171. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

941/2018 EBAZPENA, abuztuaren 9koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, nekazaritza kooperatibei enpresa kudeaketako txostenak egiteko ematen zaizkien “de minimis” araubideko 2018ko laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dituena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru antolamenduaren indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak interes berezia du nekazaritza sektorearen lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko. Alde horretatik, begien bistakoa da lehen sektorearen esparru tekniko-ekonomikoan eta merkatuan aldaketa sakonak gertatzen ari direla abiadura handian. Horrek pareko egokitzapena egitera behartzen du, sektorearen iraunkortasuna bermatzeko moduko lehiakortasun eta eragimen mailak lortuko badira.

Enpresen esparru guztietan, nekazaritzan gehienbat, nabari da eragile ekonomikoak enpresa kudeatzeko sistema eta tresnez hornitu behar direla, gauza izan daitezen azkar erantzuteko barreneko zein kanpoko eskaerei eta, bereziki, gero eta zorrotzagoa den merkatuak eskatzen dituenei.

Bestetik, nekazaritzaren sektorean, elkarteak funtsezko zeregina betetzera deituta daude lehen sektoreko jarduera mantentzeko, bai landa ingurunean txertatuta daudelako, baita lurraldeari lotuta daudelako ere, jarduera bertan finkatuta baitago deslokalizatzeko arriskurik gabe.

Bereziki garrantzitsua da Nafarroako Foru Komunitatearentzat nekazaritza kooperatiben sareak betetzen duen zeregina, hala lehen sektorean berean, berariaz, nola landa esparru osoan. Kooperatiba horiek eta haien produktuen merkaturatzea hobetu eta garatuko badira, neurri handi batean, kudeaketa, informazio eta eguneratze teknologikoko teknika berriak erabili behar dira, gehienbat enpresa txiki eta ertainetan, horrelakoxeak baitira sektoreko gehienak.

Teknika berri horiek, gainera, gardentasunaren eta erantzukizunaren printzipioak gauzatzen lagundu eta erraztu behar dute, horrelako entitateen funtzionamenduan printzipio horiek giltzarri baitira.

Alde horretatik, egokia da nekazaritza kooperatibei sostengua ematea kanpoko auditoriak egiteko eta kudeaketa planak prestatzeko, gauza izan daitezen, gardentasun osoz, beren kontabilitateko egoera-orriak eta bilakaera finantzarioa bazkideei eta kanpoko interesdunei helarazteko, bai eta enpresa planak definitu eta txertatzeko ere epe ertaineko estrategiak baliatuz, merkatuen gaur egungo eskakizunetara egokitzen ahaleginduz eta bezero eta hornitzaileekiko harreman sistemak egokituz.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude; araubide hori Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 EE Erregelamenduan dago jasoa, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa baita, “Aplikazio eremua” izeneko 1. artikuluaren c) puntuan ezarritako salbuespenekin bat.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nekazaritza kooperatibei enpresa kudeaketako txostenak egiteko laguntzak emateko 2018ko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2. Oinarri arautzaileak eta deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

3. Gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua, ebazpen honen III. eranskinean jasotzen dena, onestea.

4. 48.000,00 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2018o ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Kooperatiben kudeaketa hobetzeko ekimenetarako laguntzak” izeneko 720004 71630 4701 412100 partidaren kargura.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuko Diru-laguntzen Datu-basean erregistratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 9an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Nekazaritza kooperatibei enpresa kudeaketa hobetzeko txostenak egiteko emanen zaizkien “de minimis” araubideko laguntzen oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Oinarri hauen xedea da enpresaren kudeaketa hobetzeko txostenak egiteko nekazaritza kooperatibei emanen zaizkien laguntzak arautzea.

2. Enpresa kudeaketako sistema eta tresnak nekazaritza kooperatiben esparruan txertatzen eta aplikatzen bultzatzea da laguntza hauen helburu nagusia, gardentasun printzipioarekin eta bere ingurune tekniko eta ekonomikoaren eta erregelamenduzko eskakizun berriekin bat.

Bigarrena.–Onuradunak.

1. Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65. artikuluaren arabera definituriko nekazaritza kooperatibak izaten ahalko dira onuradunak, Nafarroako Foru Komunitatean badihardute eta aurreko ekitaldian laguntza berdinaren onuradun izan ez badira.

2. Laguntzen araubide hau Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren menpe dago (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua). (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

3. Enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zerga ekitaldiko edozein alditan.

Hirugarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Kudeaketa eta lehiakortasun arloko txostenak egiteko aholkularitza zerbitzuei ematen ahalko zaie diru-laguntza; kontzeptu hauek sartzen dira, besteak beste:

Lehiakortasunari buruzko txostena. Bertan, kooperatibaren hainbat daturi buruzko analisia eginen da, txertatua dagoen nekazaritzako elikagaien sektoreko datuekin konparatuta. (Negozio eredua, sozietatearen egitura, kooperatibaren gobernua, komunikazioa eta giza baliabideak).

Kudeaketari buruzko txostena. Alde batetik, kudeaketa ekonomikoa aztertuko da (jardueren araberako analisia, gastuak eta diru-sarrerak, errentagarritasuna); eta, bestetik, kudeaketa finantzarioa (kapitalizazioa, ratioak, finantzen bilakaera). Kooperatibaren finantza-egoera berrikusietatik abiatuta eginen da analisi hori.

Gomendioei buruzko txostena. Aurreko txostenak eginik, aztertutakoaren laburpena eginen da eta gomendio batzuk emanen dira, lagungarriak izan daitezen kooperatibako kudeaketa organoentzat erabakiak hartzeko orduan.

Laugarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Entitate onuradunek proposatzen dituzten laguntza teknikoko ekintzen gastuak dira diruz lagungarriak, hirugarren oinarrian ezarritako helbururako erabiliz gero.

2. Laguntza teknikoak hirugarren pertsonen, fisikoen zein juridikoen, kargu utzi beharko dira, agintzen zaien eginkizunerako gaitasun nahikoa dutenei legez eta teknika aldetik.

Bosgarrena.–Kanpo gelditzen diren gastuak.

1. Ekipo-ondasunak erosteko gastuak eta funtzionamendu gastu hutsak.

2. Eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak.

Seigarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Gastu diruz lagungarrien %50ekoa izanen da laguntza; 3.000 euro, gehienez ere, entitate onuradun bakoitzeko.

Zazpigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak betebehar hauek ditu:

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Hartutako funtsak diru-laguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, haien berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

5. Jasotzen duen diru-laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Zortzigarrena.–Laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Jarduketa deialdiaren helburuei egokitzen zaiela frogatzeko, II. eranskinean azaltzen den dokumentazioa gehitu beharko zaio eskaerari.

Bederatzigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari zuzenduko zaizkio, eta Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren bidez.

3. Horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da eskaera. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoan eskuratzen ahal da. Harekin batera, zortzigarren oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Hamargarrena.–Diru-laguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA
(gehienez ere 100 puntu)

Non:

–Goi mendialdeko udalerria

–Mendialdeko udalerria

–Mendialdekoa izan gabe, naturak bereziki mugatutako eskualdeak

Gehienez ere 25 puntu

25 puntu

15 puntu

10 puntu

Lehentasunezko sektorea:

–Mahastizaintza eta ardogintza

–Abeltzaintza

–Baratzezaintza

–Oliba olioa

–Zereala

Gehienez ere 45 puntu

45 puntu

35 puntu

30 puntu

30 puntu

20 puntu

Lehentasunezko elkartea (EAP), edo EAP bateko kidea izatea

15 puntu

Korporazioaren jardunbide egokiak: emakumeen presentzia zuzendaritza kontseiluan

Emakume bat

Bi emakume

Hiru emakume edo gehiago

Gehienez ere 15 puntu

5 puntu

10 puntu

15 puntu

3. Mendialdetzat, goi mendialdetzat edo, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokitzat hartuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 23ko 123/2018 Foru Aginduaren V. eranskinean jaso direnak. Foru agindu horren bidez honako hauen deialdia egin zen 2018ko kanpainarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarra, Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemarentzako aldaketa eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

4. Norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean aurreko puntuan ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei adjudikatuko zaie diru-laguntza, deialdian erabilgarri dagoen kredituak ezarritako muga gainditu gabe.

5. Espedienteen puntuazioan berdinketarik bada, lehentasuna izanen du bazkide gehien dituen nekazaritza kooperatibak.

6. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntzak emateko, ezetsi eginen dira ekitaldiko aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

Hamaikagarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatutako entitateak (foru dekretu haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren % 20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, halakorik baldin badago.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, haiek bete ezean, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, zortzigarren oinarrian aipatu den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, hamar egun baliodunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak diru-laguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Laguntza eman baino lehen, enpresak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi zerga ekitalditan eta unean uneko zerga ekitaldian Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren mende (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da) dagoen (EB) Erregelamenduari loturik jasotako gainerako “de minimis” laguntza guztiei buruzkoa.

5. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte enpresari guztira emandako “de minimis” laguntzen zenbatekoak ez duela gainditzen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako muga eta Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

6. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

7. Prozeduraren gainean ebazteko epea 3 hilabetekoa izanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat jotzen ahalko da eskaera, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

1. Diru laguntzen xedeko jarduketak bukatu ondoren eta, betiere, 2018ko ekitaldiko azaroaren 1a baino lehen, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Laguntza teknikoa eman duen aholkulariaren ziurtagiria, laguntza hori egiazki eman eta eskaeran aurreikusten denarekin bat datorrela frogatzen duena.

b) Izandako gastuen fakturak, diru-laguntza eskatzeko aurkeztutako aurrekontuko epigrafeen arabera ordenatuak, BEZik gabeko prezio garbia zehaztuta.

2. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta balidatuko du aurkezturiko gastuak hautagarriak direla, frogagiriak baliozkoak direla eta gainerako agiriak aski direla. Halaber, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.

Hamalaugarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Laguntzak ordainketa bakar batean pagatuko dira ematen diren urte berean, egiaztapenak egiteko behar diren frogagiriak aurkeztu ondoren.

2. Ezarritako laguntza portzentajea laguntza jaso dezaketen egiazko gastuei aplikaturik aterako da pagatu beharreko zenbatekoa. Hasiera batean onartutakoa izanen da gehieneko kopurua.

Hamabosgarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Ekintza beretarako, ebazpen honen bidez arautzen diren laguntzak bateraezinak dira legez ezarririko beste edozeinekin.

Hamaseigarrena.–Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galduko dira eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, deusetan galarazi gabe bidezko diren zehapenak jartzea.

Hamazazpigarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, enpresa kudeaketako planak prestatzeko nekazaritza kooperatibentzako 2018ko laguntzei dagokien fitxan.

II. ERANSKINA

Laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

1.–Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:

a) IFKren kopia.

b) Laguntza hauek eskatzeko erabakia biltzen duen agiria, entitateko lehendakariak edo legeak gaituriko pertsona batek sinatua.

2.–Entitate onuradunari buruzko informazioa, honako alderdi hauei buruzkoa:

a) Negozio bolumena, jarduera sektoreen arabera.

b) Zuzendaritza Kontseiluaren osaera.

c) Bazkide kopurua.

3.–Aurreikusitako laguntza teknikoari buruzko informazioa:

a) Aurreikusten diren gastuen aurrekontua.

b) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzea, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokionez, aurreikusitako gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada laguntza teknikoko edo aholkularitzako enpresen zerbitzu emateetan, entitate eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintza merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.

4.–Adierazpenak, baimenak eta ziurtagiriak:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena helburu bererako ez duela bestelako laguntzarik eskatu edo hartu, ez eta eskatuko ere.

b) Aurreko bi zerga ekitalditan eta oraingoan, eskaeraren egunaren aurretik, jasotako “de minimis” laguntza guztiei buruzko idatzizko aitorpena.

c) Onuradun izateko ezarritako debeku egoeretan ez dagoela adierazteko erantzukizunpeko adierazpena.

d) Enpresekin 1407/2013 Erregelamenduaren 2. artikuluko 2. zenbakian aipatzen diren loturetako bat izanez gero, horren gaineko aitorpena, edo halakorik ez izatearena.

e) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, ....................................................., nire izenean edo .......................................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari egiazta dezan nik/ordezkatzen dudan entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela, honako deialdi hau tramitatzeko prozeduraren barruan: nekazaritza kooperatibentzako laguntzak, enpresa kudeaketa hobetzeko txostenak egiteko.”

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1810379