174. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

212E/2018 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Tuterako udal-mugartean Comunidad de Regantes del Campo de Traslapuente ureztatzaile elkartearen ureztatzeko urez hornitzeko ubidetik sedimentuak erauzteko proiektua egiteko. Sustatzailea Comunidad de Regantes del Campo de Traslapuente ureztatzaile elkartea da.

2018ko urtarrilaren 11n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P) epigrafean sartzen da: "Erregelamendu honen eranskinetan sartu ez den obra, lan edo aprobetxamendu proiektu oro, Nafarroako Gobernuak onetsitako Natura 2000 Sarean edo babes bereziko eremuetan dauden Tokiak Erabili eta Kudeatzeko Plan Gidarian ageri ez den eta foru lege honen eranskinetan ageri ez dena, edozein plan sektorialetatik etorri zein ez". Foru dekretu horren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Helburu horietarako, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2018ko otsailaren 6an jakinarazi zuen jarduera ez dela eraikuntzakoa, eta, beraz, ez duela lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar.

Proiektatutako jarduketaren xedea da ureztatzeko ura eta Molinar zentral hidroelektrikorako ura hornitzeko ubidetik sedimentuak ateratzea, Tuterako Noriak alderdian (UTM ETRS 89 X:615682 eta Y:4660549 koordenatuak). Ubideak 150 bat metroko luzera du, eta egungo zabalera 12 bat metrokoa da. Ubidearen atal erabilgarriaren murrizketagatik ezin denez ur emakida guztiz aprobetxatu, sustatzaileak proposamen tekniko bat aurkeztu du, balio naturalak, sedimentuak ateratzeko zenbait aukera, eragin posibleak eta neurri zuzentzaileak jasotzen dituena.

Ubidea “Ebro ibaia” Kontserbazio Bereziko Eremuan (ES2200040) dago, eta “Sotos de Traslapuente” lekune naturalaren (EN-11) ondoan.

Espedientean jasota dago Tuterako Udalaren aldeko txostena, 2018ko martxoaren 1ekoa, Hirigintzako Zerbitzu Teknikoen eta Nekazaritza Teknikariaren txostenak jasotzen dituena. Txosten horretan, eragin txikieneko aukeratzat jotzen da sedimentuak ubidearen barnealdetik ateratzea (3. aukera).

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2018ko uztailaren 5ean, baina ebazpen honetan biltzen diren ingurumen arloko baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Comunidad de Regantes del Campo de Traslapuente ureztatzaile elkartearen ureztatzeko urez hornitzeko ubidetik sedimentuak erauzteko proiektua egiteko. Sustatzailea Comunidad de Regantes del Campo de Traslapuente ureztatzaile elkartea da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Jarduketa egiteko, makinak sartuko dira ubidean behin hura lehortu denean (3. aukera), ibai ertzeko landarediari gutxien eragiten dion aukera baita.

–Makinak “Sotos de Traslapuente” lekune naturaletik (EN-11) sartzeko, A01 planoan adierazitako ibilbidea soilik erabiltzen ahalko da. Zuhaitzak inaustean, mozketa garbiak eginen dira tresna egokiz, eta, ahal dela, espezieen landare atsedenaldian.

–Lanak bisoi europarraren eta igarabaren ugalketa alditik (apirilaren 1etik abuztuaren 30era) kanpo eginen dira; hau da, lanak 2018ko irailetik aurrera hasiko dira.

–Ubidean dauden fauna espezieak erreskatatzeko, sustatzaileak abisu eman beharko dio Basozaintzaren Barruti Zentralari behar besteko aurrerapenez (ogfocentral@cfnavarra.es). Obraren jarraipena egiteko oro har (lekune naturaletik obretarako sarbideak balizatzea, zuhaitzak markatzea hala egin behar bada...), sustatzaileak 48 ordu lehenago emanen dio abisua Tuterako Basozaintzari-12. barrutia (ogfotude12@cfnavarra.es).

–Ebroko presaren iparraldeko muturrean (ubidearen sarreran) dauden iragazpenak zigilatzeko baliatuko dira obrak; beharrezkoa izanez gero, ubidea eta Ebro ibaia elkartzen diren tokian aurreikusita dagoen ur hesia zenbait metroz lekualdatuko da.

–Aurkeztutako memorian adierazten den eran, ateratako landare materiala eta sedimentuak gertuko nekazaritza lurzatietan utziko dira, edo hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

–Ubidearen jatorrizko zolata legarrezkoa da (orain sedimentu geruzaz estalita dago); hortaz, gerta daiteke harri bolumen txikiagoa behar izatea ubidearen barnean sortu beharreko harri lubeten plataformarako. Edonola ere, behin-behineko harri lubeta hori, behin sedimentuak ateratzeko lanak bukatutakoan, desmuntatu eginen da, eta hura eraikitzeko erabilitako harriak, memoriak adierazten duen eran, ureztatzaile elkartearen lurzatiren batean utziko dira, etorkizunean egiten ahal diren beste jarduketa batzuetan berrerabiltzeko.

–Jarduketa egiteko Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko da.

–Lanak bukatutakoan, argazki txosten bat igorriko zaio Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, eta lohiak non utzi diren eta harriak non metatu diren zehaztuko da (lurzati eta poligono zenbakia), horren arabera erabakiko baita lan horietarako ingurumen ukipenetarako baimena izapidetu behar den ala ez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Tuterako Udalari, Basozaintzari (7. eta 12. barrutiak) eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko uztailaren 5ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1808969