-60 ORDU | 40-50 ORDU | 30-40 ORDU |
6-8 pertsona | 400 euro | 300 euro | 200 euro | 150 euro |
9-11 pertsona | 600 euro | 450 euro | 300 euro | 225 euro |
12-14 pertsona | 800 euro | 600 euro | 400 euro | 300 euro |
15 pertsona baino gehiago | 900 euro | 675 euro | 450 euro | 337,50 euro |
VI. KAPITULUA
Justifikazioa eta kobrantza
9. artikulua. Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako diru-laguntzak jasotzeko, diruz lagunduko den jarduera egina egon beharko da eta hiru hilabetean behin dokumentazio hau aurkeztu beharko da udaletxean:
a) Egindako jardueraren memoria xehatua.
b) Eskabidea, entitateko buruak sinatua, alkateari zuzendua, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.
c) Jardueran parte hartu duten pertsonen zerrenda eta haien sinadurak.
10. artikulua. Laguntzak hiru hilabetean behin emanen dira: lehen hiruhilekoan diru-laguntzen %20 kobratuko da, bigarrenean %30, eta hirugarrenean, gainerako %50a.
VII. KAPITULUA
Onuradunek bete beharrekoak
11. artikulua. Diruz lagundutako jarduerak Basaburua-Imotz Kirol Batzordearen logoarekin iragarri beharko dira.
12. artikulua. Diruz lagundutako jarduerak diru-laguntza onartzen zaien urteko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira.
13. artikulua. Jarduerak ez dira diruz lagunduko, haien hiru hilez behingo justifikazioa aurkezten bada laguntzak emateko irizpideen atalean ezarritako epetik kanpo.
14. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeak diru-laguntza baliogabetzea ekar dezake eta, betiere, hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea.
15. artikulua. Basaburua-Imotz Kirol Batzordeak, salbuespenez, bestelako laguntzak ematen ahalko ditu, ibarrean kirol jarduerak sustatzeko.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek 15 artikulu eta azken xedapen bat dauzka, eta indarra hartuko du Udalak behin betiko onetsi ondoan, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako epea iraganik.
Iragarkiaren kodea: L1811048