178. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

443/2018 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez jarraibideak onesten dira, Lanbide Heziketako ikasketez gain araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko, 2018-2019 ikasturterako.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko balioko duten jarraibide batzuk onestea du xede ebazpen honek, behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lor daitezen Lanbide Heziketako ikasketez gain araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan, 2018-2019 ikasturtean, haien autonomiaren esparruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horietan Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketako ikasketez gain, araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dira 2018-2019 ikasturterako.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura eta “Sakana LH” IBPra eta “Lumbier LH” IBPra, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 27an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Jarraibideak, Lanbide Heziketako ikasketez gain araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko, 2018-2019 ikasturtean

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:

Lehenbizikoa da ikastetxe bateratuaren plangintzari buruzkoa, eta zenbait ohar ditu araubide bereziko kirol ikasketetako zikloen ezaugarri berariazkoen gainean.

Bigarrenean antolaketa-alderdi berariazko batzuk zehazten dira, beharrezkoak direnak araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeen funtzionamendurako.

Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren arauak azaltzen dira.

I. KAPITULUA

Ikastetxe bateratuaren plangintza

Hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2018-2019 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko ebazpenean adierazitakoaz gain, Lanbide Heziketako ikasketez gain araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek arreta berezia eman beharko diete honako alderdi hauei:

1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak ezarri duen Jarduketa Planarekin lotutako kirol ikasketei buruzko neurrien berrikuspena eta programazioa.

Kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek berraztertu eta programatu beharko dituzte Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak ezarri duen Jarduketa Planean aipatzen diren bost jardun-ildo estrategikoekin lotutako neurriak. Ildo horiek hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2018-2019 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko ebazpenaren 1. jarraibidean garatzen dira.

Aipatu bost ildo estrategikoak hauek dira:

a) Kirolaren eta teknologiaren arloko berrikuntza.

b) Lanbide informazioa eta orientazioa hobetzeko modu erabakigarrian laguntzea.

c) Lanbide Heziketa Dualaren garapena eta finkapena.

d) Kanpoko ekintzen sustapena.

e) Ikastetxearen identitatea ezaugarritzea.

2. Araubide bereziko kirol ikasketen berariazko planen berrikuspena eta programazioa.

Ikastetxeek bertan ezarritako araubide bereziko kirol ikasketekin loturiko planak berraztertu eta programatuko dituzte.

3. Araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek araubide bereziko kirol ikasketei buruzko Jarduketa Plana prestatzen laguntzea.

Araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeetako gobernu organoek Jarduketa Plana prestatzen lagun dezaten sustatzeko, Arte Eskolako zuzendariak, ikastetxeko gobernu organoen parte-hartzea bermatuko duen eta ikastetxeak berak erabakitzen duen barne prozesuaren ondoren, txosten idatzi bat bidaliko dio Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari, egoki jotzen diren proposamen edo iradokizunekin, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak kontuan har ditzan 2019ko Jarduketa Plana prestatzeko orduan.

Txosten hori 2018ko abenduaren 31 baino lehen bidaliko da, eta alderdi hauek jorratzen ahalko ditu: tituluak berritzea, prestakuntza eskaintza, lanerako prestakuntza, lanbide arloko informazioa eta orientazioa, berrikuntza, antolaketa eta kudeaketa eredua eta/edo ikastetxeak kontuan hartzen duen beste edozein alderdi.

4. Programazio didaktikoak.

Araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek modulu guztien programazio didaktikoak prestatu beharko dituzte, baita modulu horien zati diren lan unitateenak ere, eta dagokien plangintza dokumentuan jasoko dira.

Programazio didaktikoetan gauzatzen da nola garatuko den curriculuma ikasgelan. Programazio didaktikoetan alderdi hauei erreparatuko zaie bereziki:

a) Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren curriculum berria duten zikloak ezartzearen ondorioz egin beharreko egokitzapena.

b) Urriaren 21eko 93/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan adierazitakoa, ebaluazio prozesuaren plangintzarako irizpideei dagokienez eta arlo horretan erabakiak hartzeari dagokionez.

Ikasleek idatziz jaso beharko dute programazio didaktikoen oinarrizko alderdiei buruzko informazioa, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarri bezala. Horren bidez, ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitatez kanpoko ikasketetarako.

II. KAPITULUA

Antolaketaren gaineko alderdiak

1. Irakasle espezialistak.

Araubide bereziko kirol ikasketetako zikloak, indarrean dauden titulu eta curriculumetan definitzen denez, irakasle espezialistei egozten diete modulu batzuen irakaskuntza-eskumena.

Publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioen araberako kontratazioa egiteko helburuarekin, Hezkuntza Departamentuak, bere garaian, hainbat kirol espezialitate/modalitatetako irakasle espezialisten zerrendak irekitzeko deialdia egin zuen.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuak zehazten du ikasturte bakoitzean irakasle espezialistak kontratatzeko zer-nolako beharra dagoen. Hau, gainerako irakaskuntzetan bezala, eskolaratze-aurreikuspenak oinarri hartuta egiten da, irakaskuntza hauen erregulazioari eta garapenari datxekien berezko malgutasun-baldintzak kontuan hartuz.

2. Irakasle espezialisten eginkizunak.

2.1. Hona hemen kirol ikasketetako irakasle espezialisten eginkizunak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 91. artikuluan aurreikusitako eginkizun orokorrak zehaztuz eta malgutasuna kontuan harturik:

a) Esleiturik dituzten modulu eta blokeen programazioa eta irakaskuntza.

b) Ikasleen ikasprozesuaren ebaluazioa.

c) Ikasleen tutoretza, esleiturik dituzten modulu eta blokeei dagokienez.

d) Ikasleen orientazioa prestakuntza, kirol eta lanbide arloetan, zerbitzu edo departamentu espezializatuekin elkarlanean.

e) Ikastetxearen jarduera orokorrean parte hartzea, ebapen honetan ezarritakoarekin bat.

f) Hezkuntza Departamentuak erabakitzen dituen ebaluazio planetan parte hartzea.

g) Ikerketa, saiakuntza eta etengabeko hobekuntza dagozkien irakaskuntza prozesuetan.

2.2. Irakasle espezialistek elkarlanean eta talde-lanean gauzatuko dituzte aurreko atalean adierazitako eginkizunak.

3. Irakasle espezialisten lanaldia.

3.1. Irakasle espezialisten lanaldia egin beharreko lanaren ezaugarrietara eta kirol ikasketen berezko malgutasunera egokituko da.

3.2. Oro har, lanaldia ikasturtearen irakastaldian gauzatuko da, hau da, irailaren 1etik ekainaren 30era arte. Kirol modalitate eta espezialitateen inguruabarrak kontuan harturik, ikasturte bakoitzaren egutegia arautzen duen ebazpenak zehaztuko du irakastaldia.

4. Irakasle espezialisten ordutegiaren alderdi orokorrak.

Irakasle espezialistek bakoitzaren kontratuan ezarritako orduetan gauzatuko dituzte irakaslanari eta ikastetxeari lotutako jarduerak.

5. Irakasle espezialisten irakas-denbora.

5.1. Eskola saioek eta irakastordutzat hartutako saio osagarriek osatzen dute irakas-denbora. Ikastetxean edo ikastetxetik kanpo egin daitezke biak. Eskola saioen iraupena berrogeita hamabost minutukoa da. Irakastordutzat hartutako saio osagarrien iraupena hirurogei minutukoa da.

5.2. Eskola saioetan zuzenean irakasten da, hau da, irakaskuntza teorikoa eta praktikoa ematen zaie ikasleei, ikastetxean zein ikastetxetik kanpo, edo bestelako jarduerak egiten dira, beste eginkizun batzuk betetzeko.

6. Irakasle espezialisten irakas-denbora: banaketa eta alderdi orokorrak.

6.1. Zuzeneko irakaskuntzako eskola saioek eta irakastordutzat hartutako saio osagarriek osatzen dute irakasle espezialisten irakas-denbora. Zuzeneko irakaskuntzako 4 eskola saioko, irakastordutzat hartutako ordu osagarri bat esleituko da. Irakastordutzat hartutako saio osagarriak astean zenbatzen ahalko dira, eta/edo hilean.

6.2. Orduen banaketan ikasketa hauen berezitasuna kontuan hartu beharko da, malgutasun neurriei dagokienez.

6.3. Orobat, kontuan hartu beharko da kirol ikasketetako irakasle espezialistak kirol eta lanbide arloetako jarduera egiten duten profesionalak direla, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 51. artikuluan adierazten den bezala, eta horregatik jarduera horiek (irakasle espezialista izateko beharrezko baldintza) eskola saioak betetzearekin bateratu behar dira.

6.4. Zuzeneko irakaskuntzako eskola saioak:

6.4.1. Ikasleei eskola edo irakaskuntza emateko saioak. Zuzeneko irakaskuntzako orduen artean kontzeptu hauekin bat datozenak daude:

a) Talde edo klase arruntarekin emandako orduak, berariazko blokearen moduluetan eta prestakuntza praktikoaren blokean, ikastetxean zein ikastetxetik kanpo.

b) Bikoizketa orduak, berariazko blokearen moduluetan eta prestakuntza praktikoaren blokean, ikastetxean zein ikastetxetik kanpo.

c) Ikastetxetik kanpo egin beharreko saio praktikoak prestatzeko behar diren orduak.

6.4.2. Erantzukizuneko karguen eginkizunak betetzeko denbora. Zuzeneko irakaskuntzako eskola saioak esleitu behar dira berariaz, honekin bat:

a) Berariazko blokearen moduluen koordinazioa eta tutoretza. Kontratuan berariazko blokearen moduluen koordinazio lanak esleiturik dituen irakasle espezialistak hemezortzi ordu izanen ditu bere irakastorduen artean modulu horiek edo bloke hori koordinatzeko, lehenbiziko mailan edo hasierako zikloan, edo hogeita zazpi ordu, bigarren mailan edo amaierako zikloan.

b) Prestakuntza praktikoaren moduluaren tutoretza, eta, goi mailako kirol ikasketetan, aurrekoaz gain, proiektuaren moduluaren tutoretza: prestakuntza praktikoaren moduluaren tutoreak, eta, halakorik bada, proiektuaren moduluaren tutoreak, tutoretzan dituen ikasle kopuruaren arabera, irakastordu hauek izanen ditu bere kontratuan:

–LOE tituluetan, tutoretzan dituen ikasle kopuruaren arabera: 2 irakastordu tutoretzan duen ikasle bakoitzeko.

–LOGSE tituluetan: kirol modalitate eta espezialitatean hasi eta hobetzeko saioei dagozkien orduak, dagozkion egitura eta curriculuma onesten dituen foru dekretuan ezarriak.

6.5. Irakastordutzat hartutako saio osagarriak zuzeneko irakaskuntzakotzat zorrozki hartu ezin direnak dira. Haien xedea berariazko jarduera batzuk egitea da, irakastorduen kopurua handitzea dakartenak. Kontzeptu hauekin bat datoz:

a) Departamentuaren bilera.

b) Berariazko blokeko eta prestakuntza praktikoko irakasle espezialisten bilera.

c) Klaustroaren bileretara joatea.

d) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joatea.

e) Kirol ikasketei dagozkien koordinazio tresnak prestatu eta berrikustea.

7. Antolamenduzko alderdi metodologikoak.

Kirol ikasketetako bloke espezifikoen moduluetarako erabiltzen diren ordu praktikoak modu komunean ematen ahalko dira, horretarako berariaz prestatzen diren jardunaldietan. Jardunaldi horietan modulu ezberdinetako alderdi praktikoak batera lantzen ahalko dira.

8. Kirol ikasketetako departamentua.

8.1. Araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan, kirol ikasketetako berariazko departamentu bat izanen da. Kirol ikasketetako irakasle espezialistak departamentu horretan sartuta egonen dira, curriculumaren programazioaren eta programazio didaktikoaren ondorioetarako, eta departamentuari atxikitako ikasketen koordinazio orokorraren ondorioetarako.

8.2. Irakasle espezialistek parte hartuko dute departamentu horretan, hitza eta botoa izanik, betiere ikasturte batean berariazko blokearen moduluak eta prestakuntza praktikoa emateko behar den denborarako kontratatuak edo izendatuak izan badira.

9. Irakasle espezialisten parte-hartzea ikastetxeko organoetan.

9.1. Irakasle espezialistek klaustroan eta taldeko irakasle-taldeetan parte hartuko dute. Irakasle espezialistek ez dute parte hartuko ikastetxeko koordinazio pedagogikorako gainerako organoetan.

9.2. Kontuan hartu beharko da kirol ikasketetako irakasle espezialistak kirol eta lanbide arloetako jarduera egiten duten profesionalak direla, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 51. artikuluan adierazten den bezala, eta horregatik jarduera horiek honengatik dituzten betebeharrekin bateratu behar dira, irakasle espezialista izateko beharrezko baldintza baita. Beraz, kirol eta lanbide arloetako jardueren betebeharrek galarazten badie klaustroko bileretara joatea, ez dute joan beharrik izango.

9.3. Kirol ikasketetako irakasle espezialista gisa kontratatutako edo izendatutako pertsonak ezin dira hautagai edo hautesle izan ikastetxeetako kide bakarreko gobernu organoetarako.

10. Prestakuntza praktikoaren antolaketa.

Kirol ikasketetako irakasle espezialistek laguntzen ahal dute prestakuntza praktikoaren antolaketan, eta, bereziki, alderdi hauetan:

–Prestakuntza praktiko hori emateko kirol, federazio eta lanbide entitateen bilaketa.

–Prestakuntza praktikoa egiteko prestakuntza programaren prestakuntza.

–Harremana entitate horiekin eta Hezkuntza Departamentuarekin, hitzarmenak prestatu eta garatzeko.

11. Kirol ikasketen koordinazioa.

11.1. Koordinazio karguak.

Kirol teknikariaren titulua dakarren kirol ikasketetako ziklo bakoitzak zikloko koordinatzaile bat izanen du, eta, gainera, berariazko blokeetako koordinatzaileak izanen ditu:

Kirol Teknikariaren titulua dakarren kirol ikasketen ziklo bakoitzak zikloko koordinatzaile bat izanen du. Bloke komunaren eta/edo osagarriaren moduluetan irakasten duen irakasle bat izanen da koordinatzaile hori.

–Orobat, kirol ikasketetako zikloetako maila edo ziklo bakoitzak maila edo ziklo bakoitzeko berariazko blokeetako koordinatzaile bat izanen du. Aipatutako berariazko blokeetako batean irakasten duen irakasle espezialista bat izanen da koordinatzaile hori.

11.2. Eginkizunak.

–Kirol ikasketetako zikloko koordinatzaileak bere gain hartuko ditu otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 45.3 artikuluan aipatutako eginkizunak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa), eta arreta berezia emanen dio berariazko blokeko moduluak ematen dituzten irakasleak koordinatzeari, kontuan harturik ikasketa hauen ezaugarri bereziak.

–Ziklo edo maila bakoitzeko berariazko blokeetako koordinatzaileak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Berariazko blokeko irakasle taldearen koordinazio bilerak zuzentzea.

b) Ziklora sartzeko berariazko probak prestatzen eta ebaluatzen laguntzea, oinarri harturik Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen jarraibideak.

c) Berariazko blokeko moduluak ezartzearekin eta garatzearekin lotutako prestakuntza beharrak diagnostikatzea, kirol ikasketetako zikloko koordinatzailearekin elkarlanean.

d) Behar materialak atzematea, eta behar diren kudeaketak egitea, berariazko blokeko moduluan behar diren baliabideak erosteko, kirol ikasketetako zikloko koordinatzailearekin elkarlanean.

Orobat, LOErekin bat ezarritako kirol ikasketetako zikloetan, prestakuntza praktikoaren moduluko tutore lana bere gain hartuko du, ikastetxea ordezkatuz, kirol ikasketetako zikloko koordinatzailearekin elkarlanean.

12. Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroa.

Ebazpen hau da aplikagarria oraindik: 151/2016 Ebazpena, maiatzaren 6koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluak aipatzen dituen borondatezko irakasgaiak arautzen dituena, Nafarroan goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa izeneko kurtsoan modu esperimentalean antolatuak. Sartzeko ikastaroaren curriculuma 2017-2018 ikasturtekoa bezalakoa izango da.

Kirol teknikariaren titulua daukaten ikasleen kasuan, sartzeko ikastaroak goi mailako zikloetan sartzeko proba baten balioa izango du.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen batek arautuko du sartzeko ikastaroan onartzeko prozesua, zeina 2018ko urriaren hasieran egingo baita. Eskolak urriaren bukaeran hasiko dira. Sartzeko ikastaroa 2019ko ekainean amaituko da, araubide bereziko kirol ikasketen ikasturte amaierarako ezarritako datetan.

13. Matrikulen bateragarritasuna.

a) 2018-2019 ikasturtean kirol ikasketen heziketa ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasketak egin ditzakete, baina, betiere, azken ikasketa horiek egiteko, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira, urrutiko araubidean, bertan sartzeko baldintzak beteta.

b) 2018-2019 ikasturtean kirol ikasketetako ziklo batean matrikulaturik dauden ikasleek, gainditzeke duten modulu bakarra prestakuntza praktikoa baldin bada, zilegi izanen dute ikasketa horiek helduentzako Batxilergoko ikasketekin bateratzea, betiere baldintza akademikoak eta Batxilergo horretan sartzekoak betetzen badituzte.

c) 2018-2019 ikasturtean, derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasketetan eta/edo goi mailako ikasketetan matrikulatutako ikasleek aldi berean egin ditzakete araubide bereziko kirol ikasketak, onarpen prozesua bukatzen denean esleitu gabeko ikasposturik bada, itxaron zerrendan inor ez badago eta ikastorduen bateragarritasuna %90ekoa bada, gutxienez.

III. KAPITULUA

Erreferentziazko agiri estrategikoak eta araudiak

Erreferentziazko agiriak estrategikoak:

–Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoa 2017-2020.

Araudia:

–Araubide bereziko kirol ikasketak.

a) Antolamendua:

  • 248/2011 Foru Dekretua. (Araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena).

b) Nazioarteratzea:

  • 31/2012 Foru Agindua. (Prestakuntza egonaldiak atzerrian: ikasleak eta irakasleak).

c) Ebaluazioa:

  • 93/2014 Foru Agindua. (Araubide bereziko kirol ikasketetako zikloen ebaluazioa).
  • 49/2013 Foru Agindua. (Ebaluazio prozesuan erreklamazioak egiteko sistema).

d) Zikloetan sartzeko probak:

  • 35/2018 Ebazpena, otsailaren 13koa (Heziketa zikloetan sartzeko 2018an egin behar diren probetarako deialdia).

e) Berariazko sarrera proba:

  • 36/2018 Ebazpena, otsailaren 13koa. (Berariazko sarrera proba, 2018-2019 ikasturteari dagokiona).

f) Kirol ikasketetan sartzeko prozedura:

  • 108/2018 Ebazpena, martxoaren 15ekoa. (Ikastetxe publikoetan kirol ikasketak egiteko ikasleak onartzeko prozeduraren erregulazioa, 2018-2019 ikasturtean).

Iragarkiaren kodea: F1810646