Iragarkia
174. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1650/2018 EBAZPENA, 2018ko abuztuaren 22koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko jarduneko errektoreak emana. Haren bidez onesten da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika Espaziala ikerketa taldeari atxikitzen zaion doktoretza ondoko laguntza baten deialdia, eta gastua baimentzen da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak 2018ko uztailaren 19an egindako bileran erabaki zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika Espaziala ikerketa taldeari atxikitzen zaion doktoretza ondoko laguntza baten deialdia onestea.
Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena ikusirik.
Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena ikusirik.
Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren egiaztagiria ikusirik.
Ikerketako errektoreordeak egindako proposamena ikusirik.
A posteriori kontu-hartzea egin beharko da, kontu-hartzailea ez dagoelako.
1042/2015 Ebazpenaren 15. puntuarekin bat etorriz, jarduneko errektorea naizen aldetik,
EBATZI DUT:
Lehena.–Baimena ematea deialdi honek sorrarazitako gasturako (gehienez ere 29.321,60 eurokoa izango da), 2019. urterako aurrekontuan horretarako diru-hornidura nahikoa baldin badago aurrekontu sail hauetan:
–2018ko aurrekontua:
- 32300013108.–Prestakuntzan dabiltzan ikertzaileak: 2.800,00 euro.
- 32300016000.–Gizarte Segurantza: 865,20 euro.
–2019ko aurrekontua:
- 32300013108.–Prestakuntzan dabiltzan ikertzaileak: 19.600,00 euro.
- 32300016000.–Gizarte Segurantza: 6.056,40 euro.
Bigarrena.–Beharrezkoa balitz, laguntzak emateko ebazpenean, beharrezkoak diren aurrekontu doikuntzak egingo dira kontratuak formalizatzeko.
Hirugarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika Espaziala ikerketa taldeari atxikitzen zaion doktoretza ondoko laguntza baten deialdia onestea, ebazpen honi erantsirik doazen oinarriekin bat etorriz.
Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Ikerketako errektoreordeari, Aurrekontu eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Estatistika Espaziala ikerketa taldearen arduradunari.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen webgunean argitara dadin agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.
Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta bere aurka eta haren oinarrien aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2018ko abuztuaren 22an.–Jarduneko Errektorea, Ramón Gonzalo García.
DEIALDIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ESTATISTIKA ESPAZIALA IKERKETA TALDEARI ATXIKITZEN
ZAION DOKTORETZA ONDOKO LAGUNTZA BATERAKO
I. ERANSKINA
1650/2018 Ebazpenaren
I. kapitulua.–Deialdiaren xedea eta modalitateak.
1.–Laguntza modalitatea.
Estatistika Espaziala ikerketa taldeari atxikitzen zaion doktoretza ondoko laguntza baten deialdia bere xedapen komunek eta berariazkoek arautuko dute, eta, laguntzak emateko, aurrekontu erabilgarritasuna behar da.
2.–Eskatzaileen betebeharrak.
2.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza ondoko ikertzaileen prestakuntzarako laguntzek bi helburu dituzte: doktore titulua eskuratu berri duten ikertzaileen gaitasun ikertzailea bultzatzea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa taldeen jardun ikertzailea areagotzea.
2.2. Eskatzaileak doktoreak izan beharko dira.
3.–Eskaerak aurkezteko forma eta epea.
3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira, Iruñeko campusean (Arrosadia z.g., 31006) zein Tuterakoan (Tarazonako etorbidea z.g.), astelehenetik ostiralera eta 8:30etik 14:30ak arte, edo 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluaren b) apartatuan eta hurrengoetan aipatzen diren bitarteetako edozeinen bidez.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea).
Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.
4.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.
a) Inprimaki normalizatua, zeina helbide honetatik jaits baitaiteke: http://www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak/ikertzaileak?languageId=100001. Eskaera bete eta gero, izenpeturiko ale bat aurkeztu beharko da Erregistro Orokorrean, kasu bakoitzean eskatzen diren dokumentuekin batera.
b) Merezimenduen zerrendari buruzko laburpen inprimakia, helbide berean dagoena: http://www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak/ikertzaileak Inprimakiarekin batera, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Agiriz egiaztatutako merezimenduak balioetsiko dira bakarrik. Merezimenduak aurkeztea eta frogatzea ez denez baldintza baztertzailea deialdian, eskatzaileak dokumentazio hori aurkezten ez badu, Unibertsitateak ez ditu merezimendu horiek balioetsiko eta ez du eskatuko haiek egiaztatzea.
Ez dira kontuan hartuko beren arauen arabera egiaztatzeko eskumenik ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek egiten dituzten agiriak.
c) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
d) Doktore tituluaren aurreko tituluaren fotokopia.
e) Doktore tituluaren fotokopia edo eskatu izanaren frogagiria.
f) Garatu nahi den ikerketa proiektua.
Deialdi honetako oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egongo, eta zirkunstantzia hori idatzita jaso beharko dute idazki batean. Idazki horretan zein dokumentu den identifikatu behar dute, eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.
Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batean egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.
5.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.
Eskatzen diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean jarriko da behin-behineko zerrenda, tramitatzeko onartuak izan direnena eta baztertuena (eskatu duten laguntzarako ezarritako betekizunen bat ziurtatu ez dutelako edo eskaturiko agiriak aurkeztu ez dituztelako). Bitarteko horiek dira Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra, alde batera utzi gabe interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea, modu osagarrian eta ez-ofizialean. Eskatzaile horiei 5 egun balioduneko epea emango zaie, behin-behineko zerrenda Unibertsitatearen webgunean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, dagokion dokumentazioan atzemandako hutsuneak konpon ditzaten edo osatu beharreko dokumentazioa osa dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ezin izango da tramitatzeko onartu.
5.2. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi eta gero, eta Hautapen Batzordeak proposaturik, Unibertsitatearen webgunean argitaratuko da tramitatzeko onartu diren eta baztertu diren eskaeren behin betiko zerrenda. Behin betiko ebazpen horrek administrazio bidea agortzen du. Bere aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
5.3. Tramitatzeko onartu diren eskaeren behin betiko zerrenda argitaratzen denetik bi hilabeteko epean gehienez ere, puntuazioak eta laguntzaren behin-behineko esleipen proposamena argitaratuko dira Unibertsitatearen webgunean, alde batera utzi gabe interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea, modu osagarrian eta ez-ofizialean, eta 5 egun balioduneko erreklamazio epea jarriko da proposamena webgunean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Erreklamazioak ebatzi ondoren, Hautapen Batzordeak Unibertsitateko errektoreari igorriko dio behin betiko esleipen proposamena, ebazpen baten bidez onetsia izan dadin. Puntuazioak eta laguntzak emateko behin betiko proposamenak Unibertsitatearen webgunean argitaratuko dira. Lau hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta, ez bada ebazpenik ematen, eskaerak ezetsi direla ulertuko da.
5.4. Errektoreak laguntza emateko egiten duen behin betiko ebazpenaren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, Unibertsitatearen webgunean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
5.5. Argitaratzeko web-orria: http://www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak
6.–Hautapen Batzordea.
Kide hauek osatzen duten Hautapen Batzordeak hautatuko ditu izangaiak:
–Ana Fernández Militino.
–María Dolores Ugarte.
–Tomás Goicoa Mangado.
7.–Hautatzeko irizpideak.
Atal honetan ezarritakoari jarraikiz hautatuko dira izangaiak:
–Eskatzailearen curriculuma, eranskinean ezarritakoaren arabera: 40 puntu gehienez ere.
–Eskatzaileak aurkeztutako ikerketa proiektua: 40 puntu gehienez ere. Izangaiak garatu nahi duen proiektuaren kalitatea balioetsiko da, baita taldearen ikerketa lerro honekiko duen egokitzapena ere:
–Estatistika espaziala
–Matematikan, Estatistikan, Nekazaritza Ingeniaritzan, Informatikan edo antzekoan lizentziadun titulua edukitzea: 10 puntu.
–Elkarrizketa: 10 puntu.
8.–Onuradunaren betebeharrak.
8.1. Onuradunak laguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arauak onartzea, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntzen jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.
8.2. Onuradunak betebehar hauek izango ditu:
–Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzea, laguntzarako ikerlana egiteko, laguntza emateko ebazpenean edo kontratuan adierazten den egunean bertan; sartzen ez bada, laguntzari uko egiten diola ulertuko da. Halaber, laguntzari uko egiten diola ulertuko da Giza Baliabideen Ataletik kontratua sinatzeko jakinarazpena jasotzen den egunaren hurrengo 5 egunetan sinatzen ez badu.
–Ezinbesteko arrazoiak daudenean, interesdunak eskatuta eta ikerketa taldearen arduradunaren oniritziarekin, zeina laguntzaren zuzendari jardungo baitu, Ikerketako errektoreordeak zilegi izango du sarrera atzeratzeko baimena ematea. Bateraezintasun arrazoiak ez dira ezinbesteko kausatzat jotzen taldean edo institutuan sartzea atzeratzeko.
–Ikerketa taldean bere lana aprobetxamenduz egitea.
–Laguntzarekin lotutako lana garatzean lortu dituen informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, laguntzaren zuzendariaren baimenik ez badu.
–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari igortzea egindako jarduerari buruz eskatzen dizkioten txostenak, laguntzaren zuzendariak ontzat emanak.
–Laguntzak iraun duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueretatik eratorritako beste emaitza batzuetan agerraraztea Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako finantzaketa izan dutela.
–Laguntza-aldia behin betiko bukatu ondoren, egindako lanaren azken oroitidazkia aurkeztea, laguntzaren zuzendariak ontzat emana, lan bizitzaren ziurtagiriarekin batera.
8.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak emandako laguntza baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru kopuruak itzuli behar izatea, hala badagokio, Diru-laguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean agindutakoarekin bat etorriz.
8.4. Erdietsitako laguntzari uko egiteko, ikerketa taldearen arduradunaren sinadura daukan idazkia bidali beharko zaio Ikerketako errektoreordeari, bertan arrazoiak emanez. Deialdi honetako gainerako eskatzaileek beteko dute kontratua hasi eta hurrengo 3 hilabeteetan gertatzen den hasierako emate berrien baja, laguntzak emateko ebazpenean onetsitako balioespenean ezarritako ordenaren arabera. Laguntzari uko egiteko eskaera ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar da gutxienez.
8.5. Laguntza honen onuradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkio laguntzaren helburu den ikerketa-jardueren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak laguntzaren onuradunari egile edo asmatzaile eskubideak aitortuko dizkio lortzen lagundu duen emaitzen gainean, Unibertsitateko kontratupeko ikertzaileei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza berdinetan.
9.–Onura sozialak.
Sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko ditu laguntzaren onuradunak.
10.–Irakaskuntza.
10.1. Laguntzaren onuradunak zilegi du baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean irakaskuntza lanak egiteko, prestakuntzarako, ikerketa taldearen arduradunak eta ukitutako saileko zuzendariak ados daudela adierazi ondoren. Lankidetza horrek, gehienez, laurogei ordu hartuko ditu urte bakoitzean, eta ez da kontabilizatuko sailaren ikasketak antolatzeko planean.
10.2. Baimena eskatzeko, ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio, dagokion administrazio unitatean inprimaki normalizatua aurkeztuz.
11.–Laguntzen araubide juridikoa.
11.1. Laguntzaren onuradunaren eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izango dira, baita aplikagarria zaien legeria indardunean ezartzen den beste edozein ere.
11.2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 22. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu kontratuak.
11.3. Laguntzaren onuraduna Estatistika Espaziala ikerketa taldean hasiko da.
11.4. Deialdi honetan jasotzen den laguntzak ez du inolaz ere konpromisorik ezartzen onuraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.
11.5. Deialdi honen babesean laguntza bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza batzuekin, bai eta laguntzaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, Ikerketako errektoreordeak baimena eman ondoren:
–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenean lotuta dauden ikerlanetatik edo irakaslanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+G proiektuetan parte-hartze baimenduak, eta Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa, 2007ko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatutakoa, aplikatuz egindako kontratuak.
–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.
–Ikerketako errektoreordearen arabera emandako laguntzaren xedea garatzeari traba egiten ez dioten jarduerengatik noizean behin jasotako laguntzak.
12.–Laguntzen etendura.
Laguntza honen onuradunak eskubidea edukiko du Gizarte Segurantzaren babes erregimeneko prestazioak jasotzeko, deialdian azaltzen den moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, sortzen duten gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikagarri diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko diote.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22 c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, aldi baterako desgaitasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzio edo harrera, bularra emateko arriskua eta aitatasuna direla medio sortzen diren egoeretan etengo da kontratuaren iraunaldiaren zenbaketa.
13.–Kontratuaren baldintzak.
13.1. Laguntza jaso ahal izateko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Espainiako Sistemarako Sarrerarako kontratu bat egingo dute onuradunak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.
13.2. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du. Kontratua luzatzeko aukera egongo da, betiere aurrekontuan diru hornidura badago eta ikerketa taldearen arduradunak aldeko txostena aurkezten badu. Doktoretza ondoko laguntza honen barruan, hasierako kontratuaren iraupenak gehi ondorengo luzapenek 2,5 urteko iraupena izango dute gehienez ere.
13.3. Laguntzaren zenbateko osoa 1.600 euroko 14 lansaritan emango da. Hileroko kopuru horretatik nahitaez kotizatu behar den kuota kenduko da, eta Unibertsitateak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzako enpresa kuotak, lege indardunetan ezarritako moduan.
14.–Argitalpena.
Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Unibertsitateko bitarteko elektronikoen bidez zabalduko da.
15.–Errekurtsoak.
Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
ERANSKINA
Curriculuma balioesteko baremoa
KATEGORIAK | |
Argitalpenak | 10 |
Biltzarrak | 2 |
Egonaldiak | 10 |
Proiektuetan parte hartzea | 10 |
Doktoretza aurreko laguntzak eduki izana | 1 |
Beste merezimendu batzuk | 7 |
EKARPENA | PUNTUAK | MAILA | PUNTUAK | |
1 | JCR artikuluak Q1-en | 2,00 | Argitalpenak 7. atalean aipatutako gaietan, laguntza bakoitzean | Gehieneko normalizatua 10 |
2 | Patenteak | 1,00 | ||
3 | JCR artikuluak Q2-n | 0,75 | ||
4 | JCR artikuluak Q3-n | 0,50 | ||
5 | JCR artikuluak Q4-n | 0,25 | ||
6 | Monografiak | 1,00 | ||
7 | Nazioarteko liburuak, osorik | 1,00 | ||
8 | Nazioko liburuak, osorik | 0,50 | ||
9 | Nazioarteko liburuetako kapituluak | 0,40 | ||
10 | Nazioko liburuetako kapituluak | 0,10 | ||
11 | Beste argitalpen batzuk | 0,20 | ||
12 | Nazioarteko biltzarretarako gonbidapena jaso duten hitzaldiak | 1,20 | Biltzarrak 7. atalean aipatutako gaietan, laguntza bakoitzean | Gehieneko normalizatua 2 |
13 | Nazioarteko biltzarretarako gonbidapena jaso duten hitzaldiak | 0,40 | ||
14 | Nazioarteko biltzarretako komunikazioak edo posterrak | 0,50 | ||
15 | Nazioko biltzarretako komunikazioak edo posterrak | 0,30 | ||
16 | Egonaldiak | Puntuazioa, gehienez | 10 | |
17 | Europar Batasuneko proiektuak | 0,60 | Proiektuak | Gehieneko normalizatua 10 |
18 | Plan Nazionaleko proiektuak edo parekatuak | 0,40 | ||
19 | Autonomia eremuko proiektuak | 0,20 | ||
20 | Unibertsitateek finantzaturiko proiektu lehiakorrak | 0,20 | ||
21 | Parte-hartzea kontratuetan LOUren 83. art. | 0,10 | ||
22 | Doktoretza aurreko laguntzak eduki izana | Puntuazioa, gehienez | 1 | |
23 | Hizkuntzak | 2,00 | Beste merezimendu batzuk | Gehieneko normalizatua |
24 | Gaiarekin lotura duen lanbide jarduera* | 3,00 | ||
25 | Prestakuntza ikastaroak* | 2,00 |
Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak:
Kasu guztietan, onetsitako edo argitaratutako ekarpenak hartuko dira aintzat. Proiektu, ikastaro eta abarretako parte-hartzea behar bezala dokumentatu behar da.
Argitalpenak, komunikazioak eta txostenak: onartu direla edo argitaratu direla egiaztatzea. Biltzarretako akta liburuak ez dira argitalpenak balira bezala puntuatuko. Biltzarretara joatea baina parte ez hartzea prestakuntza ikastaroen atalean sartuko da.
Proiektuak: beharrezkoa da egiaztatzea eskatzailea ofizialki proiektuaren ikerketa edo lan taldekoa dela, proiektuaren erakunde arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez bada; kasu horretan, proiektuaren eta deialdiaren datuak adieraziko dira, dokumentazioa errazago topatu ahal izateko. Ez dira baliozkoak izango proiektuaren ikertzaile arduradunak emandako frogagiriak.
Kontratuak: kontratudunak kontratuaren testuan taldeko partaide bezala agertzen direnean edo beka bat edo lan kontratua eduki dutenean, orduan bakarrik balioetsiko dira LOUren 83. artikuluaren araberako kontratu atxikipenak.
Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezingo da merezimendu bera bi ataletan aurkeztu.
–Argitalpenak: gehieneko normalizatua, 20 puntu. Ekarpenak honela balioetsiko dira: artikuluak aldizkarietan Q1-en, puntu 2; Q2-n, 0,75 puntu; Q3-n, 0,5 puntu, eta Q4-n, 0,25 puntu. Monografiak eta nazioarteko liburuak osorik, puntu 1; patenteak, puntu 1; nazioko liburuak osorik, 0,5 puntu; nazioarteko liburuko kapituluak, 0,4 puntu; nazioko liburuetako kapituluak, 0,1 puntu; beste argitalpen batzuk, 0,2 puntu. Gero puntuazioak normalizatuko dira, eta 20 puntu emango zaizkio eskatzaile balioetsienari.
–Biltzarretako parte-hartzeak (komunikazioak edo posterrak biltzarretan): gehieneko normalizatua, 2 puntu. Ekarpenak honela balioetsiko dira: nazioarteko biltzarretarako txostenak, 1 puntu; nazioko biltzarretarako txostenak, 0,4 puntu; nazioarteko biltzarretarako komunikazioak edo posterrak, 0,5 puntu; nazioko biltzarretarako komunikazioak edo posterrak, 0,3 puntu. Azkenik puntuazioak normaltzen dira, gehien balioesten den eskatzaileari 2 puntu emanez. Biltzarretako txostenen kasuan, gonbidaturik egiten badira, beharrezkoa da biltzarreko gonbidapena agiriz egiaztatzea.
–Egonaldiak ikerketa zentroetan: 10 puntu, gehienez ere. Jatorrizkoa ez den erakundeko egonaldia balioetsiko da, 0,5 puntu esleituta hilabete bakoitzeko. Egonaldia egin dela eta haren iraupen osoa egiaztatu behar dira.
–Finantzaturiko ikerketa proiektuetan parte hartzea: gehieneko normalizatua, 5 puntu. Ekarpenak honela balioetsiko dira: Europar Batasuneko proiektuetan parte hartzea, 0,6 puntu; Plan Nazionaleko proiektuetan edo parekatuetan parte hartzea, 0,4 puntu; autonomia erkidego bateko proiektuetan parte hartzea, 0,2 puntu; Unibertsitateek finantzaturiko proiektu lehiakorretan parte hartzea, 0,2 puntu; LOUren 83. artikuluaren araberako kontratuetan parte hartzea, 0,1 puntu. Gero puntuazioak normalizatuko dira, eta 5 puntu emango zaizkio eskatzaile balioetsienari.
–Doktoretza aurreko laguntzak eduki izana: 1 puntu gehienez. 0,5 puntu emango dira eduki den laguntzaren urte bakoitzeko. Laguntzaren iraupen osoa egiaztatu behar da. Laguntzaren jakinarazpena aurkeztea ez da nahikoa, ez baitu justifikatzen denbora guztian erabili denik.
–Beste merezimendu batzuk: gehieneko normalizatua, 7 puntu.
- Interes zientifikoko hizkuntzak: 2 puntu, gehienez ere. Hizkuntza Eskola Ofizial, Goethe Institut, Alliance Française, Cambridge University eta abarren ziurtagiri ofizialak balioetsiko dira, baita 5 urtetik gorako egonaldiak ere. C2 maila egiaztatzeagatik 0,75 puntu emango dira; C1 mailarengatik, 0,5 puntu; B2 mailarengatik, 0,25 puntu.
- Prestakuntza ikastaroak: 2 puntu, gehienez ere. Egiaztatzen direnak balioetsiko dira, gehienez ere 200 ordu artekoak, doktoretza-programarako sarbidea ematen duten titulazioak ez diren beste titulazio batzuk eta abar, jardunaldi eta biltzarretako parte-hartzea barne. Jardunaldi eta biltzar egun bakoitzeko 5 ordu zenbatuko dira. Iraupena zehazten ez bada, 10 ordu balioetsiko dira. 0,1 puntu emango dira 10 orduko ikastaro bakoitzeko.
- Ikerketarekin lotutako intereseko lanbide jarduera izateagatik: 3 puntu gehienez, zeina lanaldi osoko 15 hilabeteren baliokidea baita. Prestakuntza bekak eta irakaslanetako lankidetzak ez dira puntuatuko. Ikerketa proiektuen kargura egindako kontratuak proiektuen atalean balioetsiko dira.
Gero puntuazioak normalizatuko dira, eta 7 puntu emango zaizkio eskatzaile balioetsienari.
Azkenik, atal bakoitzean lortutako puntuazioak batuko dira.
Iragarkiaren kodea: F1810623
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
