1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
209E/2018 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Mañeruko KZ-Komunikazio Zentroan zuntz optikoa hedatzeko interkonexiorako proiekturako, Mañeruko udal-mugartean. Sustatzailea NASERTIC da.
2018ko martxoaren 19an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketaren xedea da A-12 Autobiaren 25+400 KPn dagoen lotune kaxa Mañeruko KZrekin lotzeko hoditeria jartzea eta zuntz optikoa hedatzea. Zuntz optikoa hedatzeko, lurpeko hoditeria jarriko da, eta aireko behe tentsioko linea elektrikoa ere erabiliko da. Horretarako, lurpeko hoditeria berria eraikiko da (15 metro) telekomunikazio kutxatila bat argiteria kutxatila batekin lotzeko, eta aireko linea elektrikoaren amaierako euskarri bat ordeztuko da.
Espedientean jasota daude Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena eta Herri-lurren Atalaren txostena. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Mañeruko KZ-Komunikazio Zentroan zuntz optikoa hedatzeko interkonexiorako proiekturako, Mañeruko udal-mugartean. Sustatzailea NASERTIC da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Hoditeria eraikitzearen eta euskarria ordeztearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
–Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, kultura arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.
–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
Hirigintza arlokoak:
–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik.
–Sustatzaileak behar diren baimenak lortu beharko ditu instalazioak Foru Komunitatearen jabetzapeko lurzatietan eragiten dituen ukipenetarako. Baimen horiek Ondare Zerbitzuan tramitatzen dira.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
Herri-lurren Atalak 2018ko apirilaren 30ean emandako txostenarekin bat:
–Obra lizentzia eman edo herri-lurretan edozein jarduketa egin baino lehen, Telekomunikazio Zentroari zerbitzu ematen dion behe tentsioko aireko linearen legezkotasuna bermatze aldera, Herri-lurren Atalak sustatzaileari eskatzen dio aurkez ditzala bere garaian eskuratutako aginduzko baimenen kopiak, herri-lurrak zeharkatuz Telekomunikazio Zentroa elikatzeko bide zor elektrikoa eratzeko aukera eman zuten agiriena, alegia.
–Sustatzaileak ez badu legezko balioa duen agiririk, edo aurreikusitako jarduketak lehendik dauden baimenetan ezarritako baldintzak aldatzea eskatzen badu, dagokion espedientea izapidetu beharko da, eta Nafarroako Gobernuak herri-lurren erabilpena lagatzeko eta/edo bide zor elektrikoa eta karga eratzeko baimena eskuratu, aginduzko izapideen ziurtagiriak aurkeztuz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin bat.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Herri-lurren Atalari, Mañeruko Udalari, Basozaintzari (Lizarra hegoaldea barrutia) eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko uztailaren 5ean.– Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1808970