Iragarkia
174. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
63/2018 FORU DEKRETUA, abuztuaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloan Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren xedapenak garatzen dituen ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretua aldatzen duena.
Foru dekretua aldatu behar da Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak aldaketa esanguratsuak eduki dituelako, batez ere arau-hauste eta zehapenei dagokienez.
Alde batetik, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra partez aldatzen duen abenduaren 28ko 28/2016 Foru Legeak, V. titulu bat gehitu zion aipatu Tributuei buruzko Lege Orokorrari, “Ogasun publikoaren kontrako delituaren kasuetarako jarduketak” izenekoa, zerga Administrazioaren eskumenak eta ahalmenak indartzeko asmoz, iruzur fiskalari aurre hartzeko eta haren aurka borrokatzeko.
Beste alde batetik, Zenbait zerga aldatzeari eta tributu arloko beste neurri batzuei buruzko abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legeak partez aldatzen du Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra, eta arau-aldaketa garrantzizkoak sartzen ditu, arau-hauste arinen eta astunen arloan eta mailaketa irizpideei buruzkoan. Horrez gain, arau-hauste arin eta larriei ezarritako zehapenen murriztapen bat sartzen du, berehala ordaintzeagatik. Eskudiruz berehala ordaintzeagatiko murriztapena egiteko arrazoia eta oinarria da adostasuna eta berehalako ordainketa sustatzea, bai eta kudeaketa eta diru-bilketa errazagoak izatea ere, eta, horrekin batera, geroratzeko eskaerak gutxiago izan daitezen bultzatzea.
Horren guztiaren ondorioz, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloan Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren xedapenak garatzen dituen ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretua aldatzea, alderdi hauetan:
1. Ogasun Publikoaren aurkako delituetako eta harekin lotutako beste hainbat delitutako administrazio prozeduraren tramiteetan. Horrela, erruduntasunaren testigantza jurisdikzio eskudunera igortzeak edo espedientea Fiskaltzara igortzeak zehapen prozeduran edukiko dituen ondorioak berriz arautuko dira.
2. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 103. eta 104. artikuluek aipatzen duten zergaren ondorioetarako garrantzia duten datuak, txostenak eta aurrekariak jakinarazi beharra hausteagatiko zehapenetan, aipatu foru legearen gutxieneko muga berriak sartu dira.
3. Kontabilitate eta erregistro arloko betebeharrak ez betetzeagatiko zehapenetan, arau-hauste berri bat sartu da, honako hau, hain zuzen: hiru hilabeteko epea agortzea helbide fiskala, edo helbide fiskalaren aldaketa jakinarazteko betebeharra bete gabe.
4. Eremu horretan bertan, arautu dira erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez, hau da, Informazioa Berehala Emateko (IBE) sistemaren bidez, eramateko betebeharrean atzeratzeagatiko zehapenak aplikatzeko arauak.
5. Zerga administrazioaren jarduketei gogor edo uko egiteagatiko nahiz aitzakiak bilatzeagatiko zehapenei dagokienez, zehaztu da ikuskapen edo bilketa faseetan baizik ez direla zehatzeko modukoak izanen, eta ez kudeaketa fasean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren idazketa berriak xedatzen duenari jarraikiz.
6. Mailakatzeko irizpideetan, irizpide berri bat sartu da: zerga Administrazioaren jarduketei gogor edo uko egitea nahiz aitzakiak bilatzea, edo haren ikerlanari oztopoak jartzea kudeaketa, ikuskapen edo bilketa faseetan. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak ezartzen duenarekin bat etorriz, irizpide horien zenbatekoak ezarri dira, zerga Administrazioak egiten dituen eskakizunen arabera.
Arau-hauste astuneii dagokienez, aldaketak sartu dira zerga Administrazioaren jarduketei gogor edo uko egitea nahiz aitzakiak bilatzea, edo haren ikerlanari oztopoak jartzea mailakatzeko irizpideetan.
7. Lehen ere esan den bezala, xeheki arautzen da berehala ordaintzeagatiko murriztapenen aplikazioa tributu arloko arau-hauste arin eta astunetan, subjektu pasiboari egiten zaizkion erregularizazio eta zehapen proposamenetan adostasuna dagoen kasuetan.
Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko abuztuaren 22ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloari buruzko Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren xedapenak garatzeko ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretua aldatzea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloari buruzko Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren xedapenak garatzeko ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretuaren manuak, jarraian jasotzen direnak, honela geratuko dira idatzita:
Bat.–4. artikulua.
“4. artikulua. Jarduketak Ogasun Publikoaren aurkako delituetako eta harekin lotutako beste hainbat delitutako kasuetan.
1. Zerga administrazioak uste badu zergapekoaren portaera Zigor Kodearen 305. edo 305. bis artikuluek delitutzat jotzen dutenetakoa dela, erruduntasunaren testigantza jurisdikzio eskudunera igortzeak edo espedientea Fiskaltzara igortzeak ondorio hauek sortuko dituzte:
a) Hasiera eman ez bazaio zehapen prozedura bati egitate horiengatik, zerga Administrazioak ez dio hasiera emango.
b) Prozedura horri hasiera eman bazaio, zerga Administrazioak ez dio jarraipenik emango tramitazioari, eta amaitutzat emango da.
c) Egitate berberengatik zerga-zehapena jarri bada, exekuzioa bertan behera geratuko da.
Ondorio hauek gertatuko dira zerga Administrazioak dakienean egitate berberengatik prozesu penal bat garatzen ari dela.
Atal honetan ezartzen dena beste zehapen prozedura bat hasteko aukera galarazi gabe ulertuko da, edo, hala badagokio, aldez aurretik bertan behera geratu den zehapen administratiboaren exekuzioa berriz hastea galarazi gabe, delitu zantzurik ikusi ez den kasuetan, auzitegiek frogatutzat ematen dituzten egitateekin bat.
Agintari judizialek kondena-epaia emanez gero, ezin izanen da administrazio zehapena jarri egitate berberengatik.
2. Zerga administrazioak uste badu egindako arau-haustea Zigor Kodearen 310. artikuluak delitutzat jotzen dutenetakoa dela, aurreko artikuluak ezartzen duenari jarraikiz jardungo da, eta ezin izango da prozedurari hasiera eman edo jarraitu gertaera berberengatik zehapenak ezartzeko, eta gertaera hauek ez dira aintzat hartuko egindako zerga arloko arau-hausteak kalifikatzeko.
Atal honetan aurreikusitako kasuetan, delitua dagoenik ikusten ez bada, zerga Administrazioak zehapen prozedura administratiboari hasiera ematen ahal dio, epaitegiek frogatutzat eman dituzten egitateekin bat.
3. Zerga administrazioak uste badu atzemandako egitateetan Zigor Kodearen 306. artikulutik 308. artikulura aurreikusten diren delituetako bat egin delako zantzuak badirela, eginbideetan jasoko ditu egitateak eta gorabeherak, eta horren berri emango dio administrazio organo eskudunari, behar den egiaztapena egiteko. Hala ere, diru-laguntzen egiaztapena Nafarroako Zerga Ogasunari badagokio, lehenagoko 1. apartatuak ezartzen duenari jarraikiz jardungo da.
Bi.–7. artikuluko 1. eta 3.apartatuak.
“1. Aitorpenik ez aurkezteak edo aitorpen faltsuak, osatugabeak edo okerrak aurkezteak 6 eta 901 euro arteko isuna edukiko dute, egin den arau-hauste arin bakoitzeko, egindako arau-haustea ez bada 8.etik 12.era bitarteko artikuluetan xedatzen duenari jarraikiz zehatzeko modukoa.
Aitorpenak, komunikazioak, informazio ereduak edo, zergaren araudiaren arabera, baliabide telematikoen bitartez aurkeztu beharreko gainerako agiriak paper-formatuan aurkeztea ere 6 eta 901 euro arteko isunarekin zehatuko da”.
“3. Aurreko 1. apartatuak ezartzen dituen zehapenak 14.1 artikuluko a), c) eta e) letrek arautzen dituzten gorabeheren arabera mailakatuko dira.
Hiru.–8. artikulua.
“8. artikulua. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 103. eta 104. artikuluek aipatzen duten zergaren ondorioetarako garrantzia duten datuak, txostenak eta aurrekariak jakinarazi beharra hausteagatiko zehapenak.
1. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 103. eta 104. artikuluek aipatzen duten zergaren ondorioetarako garrantzia duten datuak, txostenak eta aurrekariak jakinarazi beharra ez betetzeak 6 eta 1.202 euro arteko isuna ekarriko du, dagokion aitorpenean agertu beharko litzatekeen, edo berariaz eskatu den eta isilean gorde, faltsutu edo osatu gabe eman den datu bakoitzeko. Jarritako isunaren zenbatekoa ez da izanen arau-haustea egin duen norbanakoaren eragiketa-bolumenaren 100eko 3 baino gehiago, arau-haustea gertatu den unearen aurreko urte naturaleko eragiketa-bolumena kontuan hartuta. Gehieneko muga 30.050 eurokoa izanen da aurreko urte naturaletan eragiketarik izan ez bada edo aurreko urte naturala jardueraren hasierakoa bada edo produkzio zikloa nabarmen irregularra bada. Eskatutako datuak ez badira subjektu arau-hauslearen jarduera enpresarial edo profesional bati buruzkoak, ezarritako isunaren zenbatekoa ez da izango 1.803 euro baino gehiago.”
Ondorio hauetarako, betebehar hauek ez direla bete joko da epez kanpo betetzen direnean, Administrazioak aldez aurretik eskatuta.
Subjektu arau-hausleak jarritako traba dela medio edo bere kontabilitate eginbeharrak edo formazkoak ez betetzeagatik zerga Administrazioak ezin badu erdietsi eskatu duen informazioa, ez eta informazio horrek zenbat datu izan behar lituzkeen jakin ere, hasieran egindako arau-hauste soilari jarriko zaion isuna ez da izanen subjektu arau-hausleak arau-haustea egin den momentuaren aurreko urte naturalean izan duen eragiketa-bolumenaren 100eko 5 baino gehiagokoa, eta inongo kasutan ez 901 euro baino gutxiagokoa, oro har, eta 3.000 euro baino gutxiagokoa, foru lege honen 103. eta 104. artikuluetan jasotako banakako errekerimenduen ondoriozko ez-betetzeen kasuan. Gehieneko muga 48.080 eurokoa izanen da aurreko urte naturaletan eragiketarik izan ez bada edo aurreko urte naturala jardueraren hasierakoa bada edo produkzio zikloa nabarmen irregularra bada. Datuak ez badira subjektu arau-hauslearen jarduera enpresarial edo profesional bati buruzkoak, gehieneko muga hori 3.005 eurokoa izanen da.”
2. Aurreko apartatuak ezartzen dituen zehapenak 14.1 artikuluko a), c) eta e) letrek arautzen dituzten gorabeheren arabera mailakatuko dira”.
Lau.–9. artikulua.
“9. artikulua. Kontabilitate eta erregistro arloko betebeharrak ez betetzeagatiko zehapenak.
1. Arau-hauste hauetako bakoitza 150 eta 6.010 euro arteko isunekin zehatuko da:
a) Arau fiskalek eskatzen dituzten erregistroetan eta kontabilitatean eragiketa bat edo batzuk isilean gordetzea, edo okerrak izatea.
b) Beren izaera dela-eta, kontuak ez dagokien esanahiarekin erabiltzea, zerga egoera baieztatzeko traba eginez.
c) Nahitaezko liburu eta erregistroetan dauden datuak oker transkribatzea zerga aitorpenetan.
d) Zerga arauek ezartzen dituzten kontabilitatea edo erregistroak eramateko betebeharrak ez betetzea.
e) Lau hilabeteko atzerapena, edo handiagoa, izatea zerga arauek ezartzen dituzten kontabilitatea edo erregistroak eramatean.
f) Jarduera eta ekitaldi ekonomiko berari dagozkien kontabilitate bat baino gehiago eramatea, enpresaren egiazko egoera zein den eragozteko.
g) Zerga administrazioak eskatzen dituen frogak eta kontabilitate-agiriak ez aurkeztea, edo erakusteari uko egitea.
h) Hiru hilabeteko epea igarotzea helbide fiskala edo helbidearen aldaketa jakinarazteko betebeharra bete gabe.”
2. Aurreko apartatuak ezartzen dituen zehapenak 14.1 artikuluko a), d) eta e) letrek arautzen dituzten gorabeheren arabera mailakatuko dira.
Aurreko apartatuko e) eta h) letretan ezartzen diren zehapenak 14.1 artikuluko c) letrak ezartzen dituenari jarraikiz, betebeharrak betetzeko izandako atzerapenaren arabera mailakatuko dira.
Ondorio hauetarako, kontuan hartuko da dagokiena ez den esanahia duten kontuetan bildu diren isilean gordetako, faltsututako, edo oker idatzitako karguen, abonuen edo idazpenen kopurua eta zenbatekoa, edo zerga aitorpenetan oker transkribatu direnenak. Aurreko apartatuko d), e) eta f) letretako arau-hausteen kasuan, arau-hausteak egin dituen norbanakoaren eragiketa-bolumena kontuan hartuko da, arau-hausteak gertatu diren ekitaldian, hau zehazten ahal bada, behintzat, edo aurreko ekitaldian, ezin bada zehaztu edo gorabehera hau esanguratsua bada dagokion zehapena mailakatzeko.
3. Erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko betebeharreko atzerapenaren kasuetan, honako arau hauek aplikatuko dira:
a) Atzerapena hau izango da: erregistroak aurkeztea betebeharra arautzen duen araudian ezartzen den epea amaitu eta gero.
b) Egindako eta jasotako fakturen erregistro liburuak aurkezteko atzerapenaren kasuan, 150 eta 6.000 euro arteko isuna jarriko da hiruhileko natural bakoitzeko.
Apartatu honetan ezartzen den zehapena 14.1.d) artikuluaren azken paragrafoak ezartzen duenari jarraikiz mailakatuko da.
Aipatu zehapena fakturazio-erregistro bakoitzari dagokion kopuru osoari aplikatuko zaio, kuotak eta egotzitako edo jasandako errekarguak barne, baita, hala badagokio, eragiketaren ondorioak diren Balio Erantsiaren Zergarengatik jasotako edo ordaindutako kopuruak ere.
Balio erantsiaren gaineko zergaren kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatu zaien eragiketei dagozkien fakturazio-erregistroak badira, hauek izango dira kopuru osoak:
1) Eragiketaren fakturari dagokion erregistroa baldin bada, fakturan bertan agertzen dena, alde batera utzita fakturarekin batera dagokion ordainketa edo kobrantzaren informazioa bidaltzen den edo ez.
2) Dagokion kobrantzaren edo ordainketaren erregistroa baino ez bada, informatu beharreko moneta magnitudeari dagokiona, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 50. decies artikuluari jarraikiz.
Hiruhilekoko gutxienekoa eta gehienekoa aplikatzeko, hiruhileko natural bakoitzean egindako arau-hauste guztiak hartuko dira kontuan.
c) 200 euroko diru bidezko isun finkoa jarriko da, erregistro bakoitzeko, inbertsio ondasunen eta Europar Batasunaren barneko zenbait eragiketaren Erregistroko Liburuei dagozkien atzerapenetarako.”
Bost.–10.2 artikulua.
“2. Aurreko apartatuak ezartzen dituen zehapenak 14.1 artikuluko a), c), d) eta e) letrek arautzen dituzten gorabeheren arabera mailakatuko dira”.
Sei.–11.3 artikulua.
“3. Aurreko apartatuak ezartzen dituen zehapenak 14.1 artikuluko a), b), d) eta e) letrek arautzen dituzten gorabeheren arabera mailakatuko dira”.
Zazpi.–12.3. artikulua.
“3. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 72.6 artikuluaren bigarren paragrafoak eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuko 12. artikuluak ezartzen dutenari jarraikiz, kreditu entitateek kontu edo eragiketa bakoitza behar den bezala identifikatzeko berariaz bete behar dituzten betebeharrak ez betetzea, behar ez bezala abonatu edo kargatu diren kopuruen 100eko 5eko isunarekin zehatuko da, betiere gutxieneko isuna 901 euro izango dela; eta eragiketa edo gordailua bertan behera gelditu bada, isuna 901 eta 6.010 euro artekoa izango da”.
Zortzi.–13.2. artikulua.
“2. Ikuskapen edo bilketa faseetan, zerga Administrazioaren jarduketei gogor edo uko egin nahiz aitzakiak bilatzen badira, eta horiek aurreko atalean bildu direnak bezalakoak ez badira, arau-hauste soil orokortzat hartu eta horren arabera zehatuko dira, 6 eta 901 euro arteko isunarekin, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 67.1.f) eta 72.1 artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz.
Ondorio horietarako, zerga Administrazioaren jarduketei gogor edo uko egin nahiz aitzakiak bilatu direla joko da zergapekoak, behar bezala jakinarazita eta ohartarazita, ez dituenean aintzat hartzen Administrazioaren eskakizunak, edo, bere betebeharrei dagokienez, haren organoen jarduketak luzatu, oztopatu edo galarazteko jarduketak egiten dituenean. Bereziki zergapekoaren jokabide hauek hartuko dira horrelakotzat.
a) Ez agertzea, arrazoi justifikaturik eduki gabe, indarrean dagoen legeriaren arabera seinalatu zaion tokian eta epean.
b) Zerga administrazioaren organoei finketan edo lokaletan sartzen ez uztea, edo han gera daitezen galaraztea, organo horiek hala eskatu dutenean indarreko legeriak xedatutakoarekin bat.
c) Zerga administrazioaren organoak hertsatzea, hertsapena delitua edo falta den kasuetan izan ezik”.
Bederatzi.–14.1 artikulua. d) letra aldatuko da eta e) letra gehituko da.
“d) Ematen ez diren datu, txosten edo aurrekariek, eta oro har, betebehar formalak, kontabilitate eta erregistro arlokoak, eta zerga Administrazioari informazioa eta laguntza emateko betebeharrak ez betetzeak zer garrantzia daukaten zerga kudeaketarako.
Ondorio hauetarako, hauek dira zerga kudeaketarako garrantzizkoak diren betebehar edo obligazio formalak:
1) Atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena aurkeztea.
2) Hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruzko urteko aitorpenaren aurkeztea.
3) Balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamenduaren (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsia) 67. artikuluan ezarritako Batasunaren barreneko eragiketen aitorpen laburtua aurkeztea.
4) Pentsio planetan eta funtsetan eta horien aukerako sistemetan parte hartzen dutenen identifikazioa aurkeztea, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregelamenduko 62.10 artikuluan aipatzen denaren arabera.
5) Kontu korronte, aurrezki gordailu eta eperako gordailuetako mugimenduei, mailegu eta kreditu kontuetako mugimenduei eta bestelako eragiketa aktibo eta pasiboei buruzko informazioa ematearekin loturikoak, kontu iragankorretan edo txekeetan edo entitatearen, bankuen, aurrezki kutxen edo kreditu kooperatiben konturako bestelako ordainketa-aginduetan islatzen direnak ere barne, baita banku edo kreditu trafikoan aritzen diren pertsona fisiko eta juridikoen konturakoak ere.
6) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 80.4 artikuluan ezarritako informazio betebeharrak.
7) Identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuaren 10., 11. eta 12. artikuluetan ezartzen diren eragiketetan identifikazio fiskaleko zenbakia erabiltzea.
8) Zerga berezien xedeko produktuen eragiketei buruzko aitorpenak aurkeztea.
9) Aseguru-sarien gaineko zergaren urteko laburpen-aitorpena.
10) Balio erantsiaren gaineko zergaren urteko laburpen-aitorpena, aipatu zergaren abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 109.1.6 artikuluak aipatzen duena.
Halaber, zerga kudeaketarako garrantzizkotzat joko dira fakturetan, frogagirietan edo antzeko dokumentuetan agertu behar diren ondoko datu hauek:
1. Fakturaren zenbakia eta, halakorik badago, seriea.
2. Fakturaren egilearen identifikazio fiskaleko zenbakia.
3. Kontraprestazioaren zenbateko osoa, eta, hala badagokio, zerga-kuota jasanarazia.
Irizpide hau aplikatzeko, lehen aipatu diren betebeharrak ez betetzean, kontuan hartuko da arau-hauslearen eragiketen bolumena, eta ezkutatutako, faltsututako edo osatu gabeko datuen, karguen edo abonuen kopurua eta garrantzia, baita ez betetze honek zer nolako eragina eduki dezakeen ukitutako beste zergapekoen zerga-egoeran.
Bereziki, balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramatean eragiketak ezkutatzen badira edo datuak zehatzak ez badira, gutxieneko isunaren zenbatekoa handiagotuko da; handiagotze hori erregistratzearen xedeko fakturaren zenbatekoaren 100eko 1 izango da. Aipatu erregistro liburuak eramateko edo gordetzeko betebeharra betetzen ez bada, gutxieneko isunaren zenbatekoa handiagotuko da, halaber; handiagotze hori arau-hausleak ekitaldian egindako eragiketa-bolumenaren 100eko 1,5 izango da; eta fakturazio-erregistroak elektronikoki aurkeztean atzerapena bada, gutxieneko isunari fakturaren zenbatekoaren 100eko 0,50 gehituko zaio. Arau-hausleak bere kontabilitate eginbeharrak edo formazkoak ez baditu betetzen, eta ez betetze horren ondorioz zerga Administrazioak ezin badu jakin arau-hauslearen eragiketa-bolumena, aurreikusten den isunaren gutxieneko zenbatekoa handiagotuko da, gutxienez aurreikusitako gehieneko isunaren 100eko 10.
“e) Zerga administrazioaren jarduketei gogor edo uko egitea nahiz aitzakiak bilatzea, edo haren ikerlanari oztopoak jartzea kudeaketa, ikuskapen edo bilketa faseetan.
Inguruabar hori gertatzen bada arau-hauste soil bat egin denean, zehapenaren zenbatekoa handituko da gehieneko zenbatekoaren 100eko 20tik 100eko 40ra bitartean. Horrez gain, zergapekoak ez badie, behar bezala jakinarazi eta ohartarazi eta gero, administrazio horren errekerimenduei erantzun, zenbateko hauek gehituko dira:
a) 300 euro, bigarren aldia bada errekerimendu bat betetzen ez dela.
b) 600 euro, hirugarren aldia edo hurrengoa bada errekerimendu bat betetzen ez dela.”
Hamar.–III. kapituluak, ”Zerga arloko arau-hauste larrien ondoriozko diru zehapenak ezartzea” izenekoak, 15.etik 19.erako artikuluak ditu, biak barne. Atalik gabe.
Hamaika.–15.3. artikulua.
“3. Isunaren zenbatekoa ezin izango da Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 69.1 artikuluak aipatzen duen zenbatekoaren 100eko 200 baino handiagoa, edo, hala badagokio, aipatu foru legearen 76. eta 77. artikuluetan ezarritako mugak baino handiagoa.
Hamabi.–17. artikulua.
“17. artikulua. Zerga administrazioaren ikertze lanari aurre egitea, uko egitea edo oztopoak jartzea.
1. 15.1.b) artikuluak ezartzen duenaren ondorioetarako, Zerga administrazioaren ikerlanari aurre egitea, uko egitea edo oztopoak jartzea dagoela joko da baldin eta zergapekoek, behar bezala jakinarazi eta ohartaraziek, ez badiete jaramonik egiten zerga Administrazioak egiten dizkien eskakizunei haien zerga egoera erregularizatzeko egiten dituen baieztapen eta ikerketen barruan, baieztapen eta ikerketa hauetan arau-hauste astunak egin direla agerian gelditzen denean.
2. Hau gertatzen denean, ezarri beharreko isunaren zenbatekoa 20 eta 60 puntu artean handiagotuko da, honako irizpide hauek kontuan hartuta:
a) Zergapekoak behin eta berriz uko egiten dionean prozeduran zehar eskatzen zaizkion datu, txosten, frogagiri eta aurrekariak aurkezteari, eta horren ondorioz, zerga Administrazioak ezin duenean ezagutu eskatutako informazioa, ezarri beharreko isunaren ehunekoa 35 eta 50 puntu artean handiagotuko da.
b) Zergapekoa ez denean agertzen, agertzeko hiru aldiz eskatu zaionean, gutxienez, ezarri beharreko isunaren ehunekoa 30 eta 40 puntu artean handiagotuko da.
Behin eta berriz ez agertze horren ondorioz, erregularizazioa zergapekoa bertan egon gabe egiten bada, ezarri beharreko isunaren ehunekoa 50 eta 60 puntu artean handiagotuko da.
c) Lehen aipatutakoak ez bezalakoak diren beste ikerlanari aurre egiteak, uko egiteak edo oztopoak jartzeak gertatzen direnean, ezarri beharreko isunaren ehunekoa 20 eta 30 puntu artean handiagotuko da”.
Hamahiru. III. kapituluko 2. atala zena IV. kapitulua izatera pasatuko da, titulu honekin.
IV. KAPITULUA
Adostasuna erregularizazio proposamenekin
Hamalau.–20. artikulua.
“20. artikulua. Adostasuna erregularizazio proposamenekin arau-hauste larrietan.
1. Arau-hausleak, edo, hala badagokio, erantzuleak bai erregularizazio proposamenarekin, baita zehapen proposamenarekin ere ados dagoela adierazten duenean, horretarako ezarritako epean, zerga arloko arau-hauste larriarengatiko diru bidezko zehapena 100eko 40 murriztuko da, 15. artikuluan ezartzen denarekin bat. Murriztapenak ukitzen ahalko du, hala badagokio, gutxieneko isunaren zenbatekoa.
Arau-hauslea erregularizazio proposamenaren zati batekin bakarrik ados badago, eta horri dagokion zehapen proposamenarekin, 100eko 40ko murriztapena aipatu zehapen-zatiari aplikatuko zaio, bakarrik.
Zerga arloko arau-hauste larriengatiko zehapenen zenbatekoa beste 100eko 20 gutxituko da baldin eta, lehen paragrafoan xedatutakoa betetzeaz gain, onartutako erregularizazio eta zehapen proposamen guztiei dagokien zerga zorra dirutan ordaintzen bada, osorik, diru-bilketari buruzko araudian borondatezko ordainketarako ezarritako epean. Ondorio horietarako, eskatzen bada erregularizazio eta zehapen proposamenei dagokien zerga zorraren ordainketa geroratzea edo zatikatzea, ez da aplikatuko paragrafo honetan araututako murriztapen gehigarria.
Egindako erregularizazioaren edo zehaztutako zehapenaren aurka errekurtsoa edo erreklamazioa jartzen bada, ez dira aplikatuko apartatu honetan adierazitako murriztapenak, eta zilegi izanen da erregularizazio proposamenak dakarren zorra eskatzea borondatezko ordainketa aldia amaitzen denetik aurrera.
Lehendabiziko paragrafoan ezarritako 100eko 40ko murriztapena aplikagarri izanik, ordainketa osorik egiten ez bada hirugarren paragrafoan ezarritakoarekin bat, zehapen espedienteak dakarren zorraren zenbatekoa eskatuko da, behin 100eko 40ko aipatu murriztapena eginda eta 100eko 20ko murriztapena egin gabe, diru-bilketari buruzko araudian borondatezko ordainketarako ezarritako epea amaitzen den egunetik aurrera.”
2. Arau-hauste larriak agerian gelditzen direnean Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 113. artikuluak xedatutakoaren araberako behin-behineko likidazioak egitearen ondorioz, aurreko apartatuak aipatzen dituen murriztapenak aplikatzeko ez da beharrezkoa izango arau-hausleak, edo, hala dagokionean, erantzuleak adieraztea ados dagoela erregularizazio eta zehapen proposamenekin.
Murriztapenak aplikatzearen ondorioetarako, adostasuna adieraziko zaie egindako erregularizazioa eta zehapena dauzkaten egintza administratiboei, eta adierazpen hori egin dela joko da egintza horien aurkako errekurtsoa jartzen ez denean legez ezarritako epean.
Egindako erregularizazioa daukan egintza administratiboaren, zehapen jarri izanaren egintzaren edo bien aurkako errekurtsoa edo erreklamazioa jartzen bada, zehapena jartzeko egintza adostasunaren murriztapenak aplikatu gabe eman zela ulertuko da. Ondorio horretarako, bai zehapen prozeduraren proposamenean, baita ebazpenean ere, gorabehera hori jasoko da”.
Hamabost.–20.bis artikulua gehitzea.
“20.bis artikulua. Adostasuna zehapen proposamenekin arau-hauste arinetan.
Zerga arloko arau-hauste soilengatiko zehapenen zenbatekoa 100eko 30 gutxituko da subjektu arau-hausleak edo, kasua bada, erantzuleak, aditzera ematen badu ados dagoela egin zaizkion zehapen proposamenekin eta proposatutako zehapen guztien zenbatekoa osorik eta esku-dirutan ordaintzen badu diru-bilketari buruzko araudiak borondatezko ordainketarako ezarritako epearen barnean. Ondorio horietarako, eskatzen bada zehapen proposamenei dagokien zerga zorraren ordainketa geroratzea edo zatikatzea, ez da aplikatuko artikulu honetan ezarritako murriztapena.
Ordainketa osorik egiten ez bada aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat, zehapen espedienteak dakarren zorraren zenbatekoa eskatuko da, 100eko 30eko murriztapenik egin gabe, zergari buruzko araudian borondatezko ordainketarako ezarritako epea amaitzen den egunetik aurrera.
Zehapenaren aurka errekurtsoa edo erreklamazioa jartzen bada, ez da aplikatuko, orobat, artikulu honetan araututako murriztapena.”
Hamasei.–IV. kapitulua, “Diru bidezkoak ez diren zehapenak” izenekoa, V. kapitulua izatera pasatuko da.
Hamazazpi.–V. kapitulua, “Zerga-zehapenak ezartzeko prozedura” izenekoa, VI. kapitulua izatera pasatuko da.
Hemezortzi.–30.2 artikulua.
“2. Jarduketak amaitu eta gero, prozedura izapidetzen duen funtzionarioak ebazpen-proposamen bat egingo du, zeinean finkatuko baititu, zioak emanez, egitateak eta beren kalifikazio juridikoa. Halaber, adieraziko da, hala badagokio, egitateak zer arau-hauste mota diren edo bestela proposatuko da arau-hausterik edo erantzukizunik ez dagoela aldarrikatzea. Halaber, erantzulea den pertsona edo entitatea zein den zehaztuko da, eta zer zehapen proposatzen den adieraziko da, zehapena mailakatzeko irizpideak ere esanez, eta berariaz jasoz Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 71.3 eta 4 artikuluan ezarritako murriztapenak lortzea litekeena dela”.
Hemeretzi.–34.2 artikulua, lehen paragrafoa.
“2. Zehapen prozeduraren ebazpenak hauek denak edukiko ditu: gertaeren finkapena, egindako proben balioespena, egindako arau-hausteak eta zer pertsona edo erakunde den erantzulea, baita ezartzen den zehapena ere, mailakatze-irizpideak zein diren esanez, baita bidezkoak diren murriztapenak ere, hala badagozkio, foru dekretu honen 20. eta 20. bis artikuluek ezartzen dutenarekin bat, edo bestela arau-hausterik edo erantzukizunik ez dagoelako aldarrikapena”.
Hogei.–35. artikulua.
“35. artikulua. Ebazpena emateko epea.
Prozedura ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, interesdunari zehapen-espedienteari hasiera eman zaiola jakinarazten zaionetik kontatzen hasita. Epe hori eten dela joko da interesdunei egozten ahal zaizkien izapide-luzamenduak direla-eta. Epe hori amaitzen denean, eta ebazpena eman ez bada, prozedura iraungi dela ulertuko da, eta jarduketak artxibatu egingo dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, prozedurari berriz hasiera emateko aukera baztertu gabe, zerga Administrazioaren akzioa preskribatzen ez den arte, dagokion zehapena jartzeko.
Zehapen prozedura hasita dagoela, haren jatorrian dagoen ikuskapen prozeduran gertatzen bada Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 139. artikuluaren 4. edo 5. apartatuetan aurreikusitako inguruabarretako bat, zehapen prozedura amaitzeko epea luzatu eginen da, apartatu horietan xedatutakoarekin bat bidezkoa den denboraz”.
Hogeita bat.–VI. kapitulua, “Zehapenen exekuzioa etetea” izenekoa, VII. kapitulua izatera pasatuko da.
Hogeita bi.–37. artikulua.
“37. artikulua. Zehapenen exekuzioa etetea.
1. Zerga-zehapenen betearazpena besterik gabe etenda geldituko da, bermea aurkeztu beharrik izan gabe, zehapenen aurka bidezkoa den berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa garaiz eta behar bezala aurkezten bada, eta ez dira exekutatuko administrazio bidean irmo bihurtu arte.
2. Errekurtsoa edo erreklamazioa ebatzi behar duten organoek automatikoki aplikatuko dute etete hau, zergapekoak eskatu beharrik gabe.
3. Ez da berandutze-interesik eskatuko administrazio bidea amaitzen duen ebazpena jakinarazi eta hasten den borondatezko aldian ordainketa epea amaitu bitarte igarotako denborarengatik; aitzitik, epe hori amaitu eta biharamunetik aurrera eskatuko dira berandutze-interesak.
4. Artikulu honetan xedatutakoa erantzukizun bideratua duten zerga-zehapenak eteteko aplikatuko da, bai zehapena subjektu arau-hausleak errekurritzen duenean, bai Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 29.4 artikuluan xedatutakoa erabilita, erantzuleak errekurritzen duenean. Agindu hau dela-eta, ez da inoiz automatikoki etenda geldituko bideratutako zerga zorra.
Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 30.4 artikuluan aurreikusitako zorrak ordaintzeko erantzukizunak ere ez dira etenen agindu honen arabera”.
Hogeita hiru.–“Xedapen iragankor bakarra. Zerga kudeaketa organoek emandako behin-behineko likidazioak. Ofiziozko behin-behineko likidazioaren proposamena ofizioz bidaltzea eta zehapena ezartzeko proposamena aldi berean bidaltzea.
1. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 113. artikuluak aipatzen dituen ofiziozko behin-behineko likidazioen prozeduretan, zerga likidazioa subjektu pasiboari egindako proposamenaren arabera jakinarazi zaiola zergapekoari ulertuko da baldin eta, hamabost eguneko epean, proposamena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, ez badu alegaziorik aurkezten, edo, epe horren barruan, alegazioak aurkezteari berariaz uko egiten badio. Ordainketa egiteko eta errekurtsoa edo erreklamazioa aurkezteko epeak kontatzen hasteko eguna izanen da likidazioaren jakinarazpena egin dela ulertzen den eguna.
Horretarako, likidazio proposamenak adierazi beharko du likidazioaren jakinarazpena egin dela noiz eta nola egin den, aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, baita aurkatzeko moduak eta epeak ere, eta zerga zorra zer epetan eta nola ordaindu behar den.
2. Aurreko apartatuak aipatzen dituen ofiziozko behin-behineko likidazioen prozeduretan zerga arloko arau-hausteak izan litezkeen egitateak edo gorabeherak ageri badira, eta, hala badagokio, zehapen prozedura bati hasiera emateko aski arrazoi badira, zerga likidazioaren egintza administratiboak emateko organo eskudunek hasiera emango diote zehapen prozedurari, foru dekretu honen 24. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.
3. Aurreko apartatuak aipatzen dituen egintzak edo gorabeherak gertatu ez direnean, zerga likidazioaren proposamenean jasoko da ez dagoela arrazoirik zehapen prozedura bati hasiera emateko.
4. Ofiziozko behin-behineko likidazioen prozedura bati hasiera emateko egitate edo gorabeherarik dagoenean, baita zehapen prozedura bati hasiera emateko ere, bi prozedurak aldi berean egiten ahalko dira, arau hauei jarraikiz:
1.–Behin-behineko kitapenaren proposamena eta zehapena ezartzekoa aldi berean bidaliko dira.
2.–Zerga likidazioa eta zehapenarena egin diren proposamenen arabera jakinarazi direla ulertuko da baldin eta, hamabost eguneko epean proposamenak jakinarazi zirenetik, ez bazaie alegaziorik aurkezten, edo epe horren barruan, berariaz egiten bazaio uko alegazioak aurkezteari. Ordainketa egiteko eta errekurtsoa edo erreklamazioa aurkezteko epeak kontatzen hasteko eguna, zerga likidazioa eta zehapena jakinarazi direla ulertzen den eguna izanen da.
3.–Baldin eta epe horretan bi proposamenei alegazioak aurkezten bazaizkie, bi prozeduretan ebazpen bana eman beharko da.
4.–Baldin eta epe horretan alegazioak aurkezten bazaizkio zehapen proposamenari, bakarrik, prozedura horretan ebazpen bat eman beharko da. Kasu honetan, ofiziozko behin-behineko likidazio proposamena zerga likidazio bihurtuko da.
5.–Baldin eta epe horretan alegazioak aurkezten bazaizkio likidazio proposamenari, bakarrik, zehapen proposamenari ere aurkeztu zaizkiola ulertuko da, eta horrek ekarriko du bi prozeduretan ebazpen bana ematea”.
Azken xedapena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2018ko abuztuaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, (Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 2ko 13/2018 Foru Dekretua) María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1810552
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
