176. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

108/2018 FORU AGINDUA, abuztuaren 10ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 66. artikuluan araututako enplegua sortzeagatiko kenkariaren erregularizazioa zehazteko modua garatzen duena.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 66. artikuluak ezartzen du enplegua sortzeagatik 2.500 euroko kenkaria aplikatuko dela kuota likidoan, langileen plantillako batezbestekoa handitzen duen pertsona eta urte bakoitzeko, lan-kontratu mugagabeduna bada, eta ekitaldiko lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa den soldata badu. Plantilla-gehikuntza hori neurtuko da zergaldia hasi aurre-aurreko hamabi hilabeteetan kontratu mota hori zeukan plantillaren batezbestekoarekin alderatuta.

Beraz, enplegua sortzeagatiko kenkarirako eskubidea emateko, plantillaren batezbestekoak izandako gehikuntzak baldintza hauek bete beharko ditu: langile berriak lan-kontratu mugagabedunak izatea, lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa dutenak.

Aurreko ekitaldiko plantilla osoaren batezbestekoa mantenduz, plantillan lan-kontratu mugagabea eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa den soldata dituztenen batezbestekoa handitzen bada, eta gehikuntza hori entitatearen plantilla osoaren batezbestekoaren gehikuntza baino handiagoa bada, pertsona eta urte bakoitzeko 1.000 euroko kenkaria aplikatuko da bi gehikuntza horien arteko diferentziagatik.

Kenkari hauek 5.000 eta 2.000 eurokoak izango dira, hurrenez hurren, emakume langileen plantillako batezbestekoa handitzen duen pertsona eta urte bakoitzeko, eta 6.800 eta 3.200 eurokoak, hurrenez hurren, desgaitasuna duten langileen plantillako batezbestekoa handitzen duen pertsona eta urte bakoitzeko, Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean xedatutakoarekin bat; testu hori azaroaren 29ko 1/2013 Legengintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat egoki diren kenkariak izateko, beharrezkoa izanen da kenkaria sortzen duen zergaldiko plantillaren batezbestekoa, lan-kontratu mugagabea eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa dutenena, berdina izatea kenkaria sortu zuen zergaldia bukatu eta hogeita lau hilabetean. Baldintza hori bete den zehazteko, hogeita lau hilabete horietako plantilla horien batezbestekoaren kalkulua hamabi hilabeteko ondoz ondoko bi alditan eginen da.

Azpimarratu beharra dago Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 66. artikuluko 6. apartatuak berariaz ezartzen duela aipatutako kenkaria sortu duen zergaldiko edozein plantillaren batezbestekoa handiagoa baldin bada lehenengo hamabi hilabeteko aldiko plantillaren batezbestekoa baino, zergadunak dagokion kenkaria galduko duela, hau da, konparaturik batetik sortu duen kenkaria eta bestetik lehenengo hamabi hilabeteko aldi horretan txikiagotutako plantillen batezbestekoen arabera aterako litzatekeen kenkaria, diferentzia horri dagokion zenbatekoa galduko duela.

Kenkaria sortu duen zergaldiko plantillaren batezbesteko osoa handiagoa baldin bada bigarren hamabi hilabeteko aldiko plantillaren batezbestekoa baino, zergadunak dagokion kenkaria galduko du, hau da, konparaturik batetik sortu duen kenkaria eta bestetik bigarren hamabi hilabeteko aldi horretan txikiagotutako plantillen batezbestekoen arabera aterako litzatekeen kenkaria, diferentzia horri dagokion zenbatekoa galduko du. Aplikatu behar den erregularizazioa aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatzeak erregularizatzen duen zenbatekoan minoratuko da, hala denean.

Aipatu 66. artikuluko azken paragrafoak eskumena ematen dio Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrari erregularizazio hori zehazteko modua garatzeko.

Aurrekoan oinarrituta, foru lege honek, bere 1. artikuluan, ezartzen du enplegua sortzeagatiko kenkariaren erregularizazioa zehazteko modua, eta bere 1. eta 2. apartatuetan biltzen du kenkaria sortzen duen aldiaren ondoko hamabi hilabeteko aldi bakoitzari dagokion erregularizazioa. Hala, enplegua sortzeagatiko kenkaria sortzen den ekitaldiko edozein plantillaren (hau da, emakumeena, gizonena eta desgaitasuna dutenena) batezbestekoa handiagoa bada geroagoko hamabi hilabeteko edozein erregularizazio-aldiri dagokiona baino, kenkaria berriz kalkulatu beharko da gutxiagotu diren plantilla mugagabeen datu berriekin, plantilla mugagabe osoa berriz kalkulatuz, baina kenkaria sortu den aldiko plantilla osoa kontuan hartuz.

2. artikuluak ezartzen ditu enplegua sortzeagatiko kenkaria kalkulatzeko kontuan hartu behar diren datuak, erregularizazio bat egin den zergaldia edozein delarik ere: aldez aurretik egindako erregulazioak baino lehenagoko 12 hilabeteko datuak hartuko dira, eta, halaber, plantilla osoa berriz kalkulatuko da.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 66. artikuluak arautzen duen enplegua sortzeagatiko kenkariaren erregularizazioa.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 66.6 artikuluko bigarren paragrafoak ezartzen duenarekin bat etorriz, kasu bakoitzari dagokion enplegua sortzeagatiko kenkaria edukitzeko baldintza izango da kenkaria edukitzeko eskubidea sortu den zergaldia amaitu eta ondorengo hogeita lau hilabetean horretarako eskubidea ematen duten plantillen batezbestekoari eustea; eta baldintza hau bete ote den baieztatzeko, aipatu 24 hilabeteetako plantillen batezbestekoaren kalkulua ondoz ondoko hamabi hilabeteko bi zergalditan egingo da.

1. Kenkaria sortu den aldiaren ondorengo hamabi hilabeteko lehen aldian egin beharreko erregularizazioa.

Enplegua sortzeagatiko kenkaria egin den ekitaldiko lan-kontratu mugagabeduna eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa dena dituzten emakumeen, desgaitasuna dutenen eta gizonen edozein plantillaren batezbestekoa handiagoa bada ondorengo hamabi hilabeteko lehen aldikoa baino, berriz kalkulatuko da enplegua sortzeagatiko kenkaria, txikiagotu diren plantilla mugagabeen datu berriekin, plantilla mugagabe osoa berriz kalkulatuz, baina kenkaria sortu zeneko aldiaren plantilla osoari eutsiz.

Horrela kalkulatutako kenkaria txikiagoa bada aurreko 12 hilabeteetan aplikatu dena baino, zergapekoak dagokion kenkaria galduko du, eta diferentzia itzuli beharko du erregularizazio-aldian.

2. Kenkaria sortu den aldiaren ondorengo hamabi hilabeteko bigarren aldian egin beharreko erregularizazioa.

Enplegua sortzeagatiko kenkaria egin den ekitaldiko lan-kontratu mugagabeduna eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa dena dituzten emakumeen, desgaitasuna dutenen eta gizonen edozein plantillaren batezbestekoa handiagoa bada ondorengo hamabi hilabeteko bigarren aldikoa baino, berriz kalkulatuko da enplegua sortzeagatiko kenkaria, txikiagotu diren plantilla mugagabeen datu berriekin, plantilla mugagabe osoa berriz kalkulatuz, baina kenkaria sortu zeneko aldiaren plantilla osoari eutsiz.

Horrela kalkulatutako kenkaria txikiagoa bada kenkaria sortu zen aldikoa baino, zergapekoak dagokion kenkaria galduko du, eta diferentzia itzuli beharko du erregularizazio-aldian. Aplikatu behar den erregularizazioa aurreko 1. apartatuan ezarritakoa aplikatzeak erregularizatzen duen zenbatekoan minoratuko da, hala denean.

2. artikulua. Erregularizazioren bat egin den ekitaldietan sortu den enplegua sortzeagatiko kenkaria.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 66 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz, erregularizazioren bat egin den edozein zergalditako enplegua sortzeagatiko kenkaria kalkulatzeko, aurreko 12 hilabeteko aldiko datuak hartuko dira. Kontuan hartu beharreko datuak aldez aurretik egindako erregularizazioetatik ateratzen direnak izango dira, eta, halaber, plantilla osoa berriz kalkulatuz.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietako enplegu sortzeagatiko kenkarietan izango ditu ondorioak.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 10ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1810330