171. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

874/2018 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez, Osasuneko kontseilariak urtarrilaren 20an emandako 7/2010 Foru Agindua aldatzen da, hots, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan arrisku biologikoa duten istripuen aurkako segurtasun gailuak zehaztu eta ezartzen dituena.

7/2010 Foru Aginduak, urtarrilaren 20koak, Osasuneko Kontseilariak emanak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan arrisku biologikoa duten istripuen aurkako segurtasun gailuak zehaztu eta ezartzen dituenak, bere lehen xedapen gehigarrian ezartzen du eskumena ematen zaiola Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari “Arrisku biologikoa duen istripuaren aurka ezarri beharreko segurtasun gailuak” izeneko I. eranskinaren edukia gaurkotzeko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak egindako txostena ikusirik, zeinean adierazten baita komenigarria dela biosegurtasun gailu berri bat sartzea arrisku biologikoa duen istripuaren aurka ezarri beharreko segurtasun gailuen zerrendan, eta segurtasun-gailu baten definizioa aldatzea, zehaztasun handiagoz definitzeko, eta zeinean proposatzen baita aipatu 7/2010 Foru Aginduaren I. Eranskina aldatzea.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasuneko Kontseilariak emandako urtarrilaren 20ko 7/2010 Foru Aginduaren I. Eranskina aldatzea, hots, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan arrisku biologikoa duen istripuaren aurkako segurtasun gailuak zein diren zehaztu eta ezartzen dituena, ondoren esaten denaren arabera:

–6. artikulua honela gelditzen da idatzita: “6. Segurtasun-hegaldun orratzak, infusioetarako.”

–18. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da: “18. Segurtasun-xiringa erretraktilak.”

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari, Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzari, Osasun Mentaleko Kudeatzailetzari, Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari eta Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 13an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

Iragarkiaren kodea: F1810422