178. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Aldaketa, Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2018ko ekainaren 5ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Aiegiko Udalaren hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzaren aldaketa.

Aldaketa horren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2018ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 17an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurrean egon bitartean aurkeztu diren alegazioak ebatzirik, Aiegiko Udalak, 2018ko abuztuaren 23an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea aldaketa Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzen ahal den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.

Aiegin, 2018ko abuztuaren 23an.–Alkatea, Juan María Yanci López.

AIEGIKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeak ezarritakoaren arabera, Aiegiko Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokion guztia, barne araubideari eragiten dion guztian.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izango dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izango du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak egingo dizkio Udalari (adibidez, lanak kanpoko enpresa batekin azpikontratatzea).

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izango dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatu ahalko ditu. Udalari jakinarazi beharko dio aurretik, horrek baimena eman eta lanak eta ordenantza betetzen dela ikuskatu beharko baititu. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, horren ardura duten udal zerbitzuek edo kontrataturiko hileta zerbitzuek hezurtegi orokorrera eramango dituzte gelditzen diren gorpuzkiak, eta ez da inolako abisurik eman beharko.

8. artikulua. Hilerrira iritsi eta berehala ehortzi behar ez diren hilotzak gorputegian utziko dira ehorzteko unea iritsi bitartean. Ez da ehorzketarik egingo heriotza gertatu eta 24 ordu bete gabe, eta hilotzak gorputegian utziko dira epe hori bete bitartean.

Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

9. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu edo erraustu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Hilobiratu zirenetik bost urte igaro eta gero, erabat hezurtuta badaude.

b) Noiznahi, gorpuzkiak erraustu egin baziren.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emango, epaile baten aginduz ez bada.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ehorzten denean, bai ateratzen denean, edo atera eta berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da hilerriko erregistro-liburu ofizialetan. Horietan agertuko dira ehortziaren izena eta bi abizenak, gorpuzkiak hilobitik ateratzeko baimenik ez emate aldera 9. artikuluan ezarritako epea iragan baino lehen, bai eta argiro zehazte aldera hilotz bakoitzaren egoera, justiziak hilobitik ateratzea agintzen ote duen, eta jasoko da hilotza I. taldekoa edo II. taldekoa den.

12. artikulua. Ehorzteko emakida administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, dohainik edo kostubidez, eta hura Udalak emango du.

Ez da inoiz eta inola ere epe mugarik gabeko emakidarik emango.

13. artikulua. Hilerrian ematen diren emakida guztiak (bai lurrean doan bai nitxoan kostubidez, kolunbarioan edo panteoi-sotorako lurzatian) ehorzketetarako eta hilobietako elementuak jartzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira emakidadunen eskubide guztiak. Ondorioz, bai lurzatia bai jartzen diren hilobietako elementuak araudi honetan ezarritakoaren menpe egongo dira.

14. artikulua. Lurren edo hilobien emakida ematea ez da horiek saltzea. Emakidako lurren gainean hilobietako elementuak jartzeak ez dakar haien gaineko xedapen egintzarik.

15. artikulua. Bi emakidadun ukitzen dituzten obretan, mehelinei buruz indarra duten xedapenek aginduko dute.

16. artikulua. Hilobien kokalekua, lurrerauzketa gastuak eta gainerako guztiak, lanak bukatu artekoak, emakidadunaren kontura izango dira.

17. artikulua. Hilobiak garbi eta apain edukitzea emakidadunen betebeharra da. Alkatetzak errekerimendu egin ahal die hilobia egokitzeko obrak egin ditzaten, eta bestela hark berak egin ahalko ditu, emakidadunen kontura, baina ordaintzen ez badute, eskubidea galduko dute, eta, horren ondorioz, gorpuzkiak atera eta hezurtegi orokorrera eraman ahalko dira, baldin eta 9. artikuluan jasotzen diren epeak iragan badira.

18. artikulua. Ordenantza hau onetsi baino lehenagoko emakideei araudi hau aplikatuko zaie.

19. artikulua. Emakidak eta aprobetxamenduak honako hauengatik ere buka daitezke: hilerria kentzeagatik, interes publikoagatik edo emakidaren epea eta kasuan kasuko luzapenena, halakorik balitz, betetzeagatik.

20. artikulua. Gaur egungo hilerria ondoko eremuez osatua dago:

Sartu eta eskuinera, hilobiak lurrean dituzten bost lerro, eta horietara iristen da San Zipriano, San Martin eta San Veremundo izeneko hiru kaleetatik. Aurretik aipatu hiru kaleak itxiz, hilerriaren ekialdean eta alde hartako hormari itsatsirik, nitxoen 54 hilobi daude.

San Zipriano kalean, hilerriko hormaren ondoan, 52 kolunbario daude.

Sartu eta ezkerrera, nitxoen hilobien lehen multzoa dago (57 daude, hiru altueratako lerroan). Multzo horren parez pare daude biltegi txiki bat, txokoa betez; hezurtegia eta nitxoen beste multzo bat (42 daude eta 1. multzoan bezala banaturik). Ipar-ekialdetik hilerria ixten duen horma osoa hartzen du gorputegiak, txokoa betez; sarrerako bi ate independente ditu, eta aldarea. Kokapen honek erdialdean osatzen du Santa María plaza deitzen dena, eta horren erdian daude panteoi-sotoak.

21. artikulua. Panteoien eremua banatua dago 2,50 bider 2,50 metroko 10 lurzatitan; lau panteoiko bi multzo, eta bi panteoiko bat osatuz. Lurzati horiek emakida administratiboaren bidez adjudikatuko dira enkante publikoan, eta gutxieneko prezioa 1.500 euro da. Emakida 50 urteko eperako da, emakida egiten den egunetik hasita.

22. artikulua. Panteoirako lur baten emakidadun guztiek honako betebehar hau daukate: panteoia lau alderdietatik mugatu behar dute lur sailetik hogeita hamabost zentimetrora den harrizko edo porlanezko hesi batez, eta aurrealdea itxi behar dute obra finko baten gainean jarritako hesi edo kate batez.

23. artikulua. Panteoirako lur baten emakidadunek ezingo dute hilerriko kale edo pasabideen zero kota metro batetik gora gainditzen duen eraikuntza obrarik egin. Baimenduko da lur azpiko eraikuntza, eta gurutze bat, lapida bat edo apaingarri bat jartzea, aurretik aipatu altuera gainditzen badu ere, udalaren obra lizentzia lortu ondoren.

24. artikulua. Panteoi-sotoek dauzkaten ezaugarri bereziak direla eta, ehorzketak, hobitik ateratzeak edo nahi den beste edozein zerbitzu, eskatzailearen kargura eta haren bitartekoekin egingo da.

25. artikulua. Nitxoen emakidak 12 urterako emango dira, nitxo erabilgarririk baldin bada udal hilerrian, hileta-zerbitzuak nitxoan ehorzteko ezarritako prezioan eta, aurretik eskatuta, 12 urterako luzapenak ematen ahalko dira, ematen den unean indarra duen prezioa ordainduta.

26. artikulua. Nitxoen emakidak emateko, eskaeren hurrenkera hartuko da kontuan. Haien adjudikazioa honela egingo da: erabiltzen ari den multzoaren aurrean jarrita, behetik gora eta ezkerretik eskuinera. Hilerriko nitxo guztiak erabiltzen direnean, emakida iraungita duten nitxoetako gorpuzkiak atera eta hezurtegi orokorrera eramango ditu Udalak, nitxoen emakida berriz emateko. Hori ez bada posible, iraungitako emakida duen nitxorik ez dagoelako, Udala ez dago behartuta emakida mota hau egitera.

27. artikulua. Kolunbarioen emakidak 40 urterako emango dira, kolunbario erabilgarririk baldin bada udal hilerrian, hileta-zerbitzuak kolunbarioan ehorzteko ezarritako prezioan eta, aurretik eskatuta, 40 urterako luzapen bat ematen ahalko da, ematen den unean indarra duen tarifa ordainduta.

28. artikulua. Kolunbarioak soilik erabiliko dira hilotzen errautsak edo hezurrak gordetzeko. Hilobian beste hondar batzuk egonda, kolunbarioan ehorzteak hori erabiltzeko emakida berria ematea dakar 40 urteko aldirako, ehorzten den egunetik zenbatzen hasita, aurretik ordainduta ehorzketari eta emakidari dagozkien tasak.

29. artikulua. Kolunbarioen emakidak emateko, eskaeren hurrenkera hartuko da kontuan. Haien adjudikazioa honela egingo da: haien aurrean jarrita, behetik gora eta ezkerretik eskuinera.

30. artikulua. Santa María plazan dauden nitxoak eta kolunbarioak ixten diren aldean baimena emango da hilarria jartzeko eta bertan inskripzioak egiteko. Hilerriaren ekialdean dauden nitxoetan, daukaten konfigurazio bereziagatik (harri granitiko homogeneo batez egindako itxitura baitute), soilik baimentzen da inskripzioa granitozko plaketan, eta horiek ezin dira ordeztu beste batzuekin, ez eta jarri ere apalik edo ateratzen diren edo multzoaren uniformitatea hausten duten bestelako elementurik.

31. artikulua. Lurreko hilobien emakidak hurrenkeraren arabera emango dira, doakoa izango da, eta kontzesioa 12 urterako izango da. Hala ere, zerbitzua doakoa denez gero, leku gutxi izateagatik premiarik bada, legeak ezartzen duen gutxieneko epea beteta jasoko da. Emakidaren epea igaro ondoren, Udalak hilobiko gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eraman ahalko ditu, lurreko hilobien emakida gehiago emate aldera.

32. artikulua. Lurreko hilobiek ondoko neurriak izan beharko dituzte: 2,40 m luze, 1 m zabal eta 2 m sakon. Hilobietan gurutze, hilarri edo antzeko zerbait jarri ahalko da eta bertan inskripzioak egin ahalko dira. Halaber, lurzatia harriz, zementuz, katez edo hesiz mugarritu ahalko da, baina hesiak 40 zentimetro izan ahalko ditu gehienez.

II. KAPITULUA

Tasak, hilerrian zerbitzuak egiteagatik

33. artikulua. Zerga-egitatea honako zerbitzu hauek egitea da:

1.–Lurpean hilobian ehorztea.

2.–Nitxoan hilobian ehorztea.

3.–Panteoi-sotoan ehorztea.

4.–Kolunbarioan hilotzen errautsak edo hezurrak gordetzea.

5.–Hilerriko beste lan batzuk.

34. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, eta pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan daitezke.

35. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

36. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

37. artikulua. 30. artikuluan ezartzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emango du udal bulegoetan, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

TASEN ERANSKINA

1. epigrafea–Ehorzketak, lurrean.

2. epigrafea.–Ehorzketak, nitxoan.

3. epigrafea.–Ehorzketak, panteoi-sotoan.

4. epigrafea.–Hilotzen errautsak edo hezurrak gordetzea kolunbarioan.

5. epigrafea.–Nitxoko hilobien emakida.

6. epigrafea.–Kolunbarioko hilobien emakida.

7. epigrafea.–Lurreko hilobien emakida.

8. epigrafea.–Beste zerbitzu batzuk. Ordenantza honetan zehaztuta ez dauden zerbitzuak eta, arau orokorretik kanpo egin nahi direnez, Udalak baimendu beharrekoak diren ehorzketak, eskatzaileak bere kontura kontrataturiko pertsonek egiten ahalko dituzte.

Aipatu tasak kobratzeko, kontrataturiko hileta-zerbitzuak ehorzteko eta emakidak egiteko ezarritako prezioa jarriko da.

Iragarkiaren kodea: L1810640