170. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko uztailaren 18an hartua, Ballariáingo Kontzejuaren gaztelaniazko izena aldatzea onesten duena. Hemendik aurrera “Ballariain” izanen da, “Ballariáin” ordez.

Ikusi da Ballariaingo Kontzejuak Nafarroako Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian aurkeztu duen eskaera, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatu baitio toki entitate horren izena aldatu eta “Ballariain” izena emateko onespenaren tramitazioa egin dezala.

AURREKARIAK

Ballariaingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuari igorri dio toki entitate horretako izen ofiziala aldatzeko eta “Ballariain” izena emateko tramitatu duen espediente administratiboa.

Aipatu espedientean honako hauek ageri dira: Ballariaingo Kontzejuak 2018ko maiatzaren 14ko bilkuran hartutako erabakia, izen aldaketa hori hasiera batean eta Kontzejuko herritarren gehiengo osoz onetsi eta jendaurrean jarri zuena hilabeteko eperako (2018ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 20koan, baita udalaren iragarki-taulan ere, 2018ko martxoaren 21etik 2018ko apirilaren 26ra arte), zeinaren aurka ez baitago alegaziorik, eta 2018ko azaroaren 27ko ohiko bilkuran erabakiari emandako behin betiko onespena, bilkuran bertaratu ziren auzoko guztiek aho batez onetsia. Bilkurara joandako auzokoek Kontzejuko auzokoen gehiengo osoa osatzen dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 22. artikuluak hauxe dio: “Udalerrien izenak aldatzeko udalek hartutako erabakia beharko da, aurretik, gutxienez hilabete bateko informazio publikoa egonda. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta hau emandakotzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik ematen ez bada”.

Kasu honetan, udalak izena aldatzeko egindako eskaera 2018ko ekainaren 7koa da.

2018ko ekainaren 11n, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1 d) artikuluan ezarritakoarekin bat, toki entitateari jakinarazi zitzaion zegokion epea eteten zela Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak txostena bidali arte. Txosten hori 2018ko ekainaren 22an sartu zen Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian.

Txosten horren ondorioa da “Ballariain” euskal jatorria duen toponimoa dela, eta euskararen arauak kontuan hartuta, ez duela azentu ortografikorik.

Horri dagokionez, kontuan hartu behar da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisprudentzia arlo honetan, bereziki 2003ko ekainaren 30ean eta 2012ko urriaren 29an emandako epaiak, onartzen baitute eremu mistoko zenbait entitatek eskubidea dutela, euskal toponimoa dutenean, bakarrik euskal grafia erabiltzeko, eta hau horrelako kasu bat da.

Horrenbestez, bidezkoa da organo eskudunak, hots, Nafarroako Gobernuak, izena aldatzeko onespena ematea.

Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Estatuko Administrazio Orokorrari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Entitateen Erregistroan inskribatuko da.

Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: “udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea.” Hortaz, bidezkoa da onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Ballariaingo Kontzejuak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera “Ballariain” izanen da toki entitate hori.

2. Izena aldatzeko erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea, Administrazio Publikoetako Ministerioaren Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan eta, halaber, Toki Administrazioko Departamentuko Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan inskribatzea.

3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.

4. Erabaki hau Ballariaingo Kontzejuari jakinaraztea.

Iruñean, 2018ko uztailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1810438