1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
255E/2018 EBAZPENA, uztailaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Castejongo udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko instalazioaren ingurumen baimen integratua eguneratzen duena. Instalazioaren titularra Fuerzas Eléctricas de Navarra SA da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 1097/2009 Ebazpenaren bidez emana.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bidez, industria isurketei buruz (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuak) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bateratua) transposizioa egin zen Espainiako antolamendu juridikora.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia), bere lehen xedapen iragankorrean, xedatzen du ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentaraura egokitzeko.
Halaber, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatu eta industriako isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarrak xedatzen duenez, errekuntzako instalazioen ingurumen baimen integratuetan, haien potentzia termiko nominala 50 MW-ekoa edo handik gorakoa bada eta eraikuntzako hasierako baimen substantiboa 2013ko urtarrilaren 7a baino lehenago eman bazaie, organo eskudunak baldintzak ezarriko ditu aipatutako erregelamenduaren V. kapituluan errekuntzako instalazio handietarako ezarritako xedapen bereziak bete ditzaten eta atmosferara egindako isurketek, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, 3. eranskinean ezarritako gehieneko isurketa balioak gaindituko ez dituztela bermatzeko.
Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonifikazio akustikoari, kalitatearen helburuei eta emisio akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea; eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) bere lehen xedapen iragankorraren 2.d) apartatuan xedatutakoa betetzeko, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa berrikusi dira, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu da, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.
Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Castejongo udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko instalazioaren ingurumen baimen integratua eguneratzea. Instalazioaren titularra Fuerzas Eléctricas de Navarra SA da. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak.
Bigarrena.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 1097/2009 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako ingurumen baimen integratuan hondakin uren isurketei eta hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruz jaso diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.
Hirugarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluan.
Laugarrena.–Halaber, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.
Bosgarrena.–Instalazio horren ingurumen baimen integratuaren indarraldia kentzen da, baita hura berritzeko betebeharra ere; izan ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) ez du aurreikusten ingurumen baimen integratua berritzea.
Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Zazpigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2018ko irailaren 1a baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izaten ahal duten ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.
Zortzigarrena.–2018ko irailaren 1a baino lehenago, titularrak programa bat aurkeztu beharko du, eta bertan adieraziko du zer jarduketa proposatzen diren lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen isuri kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsuenak– ekiditeko aurreikusi dituen neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko.
Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.
Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Hamabigarrena.–Ebazpen hau Fuerzas Eléctricas de Navarra SAri, Castejongo Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko uztailaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgunean ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/
Iragarkiaren kodea: F1808971