178. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LERIN

Helduen euskara prestakuntza diruz laguntzea arautzen
duen ordenantza. Behin betiko onespena

Leringo Udalak, 2018ko maiatzaren 14an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Helduen euskara prestakuntza diruz laguntzea arautzen duen udal ordenantza. Hura 2018ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, ondorio juridikoak izan ditzan.

Lerinen, 2018ko uztailaren 31n.–Alkatea, M.ª Consuelo Ochoa Resano.

UDAL ORDENANTZA, HELDUEN EUSKARA PRESTAKUNTZA
DIRUZ LAGUNTZEA ARAUTZEN DUENA

1.–Helburua eta xedea.

Ordenantza honen helburua da euskara ikasten ari diren Leringo herritarrei diru-laguntzak emateko modua arautzea.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta kontzeptuak.

Irailaren 1etik abuztuaren 31ra bitarteko ikasturte akademikoan egiten diren ikastaroetan matrikulatzeko emanen dira laguntzak. Ez dira diruz lagunduko kilometro-ordaina, ostatu hartzeko gastuak edo gisakoak. Homologatutako kurtso estentsibo (120 ordu edo gehiago) zein intentsiboetarako (70 ordu edo gehiago) emanen dira diru-laguntzak.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Ordenantza honetan xedatutako moduan ematen diren diru-laguntzetarako zuzkidurak urtero finkatuko dira udal aurrekontuetan, Aurrekontua Betearazteko Oinarrietan ezarritakoari jarraituz.

Behar den epean eta moduan aurkeztutako eskabideen artean banatuko da horretarako dagoen zuzkidura. Eskabideek deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Gehienez ere, matrikularen %50 lagunduko da diruz.

Dena den, diru-laguntzen onuradunek ezin izanen dute 200 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso deialdi bakoitzeko.

4.–Deialdia.

Diru-laguntzetarako deialdia urtero eginen da, alkatearen ebazpen bidez, eta Leringo Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan iragarriko da.

5.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak urte bakoitzeko irailean aurkeztu beharko dira nahitaez.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Leringo Udalaren erregistroan:

a) Eskaera ofiziala, behar den bezala beteta.

b) Eskatzailearen nortasun-agiriaren kopia.

c) Errolda-ziurtagiria.

d) Matrikularen ordainagiria. Haren %100 ordaindu dela agertu beharko du.

e) Diru-sarrera zein banku-libretatan jaso nahi den, libreta haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

f) Administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako diru-laguntza guztien aitorpena. Zehaztu beharko da ebazpenik baden edo ez; diru-laguntzak emateko ebazpenik bada, kopia bat erantsiko da.

Hori guztia zuzenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako prozeduren bidez egin daiteke. Kulturako udal bulegoaren helbidea honako hau da: Leringo Udala, Kultur koordinazioa, udaletxe plaza 1, 31260 Lerin; telefono-zenbakia: 948 530 222.

7.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza hauek betetzen dituztenek eska ditzakete diru-laguntzak:

a) Diruz lagundutako ikastaroaren %75era joan izana egiaztatzea.

b) Lerinen erroldaturik egotea, etenik gabe eta diru-laguntza eskatzen den eguna baino urtebete lehenagotik, gutxienez. Leringo Udaleko langileek eta Leringo Udalean karguak dituztenek diru-laguntza eska dezakete, nahiz eta udalerrian erroldaturik ez egon.

c) Leringo Udalari betebehar fiskalak ordainduak izatea. Udalak ofizioz egiaztatuko du gorabehera hori eta behar den prozedura erabiliz jasoko du.

d) 16 urtetik gorakoa izatea.

8.–Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan akatsik bada edo dokumenturen bat falta bada, hamar eguneko epea emanen zaio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo dokumentazioa osatzeko. Epe hori iraganik eskatzaileak akatsak zuzendu gabe edo dokumentazioa osatu gabe, ulertuko da eskabideari uko egin diola.

9.–Ebazpena.

Deialdi honetako diru-laguntza emateari buruzko ebazpena Alkatetzak emanen du, Kultura eta Hezkuntza Batzordearen proposamena ikusi ondoren, 15 egun balioduneko epean. Ebazpen hori interesdun guztiei jakinaraziko zaie.

Ebazpena emateko eta diru-laguntza ordaintzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori diru-laguntza eskatzen denetik zenbatuko da. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskatzaileak ulertuko du eskaera ukatu zaiola.

10.–Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzak behin ordainduko dira, emateko ebazpena hartu ondoren; eskatzaileek adierazitako kontu-zenbakira eginen da transferentzia.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste entitate publiko edo pribatuek emaniko beste batzuekin, finantzazioak kostua gainditu gabe, betiere.

12.–Diru-laguntzak itzultzea.

Onuradunek diru-laguntza guztia edo haren zati bat itzuli beharko dute, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Diru-laguntza eskuratu izana eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla medio.

b) Eskatzen diren dokumentuak aurkeztu ez izana horretarako ezarritako epean.

c) Bateraezinak diren laguntzak batera jaso izana.

d) Bete beharreko egiaztapenak onartu ez izana, edo eragozpenak paratu izana.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio. Zehapen-prozedura abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

14.–Datuak babestea.

Eskatzaileen datuak tratatuko dira Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

15.–Aplikatu beharreko araudia.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, aplikatzekoa izanen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan xedatua.

16.–Indarra hartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L1810961