171. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1645/2018 EBAZPENA, abuztuaren 22koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “0011-1365-2018-000126 AGROTECH (Nafarroako Gobernua)”.

2018ko abuztuaren 17an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deialdia egiteko eskatu zuen, proiektuko lankide gisa “0011-1365-2018-000126 AGROTECH (Nafarroako Gobernua)” ikerketa proiektua egiteko. Ikerketa proiektuaren ikertzaile arduraduna Miguel Ángel Campo Bescos da, kontratupeko irakasle doktorea eta Zientzien Sailari atxikia.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak proposatuta.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaprobetarako deialdia egitea “0011-1365-2018-000126 AGROTECH (Nafarroako Gobernua)” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.

Bigarrena.–Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa onestea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau helaraztea Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 22an.–Ikerketako errektoreordea, Ramón Gonzalo García

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: “0011-1365-2018-000126 AGROTECH (Nafarroako Gobernua)”.

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: satelite bidezko irudien prozesamendua, web plataformako inplementazioa eta Gauzen Interneteko (IoT) gailuen integrazioa.

–Kontratu-mota: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartu zuen erabaki baten bidez onetsitakoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa.

–Iraupena: 2019ko abenduaren 31ra arte, kontratua sinatzen denetik.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 15. artikulua garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, iraupen hori orientagarria da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du. Horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funts falta kontratua iraungitzeko zioa izango da.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egongo da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: Nafarroako Gobernua eta EGEF (FEDER) funtsak.

–Argitaratzeko tokia: deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izango dute.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Gutxienez ere 300 ECTS dituen Graduko titulazio akademiko ofiziala, Masterra, Lizentziatura, Ingeniaritza edo, hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagozkion titulazioak.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, beharrezkoa bada. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

10 egun balioduneko epea dago eskabideak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte:

–Nortasun agiri nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egokitzat jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izango dira eta ez dute probarik egingo.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Halaber, Hautapen Batzordeak prozesuaren edozein unetan eskatzen ahalko die izangaiei ekarri dituzten agirien gaineko edozein azalpen edo egiaztapen.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrian argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

7.–Hautapen batzordea.

Batzordeburua: Rafael Giménez Díaz, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak eskuordetua.

Idazkaria: Miguel Ángel Campo Bescos, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Batzordekidea: Javier Casalí Sarasibar, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

–Hautapen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: Mikel Goñi Garatea, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Idazkaria: María González de Audicana Amenabar, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Batzordekidea: Jesús Álvarez Mozos, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari edo kontratupekoak jasotzen duen beste edozein ordainsariri buruzko datuak lagako zaizkio erakunde horri. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarrien aurka zilegi da errekurtso hauetako bat aurkeztea, indarreko araudian xedatutakoarekin bat:

a) Aukerako berraztertze errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hautapen Batzordeak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituen gainerako egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

Hautatzeko irizpideak

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINGO DIREN PROBAK

1. ATALA: Ikasketa espedientea eta tituluaren egokitasuna kontratuaren esparruan

Puntuak

14

Izangaiaren ikasketa espedientea espedientearen puntuazioari dagokion proportzioan balioetsiko da, gehienez ere 4 punturekin.

Informazio Geografikoko Sistemen eta Teledetekzioaren eremuko unibertsitate master ofiziala edo horren baliokidea edukitzeagatik, 8 puntu emango dira, gehienez, espedientearen arabera.

Informatika Ingeniaritzaren eremuko unibertsitate master ofiziala edo horren baliokidea edukitzeagatik, 10 puntu emango dira, gehienez, espedientearen arabera.

2. ATALA: Bestelako prestakuntza jarduerak eta lan esperientzia kontratuaren xedearen esparruan

Puntuak

2

Kontuan hartuko da urruneko sentsoreen bidezko irudiak prozesatzen eta datu base espazialak garatzen izandako lan esperientzia, gehienez ere 6 punturekin, eta lan egindako urte bakoitzeko edo horren baliokidea den denboraldi bakoitzeko 2 puntu emango dira gehienez, kontratu honen xede diren jarduerekin duten loturaren arabera.

Kontuan hartuko da Gauzen Interneteko (IoT) gailuak eta komunikazio sareak garatzen izandako lan esperientzia, gehienez ere 6 punturekin, eta lan egindako urte bakoitzeko edo horren baliokidea den denboraldi bakoitzeko 2 puntu emango dira gehienez, kontratu honen xede diren jarduerekin duten loturaren arabera.

Urtebete baino gutxiagoko denboraldiei puntuazio proportzionala emango zaie.

3. ATALA: Banakako elkarrizketa

Puntuak

5

Kontratazio Batzordeko kideek elkarrizketa bat egingo dute aurreko atalen baturan puntuazio handienak lortu dituzten bi izangaiekin. Elkarrizketan, hautagaiaren interesa eta kontratuaren xedea den gaiari buruz aldez aurretik dituen ezagutzak eta esperientziak balioetsiko dira.

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 15 puntu da.

Hautaproben azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 3. Apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 2. Apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F1810597