174. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

245E/2018 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendariak emana, Oltza Zendeako udal-mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste zenbait produktu fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Graftech Iberica SL da instalazioaren titularra, eta honako hauek dira aldaketaren xedeak: nabe berri bat jartzea inpregnazio prozesua hedatzeko, grafitatze prozesurako 3. nabea handitzea eta atmosferarako isurpen fokuak zentralizatzea (32.a eta 33.a); horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 428/07 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 164E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 19ko 575E/2014 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2017ko ekainaren 5ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen. Aldaketaren xedeak dira nabe berri bat jartzea inpregnazio prozesua hedatzeko, grafitatze prozesurako 3. nabea handitzea eta atmosferarako isurpen fokuak zentralizatzea (32.a eta 33.a).

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2017ko ekainaren 15ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berri bat ematea. Baina aldaketa “nabarmena” dela zioen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta, horretarako, hura aldatu egin behar da.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2017ko ekainaren 15ean, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.– Baimena ematea Oltza Zendeako udal-mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste zenbait produktu fabrikatzen dituen instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko. Graftech Iberica SL da instalazioaren titularra, eta honako hauek dira aldaketaren xedeak: nabe berri bat jartzea inpregnazio prozesua hedatzeko, grafitatze prozesurako 3. nabea handitzea eta atmosferarako isurpen fokuak zentralizatzea (32.a eta 33.a). Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak.

Bigarrena.– Aldaketa abiarazi baino lehen, titularrak martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.– Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean duen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.– Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.– Ebazpen hau Graftech Iberica SL enpresari, Oltza Zendeako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko ekainaren 29an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgunean ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1808825