Iragarkia
174. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ANTZIN
Diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.
Hasierako onespena
Antzingo Udalak, 2018ko abuztuaren 23an egin osoko bilkura arruntean, gai-zerrendako 4. puntuan honako erabaki hau hartu zuen:
“Lehenbizikoa.–Hasiera batean onestea Antzingo diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza, testu honekin bat:
IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATE, ERAKUNDE ETA ELKARTEENDAKO DIRU-LAGUNTZAK ETA LAGUNTZAK EMATEKO ANTZINGO UDALAREN ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Antzingo Udalaren diru-laguntzak emateko prozedura eta irizpideak arautu eta finkatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari jarraituz, udalerriaren lurralde-eremuan.
Haren xedea da herritarrei eta entitateei prestazio hauek baldintza beretan eskuratu ahal izateko aukera bermatzea, hezkuntza, gizarte, kultur eta kirol arloetan tokiko eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jarduerak egin ditzaten.
2. artikulua. Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari esaten zaio diru-laguntza, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, inolako irabazi-asmorik gabe, eta dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematen bada.
3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen diru-laguntzak:
1. Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza eta kontrola.
2. Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.
3. Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.
4. artikulua. Diru-laguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:
1. Borondatezkoak eta aldi baterako izango dira.
2. Ezin izango dira aurrekaritako erabili.
3. Jarduerari ematen zaion diru-laguntza haren oihartzun sozialaren arabera aplikatuko da.
4. Ezin izango da eskatu diru-laguntza handitu edo berritzerik.
5. artikulua. Baliorik ez dute izango diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.
6. artikulua. Diru-laguntzak emango dira ordenantza honetan ezarritako irizpide, helburu eta prozedurei, eta urtero argitaratzen diren oinarri arautzaileei jarraituz.
7. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jardueretarako diru-laguntzak emateko prozedurak eta baldintzak honako arau honi egokitu beharko zaizkio, eta bertan jasotzen ez den orotan, berriz, honako hauei jarraituko zaie: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bitartez onetsia, Toki Korporazioei aplikagarria zaien heinean, eta aplikatzekoa den gainerako legezko araudia.
II. KAPITULUA
Diru-laguntzen xedea eta ematea
8. artikulua. Diru-laguntzak emango dira Antzingo Udalaren lurralde-eremuan tokiko elkarteek eta erakunde publiko edo pribatuek deialdi bakoitzari dagokion denboran egiten dituzten hezkuntza, gizarte, kultur eta kirol arloko jardueretarako.
9. artikulua. Era berean, herriko entitate eta taldeei ere laguntzak eman ahalko zaizkie, irabazi-asmorik gabe interes sozialeko jarduerak edo Herritarren Parte-hartze arlokoak egiten badituzte Antzingo lurralde-eremuan zein handik kanpo, Antzingo bizilagunentzat onuragarria bada.
10. artikulua. Bere izaera berezia dela-eta, gizarte-laguntza horiek baldin badira larrialdi sozialeko laguntzak, banakako gizarte-laguntzak, proiektu humanitarioak edo nazioarteko lankidetzakoak eta abar, prozedura berezia ezarri ahalko da eta dagokion partida izango da aurrekontuan.
11. artikulua. Ez dira diruz laguntzekoak:
1. Lokalak moldatzea edo eraikin pribatuetako beste edozein esku-hartze.
2. Ondasun higiezinen erosketa.
3. Funtzionamenduaren ondoriozko gastuak (alokairuak, aseguruak, telefonoa, argia, ura, etab.).
4. Errekarguen ordainketak eta zehapen administratibo edo penalak, banku-kontuetako interes zordunak, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
5. Elkarte edo entitateko kudeaketa eta zuzendaritza organoetako kide diren pertsonei, lan edo zerbitzuengatik lansariak ematea edo ordainketak egitea.
6. Norbanakoaren ekipamendu eta jantziteria erostea, horiek jarduerarako ezinbestekoak ez badira (onartuko lirateke, adibidez: atrezzoa eta antzerkiko jantziteria, larrialdirako eta babeserako ekipamendua, guztiendako kirol ekipamendua eta abar).
7. Ondasun edo pertsonendako, bai parte-hartzaileendako bai hirugarrenendako, ageriko arriskua dakarten jarduerak, eta/edo jarduera garatzeko arauketa berezirik ez dagoenean.
12. artikulua. Irizpide ekonomikoak dira:
1. Diru-laguntzaren zenbatekoa banaka zehaztu ahalko da edo gastuetarako ezarritako portzentajeak aplikatzetik aterako da edo jarduerak berak ezarriko du.
2. Udalak ematen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo entitate publikoetatik jaso ahal direnekin.
3. Edonola ere, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoak ez du gaindituko eskatutako zenbatekoa, ez eta jardueraren guztizkoa ere. Zenbaketa horretan sartuko dira beste instituzio edo erakunde publikoetatik espero diren edo jaso diren diru-laguntzak. Udalak konturako ordainketarik edo ordainketa aurreraturik egin izan balu, beste erakunde batzuen diru-laguntza jasotzean zenbatekoak erregularizatuko lirateke.
4. Kontuan hartuko dira eskatzaileak bere kabuz lor ditzakeen bestelako diru-sarrerak, bai eta babesleak edo mezenasak direla medio lortutakoak ere, sustatuz, horrela, autokudeaketa eta neurri txikiagoan udal funtsekiko mendekotasuna.
5. Deialdiaren oinarri arautzaileetan horrela ezartzen den guztietan, eman ez den aurrekontuko zenbatekoa hainbanatu ahalko da deialdiaren gainerako onuradunen artean, gehieneko zenbateko osoa gainditu gabe.
6. Oro har, diru-laguntzak ordainduko dira onuradunak jarduera edo proiektua gauzatu duela frogatu ondotik.
7. Konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak eskatu ahalko dira justifikatuz gero. Frogatu aurretik funtsak ematea dakar horrek, diru-laguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa.
III. KAPITULUA
Eskatzaileak eta onuradunak
13. artikulua. Diru-laguntza eskatu eta onuradunak izan ahalko dira:
1. Irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteak, helbidea udalerrian badute.
2. Pertsona fisikoak, talde baten ordezkari partikular gisa berariazko ekimenetarako, irabazi-asmorik gabe, udalerrian erroldatuak eta ohiko helbidea bertan dutenak.
3. Antzingo udalerriarentzat interes orokorreko jarduketak egiten dituzten erakunde publiko eta pribatuak.
14. artikulua. Ez dira ordenantza honetako diru-laguntzen onuradunak izango kasu hauetakoren bat edo batzuk gertatzen direnean:
1. Pertsona fisiko ordezkaria edo entitate edo elkartea edo bertako kide kudeatzaileetako bat azken urtean kondenatua izan bada epai judizialean edo zehatua izan bada, edo ondoko arrazoi hauengatik ebazpen administratibo edo judizialaren zain badaude:
–Bazterkeria, genero, arraza, sinesmen, ideologia, sexu joera edo gizarte klasea dela eta.
–Gorrotoa sustatzea.
–Genero indarkeria.
–Lan arloko eskubideak urratzea.
–Korrupzioa, prebarikazioa, influentzia trafikoa edo maula publikoa.
–Sorgorgarrien trafikoa edo osasun publikoaren aurkako antzeko delituak.
–Giza duintasunari kalte egiten diotenak; hala nola, proxenetismoa, pederastia, haurren pornografia eta abar.
–Ingurumenaren aurkako delituak, batez ere akuiferoak edo jabari publikoko lurrak kaltetzen badituzte.
–Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren aurkako guztiak.
2. Pertsona fisiko ordezkariak edo entitate edo elkarteak zorrak baditu Udalarekin, horiek ordaindu edo ordaintzeko plana adostu arte.
3. Pertsona fisiko ordezkariak edo entitate edo elkarteak ez baditu eguneratuak betebehar fiskalak Ogasun Publikoarekin eta tributu betebeharrak Gizarte Segurantzarekin.
4. Pertsona fisiko ordezkariak edo entitate edo elkarteak edo haietako kide kudeatzaileetako batek baimenik gabe besterendu baditu (lagatu, saldu edo errentan eman), jarduerak gauzatzeko Udalak diruz lagundutako edo bere esku jarritako ondasunak.
5. Halaber, ez dira onuradunak izango Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.
15. artikulua. Diru-laguntzaren onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1. Diru-laguntza emateko oinarri izandako proiektua gauzatzea eta jarduera egitea.
2. Antzingo Udalari frogatzea beharkizunak eta baldintzak betetzen dituela; era berean, hari frogatzea diru-laguntza emateko arrazoi den jarduera egin eta helburua bete duela.
3. Udal organoek eskatzen dizkioten egiaztapen eta kontrol jarduketei men egitea, eskatzen dieten informazio guztia emanez, diru-laguntza ematearekin zerikusia badu.
4. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Udalari. Jakin bezain laster emango da haien berri eta, nolanahi, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
5. Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Udalarekiko obligazioak eta zerga-betebeharrak eguneratuak dituela frogatzea.
6. Onuradunak kontabilitate liburuak, erregistro bideratuak eta behar bezala ikuskaturiko bestelako agiriak eduki beharko ditu, aplikatzen ahal zaizkion merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala, edo, kasua bada, egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenen erabilera egokia bermatuko duten kontabilitateko egoera-orriak.
7. Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
8. Diruz lagundutako edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egingo dute, Antzingo Udalak onetsitako logotipoarekin.
9. Jasotako diru publikoa itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen diren kasuetan.
IV. KAPITULUA
Proiektuak aurkezteko baldintzak
16. artikulua. Diru-laguntza jasotzeko, proiektua aurkeztu nahi duen elkarte edo entitateak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
1. Legez eratua egotea; IFK eta erregistro zenbakia izatea dagokion erakundean.
2. Antzingo Elkarteen Udal Erregistroan izena emanda egotea eta datuak eguneratuta.
3. Erantzukizun zibilagatik, ondasunei eta pertsonei egindako kalteak aseguratuko dituen polizaren ordainketa eguneratua izatea eta/edo berariazko bat, jarduera jakin horretarako.
4. Ordenantza honetako 14. artikuluan jasotako kasuetarik batean edo batzuetan ez egotea.
Talde jakin baten ordezkari diren pertsona fisikoen kasuan, ez dira baldintza izango artikulu honetako 1. eta 2. puntuak.
V. KAPITULUA
Proiektuak egiteko informazioa eta irizpideak
17. artikulua. Aurkeztutako proiektuak datu hauek jasoko ditu:
1. Identifikazio datuak: elkartearen edo entitatearen izena eta Udal Erregistroko zenbakia.
2. Justifikazio orokorra: orokorrean proiektu honekin lortu nahi diren helburuak, zioen azalpena.
3. Datu ekonomikoak: urte horretarako elkarteak oro har aurreikusi duen aurrekontu osoa, diru-sarrera propioak xehatuz (kuotak eta derramak, udalenak ez diren diru-laguntzak, babesleak, loteria, salmenta eta antzeko bestelako diru-sarrerak) eta espero diren kostuak (jardueraren antolaketa, gastu arruntak eta funtzionamendukoak, erosketak eta abar).
4. Aitorpena: elkartearen edo entitatearen legezko ordezkariaren edo pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena erantsiko da eta bertan bere sinadurarekin ziurtatuko du emandako informazioa benetakoa dela eta 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela.
5. Banku-datuak: liburuxkaren kopia edo banku-kontuko zenbakiaren ziurtagiriarena, bertan diru-laguntza ordaintzeko, titularra elkartea edo entitatea dela adierazten duena.
6. Beste batzuk: aurkezterakoan, eskatzaileak egokitzat jotzen duen informazio oro.
18. artikulua. Proiektuan jarduerak zehaztu beharko dira, informazio honekin:
1. Jardueren definizioa: jarduera bakoitzaren xedea, deskripzioa eta garatu beharreko edukiak, erabili ahal diren bitartekoak eta baliabideak eta abar.
2. Jardueren aurrekontua: kostuen balorazioa, jarduerek izango dituzten kontzeptu eta partidengatik eta diru-sarrerarik espero ote den, babesleengatik, beste diru-laguntza batzuetatik edo haien ondoriozko diru-sarreretatik.
3. Beharrak: jarduerak egiteko behar nagusiak azaldu eta arrazoitzea (behar materialak, ekonomikoak eta espazio publikoen erabilerari buruzkoak).
4. Programazioa denboran: azaldutako jardueretarako egunak eta ordutegiak.
19. artikulua. Honako irizpide sozio-kultural hauek ahalik eta zehatzen bete eta zenbatu beharko dira, proiektuaren balorazioaren zati baitira, dagokion urteko oinarri arautzaileetan ezarritako puntuazioari jarraituz:
1. Jardueren parte-hartze eta irisgarritasun maila: zer motatako parte-hartzaileri dagoen zuzendua eta zein taldek parte hartu ahal duen modu eraginkor eta errealean. Adinaren irizpideak (haurrak, gazteak, helduak, hirugarren adinekoak) eta haien egoeraren araberako irizpideak (desgaituak, bazterkeria jasateko arriskuan dauden taldeak, etorkinak eta abar).
2. Gizartean duen eragina: gizarteko zein mailatan eragin nahi duen eta jarduera zein gizarte-alderditara bideratua dagoen edo zertan laguntzen ahal duen; adibidez, droga-mendekotasunari aurrea hartzeko, genero berdintasuna, bazterkeria jasateko arriskuan dauden taldeak, hirugarren adinekoendako bizi kalitatea hobetzea, gazteendako bestelako aukerak eta abar.
3. Gizakiaren, kulturaren eta artearen arloko balioak sustatzea: jarduerak gizakiaren, kulturaren eta artearen arloko zein balio sustatzen dituen; adibidez, genero berdintasuna, aukera berdintasuna, lankidetza eta solidaritatea, ingurumen jasangarritasuna, gaitasun artistikoen garapena eta abar.
4. Hezkuntza eta lanbide arloko garapena: jarduerak parte-hartzailearendako zein mailatako garapena dakarren hezkuntza eta lanbide arloetan. Enplegurako gaitasuna edo etorkizun profesionala hobetzea dakarren prestakuntza, parte-hartzaileak beste jarduera, lehiaketa, txapelketa eta abarretara aurkezteko ahalmena izan arte.
5. Tokiko elkartegintza sustatzea: elkartegintza sustatzea, batez ere Antzinen bizi diren herritarren artean eta baita herriko ondorengoen artean ere (bertan bizi ez diren seme-alabak eta ilobak).
6. Antzin herriaren proiekzioa: herria kanporantz noraino zabaltzen duen (eskualdera, Komunitatera, Estatura eta abar). Lankidetza edo partaidetza, beste toki batzuetako elkarte edo erakundeekin. Presentzia, komunikabideetan, foroetan, argitalpenetan eta abarretan.
7. Oinarrizko beharrizanak asetzea: jarduerak eskaintza publikoaren gabezia bat betetzen du edo hura osatzen du. Udalaren kulturako, gazteriako, festetako eta abarretako programazioetan sartzeko aukera aztertzen da, bai eta are gehiago, Udalaz gaindiko programazioetan, adibidez, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean.
8. Herritarren parte-hartzea: jarduerak/elkarteak zein gradutan sustatzen duen beste pertsona, talde edo elkarteen parte-hartzea, gauzatu ahal izateko. Bazkide ez direnen parte-hartze maila aztertzen da: lankidetzan jarduera gauzatzerakoan soilik aritzen diren edo jardueraren kudeaketan, antolaketan eta erabakietan duten parte-hartzea.
9. Elkartearen ekarpena: elkarteak berak jarduera zein portzentajean finantza dezakeen (kuotak, dohaintzak, Udalarenak ez diren diru-laguntzak, federazioak, publizitatea eta abar).
10. Lankidetza (aurreko urteko datuak): elkartea beste elkarte edo taldeekin zein mailatan aritzen den lankidetzan, batzordeetan, jardueretan, Udalak antolatutako ekitaldi edo lanetan eta/edo eskaini ohi duen bere burua bere borondatez.
20. artikulua. 19. artikuluan ezarritako irizpideen osagarri, ondorengo alderdiak kontuan hartuko dira aurkeztutako jarduera proiektua modu irekian eta osotasunean baloratzeko, eta haren puntuazio osoa dagokion urteko oinarri arautzaileetan ezarriko da:
–Proiektuaren originaltasuna, berritasuna eta kalitatea: jarduerek zer elementu berezi eskaintzen duten, ezberdinak, berriak direlako, prestaketan duten kalitatea...
–Proiektuaren bideragarritasuna: jardueraren kostuaren (bitartekoak eta baliabideak) eta gizarte eta kultur arloetako beharrak asetzeko duen garrantziaren arteko balantzea. Jarduerek beste diru-laguntzarik, babeslerik, dohaintzarik eta abarrik lor dezaketen adieraztea.
–Jarraitutasuna eta erregulartasuna denboran: proposatutako jarduerak denboran zehar, modu errealean eta behar besteko parte-hartzaileekin finkatzeko aukera duen.
–Antzeko jarduerak antolatzeko baliabideak, bitartekoak eta esperientzia: jarduerak egiteko elkarteak zer baliabide, bitarteko eta esperientzia dituen.
–Parte-hartzaileen edo bertaratuen kopurua: jardueren garapenean zer bertaratze eta partaidetza maila aurreikusten den.
–Jarduerak biztanleen artean erroturik dauden: jarduerak, ohituraz, tradizioz edo historia dela eta, herrian erroturik egon eta bertakotzat jotzen diren.
–Bestelakoak: elkarteak berak emandako eta arrazoitutako irizpideak.
VI. KAPITULUA
Norgehiagokako araubideari jarraikiz diru-laguntzak emateko prozedura
21. artikulua. Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, prozedura honen bitartez diru-laguntza jaso dezaketen jardueretarako. Aurrekontuan emandako zenbatekotik poltsa bat bideratu ahalko da, intereseko jarduera berririk sortzen bada ere urtean zehar.
22. artikulua. Diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasten da, urteko azken hiruhilekoan Udaleko Osoko Bilkurak oinarri arautzaileak jasoko dituen deialdia onetsi ondotik.
23. artikulua. Deialdia eta haren oinarri arautzaileak onetsita, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko tramitea beteko da eta horrekin hogeita hamar eguneko epea irekiko, alegazioak aurkezteko.
24. artikulua. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko epea iraganik, behin betiko deialdia eta haren oinarri arautzaileak argitaratuko dira, eta bertan adieraziko dira eskabideak, proiektuak eta gainerakoak jasotzeko egunak.
25. artikulua. Dena dela, Udaleko Osoko Bilkurak deialdia eta haren oinarriak onesten dituenetik diru-laguntzak emateko behin betiko ebazpena eman arte doan prozedura ez da sei hilabete baino luzeagoa izango.
26. artikulua. Diru-laguntzen eskabideak Udalean aurkeztuko dira jendea hartzeko orduetan. Eskabideekin batera nahitaez aurkeztu beharko da justifikazio txostena edo proiektua, ordenantza honen V. kapituluan ezarritakoari jarraituz.
27. artikulua. Diru-laguntzaren eskabideak ez baditu betetzen ezarritako baldintzak, Udalak interesdunari eskatuko dio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Aurretik ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.
28. artikulua. Diru-laguntza jaso duten jarduerak bukatutakoan, nahitaez aurkeztu beharko da aurkeztutako proiektua berretsiko duen azken txostena edo dokumentua eta emandako diru-laguntzari jarraituz egindako gastuen justifikazioa, horretarako ordainagiriak, erosketa tiketak edo bestelako dokumentu baliodunak aurkeztuta. Horiek ezinbesteko baldintzak izango dira Udalak ordaintzeko agindua eman dezan.
Hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen ez bada txostenik eta egiaztagiririk aurkeztu, diru-laguntzen hurrengo deialditik baztertua izan ahalko da.
VII. KAPITULUA
Laguntzak zuzenean emateko prozedura
29. artikulua. Nolanahi ere, beste diru-laguntza batzuk zuzenean ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzako, kultural, zientifiko, humanitario edo bestelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela eta, ez badago lehia publikorako aukerarik, diru-laguntzaren xedea aurrera eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako.
30. artikulua. Diru-laguntza izenduna eta zuzena da Udalaren aurrekontuan berariaz jasota dagoena.
Diru-laguntza horiek emateko prozedura ofizioz hasiko da eta bukatuko da hura emateko ebazpenarekin edo hitzarmenaren onespenarekin, diru-laguntza emateko oinarri arautzaileen izaera izango baitu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako ondorioetarako.
Diru-laguntza horiek emateko nahitaezkoa izango da justifikazio txostena edo proiektua aurkeztea.
31. artikulua. Nahitaezko diru-laguntza zuzenak dira lege mailako arau batek agintzen badio administrazioari diru-laguntza emateko edo zenbat eman behar duen.
Diru-laguntza horiek jarraituko duten prozedura bere araudi berezian ezarritakoa izango da.
32. artikulua. Salbuespenezko diru-laguntza zuzenak dira salbuespen gisa eman ahal direnak, inbertsioak eta jarduerak sustatzeko edo egoera jakin bat diruz laguntzeko, haien deialdi publikoa egitea galarazten duten arrazoiak, behar bezala frogatuak, ziurtatzen direnean.
Prozedura horretan aldez aurretiko fiskalizazioa edo esku-hartze txostena beharko da, 38/203 Legean eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzeari buruz. Justifikazio txostena beharko du eta Osoko Bilkurak erabakiko du diru-laguntza eman edo ukatzen den, eta, orobat, emateko aplikatu beharreko baldintzak zeintzuk diren.
33. artikulua. Zuzeneko emakidaren prozedurari jarraituz ematen diren diru-laguntzak gauzatzeko, lankidetza akordio edo hitzarmenak egingo dira. Haietan diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan izan ezik.
34. artikulua. Aurrekontu-ekitaldian hitzarmena sinatzeko beharra sortzen bada, espedientea irekiko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 22.2 c) artikuluan ezarritakoaren babesean, eta bertan jasoko da urte horri dagokion betebeharra eta hurrengo ekitaldietako diru-laguntza izendunen artean agertuko dira ekitaldi haietan egitekoak direnak.
VIII. KAPITULUA
Ondasun higigarriak eta ez suntsikorrak erosteko diru-laguntzak
35. artikulua. Elkarteek eta/edo erakundeek beraien egitarauko programak garatzeko ondasun higigarriak eta ez suntsikorrak erosteko diru-laguntzak eskatu ahalko dituzte, hala nola, ekipamenduak eta tresnak. Horretarako, jardueren proiektuan haien beharra arrazoitu beharko dute eta eskura dituzten ondasunen zerrenda erantsiko dute.
Kasu horretan, ondasunaren kostutik diruz lagunduko den ehunekoa Udaleko Osoko Bilkurak ezarriko du. Elkarteak etorkizunean diru-laguntza itzultzen badu, objektu hori haren jabetzakoa izatera pasako da.
36. artikulua. Diruz lagundutako ondasun horiek besterentzeko, Udalaren baimena beharko da. Udalak eman zuenean emandako diru-laguntza itzultzeko eskatu ahalko du. Irizpide hori bera jarraituko da elkartea desegiten bada. Kasu horretan, elkarteak zenbateko hura ordaindu edo Udalarekin adostu ahalko du, objektua osorik udal jabetzakoa izatera pasa dadila.
37. artikulua. Udalak ondasun horien kostu osoa bere gain hartzen badu, ez dira inola ere elkartearen jabetzakoak izango eta bi aldeek haien lagapena adostu beharko dute. Bertan adieraziko dute bazkide ez diren beste pertsona batzuek ondasun horiek erabil ditzaketen ala ez eta zein baldintzatan. Kasu horretan, Udalak ondasun horiek besterendu ahalko ditu, elkarteari behar besteko denboraz informazioa eta abisua emanez (elkarteak bere egitarauko jarduerak bukatu arte).
IX. KAPITULUA
Itzultzeko prozedura
38. artikulua. Udala da organo eskuduna onuradunari diru-laguntzak itzul ditzan eskatzeko, Diru-laguntzei buruzko Legean araututako prozeduraren ebazpenaren bitartez, jasotako zenbatekoak itzultzeko lege horretako 37. artikuluan ezarritako kasuetako bat gertatzen dela ikusten bada. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartu zen egunetik hasita.
39. artikulua. Lau urte iraganda baliogabetuko da itzulketa aitortu eta likidatzeko administrazioak duen eskubidea, kontaketa Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 39. artikuluan ezarritakoari jarraituz eginda.
X. KAPITULUA
Arau-hauste eta zehapen administratiboak. Zehapen-prozedura
40. artikulua. Diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean tipifikaturiko eginak eta ez eginak, eta zehatu ahalko dira, utzikeria hutsagatik ere. Tipifikazioari eta prozedurari dagokionez, aipatu Legearen IV. tituluan ezarritakoari jarraituko zaio.
Bigarrena.–Espedientea jendaurrean edukitzea 30 egunean eta entzunaldia ematea interesdunei, erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, erreklamazioak eta iradokizunak aurkez ditzaten, erabaki hau argitaratuz udalaren web atarian, udalaren iragarki-tauletan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. artikuluan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Hirugarrena.–Erregelamenduzko ekimenak beren eskubide edo interes legitimoak ukitzen dituen pertsonak edo haien ordezkari izateko legeak aitortuak dauden erakundeen edo elkarteen iritzia zuzenean jasotzea, elkarte horien helburua zuzenean loturik dagoenean xedearekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Laugarrena.–Alegaziorik, iradokizunik edo erreklamaziorik aurkezten ez bada, ordenantza behin betiko onetsitzat joko da, eta haren testu osoa argitara emango da udalaren web atarian, udalaren iragarki-tauletan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.”
Antzinen, 2018ko abuztuaren 24an.–Alkatea, Isaac Corres López.
Iragarkiaren kodea: L1810628
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
