178. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

278E/2018 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita batik bat lanean ari direnei zuzendutako prestakuntza programak Nafarroako Foru Komunitatean 2019an eta 2020an gauzatzeko diru-laguntzen deialdia.

Nafarroako Gobernuak borondate argia azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, praktika egokiak bultzatuz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta. Horrela, langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduko da, horixe baita enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren azken helburua.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak (lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duena) eta geroko uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuak, aipatu legea garatzen duenak, sistemaren erreforma integralari ekin diote, eta deialdi honetan kontuan hartu da hori.

694/2017 Errege Dekretuan aurreikusitakoa garatzeko, deialdi honetako diru-laguntzen xede dira zeharkako prestakuntza programak, bai eta ekonomia sozialeko bazkide eta langileentzako zeharkako prestakuntza programak, langile autonomoentzako zeharkako programak eta desgaitasuna duten pertsonentzako zeharkako prestakuntza programak ere. Halaber, deialdi honetan laguntzak eta bekak jaso dira prestakuntza programetan parte hartzen duten langabeei emateko.

Gainera, enplegurako lanbide prestakuntzaren kudeaketa eraginkorrago eta efikazago bat egite aldera, bi urtetarako diru-laguntzak batera emanen dira lehenengo aldiz: 2019 eta 2020.

Ebazpen honen eranskinetan jasotako lehentasunezko ekintzen katalogoak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin bat definitu dira. Izan ere, estrategia horrek balio erantsi handiko jarduerak eta aukera hobeak ematen dituztenak identifikatu ditu, Nafarroaren lehiakortasuna handitzeko funtsezko arlo ekonomikoetan.

Deialdi honen finantzaketa osoa Enplegu eta Lan Aferen Sektoreko Konferentziak emandako funtsen kargura izanen da.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Batik bat lanean ari diren pertsonei zuzendutako prestakuntza programak finantzatzeko 2019ko eta 2020ko diru-laguntza publikoen deialdia onestea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak eta gainerako eranskinak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. Guztira 5.800.000 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik: 2.900.000 euro, 2019ko gastuen aurrekontuko “Landunen lanbide prestakuntzarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950002 96200 4819 242104 partidaren kargura edo gaitzen den antzeko partidaren kargura, eta 2.900.000 euro, 2020ko gastuen aurrekontuko “Landunen lanbide prestakuntzarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950002 96200 4819 242104 partidaren kargura edo gaitzen den antzeko partidaren kargura, baldin eta kreditua baldin badago.

4. 2019ko eta 2020ko ekitaldietako 2.900.000 euroko urteko gastua honela banatuko da:

• 2.400.000 euro, zeharkako prestakuntza programetarako.

• 200.000 euro, ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako prestakuntza programetarako.

• 200.000 euro, langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programetarako.

• 100.000 euro, desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programetarako.

5. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da batik bat lanean ari diren pertsonentzako prestakuntza programak finantzatzeko diru-laguntzak emateko prozedura arautzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

2.–Diru-laguntzen zenbatekoak.

2.1. Modalitate presentzialean prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko berariazko modulu ekonomikoa, lanbide arloen eta kualifikazio mailen arabera zehaztua:

LANBIDE ARLOA

1-2 MAILAK

(euroak orduko)

3-4 MAILAK

(euroak orduko)

ADG

6,63

6,66

AFD

6,97

6,93

AGA

6,85

6,85

ARG

7,00

6,30

COM

6,50

6,53

ELE

6,69

6,44

EOC

6,46

6,46

FME

7,17

7,15

HOT

6,87

6,98

IFC

6,87

9,42

IMA

6,88

6,95

IMP

6,74

6,74

IMS

6,95

6,89

INA

7,56

7,47

MAM

5,88

5,88

SEA

6,68

6,60

SSC

6,72

6,30

TMV

8,05

8,05

Modalitate presentzialean, aurreko taulan agertzen ez diren lanbide arloetako prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu berariazko modulu ekonomikoko araubidea: 6,87 euro parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

2.2. Teleprestakuntzako modalitatean, prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzetarako ezarritako parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko berariazko modulu ekonomikoaren ehuneko 75. Teleprestakuntzako modalitatea izanen da baldin prestakuntza ekintzaren zati presentziala iraupen osoaren ehuneko 20 edo gutxiago bada.

2.3. Modalitate mistoan (presentziala eta teleprestakuntza) prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Prestakuntza entitate publiko zein pribatuak izan daitezke oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean enplegurako lanbide prestakuntza emateko akreditaturik eta/edo behar den erregistroan inskribaturik badaude prestakuntza ekintzaren dibulgazio jarduerak egiten hasi aurretik, barnean direla titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak.

Akreditatuak edo inskribatuak dauden prestakuntza entitateen elkarteek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Elkarte horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen izan beharko duena. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Diru-laguntzei buruzko foru legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin.

Nafarroan akreditatutako edo inskribatutako lokalak edo instalazioak izan arren prestakuntza beste toki batzuetan eman nahi dituzten entitateek eskabidean zehaztu beharko dituzte zer instalazio edo lokaletan emanen duten prestakuntza, eta horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako akreditutaturik edo inskribaturik egon beharko dute lokal edo instalazio horiek deialdia argitaratzen den egunean.

3.2. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.

4.–Prestakuntza programak eta prestakuntza ekintzak.

4.1. Deialdi honen babesean, prestakuntza programa mota hauek gauzatzeko diru-laguntzak ematen ahalko dira:

a) Zeharkako prestakuntza programak, non prestakuntza ekintzen xedea den zeharkako eskumenak eskuratzea lehentasunezko arreta behar duten jarduera ekonomikoko sektoreetarako, helburua izanik identifikatutako joerei erantzutea eta langileen enplegagarritasuna eta sektoreen arteko mugigarritasuna hobetzea.

b) Ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako prestakuntza programak.

c) Langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak.

d) Gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun aitortua duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

4.2. Prestakuntza programa bat bakarrik finantzatuko da entitate bakoitzeko, programa mota bakoitzeko eta urteko. Hirugarren oinarrian aurreikusitako elkarteetako kideei ere aplikatuko zaie muga hori.

Salbuespenez, prestakuntza Iruñerrian bakarrik eman ez dadin, 4.1.a) oinarrian jasotako prestakuntza programen kasuan bi prestakuntza programa finantzatzen ahalko dira baldin bietako bat edo biak eskualdekoak badira, eta ez eskualdeko berekoak. Eskualdeko programak dira enplegu agentziei esleitutako herrietan ematen direnak hasieratik bukaerara:

–Agoizko eskualdea.

–Altsasuko eskualdea.

–Doneztebeko eskualdea.

–Lizarrako eskualdea.

–Lodosako eskualdea.

–Tuterako eskualdea.

–Tafallako eskualdea.

4.3. 2019an egiteko diruz lagundutako prestakuntza programak diru-laguntza ematen den egunetik 2019ko azaroaren 30era bitarte egin ahal izanen dira.

2020an egiteko diruz lagundutako prestakuntza programak 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko azaroaren 30era bitarte egin ahal izanen dira.

4.4. Prestakuntza programa osatzen duten prestakuntza ekintzak garatzeko eta emateko, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Prestakuntza programen barruan egin beharreko prestakuntza ekintzak, baldin eta profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideraturik ez badaude, oinarri hauen III. eranskineko espezialitateetakoak izanen dira, eta gehieneko ordu kopurua eta adierazitako irakaskuntza modalitatea bete beharko dute.

Prestakuntza ekintzak egiteko modalitateak hiru dira: presentziala, teleprestakuntza eta mistoa (presentziala eta teleprestakuntza). Ekintzek, gutxienez, 6 ordu iraunen dute, eta gehienez, 270 ordu. Akreditazio ofizial bat edo unibertsitate-titulu bereki bat lortzera bideratzen denean ekintza, edo arau edo hitzarmen baten bidez luzeagoa izatea eskatzen denean, 270 ordutik gorakoa izan daiteke.

Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokietako prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

4.5. Modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 parte-hartzaileko taldeetan egiteko programatuko dira, edo 25 ikasleko taldeetan, baldin profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideraturik badago.

Teleprestakuntzako modalitatean, tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko, gehienez. Tutore-prestatzaileek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

4.6. Teleprestakuntzako plataformak on-line ikasteko sistema bat izan beharko du, nahikoa ahalmen duena ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta segurtatzeko. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazten diren mailak izatea, honako hauei dagokienez: fidagarritasuna, segurtasuna, irisgarritasuna eta elkarreragina.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela kurtsoaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 x 7 eskuragarri egotea.

–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei, dagokion gakoaren bidez, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Teleprestakuntzako plataformari dagokionez oinarri arautzaile hauetan jaso ez den orotarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da, izen hau duena: Teleprestakuntzako plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza espezialitateetarako. Aipatu ebazpenaren bidez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan enplegurako lanbide heziketa teleprestakuntzako modalitatean ematen duten prestakuntza zentro eta entitateen akreditazioa eta inskripzioa arautzen da.

4.7. Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza akreditatzeko, honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikulua eta Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua.

Deialdi honen ondorioetarako, profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean emanen dira.

Gutxieneko prestakuntza diruz lagungarriak bat etorri beharko du prestakuntza modulu osoekin; lehenbiziko mailako profesionaltasun ziurtagirien kasuan, profesionaltasun ziurtagiri osoekin bat etorriko da.

Profesionaltasun ziurtagiri oso bat eskaintzen denean, lantokietako prestakuntza praktikoaren modulua sartuko da nahitaez.

Profesionaltasun ziurtagiri bateko lantokietako prestakuntza praktikoaren modulua bakar-bakarrik egiten ahalko da baldin eta parte-hartzaileei ahalbidetzen badie profesionaltasun ziurtagiri bat lortzeko behar den prestakuntza osatzea, gainerako prestakuntza moduluak gainditu dituztela frogatuta. Prestakuntza praktikoaren modulu hori lantokia ez den beste toki batean egiten ahalko da baldin eta aplikazio araudiak ahalbidetzen badu.

Irakasleek prestakuntzaren eta esperientzia profesionalaren arloetako aginduak bete behar dituzte, profesionaltasun ziurtagiri bakoitzaren IV. atalean biltzen direnak, eta frogatu behar dute ezen profesionaltasun ziurtagiri horren errege dekretuak irakasteko eskatzen duen gaitasuna badutela, kontuan izanik martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak egin dituen aldaketak.

5.–Prestakuntza programetako parte-hartzaileak.

5.1. Honako hauek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan aurreikusten diren prestakuntza programetan:

a) Zerbitzua administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dutenak, betiere Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza gisa kotizatzen badute.

b) Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

c) Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

d) Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren bestelako enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

e) Langabeak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan pertsona horiek izanen duten parte-hartzea gehienez ere ehuneko 30 izanen da prestakuntza programa osoan, hartan prestakuntza hasten duten pertsonen kopuru osoarekin alderatuta.

Langabetzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran langileak dauden lan egoerari jarriko zaio arreta.

f) Administrazio publikoetako langileei dagokienez, 4.1.a) oinarrian aurreikusitako prestakuntza programetan parte hartzen ahalko dute, baina gehienez ere plan bakoitzean parte hartzen dutenen ehuneko 10 izanen dira.

g) Prestakuntza entitatearen plantillako pertsonek entitateak kudeatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartzen ahal dute, betiere gainditu gabe parte-hartzaile guztien ehuneko 10eko muga eta plantilla guztiaren ehuneko 10eko muga.

Landunek Nafarroako Foru Komunitatean bizi beharko dute, edo bertan eduki lantokia.

5.2. Eskatzaileek soilik behin parte hartzen ahalko dute prestakuntza ekintza bakoitzean. Ondorio guztietarako, parte-hartzaileak betebehar hori betetzen duela aitortuko du eskaeran.

Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

5.3. Indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileek egiten ahalko dute profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza, errege dekretuen araudiaren arabera.

5.4. Entitate onuradunak hautatuko ditu parte-hartzaileak, honako hauek kontuan hartuta: prestakuntza proiektuaren lehentasunak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak langabeei buruz identifikatzen dituen beharrak, eta berdintasun eta objektibotasun irizpideak.

Entitate onuradunak hautaketaren ardura izanen du, baita parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko gaitasunak dituztela segurtatzeko ardura ere, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

5.5. Pertsona hauek izanen dute lehentasuna prestakuntzan sartzeko: emakumeak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik deribatutako pertsonak, desgaitasunen bat dutenak, kualifikazio baxua dutenak, 45 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherako gazteak, lanik gabe luzaro egon direnak eta enpresa txiki eta ertainetako langileak.

Kualifikazio baxuko pertsonatzat hartuko dira ikastaroa hasten denean ondoko kotizazio taldeetako batean daudenak: 06, 07, 09 edo 10. Langabeak edo langile autonomoak badira, hauetako bat ere ez dutenak hartuko dira: lanbide txartela, 2. edo 3. mailako profesionaltasun ziurtagiria, lanbide heziketako titulua edo unibertsitateko titulua.

Luzaroko langabetzat hartuko dira hautapenaren aurreko 18 hilabeteetan gutxienez 12 hilabetez egon direnak enplegu agentzia batean inskribatuak.

5.6. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute parte hartu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Ikaslea bidalia izan bada, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea bidaltzen denetik zenbatzen hasita.

6.–Bekak eta laguntzak.

6.1. Prestakuntza programetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren III. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradunak izaten ahalko dira baldin arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen badituzte.

Bekak zuzenean emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskabide ereduak.

Lanik ez dutenek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak eskaerak jasoko ditu, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura bidaliko ditu 10 eguneko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleen frogagiriak, prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Hiru hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

6.2. Bekak eta laguntzak:

a) Desgaitasunen bat dutenentzako beka.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko erakundeak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzan bertaratzen diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute. Hiriarteko lekualdaketan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen helbidetik zentrorako joan-etorrirako garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek ordutegi erregular bat ez badu prestakuntza ekintzarako egokia, norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntzarako eskubidea izan daiteke. Gorabehera hori laguntzaren ordainketan eskudun den organoak aztertu beharko du. Norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

c) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa) eta bizilekua ekintza ematen deneko herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

d) Ostaturako edo mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 60 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu honengatik. Behar den moduan eta epean, alokairuaren edo ostatuaren faktura edo beste edozein frogagiri aurkeztu beharko da. Gainera, langabeak hasierako eta bukaerako joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 15 euro, biak baturik.

e) Lana eta familiako eginkizunak bateratzeko laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo 2. mailarainoko mendekotasuna duen ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, betiere horiek onuradunarekin bizi badira, eta prestakuntza jarduera hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-sorospena edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean

–IPREM-Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren ehuneko 75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela familia unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, IPREMaren ehuneko 75 gainditzen ez duenean, martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 27. artikuluarekin bat.

Lana eta familiako eginkizunak bateratzeko laguntzaren zenbatekoa eguneko IPREMaren ehuneko 75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

6.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ikasleak ez du eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertu ez den egunei dagokien laguntza edo beka jasotzeko.

7.–Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratutako lanetik kanpoko praktikak.

7.1. Entitate onuradunak prestakuntza praktikoko modulua egiten lagundu beharko die prestakuntza ematearekin batera profesionaltasun ziurtagiri baten modulu guztiak egiten dituztenei, betiere egitera behartuta badaude. Praktika horiek Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik. Hala bada, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena beharko da.

Prestakuntza ekintzaren likidazioan 500 euroko zigorra aplikatuko da prestakuntza praktikoko modulua egiteko aukera eman ez zaion pertsona bakoitzeko.

7.2. Prestakuntza ekintza egin bitartean nahiz hori bukatu ondoren (betiere ebaluazio positiboa lortu bada) egiten ahalko dira praktikak. Prestakuntza ekintzarekin batera egin ahal izateko, praktikak azken modulua eman bitartean hasi beharko dira, edo profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntza moduluen iraupen osoaren ehuneko 75etik gora emana dagoenean. Ekintza bukatu ondoren hasten badira, ez dira 4 hilabetetik gora iraganen horren bukaeraren eta praktiken hasieraren artean. Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena izanda, epe hori luzatzen ahalko da.

Praktikak hasi baino lehen, haien berri emanen zaie enpresako langileen legezko ordezkariei, eta parte-hartzaileen eta tutoreen zerrenda igorriko zaie.

7.3. Lantokietako prestakuntza praktikoko modulua ez da beharrezkoa izanen parte-hartzaileak frogatzen badu profesional ziurtagiriari lotutako lan esperientzia baduela. Frogatze hori organo eskudunek egiten dituzten jarraipen eta kontrol jarduketetan eskatzen ahalko da, eta agiri hauek aurkeztuz eginen da:

a) Soldatako langileak:

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatuta dauden mutualitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jaso beharko dira.

–Lan esperientzia hartu duten enpresaren lan kontratua edo ziurtagiria, datu hauek berariaz adierazita: kontratuaren data, egindako jarduera eta zenbat denbora egin duen lan horretan.

b) Langile autonomoak edo norberaren konturako langileak:

–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak edo Itsasoko Gizarte Institutuak emandako ziurtagiria, izangaia Gizarte Segurantzan dagokion araubide berezian afiliatuta egondako aldiei buruzkoa; egindako jardueraren deskribapena; eta zenbat denbora egin duen jarduera horretan.

c) Langile boluntarioak edo bekadunak:

–Laguntza zer entitatetan eman den, hark egindako ziurtagiria, berariaz adierazita honako hauek: egindako lanak eta eginkizunak, zer urtetan egin diren eta horietan emandako orduen kopuru zehatza.

7.4. Prestakuntza praktikoko moduluak ez du lan harremanik sortzen enpresarekin, ezta diru konpentsazioa ere parte-hartzaileentzat, langabeentzako beka eta laguntzetarako 6. oinarrian ezarritakoa salbu.

8.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

8.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

8.2. Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

Entitate berak ezin izanen du finantzaketarik eskatu, deialdi honen kargura, 4.1 oinarrian aurreikusten direnei erreparatuz mota bereko prestakuntza programa bat baino gehiago gauzatzeko. Salbuespena da eskualdeko programa baterako finantzazioa eskatzea, beste programa bat eskatzen ahalko baita, 4.2 oinarrian ezarritakoarekin bat. Hirugarren oinarrian aurreikusitako elkarteetako kideei ere aplikatuko zaie muga hori.

8.3. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko aitorpenak egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen aitorpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo harturiko diru-laguntzen adierazpena.

c) Adierazpena, dioena badituela behar adina instalazio eta giza baliabide Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren espezialitateen katalogoko edozein espezialitate irakasteko, profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez daudenean.

d) Entitatearen adierazpena, dioena eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla.

8.4. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitate eskatzaileak garatu beharreko prestakuntza programa, martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 16.2 artikuluan ezarritako informazioa izanen duena.

c) Programaren laburpena, aurreikusitako prestakuntza bakoitza adierazita, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

d) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Ez da beharrezkoa izanen dokumentu horiek igortzea aurrez beste edozein administraziotan aurkeztu badira. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datuen bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

8.5. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.6. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, egiaztatzen bada ezen Altsasuko, Lodosako eta Tuterako eskualdeetan entitate bakarra aurkezten dela eskualdeko, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateari aukera ematen ahal dio aurkeztutako programa handitzeko, betiere 11.1 oinarrian adierazitako eskualdeko muga gainditu gabe.

9.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

9.1. Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatzen ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

9.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

10.–Balorazio irizpideak.

10.1. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Prestakuntza eskaintzaren egokitasuna, kontuan hartuta lehentasunezko prestakuntza ekintzen sailkapena (oinarri hauen III. eta IV. eranskinetan aurreikusia).

Irizpide horretan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da, eta gehieneko puntuazioa emanen da parte-hartzaileen portzentajea ehuneko 100 denean maila hauetako bakoitzean:

–Lehentasun oso handiko prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak: 30 puntu gehienez.

–Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratutako lehentasun handiko prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak: 25 puntu gehienez.

–Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratuta ez dauden lehentasun handiko prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak: 20 puntu gehienez.

–Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratuta dauden eta lehentasunezkoak ez diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak: 15 puntu gehienez.

–Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratuta ez dauden lehentasun ertaineko prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak: 10 puntu gehienez.

Lehentasun maila ezberdinetako prestakuntza ekintzak programatzen direnean, azken puntuazioa izanen da maila bakoitzean lortutako puntuazioen batura. Maila bakoitzeko puntuazioa kalkulatzeko, maila horretako parte-hartzaile kopuruak programa osoarekiko duen portzentajea hartuko da oinarri.

B) Lehentasunezko pertsonak.

Irizpide horretan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: lehentasunezko pertsonen portzentajea ehuneko 30 eta ehuneko 100 bitartean dagoenean, 0-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Programaren barrenean lehentasunezko pertsonak kontabilizatzeko, behin bakarrik zenbatuko dira.

C) Parte-hartzaile landunen portzentajea.

Irizpide horretan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: pertsona landunen portzentajea ehuneko 70 eta ehuneko 100 bitartean dagoenean, 0-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

D) Parte-hartzaileak, eskaintzen den prestakuntza ekintza motaren arabera.

Irizpide horretan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da, eta gehieneko puntuazioa emanen da parte-hartzaileen portzentajea ehuneko 100 denean eskaintzen den ekintza mota hauetako bakoitzean:

–Profesionaltasun ziurtagiri oso bat eskuratzera bideratutako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak: 10 puntu gehienez.

–Profesionaltasun ziurtagiri partzial bat (prestakuntza modulua) eskuratzera bideratutako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak: 7 puntu gehienez.

–Profesionaltasun ziurtagiri bat eskuratzera bideratuta ez dauden prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak, dagokion katalogoan adierazitako programazioa eta gehieneko ordu kopurua betez: 4 puntu gehienez.

–Profesionaltasun ziurtagiri bat eskuratzera bideratuta ez dauden prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak, dagokion katalogoan adierazitako programazioa egokituz edo ordu gutxiago eginez: 2 puntu gehienez.

Lehentasun maila ezberdinetako prestakuntza ekintzak programatzen direnean, azken puntuazioa izanen da maila bakoitzean lortutako puntuazioen batura. Maila bakoitzeko puntuazioa kalkulatzeko, maila horretako parte-hartzaile bolumenak programa osoarekiko duen portzentajea hartuko da oinarri.

E) Entitate eskatzaileak programa gauzatzeko duen gaitasun frogatua.

3. oinarrian aurreikusitako elkarteen kasuan, prestakuntza emanen duen entitateak eskaera egiteko unean duen gaitasuna baloratuko da.

Irizpide honen gehieneko balorazioa 25 puntukoa izanen da, xehakapen honen arabera:

E.1. Gaitasun finantzarioa.

Irizpide horretan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: eskatutako diru-laguntza entitatearen negozio bolumenaren ehuneko 25 eta ehuneko 0,1 artean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

E.2. Inkestetan lortutako puntuazioa.

Irizpide horretan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da zentroek aurre-aurreko ekitaldian lortutako puntuazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta entitateak batik bat landunentzat diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenei egindako inkestetan.

Honela eginen da zenbaketa: inkestetako 3tik 4ra doan tarte bat hartuko da kontuan. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) ez zaio punturik emanen, eta gehieneko balioari (4), berriz, 10 puntu. Hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tarte horretan.

Aurre-aurreko ekitaldiko inkesten daturik ez duten entitateei, ekitaldi horretan kontzeptu honi dagokionez lortutako batez besteko puntuazioa emanen zaie.

E.3. Berdintasuna.

Irizpide horretan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: 5 puntu emanen dira honako egoeraren bat gertatzen denean entitate eskatzaileetan: haien estatutu edo helburu sozialetan berdintasuna sustatzea baldin badago; berdintasun plan bat baldin badute; haien zuzendaritza batzordean sexuen arteko oreka baldin badago; berdintasunaren arloko langile delegatuak baldin badituzten edo ofizialki aitortuta baldin badaude gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko entitate kolaboratzaile gisa.

F) Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide horretan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa:

Prezioa merkatzen bada, 2.1 oinarrian ezarritako modulu ekonomikoak kontuan hartuta, ehuneko puntu bakoitzeko: 2,5 puntu. Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

10.2. Batik bat landunei zuzendutako eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntza programak aurre-aurreko ekitaldian gauzatu gabe utzi badira, zigor hauek izanen dira:

–Emandako diru-laguntzaren ehuneko 10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago zigorrik.

–Diru-laguntzaren ehuneko 10etik gorako eta ehuneko 50era arteko ez-gauzatzeak: ehuneko 20ra arteko zigorra, baremoan lortutako puntu guztien gainean.

–Diru-laguntzaren ehuneko 50etik gorako eta ehuneko 100era arteko ez-gauzatzeak: ehuneko 40ra arteko zigorra, baremoan lortutako puntu guztien gainean.

10.3. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako programetan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

11.–Esleitzeko irizpideak.

11.1. Prestakuntza programak programa mota bakoitzaren arabera esleituko dira, balorazio teknikoan lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera, bakoitzerako ezarritako kreditu erabilgarria agortu arte.

–Lehenik, desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira.

–Bigarrenik, ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira.

–Hirugarrenik, langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 100.000 euroko mugarekin programa bakoitzeko.

–Laugarrenik, ordena honetan, eskualdeko zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, muga hauekin:

  • Agoizko eskualdea: 10.500 euro.
  • Altsasuko eskualdea: 40.000 euro.
  • Doneztebeko eskualdea: 13.000 euro.
  • Lizarrako eskualdea: 23.000 euro.
  • Lodosako eskualdea: 78.000 euro.
  • Tafallako eskualdea: 23.000 euro.
  • Tuterako eskualdea: 200.000 euro.

Horiez gain, Altsasuko, Lodosako eta Tuterako eskualdeetako programetan muga hau ezartzen da entitate bakoitzerako: 20.000 euro Altsasun, 39.000 euro Lodosan eta 65.000 euro Tuteran.

Eskualdeko programak esleitzeko, lehentasuna izanen dute eskualdeko plan bakar bat eskatzen duten entitateek.

Baldin eta, eskualdeko lehen esleipen hori egin eta gero, aurrekontu erabilgarria gelditzen bada eskualderen batean, diru-kopuru hori erabiliko da diru-laguntzarik jaso ez duten gainerako eskualdeetako programak diruz laguntzeko. Ordena honi jarraikiz eginen da esleipena, harik eta eskualdeko aurrekontu muga eta eskualdeko eskaerak agortu arte: Tutela, Lodosa, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Doneztebe eta Agoitz.

4.1. b), 4.1.c) eta 4.1.d) oinarrietan jasotako programetarako eta 4.2 puntuko eskualdeko programetarako aurrekontu erabilgarria aski ez bada eskatutako diru-laguntzaren ehuneko 30 edo gehiago finantzatzeko, aurrekontu hori 4.1.a) oinarriko eskualdekoak ez diren zeharkako planetarako zenbatekoari gehituko zaio.

Azkenik, eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 115.000 euroko mugarekin programa bakoitzeko.

Baldin, azken esleipen hori eginik, aurrekontu erabilgarrik badago, onuradun izan ez diren programak esleituko dira, ordena honetan:

–Eskualdeko zeharkako prestakuntza programak, esleipen ordenaren arabera.

–Langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

11.2. Finkatutako mugak entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaizkio, kontuan hartu gabe banaka edo batasun batean (beste entitate batzuekin) aurkezten den.

11.3. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, berdinketa hausteko irizpidetzat hartuko da parte-hartzaile gehien dituen programa.

12.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

12.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da diru-laguntzak emateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako moduan.

12.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

12.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

12.4. Eskaeren Ebaluazio Batzordea eratuko da, ondoko kide hauek osatua:

a) Lehendakaritza: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko Zuzendaritza.

b) Kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

12.5. Ebaluazio Batzordearen txostenean aurreikusitako diru-laguntzaren zenbatekoa eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 eguneko epea emanen da alegazioak aurkez ditzaten. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada, aurreikusitako diru-laguntza mantenduko da. Edonola ere, eskaeraren balorazio teknikoan kontuan hartutako baldintzak errespetatu beharko ditu entitate onuradunak.

12.6. Instrukzio organoak, ebaluazioaren eta, halakorik balego, ondorengo alegazioen emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio.

12.7. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

13.1. Deialdi honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako doakotasuna errespetatzea.

b) Irakasleei hilero saria ordaintzea.

c) Entitate onuraduna behartuta dago deialdi honetan jasotako prestakuntza jardueretara joateak dakarren arriskua estaltzera, lanekoak ez diren praktikak barne; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

d) Prestakuntza ez badago profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta, entitate onuradunak bertaratze ziurtagiri bat luzatu eta eman beharko dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari.

Orobat, diploma eginen da baldin jasotako prestakuntza martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa bada.

Bertaratze ziurtagiriak edo diplomak parte-hartzaileei emateko gehieneko epea bi hilabetekoa da, prestakuntza ekintza bukatzen den egunetik aurrera.

e) Entitate onuradunak 5.5 oinarrian ezarritako eta diru-laguntzak emateko ebazpenean jasotako lehentasunezko pertsonen portzentajea bete beharko du. Hori ez betetzeagatik sortzen diren ondorioak 18. oinarrian aurreikusitakoak dira.

f) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta justifikatzeko faseetan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea.

g) Prestakuntza ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa (parte-hartzaileek jasotzen ez dituzten bertaratze ziurtagiriak eta aprobetxamendu diplomak barne) zentroan gorde beharko da, ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez 4 urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak diru-laguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, organo eskudunari igorri beharko diote dokumentazioaren kopia.

h) Deialdi honen babesean antolatzen diren ekintzen gaineko informazio eta publizitate jardueretan adieraztea finantzaketa publikoa izan dutela, eta, horrekin batera, diru-laguntza zein administraziok eman duen.

13.2. Gardentasun betebeharrak:

13.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuta daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun betebeharra betetzera baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badituzte, urtebetez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo diru-laguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web orrian argitaratuta badago.

13.2.2. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, Nafarroako Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus) adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri.

Gardentasunerako betebeharrak ez betetzeak ekar lezake 500 eurotik 5.000 eurora arteko multak jartzea aipatu foru legearen 12.5 artikuluan adierazitako moduan.

14.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

14.1. Entitate onuradunak gauzatuko ditu prestakuntza programak, martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren 4. eta 17. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

14.2. Prestakuntza talde bakoitzaren hasiera jakinaraziko da, IRIS aplikazio informatikoa erabiliz, prestakuntza ekintza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez. Profesionaltasun ziurtagiriei lotutako prestakuntza denean, epe hori 5 egun naturalekoa izanen da.

Ekintzaren hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, taldea/ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko da, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo taldea/ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo taldea/ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Ekintza noiz hasi den epe horietan jakinarazten ez bada, prestakuntza taldea “ez egintzat” joko da, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada. Kasu horretan behar bezala frogatu beharko da, eta arrazoi horiek gertatzen diren unean jakinarazi beharko dira.

14.3. Entitateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura bidali beharko du ikastaroa hasten duten parte-hartzaileen zerrenda, betiere prestakuntza ekintzaren orduen ehuneko 25 eman aurretik edo prestakuntza hasi zela 5 egun igaro aurretik profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza ekintzen kasuan, IRIS aplikazioa erabiliz horretarako.

Hirugarren eskola egunera bitarte (hori barne) emandako orduak prestakuntza ekintzaren orduen ehuneko 25 baino gehiago badira, dokumentazio hori bidali beharko da prestakuntzaren ehuneko 25 hori bete baino lehen. Dokumentazioaren bidalketa ontzat emanen da baldin eta ehuneko hori gainditzen den eskola egunera arteko epearen barrenean bidaltzen bada, egun hori barne.

14.4. Entitateek aldaketak egiten ahalko dituzte prestakuntza ekintzetan, betiere horien ondorioz balorazio fasean lortutako puntuazioa gutxitzen ez bada. Entitateak aldaketa horien berri eman behar dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, betiere prestakuntza ekintza hasi baino 15 egun lehenago gutxienez, aldaketak egin eta gero lortutako puntuazioaren justifikazioarekin batera.

14.5. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, “Agirien taula. Landunak” agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atarian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

15.–Diru-laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

15.1. Diru-laguntzaren justifikazioa, moduluen bidezko egiaztapen moduan eginen da, hurrengo ataletan ezarritakoari jarraikiz.

15.2. Diru-laguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Diru-laguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Aurrerakina ez da inoiz izanen guztira emandako zenbatekoaren ehuneko 25etik gorakoa. Aurrerakina 60.000 eurotik goitikoa bada, bermeak jarri beharko dira nahitaez, non eta entitate onuraduna ez den administrazio publiko bat edo sektore publikoko entitate bat.

b) Konturako ordainketa. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta konturako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren ehuneko 60; gainerako ehuneko 40 diruz lagundutako prestakuntza jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

15.3. Diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1.–Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

1.–Justifikatzeko memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek bilduko dituena:

a) Onuradunaren egiaztapena edo, hori ez bada, adierazpena modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Diru-laguntzaren zenbatekoa, kalkulatua jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-laguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

15.4. Diru-laguntza justifikatzeko epea hilabete batekoa izanen da, prestakuntza programa bukatu eta hurrengo biharamunetik, abenduaren 15a baino lehen betiere.

Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aldez aurretik edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

15.5. Frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean dokumentazio hori aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo diru-laguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnenak. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

15.6. Diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epea iraganik, entitate onuradunak ez baditu aurkeztu frogagiriak, organo eskudunak onuradunari eskatuko dio 15 eguneko epe luzaezinean haiek aurkez ditzan. Nolanahi ere, aurkeztutako agiriak justifikaziorako aski ez badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak atzemandako akatsak jakinaraziko dizkio entitate onuradunari, 10 eguneko epe luzaezinean zuzen ditzan.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

15.7. Diru-laguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen ehuneko 75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen ehuneko 75 eginez gero, konexio orduen kopurua gorabehera. Pertsona langabeen kasuan, lana, beka edo lanetik kanpoko praktikak lortzeagatik prestakuntza ekintza utzi behar izan dutenek ekintza bukatu dutela ondorioztatuko da, baldin eta prestakuntza ekintzaren ehuneko 25 egin badute gutxienez. Horretarako, ezin dira 5 egun natural baino gehiago pasa langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

Prestakuntza uzten bada, beste pertsona batzuk sar daitezke hartan, joandakoen ordez. Ordezpen hori onargarria izanen da egiten bada prestakuntza ekintzaren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehenago, salbu eta prestakuntza ekintzak bideratuta badaude profesionaltasun ziurtagiriak lortzera, zeren, kasu horretan, ordezpena onartzeko, betiere portzentaje hori gainditu gabe, lehenengo 5 ikastegunean egin beharko baita, prestakuntza ekintza hasten denetik hasita.

Prestakuntza orduen ehuneko 25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, eta arrazoia lana, beka edo lanetik kanpoko praktikak aurkitzea ez bada, prestakuntza ekintzen ondoriozko desbideratzeak onartuko dira, gehienez ere ekintza hasi duten parte-hartzaileen ehuneko 10enak.

16.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

16.1. Eskaintzako prestakuntza programa gauzatzeko ardura duten entitateek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte.

Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso dutenen taldeen ehuneko 5ekoa, gutxienez. Lagin horrek prestakuntza programako ekintzak hartuko ditu bere baitan, kasuan kasuko eremuan lehentasuna dutenak nahiz zeharkakoak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntzaren modalitate guztiak ere.

Egin beharreko jarduketen artean, honako hauek daude:

a) Kontrol jarduketak:

–Alderdi hauei dagokienez, denbora errealean prestakuntza modu egokian ematen dela egiaztatzea: lokalak, irakasleak, ordutegia, programaren egokitasuna, etab.

–Prestakuntza zentroek beren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak egiaztatzea: bertaratzearen kontrola, prestakuntzaren doakotasuna eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren/Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren publizitatea, besteak beste.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egin behar diren tramiteak eta egin behar zaizkion komunikazioak betetzen diren egiaztatzeko barne-kontroleko bisitak prestakuntza programa antolatzen edo kudeatzen den bulegoetara.

–Aurrekoen osagarri den beste edozein jarduketa, telefonozko errekerimenduen bidez, zirkularren bidez edo bestelako baliabideak erabiliz.

b) Ebaluazio jarduketak: parte-hartzaileek prestakuntza ekintza bakoitzaren bukaeran prestakuntza ekintzen kalitateari buruz bete behar duten galde-sorta aztertu eta ustiatzea.

Entitate onuradunek prestakuntza programen eraginkortasuna, efizientzia eta kalitatea segurtatzeko egokitzat jotzen duten beste edozein jarduketa egiten ahalko da.

15.3 oinarrian aipatzen den ebaluazio memorian, entitateak emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak bilduko ditu oinarri honetan aipatzen diren kontrol eta ebaluazo jarduketei buruz.

16.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, ematen den tokian bertan eta egiten den bitartean, froga fisikoak eta testigantzak erabiliz, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta prestatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz prestakuntza ekintza nola egin den, emandako edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunei, prestakuntzako arduradunei, ikasleei eta/edo prestatzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauek teknikoki egiaztatzeko:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartuko dira etorkizuneko deialdietako balorazioetan, II. eranskinean ezarritakoaren arabera (Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubidea).

16.3. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galdetegia” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

Era berean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du, enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistema hobetzeko asmoz.

17.–Azpikontratazioa.

17.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza ekintza gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioak pertsona fisikoen kontratazioari bakarrik egiten dio aipamena. Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

17.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

18.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

18.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak eta emate-ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak diru-laguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta/edo, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako diru-laguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

18.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

–Prestakuntza programa ez betetzea.

Guztizko ez-betetzea izanen da diruz lagundutako prestakuntzaren ehuneko 35 gauzatzera ez iristea; halakoetan, diru-laguntza deuseztatu eginen da. Prestakuntza partez gauzatzen bada, gauzatu ez den zatian gutxituko da, betiere hori ehuneko 35 baino gehiago bada.

–10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen ez-betetzea.

Programa diruz laguntzeko baloratu diren irizpideak osorik edo baten bat betetzen ez bada, programa horri dagokion azkeneko likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken justifikaziotik.

–Ikasle langabeen portzentajea ez betetzea.

Likidazio ondorioetarako, parte hartzen duten langabeak ehuneko 30 baino gehiago badira, portzentaje horretatik goiti parte hartzen duten langabeak kenduko dira, parte hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak ez betetzea.

Baldin 16.1 oinarrian ezarritako ebaluazio eta kontrol jarduketa horiek egiten ez badira, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:

  • Ebaluazio eta kontrol jarduketak gutxienez prestakuntza taldeen ehuneko 2,5ean egin ez badira, azken likidazioan ehuneko 3ko murrizketa aplikatuko da.
  • Ebaluazio eta kontrol jarduketak prestakuntza taldeen ehuneko 2,5etik ehuneko 5era egin badira, azken likidazioan ehuneko 1,5eko murrizketa aplikatuko da.

18.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

18.4. Atal honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarritakoa.

18.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo diru-laguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua erabil daiteke hasiera batean ezetsitako prestakuntza programei esleitzeko.

19.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Entitate onuradunek diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu badituzte, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko diru-laguntzarekin. Beraz, hartutako zenbatekoan gutxituko da.

20.–Datuak babestea.

20.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

20.2. Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gainerako garapen arauetan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira.

21.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan agertzen ez den orotan honako hauetan ezarritakoa aplikatuko dira: martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 7ko TAS/718/2008 Agindua (errege dekretu horren bidez arautu zen enplegurako lanbide prestakuntzaren azpisistema), irailaren 9ko 30/2015 Legea (lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duena) eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua (irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena). Aplikagarri izanen dira, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea; Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea; eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein araudi.

22.–Diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta programak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Betiere, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatu beharko dira (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen foru dekretua da hori).

23.–Errekurtsoak.

Gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo haiek jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubidea

Aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubide hau ezartzen da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketen esparruan (deialdi honen oinarri arautzaileetan zehaztu dira):

1) Ez-betetzeengatiko zigorra deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren ehuneko 30era artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: zigorraren ehuneko 1.

–Ez-betetze larri bakoitzagatik: zigorraren ehuneko 5.

–Ez-betetze larri bakoitzagatik: zigorraren ehuneko 10.

2) Aipatutako ez-betetzeak metatu egiten dira, eta, denak batera, ezin dira sekula izan baremoan lortutako puntu kopuru osoaren penalizazioaren ehuneko 30etik gorakoak.

3) Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1. puntuan aurreikusitako zigorra ehuneko 50 murriztuko da.

4) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskabiderik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaro osoaren planifikazio osoari dagokionez (CP-3):

  • Dokumentuan ageri diren prestakuntza moduluko eta/edo prestakuntza unitateko orduen kopurua bat ez etortzea ziurtagirian jarritakoekin.
  • Ikastaroak prestakuntza unitate sekuentziaturik baldin badu, haiek ez egotea programaturik bata bestearen ondotik emateko.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzaren planifikazio didaktikoari dagokionez (CP-4):

  • Bildurik ez egotea ziurtagiriko eduki eta ebaluazio irizpide guztiak.
  • Ebaluazio irizpideak (1. zutabea) ez dira agertzen ezagutzen eta trebetasunen arabera sailkaturik, egoki den gaitasunaren barnean.
  • Edukien multzoek (2. zutabea) ez dituzte esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.
  • Estrategia metodologikoek (3. zutabea) ez dituzte esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazio probari dagokionez (CP-8):

  • Proba egoki egiteko jarraibideak zehazturik ez egotea.
  • Proba kalifikatzeko sistema zehazturik ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, amaierako ebaluazioko probak biderik ez ematea unitate bakoitzaren puntuazioa identifikatzeko.
  • Banakako ebaluazio txostenean jasotako emaitzak ez egotea adierazita 0tik 10era arteko puntuazioekin.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

  • Lanekoak ez diren praktiketako prestakuntza programak ez izatea jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpide eta prozedurarik (PNL-2).
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan ez egotea haien sinadurarik (PNL-4), edo jarduera deskribatu gabe egotea.
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan, jarduera ez egotea deskribaturik (PNL-4).
  • Praktiketatik salbuetsirik ez egotea.
  • Salbuespena eskatzeko aurkeztutako agiriak ez izatea egokiak.
  • Jasota ez egotea praktikei egindako ukoak, kasua bada.

5) Hauek izanen dira ez-betetze larriak:

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.

–Ikasleari “gai” kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen ehuneko 75era ez bertaratu.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan:

  • Plangintza didaktikoan (CP5) modulu bakoitzaren amaierako ebaluazioa ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, ikaskuntza prozesuan ez proposatzea gutxienez ebaluazio jarduera bat prestakuntza unitate bakoitzeko.
  • Prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazioaren probak (CP-8) ez izatea teoria eta praktika.
  • Prestakuntza moduluko amaierako kalifikazioa lortzeko sistema ez etortzea bat araudiarekin (CP-6).
  • Moduluan amaierako probaren bigarren deialdirik ez egitea lehenago gainditu ez dutenentzat.
  • CP-6an jasotako amaierako puntuazioa bat ez etortzea ikastaroaren aktan (CP-7) jasotako amaierako kalifikazioarekin.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

–Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzek 30 parte-hartzaileko gehieneko kopurua gainditzea, edo 25 parte-hartzailekoa profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan.

6) Hona hemen ez-betetze oso larriak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Asistentzia-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gordailukoak.

–Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan ageri den asistentzia-kopuruarekin (PNL-5).

III. ERANSKINA

Zeharkako prestakuntza planetako prestakuntza ekintzak (PDFa).

IV. ERANSKINA

Lehentasun handiko edo oso handiko profesionaltasun ziurtagiriak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1810663