178. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko abuztuaren 29an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko tokiko eta erkidegoko LTDko multiplexadoreetan espazioaren erreserba aldatzen duena EiTBren zerbitzuen hedapenerako.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legeak 40.4 artikuluan honako hau ezartzen du: “Autonomia erkidego edo hiri batek hizkuntz eta kultur kidetasunak dituen beste autonomia erkidego mugakide batean egiten ahalko du ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoaren emisioa, lurreko uhin hertziarren bidez, baldin eta hitzarmen bidez hala adosten badute, eta elkarrekikotasuna bada”.

Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Autonomia Erkidegoa mugakide dira, eta hizkuntz eta kultur kidetasunak dituzte. Era berean, harreman esparru zabala dute, eta hala jasotzen du 2016ko maiatzaren 10ean bi aldeek berritu zuten lankidetzarako protokoloak. Protokolo hori garatzeko, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat izenpetu zuten uztailaren 15ean EiTBren hedapenerako, aipatutako 7/2010 Legearen 40.4 artikuluan aurreikusitako balditzetan.

Hitzarmen horren bidez, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuen EiTBren hedapenerako konponbide tekniko egokienak ezartzeko, kasuan kasuko inguruabarrak eta erabilgarri diren kanal digitalak kontuan hartuta, aukera hauekin: batetik, autonomia erkidegoko egungo multiplexadorearen espektroa efizientzia handiagoz erabiltzea edo etorkizunean bigarren multiplexadore bat jartzea autonomia erkidegoan; bestetik, toki mailako LTDko multiplexadoreak erabiltzea; eta, azkenik, aplikatzekoa den araubide juridikoa eta baliabide erabilgarriak kontuan hartuta bideragarria izan daitekeen beste edozein aukera.

Konpromiso honek aurreikusten du Nafarroako Foru Komunitateari esleituriko kanal erradioelektrikoen bidez eginen dela Nafarroan EiTBren zerbitzuen hedapena, Tokiko Telebista Digitalaren Plan Tekniko Nazionala onetsi zuen martxoaren 12ko 439/2004 Errege Dekretuaren arabera, Lurreko Telebista Digitalaren Plan Tekniko Nazionala onetsi zuen eta dibidendu digitalaren liberalizaziorako zenbait alderdi arautu zituen irailaren 19ko 805/2014 Errege Dekretuari jarraikiz, eta etorkizunean onesten den zeinahi plan teknikoren arabera.

Erabilgarri zeuden kanal digitalak ikusirik, Gobernuaren 2016ko uztailaren 27ko Erabakiaren bidez, toki mailako Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) multiplexadoreen bidez Nafarroan EiTBren zerbitzuen hedapenerako espazioa erreserbatu zen. 2016ko abuztuan, erkidego mailako LTDko multiplexadorean espazio bat (26. kanala) libre gelditu, eta erabilgarri zeuden kanalen kopurua aldatu zen. Horren ondorioz, Gobernuak 2016ko irailaren 7an erabaki berri bat hartu zuen, zeinaren bidez aldatu baitzen toki eta erkidego mailako LTDko multiplexadoreen bidez Nafarroako Foru Komunitatean EiTBren zerbitzuen hedapenerako espazioaren erreserba. Erabaki horrek xedatu zuen erkidegoko LTDko mutiplexadorean (26. kanalean) programa bat sartzea (ETB1) eta tokiko multiplexadoreetan beste bi (ETB2 eta ETB3).

Une honetan egoera bestelakoa da, erkidegoko LTDko multiplexadorean (26. kanalean) beste espazio bat libre geratu baita. Hortaz, EiTBren hedapenerako hitzarmenean hartutako konpromisoak kontuan hartuta, egoera berri honek konponbide tekniko egokienak aldatzen ditu; hain zuzen ere espektro irrati-elektrikoaren erabilera efizienteagoa lortzeko, orain komenigarria da erkidegoko multiplexadorean libre gelditu den espazioa erabiltzea, eta, horren ondorioz, Tokiko Lurreko Telebista Digitalaren multiplexadoreetan EiTBren zerbitzuetarako erreserbatutako espazioak berrantolatzea eta askatzea, betiere haietako bakoitzean egun erabilgarri dagoen kanal kopuruaren arabera.

Egoera berri honen aurrean, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak proposatu du erkidegoko LTDko multiplexadorean espazioa erreserbatzea (26. kanala) ETB2ren hedapenerako. Neurri horri esker, Nafarroan EiTBren ikus-entzunezko zerbitzuen hedapena hobetuko da, honako hitzarmen hauetan jasotakoaren izaerari eta hitzei jarraituz: batetik, Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak 2016ko maiatzaren 10ean sinatutako Lankidetzarako Protokolo Orokorra; bestetik, bi autonomia erkidegoek 2016ko uztailaren 15ean izenpetu zuten lankidetza hitzarmena, Nafarroan euskal irrati eta telebista erakunde publikoaren zerbitzuak hedatzekoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak prestatutako txostena ikusirik, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 40.2 artikuluan ezarritako eskumenen arabera, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateari plan tekniko nazionalean esleitutako erkidegoko LTDko multiplexadorearen 26. kanalaren erreserba onestea Euskal Irrati Telebistaren (EiTB) zerbitzuen hedapen digitala egiteko, zehazki ETB2 programa hedatzeko.

2. Nafarroako Gobernuak 2016ko uztailaren 27an hartutako Erabakiaren 1. apartatuan zehaztutako erreserba aldatzea (2016ko 151. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 5ekoa), kontuan izanik Nafarroako Gobernuaren 2016ko irailaren 7ko Erabakiaren 2. apartatuak emandako testua (2016ko 180. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 16koa). Erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko tokiko lurreko telebista digitaleko multiplexadoreetan espazio jakin bat erreserbatu zen. Hona hemen apartatuaren testu berria:

“1.–Nafarroako Foru Komunitateari plan tekniko nazionalean esleitutako tokiko LTDko multiplexadoreetan EiTBren zerbitzuen hedapen digitala egiteko espazioaren erreserba onestea, programen banaketa honen arabera:

–Iruñeko barrutia: 38. kanala (ETB3).

–Tafallako barrutia: 31. kanala (ETB3).

–Lizarrako barrutia: 24. kanala (ETB3).

–Zangozako barrutia: 45. kanala (ETB3).

–Tuterako barrutia: 39. kanala (ETB3).”

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoari, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea SAri, Abian Mediari, Xaloa Kultur Elkarteari, Francisco Javier Ramos Cizaurre jaunari (Nixara) eta Editora Independiente de Medios de Navarra SAri, behar diren ondorioak izan ditzan; eta ohartaraztea erabakiak administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

5. Erabaki hau igortzea Telekomunikazioen Ikuskapenerako Nafarroako Burutzari, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Telekomunikazioen eta Ikus-entzunezkoen Sektorearen Zuzendaritzari, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1810938