178. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZOAIN-ARRIASGOITI

Ordenantza, festa-ekitaldiak egiteko laguntza ekonomikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Lizoain-Arriasgoitiko Udalak, 2018ko maiatzaren 30ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lizoain-Arriasgoitiko herrietan festa-ekitaldiak egiteko laguntza ekonomikoak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 119. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 21ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Lizoainen, 2018ko abuztuaren 16an.–Alkatea, Amaia Ekisoain Gorriz.

Ordenantza, Lizoain-Arriasgoitiko herrietan festa-ekitaldiak egiteko laguntza ekonomikoak arautzen dituena

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Lizoain-Arriasgoitiko herrietako festetan ekitaldiak egiteko laguntzak arautzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Laguntzen onuraduntzat hartuko da horiek eskatzen dituen pertsona fisikoa, dagokion herriko bizilagunak ordezkatuz eta ordenantza honen I. eranskinean ageri den ereduari jarraituz eskatu ere.

Onuradunak eguneratuak izan behar ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak, eta ez da egon behar Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (hemendik aurrera DLO) 13. artikuluan ezarritako ezein egoeratan. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar du eskaerarekin batera, II. eranskineko ereduaren arabera.

3. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

DLOren 14. artikuluarekin bat, honako hauek dira, besteak beste, onuradunaren betebeharrak:

a) Diru-laguntzaren oinarri diren xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo behar den jokabidea izatea.

b) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

c) Organo emaileak egiten dituen egiaztatze jarduketak onartzea eta horietan eskatzen den informazio guztia ematea.

d) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo entitate laguntzaileari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, nolanahi dela ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Diru-laguntzaren ebazpen-proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zerga-betebeharrak eguneratuak dituela frogatzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Ordenantza honen 8. artikuluan ezarritako hedatze neurriak hartzea.

h) DLOren 37. artikuluan zehazten diren kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzetarako gastuaren zenbatekoa aurrekontuko partida berariazkoan zehaztuko da. Festetarako diru-laguntza urtean behin bakarrik emanen da, herri bakoitzeko. Gehieneko diru-laguntza 300 eurokoa izanen da, jai eguneko, eta diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa 900 eurokoa da, herri bakoitzeko.

Musika emanaldiak baldin badira bi egunean behintzat eta, gutxienez, beste bi ekitaldi baldin badira egun bakoitzeko festa-egitarauan, hiru jai egun direla ulertuko da.

Ez da inoiz enpresaren IFK duten tiketekin edo fakturekin justifikatutako zenbatekoa baino gehiago emanen.

5. artikulua. Laguntzak emateko prozedura.

Eskaerak festa-ekitaldia izan den urtean egin behar dira, betiere deialdia Udalaren iragarki-taulan argitaratu ondoren.

Honako hauek aurkeztu behar dituzte eskatzaileek:

a) Eskabide orria (ikus 1. eranskina).

b) Egindako gastuaren frogagiriak (tiketak edo fakturak), bai bankukoak, bai jarduerak garatzen dituzten enpresek ofizialki egindakoak. Horietan argi eta garbi utzi beharko da urte berean ordaindu dela, ez baitira diruz lagunduko beste urte batzuetan egindako jarduerak.

c) Festetako kartela edo, bestela, antolatutako festa-ekitaldien zerrenda.

Herri bakoitzeko festak bukatu eta gero ordainduko dira laguntzak.

Tramitazioan akatsak atzemanez gero, bost eguneko epea eman ahalko da akats horiek zuzentzeko.

6. artikulua. Ekitaldi diruz lagungarriak.

Diru-laguntzaren xede da musika emanaldiak, herri bazkariak, haurrentzako jolasak eta gainerako festa-ekitaldiak kontratatzea.

Ahal dela, toki publikotan egin beharko dira festa-ekitaldiak, festak publikoak izan daitezen eta guztion parte-hartzea erraz dadin.

7. artikulua. Ebazteko organo eskuduna.

Eskaerak baloratzeko eta ebazteko organo eskuduna Alkatetza da, edo Osoko Bilkura, diruz laguntzen den zenbatekoaren eta gastuak baimentzeko arauen arabera.

8. artikulua. Diru-laguntzaren publizitatea.

Honako testu hau jaso beharko dute onuradunek festetako karteletan: “Colabora el Ayuntamiento del Valle de Lizoain-Arriasgoiti/Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalaren laguntzarekin”, Udalak berak emaniko Udalaren armarriarekin.

Kartelak ele bitan egonen dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Itzulpenik behar izan ezkero, Udalak eginen du.

Kartelak ez dira iraingarriak izanen, ezta sexistak ere, eta idazkera inklusiboa izanen dute.

Ahal diren baliabide guztien bidez emanen zaie publizitatea festei.

Udalak kartela argitara dezan errazteko, posta elektroniko bidez igorri behar zaio festak hasi baino astebete lehenago, gutxienez. Honako helbidera bidali behar da: lizoain@izaga.infolocal.org.

9. artikulua. Diru-laguntzak ematea.

Ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak bete behar dira diru-laguntzak emateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Araudi honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu.

I. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena diru-laguntzaren onuradun izateko debekuei buruz (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1810442