171. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLOTZ

Udal ordenantza, Allozko Kontzejuaren (Deierri) eskumeneko
herri-larreen erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Allozko Kontzejuak, 2018ko maiatzaren 3an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Allozko Kontzejuaren (Deierri) eskumeneko herri-larreen erabilera arautzen duen ordenantza. Hasierako onespena 2018ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 1ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Allotzen, 2018ko abuztuaren 6an.–Kontzejuko burua, Fernando Andrés Azanza Azanza.

ORDENANTZA, ALLOZKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Allozko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legea eta hori garatzeko erregelamenduak, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, herri-ondasunei buruzko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak.

Allozko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-ondasunen arloan Allozko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

2. artikulua. Ordenantza hau onesten denetik aurrera egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak haren xedapenen arabera arautuko dira. Ordenantza hau onetsi aurretik eman diren aprobetxamenduen kasuan, iraungi ondoren egokituko dira hartara.

3. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen udal-erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Allozko Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Deierriko Udalarekin eta Allozko Kontzejuarekin dituzten zerga betebeharrak egunean izatea.

Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beheitikoak baldin badira.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

4. artikulua. Allozko Kontzejuko herri-larreen aprobetxamendua adjudikatzeko orduan, haiei buruzko agirian ezarriko da zein azpiegituraz (askak, artegiak, abeltzaintzako tratamendu-eskortak, etab.) eta larratzeko eremuz osatuta dagoen, ustiapen unitatea osatzen baitu beste finka partikularrekin batera, antzinako ohiturei jarraikiz.

Adjudikazioa honela eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazio bidez.

b) Enkante bidez edo bestelako ustiapen bidez.

5. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 3. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak.

b) Azienda Deierriko Udalaren katastroan edukitzea, adjudikazioak irauten duen bitartean.

c) Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren ziurtagiria izatea.

6. artikulua. Allozko Kontzejuko herri-larreek ustiapen unitatea osatzen dute beste finka partikularrekin batera, antzinako ohiturei jarraikiz. Haien guztizko azalera 532 hektareakoa da.

7. artikulua. Herri-larreen adjudikazioa arautzen duen agirian, Allozko Kontzejuak eremuak mugatuko ditu, eta horietako bakoitzaren abere-zama ezarriko du. Allozko Kontzejuak 75 AzLUko abere-zama zenbatetsi du aprobetxamendu guztietarako. Ordenantza honetan aipatutako eremu bakoitzak jasan dezakeen abere-zama zehazteko, Allozko Udalak baliokidetasun hauek ezarri ditu azienda espezieen artean:

a) Behi-azienda larriko abelburua, AzLU 1.

b) Ardi edo ahuntz aziendako abelburu heldua, 0,15 AzLU, eta kumea, 0,025 AzLU.

c) Zaldi-aziendako abelburu heldua, 0,90 AzLU, eta kumea, 0,30 AzLU.

8. artikulua. 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta eskaera egiten duten familia-unitateko bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki aprobetxatu eta larratu beharko dituzte, eta ezin izanen dira inolaz ere laga ezta errentan eman ere.

9. artikulua. Herri-larreen adjudikazioa arautzen duen agiriak ezarri beharko du zein den larreen aprobetxamendurako ezartzen den azalera eta abelburu kopurua, lanbide arteko gutxieneko soldata halako bat eta erdi adinako diru-sarrerak sortzeko.

10. artikulua. Bazkalekuaren herritarren arteko zuzeneko adjudikazioan, horretarako eskubidea duen adjudikaziodun bakarra baldin badago, bazkalekuaren azaleraren erdia behin-behinean adjudikatuko da, eta beste erdia utziko da izan daitezkeen beste adjudikaziodunendako.

Eskubidea duen beste herritar batek eskaera egiten badu adjudikazio arrunta egin denetik lau urte igaro baino lehen, Kontzejuak zuzeneko adjudikaziodunari jakinaraziko dio, elkarren artean adostasunera irits daitezen. Adostasunik egon ezean, Kontzejuak eginen ditu zatiketa, zozketa eta, ondoren, ordainketaren kargua.

11. artikulua. Kontzejuak adjudikazio zuzenerako lehiaketarako deialdia eginen du, 5. artikuluari jarraikiz horretarako eskubidea duten herritarren artean. Herritarrek agiri bidez frogatu beharko dute eskubide hori dutela, adjudikazioa egin baino lau egun lehenago.

12. artikulua. 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, kanona ezartzeko, belarren tasazioa eginen da, haien egiazko balioaren %90 hartuta. Egiazko balio hori kalkulatzeko, azken enkantearen zenbatekoa hartuko da kontuan, KPIaren edo ondasun eta zerbitzuen garestitzea arautzen duen antzeko indize baten igoera aplikatuz, eta adjudikazioaren agirian zehaztu beharko da.

13. artikulua. Kanona urtero eguneratuko da lehen ordainketa oinarri hartuta, eguneratze dataren aurreko urte arteko KPI orokorraren azken aipamenaren arabera (edo ondasun eta zerbitzuen garestitzea arautzen duen antzeko indize bat), organo eskudunak argitaratua.

14. artikulua. Behin betiko adjudikaziodunak adjudikazioaren epealdi osoaren balioaren %3 utziko du fidantza gisa, Allozko Kontzejuaren kontuan.

Behin betiko fidantza kasu hauetan itzuliko da:

a) Adjudikaziodunaren heriotza.

b) Erretiroa.

c) Jardueran aritzeko ezintasuna.

15. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da.

Urtarrilean, urteko zenbatekoaren %50.

Ekainean, gainerako %50a, jardueraren gastu eta zergekin batera.

16. artikulua. Kanona handitzen ahalko da, arrazoituta eta adjudikaziodunari jakinarazita, aprobetxamenduen ustiapen baldintzetan hobekuntzak egin direnean. Behar beste denboraz jakinarazi beharko zaio adjudikaziodunari, adjudikazioa penalizaziorik gabe ukatu ahal izanen baitu, aurretiaz eta Kontzejuarekin adostuta. Ahal den guztietan, hobekuntza horiek adjudikazioaren agirian jasoko dira.

17. artikulua. Herri-larreen adjudikazioa herritarren arteko zuzeneko prozeduraren bidez hasiko da. Hori egin ondoan lurrak gelditzen badira edo eskaerarik aurkeztu ez bada, enkante publikoa eginen da.

18. artikulua. Adjudikazioak 8 urteko iraupena izanen du gutxienez, edo adjudikazioaren agirian modu arrazoituan ezartzen dena. Etxeko eskorten aprobetxamendua urtero berrituko da, antzinako ohiturari jarraikiz. Irailaren 30ean bukatuko da.

Adjudikaziodunak hutsaltzea eskatu nahi badu, adjudikazioa bukatu baino 4 hilabete lehenago eskatu beharko du, 14. artikuluan ezarritako kasuetan ez beste guztietan. Kontzejuak fidantzatik kenduko du berriz ere adjudikatu arteko denboran pairatzen dituen kalte ekonomikoak berdintzeko dirua; balorazioa Kontzejuko Batzarrean onetsiko da.

19. artikulua. Adjudikaziodunak bete beharko du jarduerari dagokion legeria guztia, abereen osasunari, abeltzaintzako ustiategiei, ingurumeneko arauei eta abarrei buruzko gaietan. Adjudikaziodunaren kontura izanen dira bere jardunbide okerraren ondoriozko arau-hausteak, eta kontratua hutsaltzea ekar dezakete, Allozko Kontzejuak balorazioa egin ondoan.

20. artikulua. Allozko Kontzejuak iragarki-taulan ikusgai jarriko du herri-lurretako aprobetxamenduaren berritzea, adjudikazio hori lortzeko aukera dutela uste duten herritarrek Kontzejuari horren berri eman diezaioten, 15 egun naturaleko epean.

21. artikulua. Eskabideekin batera, ordenantza honen 3. eta 5. artikuluetako baldintzak betetzen direla baieztatzen duen zinpeko aitorpena aurkeztuko da. Horrez gain, abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 19. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria erantsiko dira.

22. artikulua. Kontzejuak eginen du adjudikazioa, kontuan hartuz egoera ekonomikorik okerrena duten familia-unitateek lehentasuna izanen dutela. Bi abeltzainek lor dezakete adjudikazioa, horretarako eskubidea badute, ordenantza honen 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Behin adjudikazioa ebatzita, Kontzejuaren iragarki-taulan ikusgai jarriko da 7 egun naturalean. Epe hori iraganda, eta aurkeztutako alegazioak Kontzejuak ebatzi ondoan, adjudikazioa behin betikotzat hartuko da.

24. artikulua. Prozedura hori egin ondoan lurrak gelditzen badira edo eskaerarik aurkezten ez bada, enkante publikoa eginen da, adjudikazioaren agirian eta 17. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta hobetzen ahalko da zenbateko osoaren seiren bat gehituz, erregelamenduz ezarritakoarekin bat.

25. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta partikularrendako kalteak eragozteko, ustiatzeko baldintza hauek ezarri dira:

a) Abeltzaintzarako azpiegiturak (askak, janontziak, etab.) edo aldi baterako instalazioak paratu aurretik, adjudikaziodunak baimena eskatu beharko dio Allozko Kontzejuari, eta haren onespen espresa zein behar diren gainerako baimenak beharko ditu.

b) Aziendak ezin izanen dira nekazaritzako lurzatietan sartu euriteen ondoko 3 eguneko epean.

c) Laboreen nekazaritza-urtetik kanpo bazkatuko dira aziendak, eta ezin izanen dira bazkatu hirigune barnean, adjudikazioaren agirian espresuki eta modu arrazoituan adierazitako eremuetan, ez eta urte anitzetako laboreen gainean ere.

d) Adjudikazioduna izanen da aziendek pertsona eta ondasun publiko zein pribatuei eragiten dizkieten kalteen erantzule.

e) Abereak bi taldexkatan bereizi ahal izanen dira.

f) Uztatu ondoren gelditzen den lastoa uztaren parte da, eta ondorioz, nekazaria da haren jabea, hamabost eguneko epea baitu fardoak egiteko. Epe hori iraganik hala egin gabe, ongarritzeko utzi duela ulertuko da, eta aziendak harekin bazkatu ahal izanen dira. Nekazariak ezin baditu fardoak epe horretan egin, baina hori bada bere asmoa, abeltzainari jakinarazi beharko dio, azienda ez dadin finka horretan bazkatu.

g) Adjudikaziodunak bete beharko du jarduerari dagokion legeria guztia, abereen osasunari, abeltzaintzako ustiategiei, ingurumeneko arauei eta abarrei buruzko gaietan. Adjudikaziodunaren kontura izanen dira bere jardunbide okerraren ondoriozko arau-hausteak, eta kontratua hutsaltzea ekar dezakete, Allozko Kontzejuak balorazioa egin ondoan.

h) Adjudikaziodunak Kontzejuaren eskorta erabil dezake, eta sortzen den simaurra aprobetxatu ahalko du, baina azpiak egin beharko ditu, eta uraren eta argiaren gastuak ordaindu. Horrez gain, artegia gaizki erabiltzeagatik edo hori mantendu beharrez sortutako kalte eta hondamenen erantzule izanen da, eta haien zenbatekoa fidantzatik kenduko da.

i) Ordenantza honen 14. artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen da ordainketa. Epez kanpo eginez gero, %5ekin zehatuko da; hurrengo hilabetea bukatu aurretik egiten ez bada, %10ekin, eta bi hilabeteko epean ez bada ordainketa egin, kontratua hutsaltzen ahalko da.

j) Edozein kausa dela eta, adierazitako eguna baino beranduago hasten bada aprobetxamendua, errentariaren kalterako izanen da, kuotan ez baita deskonturik eginen.

k) Aprobetxamenduak iraun bitartean dagozkion zergak ordaindu beharko ditu adjudikaziodunak.

l) Enkantea egiten bada, ordenantza honetan ezarritakoari jarraituko zaio, eta enkantean parte hartu ahal izateko, hasierako prezioaren %10eko fidantza utzi beharko da, enkantearen egunean berean ordaintzen ahalko baita, edo Allozko Kontzejuaren aldeko diru-sarreraren ordainagiri bidez frogatu. Adjudikazioa lortzen ez dutenei fidantza itzuliko zaie, eta azken adjudikaziodunaren kasuan, behin betiko fidantza aurreratzeko erabiliko da.

Enkantearen arriskua eta mentura erremategilearen kontura izanen dira.

III. KAPITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

26. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua ez egitea zuzenean eta pertsonalki, edo hirugarren batzuei bazka saltzea, berdea, lehorra zein siloratua izan.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Herri-lurra zertarako adjudikatzen den, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

g) Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legean eta Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruz hura garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

h) Hildako abereak bertan uztea.

i) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

j) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

27. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta i) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

–g) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, edo adjudikazioaren balioaren %50, zehapen gisa.

Iragarkiaren kodea: L1810151