178. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

37/2018 FORU AGINDUA, abuztuaren 30ekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoa gaitzen duena Nafarroako Foru Komunitatean ETB2ko saioak emateko, autonomia erkidegoko multiplexadoreko 26. kanala erabiliz.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legeak 40.4 artikuluan honako hau ezartzen du: “Autonomia erkidego edo hiri batek hizkuntz eta kultur kidetasunak dituen beste autonomia erkidego mugakide batean egiten ahalko du ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoaren emisioa, lurreko uhin hertziarren bidez, baldin eta hitzarmen bidez hala adosten badute, eta elkarrekikotasuna bada”.

2016ko uztailaren 15ean, Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hitzarmen bat izenpetu zuten EiTBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko, betiere Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 40.4 artikuluan aurreikusitako moduan.

Hitzarmen horren bidez, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuen Nafarroako Foru Komunitatean EiTBren zerbitzuen hedapenerako konponbide tekniko egokienak ezartzeko, kasuan kasuko inguruabarrak eta erabilgarri diren kanal digitalak kontuan hartuta, aukera hauekin: batetik, autonomia erkidegoko egungo multiplexadorearen espektroa efizientzia handiagoz erabiltzea edo etorkizunean bigarren multiplexadore bat jartzea autonomia erkidegoan; bestetik, toki mailako LTDko multiplexadoreak erabiltzea; eta, azkenik, aplikatzekoa den araubide juridikoa eta baliabide erabilgarriak kontuan hartuta bideragarria izan daitekeen beste edozein aukera.

Nafarroari esleitu zaizkion kanal digitaletako batzuk erabilgarri gelditu direla ikusirik, 2018ko abuztuaren 29ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak EiTBren zerbitzuen hedapenerako erreserbatutako tokia aldatu du Nafarroako Foru Komunitateko Lurreko Telebista Digitalaren multiplexadoreetan, toki mailakoetan eta autonomikoan, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 40.2 artikuluan aurreikusitako eskumenen babesean. Erabaki horrek xedatzen du erkidegoko LTDko multiplexadorean (26. kanala) EiTBren beste saio bat sartzea (ETB2).

Horrenbestez, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak proposatu du dagokion gaikuntza formala ematea zerbitzua eman behar duenari, ETB2 programa 26. kanalaren bidez heda dadin.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren proposamenarekin bat, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak onartzen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB, IFZ Q0191001G, helbidea: Basurtuko Kaputxinoak, 2, Bilbo, Bizkaia) erakunde publikoa gaitzea Nafarroako Foru Komunitatean lurreko telebista digitaleko ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoa emateko, zehazki ETB2ko saioak emateko erkidego mailako multiplexadorearen 26. kanala erabiliz.

2. Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoak ikus-entzunezkoen komunikazioko eta telekomunikazioetako zerbitzuen arloan indarra duen araudia bete beharko du. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak EiTBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko 2016ko uztailaren 15ean izenpetu zuten lankidetza hitzarmenean bere gain hartutako konpromisoak ere bete beharko ditu.

3. Gaikuntza hau bi erkidegoen artean izenpetutako hitzarmenaren indarraldiaren menpe egonen da.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Foru agindu hau jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoari.

6. Foru Agindu hau igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Telekomunikazio eta Ikus-entzunezko Sektoreko Zuzendaritzari, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, eta jakinaraztea Cellnex Telecom SA eta Editora Independiente de Medios de Navarra SA enpresei, eta Nafarroako Telekomunikazioen Ikuskapenerako Probintziako Burutzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Foru agindu honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 30ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1810960