174. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

597/2018 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Uraren goi hornidurako lanak: Mendinuetako konponbidea, 6. fasea. Itzagaondoko eta Lizoaingo hodiak” izeneko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egoteko fasea ebatzi, eta horiek behin betiko onesten dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak maiatzaren 24an emandako 288/2018 Ebazpenaren bidez, aipatutako proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hamabost egunez jendaurrean jarri ziren eta hasiera eman zitzaion desjabetze prozedurari.

Jendaurreko aldian lau alegazio jaso dira. Hona hemen alegazioen edukia eta erantzunak:

1. alegazioa: M.ª Cristina Huarte Ibiricu, Miguel Angel Huarte Azpiroz eta Jose Javier Huarte Huarte jaun-andreek aurkeztua; hona hemen, laburtuta, bertan adierazten diren gaiak:

–10. poligonoko 249. lurzatian: hodiaren trazadura bidetik ahalik eta hurbilen joatea eskatzen du.

Erantzuna: ez da alegazioa onartzen. Nolanahi ere, lanak egiteko fasean aztertuko da eskaera, hodia bidetik ahalik eta hurbilen jartzeko, betiere hirugarrenen gaineko ukipenik ez badakar.

–10. poligonoko 247. lurzatian: hodiak alde batera egiten du lurzati honetan, eta gero Zalbako hobi septikora iristen da. Hobi horretatik hodi-hustubide bat ateratzen da Erro ibairantz. Trazadura alternatibo bat proposatzen da, eta elementu hori kontuan hartzea.

Erantzuna: ez da alegazioa onartzen. Garrantzi txikiko gorabehera bat da, proiektuko trazadura baldintzatzen ez duena; nolanahi ere, hodiaren sakonera aldatzen ahal da, hodiaren gainerako tartean dauden maldek, gurutzaketaren aurretik nahiz ondotik, horretarako bide ematen baitute.

–Adierazten duenez, 10. poligonoko 130. lurzatian ez dira kontuan hartu zortasuneko eta aldi baterako okupazioko ukipenak, ez eta bideaz bestaldean dagoen lurzatian ere. Era berean, eskatzen du lanak amaitu ondoren bidea ibiltzeko moduan uzteko, gaur egun dagoen bezalaxe.

Erantzuna: obraren exekuzioak ez die lurzati horiei eraginen, haien artean dagoen bidean gauzatuko baitira lanak; aurreikusitako jarduketak behin amaituta, hasieran zegoen bezala utziko da.

–10. poligonoko 243. 244. eta 242. lurzatietan eta 11. poligonoko 20. lurzatian hodia paratzeko beste trazadura bat proposatzen dute, proposatutako kutxatiletako bi kentzeko.

Erantzuna: alegatutakoaren zati bat onartzen da, finken arteko hondoko hustubidea kentzeko aukera emanen duen trazadura proposatzeko.

Trazadura berriaren ondorioz, lurzatien gaineko ukipenak hauek dira: 242. lurzatia; zortasunak 208 metro linealeko luzera eta 624 m²-ko azalera du, eta aldi baterako okupazioa 1.800 m²-koa, 244. lurzatian; zortasuna 77 metro linealekoa eta 231 m²-koa da, eta aldi baterako okupazioa 862 m²-koa, eta 243. lurzatian; 115 metro linealeko eta 345 m²-ko zortasuna ezartzen da eta 1822 m²-ko aldi baterako okupazioa. Aipatutako hiru lurzatietan ez dago erregistrorik aurreikusita.

–11. poligonoko 20. lurzatian kutxatila lurzatiaren muturrera mugitzeko eskatzen dute.

Erantzuna: ez da onartzen, eremu horretan trazadura eta elementuak teknikoki egokiak direla iritzita. Halere, ahaleginak eginen dira obran zehar bentosadun kutxatila lurzatiaren muturrera mugitzeko, ahal den neurrian.

–Alegazioaren egileek adierazten dute kontuan hartu beharko direla bertan dauden bi hodi: batetik, ur kondukzio bat, 12. poligonoko 69. lurzatitik abiatu eta 70., 73. eta 77. lurzatietan barna igaro ondoren etxe bateraino iristen dena; bestetik, aireko linea elektriko bat, Zalbako herrigunetik Laboa alderdiraino doana.

Erantzuna: lanek ukitutako zerbitzu guztiak lanak hasi aurretik zeuden bezala utziko dira. Aipatutako azpiegituren jabeei gomendioa egiten zaie obra zuzendaritzari horien trazaduraren berri emateko, lanak egiten diren bitartean.

–Jakinarazten dute ukitutako lurzatietako batzuetan alorrak ureztalur bihurtzeko proiektua dagoela, eta horregatik eskatzen dute hodia metro batetik gorako sakoneran paratzeko, ureztaketarako etorkizuneko hodietarako traba izan ez dadin.

Erantzuna: hornidurarako hodiaren sakonera metro batetik gorakoa izanen da trazaduraren zatirik handienean, eta beraz ez da eragozpenik izanen ureztaketarako sarea bertan jartzeko.

–Bestetik, ur hornidura eskatzen dute beraien jabetzako etxebizitza baterako, 11. poligonoko 14. lurzatian.

Erantzuna: lurzati horrek eta bertan dauden eraikinek lurzoru urbanizaezinaren kategoria dute, zehazki nekazaritzarako produktibitate ertaineko lurzoruarena, hots, azken finean landalurra da, eta ez dago horretan zerbitzu urbanorik emateko betebeharrik.

Bestetik, Mankomunitatearen ordenantzan deskribatuta daude ur hornidura lurzoru urbanizaezinean edo landalurrean emateko bete beharreko urratsak; labur esanda, eraikinak planeamenduaren araberakoak izan behar dira, eta Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateari dagokio zehaztea zein hartunetatik baimendu daitekeen lotura egitea. Eskatzaileak ordaindu beharko ditu adarra eta ibilbidea, eta horiei dagokien proiektua aurkeztu.

2. alegazioa: Alicia Huarte Huarte andreak aurkeztu du, bere jabetzako bizitza baterako ur hornidura eskatzeko, 11. poligonoko 14. lurzatian.

Erantzuna: gai honi aurreko alegazioaren azken atalean erantzun zaio.

3. alegazioa: Julian Esquiroz Lecumberri jaunak aurkeztua, hodia luzatu eta Urbikaingo biltegiraino eramatea eskatzen du.

Erantzuna: alegatutakoa ezesten da. Hornidura lanak modu progresiboan egiten dira, unean-unean jasotzen den aurrekontu zuzkiduraren arabera.

4. alegazioa: José Javier Mugueta Burguete jaunak aurkeztua, adierazteko 6. poligonoko 158. lurzatian bi erregistro daudela aurreikusita, eta horregatik eskatzen du bat bakarra uzteko, lurzatiaren mugan dagoena.

Erantzuna: alegatutakoa ezesten da. Halere, lanak egiteko fasean, ahaleginak eginen dira kutxatilen kokapena ukitutako lurzatien mugekin bat etor dadin, ahal den neurrian.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Behin betiko onestea “Uraren goi hornidurako lanak: Mendinuetako konponbidea, 6. fasea. Itzagaondoko eta Lizoaingo hodiak” izeneko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko iragarki taulan argitaratzea (Santo Tomas, 5, Urrotz-Hiria). Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.

3. Ebazpen hau Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateari eta alegazioen egileei jakinaraziko zaie. Horrekin batera, adierazten zaie administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 24an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1810644