178. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

38/2018 FORU AGINDUA, abuztuaren 30ekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoa gaitzen duena Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako toki mailako bost multiplexadoreen bidez emititzeko.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legeak 40.4 artikuluan honako hau ezartzen du: “Autonomia erkidego edo hiri batek hizkuntz eta kultur kidetasunak dituen beste autonomia erkidego mugakide batean egiten ahalko du ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoaren emisioa, lurreko uhin hertziarren bidez, baldin eta hitzarmen bidez hala adosten badute, eta elkarrekikotasuna bada”.

2016ko uztailaren 15ean, Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hitzarmen bat izenpetu zuten EiTBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko, betiere Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 40.4 artikuluan aurreikusitako moduan.

Hitzarmen horren bidez, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuen Nafarroako Foru Komunitatean EiTBren zerbitzuen hedapenerako konponbide tekniko egokienak ezartzeko, kasuan kasuko inguruabarrak eta erabilgarri diren kanal digitalak kontuan hartuta, aukera hauekin: batetik, erkidegoko egungo multiplexadorearen espektroa efizientzia handiagoz erabiltzea edo etorkizunean bigarren multiplexadore bat jartzea autonomia erkidegoan; bestetik, toki mailako LTDko multiplexadoreak erabiltzea; eta, azkenik, aplikatzekoa den araubide juridikoa eta baliabide erabilgarriak kontuan hartuta bideragarria izan daitekeen beste edozein aukera.

Nafarroari esleitu zaizkion kanal digitaletako batzuk erabilgarri gelditu direla ikusirik, 2018ko abuztuaren 29ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak EiTBren zerbitzuen hedapenerako erreserbatutako tokia aldatu du Nafarroako Foru Komunitateko Lurreko Telebista Digitalaren multiplexadoreetan, toki mailakoetan eta autonomikoan, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 40.2 artikuluan aurreikusitako eskumenen babesean. Erabaki horrek xedatzen du euskal erakunde publikoa gaitzea ETB3 Nafarroako tokiko LTDko multiplexadoreen bidez emititzeko: Lizarrako barrutian (24. kanala), Iruñeko barrutian (38. kanala), Zangozako barrutian (45. kanala), Tafallako barrutian (31. kanala) eta Tuterako barrutian (39. kanala).

Hori guztia dela-eta, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak irailaren 20an emandako 49/2016 Foru Agindua aldatzea proposatzen da (Foru Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoa gaitu zen Nafarroako Foru Komunitatean ETB2 eta ETB3ko saioak emititzeko, toki mailako multiplexadoreak erabiliz). Aldaketa horien xedea da toki mailako multiplexadoreetan kanal bakarra erreserbatzea, ETB3 emititzeko, eta libre uztea ETB2 emititzeko Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tuterako multiplexadoreetan gaitutako bigarren kanala. Horrela, Nafarroako Gobernuaren 2018ko abuztuaren 29ko Erabakiaren arabera, ETB2 erkidegoak duen LTDko multiplexadorearen bidez hedatuko da, eta, beraz, ez da beharrezkoa izanen LTDko tokiko multiplexadoreen bidez hedatzea.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren proposamenarekin bat, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak onartzen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak irailaren 20an emandako 49/2016 Foru Aginduaren 1. apartatua aldatzea (184. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 22an). Foru Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoa gaitu zen Nafarroako Foru Komunitatean ETB2ko eta ETB3ko saioak emititzeko, toki mailako multiplexadoreak erabiliz (38., 31., 24., 45. eta 39. kanalak). Hona hemen testu berria:

“1.–Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB, IFZ Q0191001G, helbidea: Basurtuko Kaputxinoak, 2, Bilbo, Bizkaia) erakunde publikoa gaitzea Nafarroako Foru Komunitatean lurreko telebista digitaleko ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoa emateko, hain zuzen ere ETB3ko saioak emititzeko toki mailako kanal hauen bidez:

–Lizarrako barrutia: 24. kanala.

–Iruñeko barrutia: 38. kanala.

–Zangozako barrutia: 45. kanala.

–Tafallako barrutia: 31. kanala.

–Tuterako barrutia: 39. kanala.”

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoari.

4. Foru Agindu hau igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, Nasertic SAri, Nafarroako Telekomunikazioen Ikuskapenerako Probintziako Burutzari, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Telekomunikazio eta Ikus-entzunezko Sektoreko Zuzendaritzari, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, eta jakinaraztea Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea SAri, Abian Mediari, Xaloa Kultur Elkarteari eta Francisco Javier Ramos Cizaurre jaunari (Nixara), behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 30ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1810959