178. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko abuztuaren 29an hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoa.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak –diseinatzen baitu eskualde-garapen eredu bat ezagutzan oinarritutako ekonomia batera jotzen duena– besteak beste lanbide heziketa identifikatzen du lehiakortasunerako faktore gisa, eta, horrenbestez, adierazten du estrategiaren erronketako bat dela.

Hezkuntza Departamentuaren, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren, Eskubide Sozialetako Departamentuaren eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bidez, Nafarroako Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoa eratu da, helburu izanik planaren aplikazio-aldiko helburuak eta jarduketak zehaztea, Nafarroako gizartearen ustez heldu beharreko premiak asetzeko. Plana prestatzeko prozesuan honako hauek hartu dute parte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioetako hainbat unitate, enpresa-erakundeak eta sindikatuak, gobernuz kanpoko erakundeak, lanbide heziketako ikastetxeak, toki entitateak, entitate pribatuak eta herritarrak. Bilera eta lantalde sektorialen bidez antolatu da parte-hartze hori. Halaber, zabalkunde eta parte-hartze publikoko prozesua izan du.

Jendaurreko aldia iraganik eta egokitzat jotako proposamenak sartuta, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak aztertu du behin betiko agiria, eta proposamen horren aldeko txostena eman du.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Zerbitzuak egindako txostena, Hezkuntzako zuzendari nagusiak ontzat emana, eta apirilaren 12ko 23/2017 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 12.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoa onestea.

2. Nafarroako Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoa, erabaki honen eranskin gisa onetsitakoa, Nafarroako Parlamentura igortzea, haren berri izan dezan.

3. Erabaki hau igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau argitaratzea, eranskinik gabe, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5. Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko da Nafarroako Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoa: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gobernanza/planes-y-programas-accion-gobierno/plan-estrategido-formacion-profesional-acciones.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1810939